Zer den ipuina.eus

Ipuina gure literatur generorik zaharrena dugu eta, aldi berean, modernoena. Ahozkotasunari zor dio bizia, baina sariei eta aldizkariei esker aurkitu zuen autonomia XX. mendean. Literaturaren garapena ordea ez baita izaten lineala, ahoz heldutako ondarera jotzen du sarritan ipuinlariak antzinako istorioak erreskatatzeko edo bertsio berriak eskaintzeko. Bere fantasia librearekin, tradizioa beti laguntzeko prest daukalako ere izan da eta da ipuina, nolabait, genero literarioa. Laburra izanik, malgutasun handia du haurren, ume kozkorren, nerabeen, gazteen eta helduen artean mugitzeko. Adinen artekotasun horrek hainbat gai, hainbat estilo eta hainbat ikuspuntu lantzeko aukera eman ohi dio sortzaileari.

Aberastasun ezezagun samarra dugu, tamalez, gure genero hau.

Egutegietako almanaketan eta orri solteetan hasi zuen ipuinak ahotik papererainokoa, istorio eta pasadizo moralak edo barregarriak bideratuz. Pixkanaka, gorputza sendotu zuen aldizkarietan, estiloak zorroztu zituen sarietan, irudimena askatu zuen absurdoaren eta liluramenduaren munduan, eta nobelak jasanezina duen perfekzioa bilatu zuen egituretan. Narrazio laburrak ihes egiten die definizio akademikoei, hibridoa da, batetik bestera dabil sartu-irten fabulan, kronikan, artikuluan, gutunean edo oroitzapenean. Gure literaturaren zati garrantzitsua da, baina ez dago mereziko lukeen bezain hedatua irakurleen artean.

IPUINA.EUS honetan aniztasun horren izpi batzuk eskaini nahi ditugu, apurka bada ere ikuspegi orokor eta osatu samar bat hartu ahal izan dezagun gure genero bihurriaz.

Katuaren irudiak hainbat ipuin dakarzkigu akordura, Julene Azpeitiaren Poussy gaxua!, Txomin Peillenen Gatu beltza (nobela laburra? ipuin luzea?), Mario Onaindiaren Txakur bizimodua (kontrastez) eta Gau ipuiak liburuko portada, Mikel Antzaren Amodiozko istorio bat, Inazio Mujika Iraolaren Itoak ur azalera bezala…. Noski, noski, Allan Poeren Katu Beltza ere bai. Horregatik eskatu genion Juanba Berasategiri harrapa ziezagula katu ederren bat, webgune honen sarrerako zelatari misteriotsu.