Maiteak, denak

Donostia Hiria Saria, 1990
Ezer baino lehen. Elkar, 1992

 

Eskribitzen’e enun bearbezela ikasita Paulok launduit
esateyoten guzia aldan txukunena moldatzen
beak siquira eskola bauta. Ementxe uzteizuet ateana
ta junaizela ikustezuenen letu ta pentsatu ta geo
naibazue beintzat zuek’e eskribitu
bakizue gustoa artukotela ta. Muxu bat danai.

 
Maiteak, denak:
Igual pentsatuko zenuten ezjakina naizelako hitzik egin gabe aldegingo nuela, baina oker zabiltzate, ez naiz esplikaziorik eman gabe ihes egiten duten horietakoa. Saiatu naiz, zuek dakizue nik bezain ongi, nola saiatu naizen eguna joan eta eguna etorri nere erabakia ulertarazten eta jakin badakizue ze kasu egin didazuen. Ez pentsa, karta hau aurkitu duzuelako hartu dudan asmoaz damutu naizenik edota “bi aldiz pentsatu dudanik”, zuk, Maria Teresa, esaten zenidan bezala. Ez dut bi aldiz pentsatu, askoz ere gehiagotan baizik, eta adinez heldua naiz dagoeneko zer egitera noan jakiteko eta komeni zaidana aukeratzeko. Eta kontrakoa uste baduzue benetan oker zaudete.
Denbora asko izan dut lehen ere pentsatzeko, gehiegi, zuek ezer gutxitaz jabetu bazarete ere, eta ez nago ezer zor dudan ustetan. Denbora, urteak azkar demonio pasatzen dira maiteak, eta pena bakar bat daukat nere bizi honetan: horretaz lehenago konturatu ez izana. Nere honek eskarmenturako balioko ahal dizue gutxienez! Sikiera baten esperientziari esker ondorengo guztiek ikasiko balute! Zaila dela badakit, baina besterik ez bada saia zaitezte, denak, hartutako erabakiak aurrera eramaten.
Lasai egon, ez noa pelma jartzera, eta “falta de riego”rik ez daukat oraindik. Jainkoak gordeko ahal dit zentzua gainontzekoa geratzen zaidan bitartean! Zuentzat ere eskatuko diot, batzuei asko ez zaizuela gustatuko jakin arren. Igual dit horrek ere, aspaldian esateko gogoz nengoen eta: nik errezatutakoak, eta horretaz seguru egon, ez dizue sekula kalterik egingo. Onik ekarriko dizuen edo ez, ez dakit, baina kalterik ez behintzat. Esanda lasaiago geratzen naiz.
 
Atzera kontu berdinekin dator hau, esango duzue, ez? Harritu egingo zaituzte kontatzera noanak. Bukaera badakizue, baina hasiera… zer ote dakizue gizarajook hasieraz? Sekula pentsatu al duzue ni ere gazte izan nintzenik? Burutik pasa al zaizue noizbait ni ere maiteminduta ezkon nintekeenik? Ba, halaxe ezkondu nintzen. Ez zen normalena, etzazuela uste, baina maiteminduta ezkondu nintzen. Antoniorengatik bizia emango nuen horixe eskatu izan balit. Suertez, eskatu zidan bakarra, berarekin ezkontzeko izan zen.
Gogoratzen Maria Teresa zuri Karlosek ezkontzeko eskatu zizun eguna? Akaso ahaztuta izango duzu, memoria kaxkarrekoa izan zara beti. Enkargutarako ere paperean apuntatu behar izaten nizun libra t’erdi xerra edo librerdia nahi nuen, bestela aldrebeskoarekin etxeratzen zinen eta. Paulo akordatuko da. Baietz esaten du.
Berriro ere galdu naiz ordea. Antonioz ari nintzen. Ezkondu ginen egunaz. Ez zen orduan oraingo festarik izaten baina ondo demontre pasa genuen. Zuk Joxe Manuel, ez dakizu zer den egun hori. Kaskagogorra jarri zinen eta azkenean zeurearekin atera. Patrizia emakume jatorra da halere. Guri, badakizu, kosta egiten zaigu joera horiek konprenitzea, baina zuek hain gazteak eta hain libreak izanik, ni ez ulertzea ere…
Maixabel igual-iguala da. Ez zarete alferrik bizkiak! Batzuetan bata zuri bestea beltz izaten omen dira, baina zuek ondo berdinak atera zarete, erretxin hutsak. Nahikoa da hau ez ikutu agintzea, buelta erdia ematerako debekatutakoa egiten hasteko. Ez zaituztet ba batere ezagutzen!
 
Baina nitaz hitzegiteko asmoa nuen eta ez zuetaz.
Nola kontatuko nizueke hitzetan Antoniogatik sentitzen nuena? Ez dut hainbeste ikasi, eta dakidan guztia hari esker gainera. Ikutze hutsarekin goitik beherainoko hotzikarak astintzen ninduen. Ni baino hamar urte zaharragoa zen eta horretan ere bazuen bentaja.
Eta garai haietan izaten zen moduan, urtebete eskasera jaio zen Paulo. Erraz esaten da jaio zen. Bizia emanaz zeurea galtzen hasi zarela sentitzen duzun momentuan ez da horrelakorik esaten. Baina hori ere pasatzen da. Ez zaitut beldurtu nahi, Maria Teresa. Honez gero nik baino gehiago jakingo duzu gauza hauetaz, baina liburuetan ez zait iruditzen inork azalduko zuenik zer den hustutze hori.
Urtebete beranduago esperoan nintzen berriro ere —bestela ez zait denon historia sartuko eta!— Paulo buruhaundiak oraindik hitzik ere esaten ez zuenean. Bai mutiko zintzoa! Denetan paketsuena bera izan da mundura etorri zenetik. Bigarrena izan behar zuena galdu egin nuen, aingerutxoa, eta beste bi urte pasa arte ez zinen zu etorri, Maria Teresa. Zurea ez zen hobea izan. Mina baino barru-barruko beldurra gehiago zen zurekin pasa nuena. Bat izan, hurrengoa galdu eta segidako urteak esperoan geratzeko ahaleginetan egin genituen. Ezin esango dut sufritzen aritu nintzenik, orduan ere gauza hauek oraintsu bezala izango ziren eta, baina unerik gozoenetan ere burua bueltaka ibiltzen nuen. Eta urtebetera, bizkiak. Ikusi bezain pronto konturatu nintzen igualak izango zinetela. Maixabel atera zen lehendabizi, txintik ere egin gabe, eta Joxe Manuel atzetik. Honek negar zotin bat egitea nahikoa izan zen bien artean orkestina martxan jartzeko. Eskerrak neska-mutilak zineten. Ez zegoen bestela bereizteko modurik.
 
Eta azkenean zu, Ixaxkun, ixtorio guzti hau gutxien bizi izan duzuna, beti kanpoan, ikasten ez bada festan! Esango nuke halere zu izan zarela denetan galdera gehien egin dizkidana. Inozenteena zerorri izan zarelako seguruena. Zuretzat ez zegoen ezer arrarorik. Besteek ezer ez zuten jakingo, baina susmoak zituzten. Zuk ez. Erreparorik gabe galdetzen zenidan aitaren berri. Eta nik beti, lanean zela. Urteak pasa ahala jakin zenuen bai, gainontzekoen aitek ere lan egiten zutela baina etxera itzultzen zirela gauerako, eta zurea ez.
Nola esplikatu behar zaio lau urteko pertsona horri zer den gaua joan eta gaua etorri bakarrik lo egitea? Ordurako Maria Teresak zortzi, eskutik heldu eta amatxok lan asko du batekin eramaten zintuen zure galderak erantzunik gabe utziaz. Azkar ahazten zenituen, hurrengorarte. Nik ez. Galdera bakoitzak mila erantzunez aparte beste hainbeste galdera ekartzen zizkidan niri ere. Baina oso txikiak zineten artean, eta ezin nintekeen kezkati eta arduratua agertu. Pertsona indartsu eta seguru bat behar zenuten, eta itxura hori egin dut hogeita zortzi urtez.
Ez zait erraza gertatu, ez alajainena. Atzera egun haiek ez nituzke gogora ekarri nahi, baina momentu honetan ezinbestekoa da. Ez ziren gozoak izan, baina gauza gehiegi ezkutatu dizkizuet eta ordua bada, zuek ere jakin ditzazuen. Horrenbeste zor dizuet.
lxaxkun jaio berritan aldegin zuen Antoniok etxetik. Ez didazue hitz hau erabiltzen utzi baina eskubide osoa dut: zuen aitak ihes egin zuen, bai. Denetatik entzungo zenuten urte hauetan. Nere ahotik atera ez ziren hitzek oihartzun handia izango zuten ixilik egotea hobe zuten zurrumurruetan. Lehengoan jabetu nintzen horretaz, ez dudala aldegingo esan eta joaten banintzen gehiago ez itzultzeko mehatxu egin zenidaten hartan. Dena dakizuela pentsatzen duzue, baina zer esan ote dizuete! Bizilagunen begietan nahikoa ikusi dut urte hauetan, eta nere erru bakarra lehenago hitzegin ez izana.
 
Beste emakume batekin joan zen. Ez diot barkatu, ni bakarrik utzi eta beste baten berotasunera aldegin izana. Hogeita zortzi urte behar izan ditut diferentea zela konprenitzeko. Herri honek ito egiten zuen gizarajoa, eta ezin dut, orain, arrazoia zuenik ukatu. Maitalearena aitzakia besterik ez zen izan, hau uzteko. Eta gu zer?, galdetzen zenidaten joan den astean? Kejarik ba al duzue? Ez al duzue beste edozeinek bezain haurtzaro eta gaztaro zoriontsua izan? Horrela ez bada, ez da Antonioren errua; nerea, izatekotan. Ni nengoen zuekin eta ez bera. Hark garbi ikusi zuen dena, nik ez…
Ezer berririk ez dizuet esan oraindaino, ez? Entzundakoa eta imajinatutakoaren artean antzeko zerbait esperoko zenuten, baina ez da dena. Aldegin eta bi hilabetetara, Antonio, zuen aita, etxera itzuli zen. Nere bila. Barkatzeko erregutu zidan, lan on bat aurkitu zuela Bruselasen eta joateko denak haruntza, ondo biziko ginela eta. Asko hitzegin genuen, berak nik baino gehiago, baina ez nion tutik ere ulertu. Ez nuen ezer ulertu nahi izan. Gogortzen hasia nengoen dirudienez, eta ez nion barkatzeko asmorik. Bidali egin nuen, beste baten magala aurki zezala esanaz. Nahikoa nintzela zuek denak aurrera ateratzeko eta ez nuela gizon baten beharrik erantzun nion. Eta maiteminduta nengoen, erabat. Baina orduan horixe atera zitzaidan. Pakean uzteko. Nik zenbat eta hitz gogorragoak berak orduan eta gozoagoak. Ni beste inor ez zuela sekula maite izan, ezta maiteko ere, eta ni nerean. Hogeitazazpi urte besterik ez nuen, eta urteak pasa ahala ez dira gauzak berdin ikusten.
Zenbat negar egin ote dut orduz geroztik, bakarrik, zuek pixkanaka haziz zoaztela ikusi ahala? Zenbat malko alferrik galdu ote ditut burua ez makurtzeagatik? Zenbat karta hautsi? Zenbat aitzakia sortu?
 
Zuek izan zarete aitzakiarik nagusiena. Nere buruari behin eta berriro esan diot urte guzti hauetan egin dudan guztia zuengatik egin dudala, eta ez da egia. Ez dut zuengatik egin, neregatik baizik, eta gogorra da hori ulertzea, kasik zahartu eta gero. Baina oraindik ez da beranduegi, eta azken aukera aprobetxatzera noa. Zuek ulertarazi didazue nere errua, zuei esker, ez zuengatik, zuei esker erabaki dut aldegitea.
Duela bost urte eskas hasi nintzen Antonioren kartak zabaltzen. Aurrekoak irakurri gabe botatzen nituen, pelikuletako nere heroinek egiten zuten modura. Behin ordea, etxean, zuetakoren baten zain jarrita, tentazioa sortu zitzaidan eta zabaldu egin nuen bat. Maitasun karta bat zen, benetakoa. Zuen aitak oraindik maite ninduen, inork ez bezala eta nik ere bai bera. Erantzuten hasi nintzaion, ahal nuen moduan, eta gurea, ezkondu eta ia hogeitamar urtetara kartazko amodioa bilakatu zen.
Ez zait ahaztuko zuen aurpegia bazkari hartan zuen aitarengana joango nintzela esan nizuenean. Gogoan dut bakoitzak emandako erantzuna: guk aitarik ez daukagu, zu burutik joa zaude, bestea hil egin al zaio edo?, eta zurea Maria Teresa: joaten bazara, ez gehiago itzuli guregana.
 
Baina ez nuen espero inola ere giltzapetuta utziko ninduzuenik. Hori ez nuen zuengandik espero. Nigatik zela, nere onagatik, mesedez, gehiegitan erabili dut neronek argumentu hori orain zuek, nere seme-alabok, nere igualak zaretenok, ni engainatu nahi izateko. Eskerrak bat sikiera, Paulo, zuen aitaren antzekoa atera den. Berak zabaldu dit atea, eta lagundu maletak egiten. Maite zaituztet halere, denak, baina Antoniok zuek baino gehiago behar nau, eta nik ere bai bera. Gaixorik dago, ez dauka dagoeneko txorakeriatarako adina eta berarekin pasa nahi dut geratzen zaigun denbora.
Ez da normalena ama batek hau esatea, baina bere ondoan lo egin nahi dut, hogeitalau ordutan beharbada, azkeneko hogeitazortzi urte hauetan nere buruari ukatu dizkiodan une gozo guztiak berreskuratzeko. Zuetako bakoitzaz hitzegin nahi diot, bere bizitzako egun guztien berri izan nahi dut eta hitz eztiak eta laztanak jasotzeko irrikiz nago. Bere muxuek gazteak ginenekoak bezain sakonak izaten jarraitzen ote duten jakinminez. Eta zuek ez didazue debekatuko guzti hori sentitu eta bizitzea. Nere bizia da, guztiok momenturen batean esan izan didazuen bezala. Nerea, eta neronek bizi behar dut, geratzen zaidan bitartean.
 
Iritziz aldatzen baduzue, badakizue non aurkituko nauzuen. Hor uzten dizuet helbidea, eta ateak zabalik izango dituzue, ez duzue jo beharrik izango. Beldur naiz, zuek ere, hogeitazortzi urte beranduago damutuko ote zareten, eta maiteak, denak, orduan beranduegi izango da. Frogatua utziko duzue zuen amaren seme-alabak zaretela, eta seguru, zuen aitari berak ere sikiera parte txiki bat izan zuela ikustea gustatuko litzaiokeela.
Eta ezkutuan eduki dudan beste gauza bat: azkeneko hogeitazortzi urte hauetan guztion izenean zabaldutako kuentakorriente baten numeroa nere mesanotxeko painueloen azpian aurkituko duzue. Behinere ez dut ireki nahi izan, beraz ez dakit zenbat dagoen bertan, baina zuen aitak hilero sartzen zuen bere soldata han gure beharretarako. Zuen esku dago orain nik egin ez dudan guztia egitea.
Urte guzti hauetan zuei eman dizuet berari zor nion maitasun zatia, hemendik aurrera berari emango diot zuek debekatzen didazuena.
Maite zaituzte
Zuen amak.