Ipuinaren historia baterako

1804

Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euscaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vicitza zucentzeco. Bizenta Mogel. Antonio Undiano liburuguillearen echean. Esoporen fabulak, latinetik itzuliak. Hitz lauz. “Onak”, hots, egokiak, irakurgarriak… bai baitaude ipuin “Txarrak” ere: onak zein txarrak ez dira kategoria literarioak, moralak baizik, eta herri ipuinek, oro har, herriaren ondare gaiztoa, ankerra, zikina, gozagarria jasotzen dute; fabulek berriz zintzotasunaren abantailak erakusten dizkigute. Bizenta Mogelek idazletzaren harrotasuna dakar, eta horri zor diogu gure lehen testu feminista : “Badakit, entzunaz, beste gabe, neskatxa gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurrean jardungo dutela sinuka ez gutxik, diotela beren artean inoren lumaz jantzi nahi duela belatxikiak; hau da, besten beharrak hartu nahi ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua nahiz jostorratza zuzen erabiltzea. Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunek argiratu dituzten ipuiak? Nolako harrotasuna berriz latinezko hizkuntzarekin liburu honen asmoa agertzea? Horretarako behar litzake jakitea euskera, gaztelania, eta latinezko hiru hizkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa bategan! (…). Hobe ez ote da, emakumea banaiz ere, igarotzea orduak honetan, zer jantzi berri dan gora eta behera aitatzen baino?”.

1842

Ipuyac. Paskual Iturriaga. Baroja moldiztegia. Paskual Iturriagaren fabula edo alegiak, autorearen izenik gabe argitaratuak. Samanigorenetik eta Iriarterenetik euskaratuak baita berak sortutako zenbait ere. Hitz neurtuz eta errimaz. Fikzioaren aldarri: “Nire Euskal Herriko gazteri ederra: / ez det uste dedala egin lan alferra / ipuinak ipintzean gure zortzikoan / kantatzeko, nahi bada, harturik gogoan. / Badira latinez, badira erdaraz, / ez al ditugu behar guk ere euskaraz? / Bai, on da jakitea lehengo denboretan / txit omen zekitela ederki hizketan / txakur eta katuak, ahuntzak, azeriak, / hitz batean, orduko abere guztiak.”

1873

Wentworth Webster herri ipuinak biltzen hasi zen euskaldunen ahotik, Donibane Lohizunen ostatuz zeukan Bellevue etxejabe anderearen medioz. Catherine Elizondo, Laurentine Kopena, Luise Lanusse eta batez ere Estefanella eta Gagna-Haurra Hirigarai izan zituen kontalari, denak emakumezkoak. Julen Vinsonen laguntzaz papereratu eta ingelesez eman zituen.

1874

Jean François Cerquand, Bordaleko Hezkuntza Akademiako inspektorea Légendes et récits populaires du Pays Basque, alegia, Euskal Herriko Ipuinak argitaratzen hasi zen Bulletin de la Societé des Sciencies, Lettres et Arts de Pau aldizkarian. Ehun eta bederatzi euskal ipuin argitaratu zituen, frantsesezko itzulpenarekin.

1877

Basque legends, Wentworth Webster. Griffith and Farran, London. Euskarazko originalek ehun eta hamasei urte egingo zituzten Baionako liburutegian Xipri Arbelbidek transkribatu eta argitaratu zituen arte.

1878

Revista Euskara, Iruñea. Hilabetekeria. “Nafarroko ume zenbaitek, elkar aditurik, eragin dute bilgura bat, Nafarroko Euskarazko Elkargoa izendatzen dena. (…) Euskarazko Elkargoaren asmoak dire gordetzea, galtzera utzi gabe, eta hedatzea ahal daiteken guztian, euskarazko mintzairea, ongi ezagutzea gure aurrekoak hizkuntza eder honekin erran eta egin dituzten gauza on guztiak, ahalik ongiena ikastea nola denbora guzietan bere indarte eta lege jakintsuekin harritu zituzten bazter guziak, bizkitartean ohitura garbiak beren lan, egiteko eta kantuetan erakusten zutela, eta azkenean Euskal Herrien onak ahalegin guztiaz hobeagotzea”. Asmoa gauzatzeko ildoa, lehen idatzian dator: Campionen Orreaga. Azken karlistadaren porrotaren ondo lehen irrintzi honek eragin handia izan zuen Euskal Herri osoan, hegoaldean bereziki. Aldizkariak 1883 arte iraun zuen.

1879

Almanaka berria edo Egunaria, ilhabete gucietako demboraren indicacionearekin eta bertce asco erran zahar, ticho eta ischtoriorekin. Baionan, Lepes ahizpen imprimerian. Egun mikroipuina esaten dioguna egutegiek ekarri zuten, orrialde gutxiko koaderno antzeko haietan irakurgarri labur atseginak behar zituztenez: “Itsasuar gizon batek, etxera zoalarik ilunabar batez, kausitzen du bere auzo bat bide baztearrean etzana, mozkorra eta lo. Jauna, hargatik —egiten du bere baitan—, eta hi ere, heldu den igande arratsean, hola-hola kausituko hautela!”. Ezin konta ahala ixtorio emango zizkiguten gerora orritxo kengarriz osatutako egutegiek.

1880

Euskal-Erria. Jose Manterolak sortu eta zuzendutako aldizkaria. Honetara dator: “A recojer y transmitir los rasgos peculiares de la vida propia de ests siete privincias (…) a dar a conocer su antiquísima lengua, su especial literatura, sus originales cantos y tradiciones…”. Erregionalismo politikoaren kokatuak ezinbestez, aldizkari honetan ipuin modernoa abiatzen hasi ziren idazleek Espainia potentzia koloniala zeneko gatazketan nabarmendutako itsasgizonak eta balentriak hartu zituzten gaitzat sarritan. Leku txikia eduki zuen euskarak aldizkarian hala ere. Diglosia aldizkarian eta diglosia kolaboratzaile guztietan, Bitoriano Iraola eta beste gutxi batzuk izan ezik. Luze iraun zuen, 1918 arte.

1881

El Doctor Peru Abarca, catedrático de la lengua vascongada en la Universidad de Basarte o diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan. Juan Antonio Mogel. Imp. y Lib. de Elizalde. Zenbait herri ipuin nobelaren barruan txertatuak. Lan hau 1802an amaitu zuen Mogelek.

1882

Hamabost urte zituen Karmelo Etxegaraik Jose Manterolaren bisita izan zuenean: bere poemen bila zetorren. Berehala publikatu zizkion Euskal Erria aldizkarian, eta idazle gaztea lore-jokoetan hasi zen lehiatzen, sari ugari jasoz. Hitz neurtuetarako ez ezik prosarako eskua ere bazeukan, eta urte berean aipamen berezia egin zioten Donostian Aitorren etorrera edo Euskal Herriaren hasiera lanagatik. Etxegarairen ipuingintza elezaharraren eta antzinako pasarte historikoen moldaketa literarioaren artean koka genezake. Ez digu fikzio askorik asmatzen, ez digu pertsonaia gogoangarririk eskaintzen, baina badaki kontakizuna era narratiboan antolatzen eta esan beharrekoa hizkera jasoan ematen. Gazterik hasi eta gazterik utzi zion literaturari, tamalez. Ipuin kultuaren abiaburu posible bat izan zen gure historialaria.

1883

Le folk-lore du Pays Basque, Julien Vinson. Maisonneuve, Paris. Wentworth Webster-i hartutako ipuinak eta Xahori hartutako abestiak. Asmakizunak, erranairuak.

1884

Ipuyac. Paskual Iturriaga. Baroja moldiztegia. F. I. sinadura daukan gaztelaniazko sarrera batekin Iturriagaren lanez. 1842ko anonimoaren argitalpen berria da.

1886

Kontuchoak, Bitoriano Iraola. Pozo y Cia. Fikziozko gure lehen ipuin liburua dela esan genezake, eta iduri luke horixe markatu nahi izan zuela egileak tituluan: kontu hautatu zuen lana izendatzeko, eta ez Bizenta Mogelek eta Paskual Iturriagak erabilitako ipui. Antzinako kontakizunen izendapena zelako ipuina? Folklorea eta fikzioa bereizte alde? Bestetik, kontuok bertsotan emanak dira, hitz neurtutan, alegiak balira bezala baina alegiak izan gabe, irakaspen moralik ez dakartenez. Narrazioa hitz neurtuz? Baladak, ez ote dira narrazioak? Ipui, istorio, kontutxo… Genero bat bere azpigeneroekin, agidanez.

 

1887

Euskaldunen bikaintasuna, Frantziska Inazia Arrue. Euskal-Erria. Bere gisara moldatutako elezaharra aurkeztu zuen Donostiako Lore Jokoetan Gregorio Arrue itzultzaile ugariaren alaba gazteak, eta “aipamen onragarria” eman zion epaimahaiak, ohar interesgarri honekin: “Azaltzen dituen gertaerak ez dira kondairatiak, ez ere egirudiak. Batzarreak ez dio ematen bestela emango zion gailaldi goientsuagoa”. Bitxia da irudimena zigortzea literaturan. Dakigularik behintzat ez baitzuen besterik idatzi, uste izatekoa da epaimahaiko jaun jakintsuen argitasunak ez zuela askorik animatu idazten jarraitzeko. Gerora Karmelo Etxegaraik idazle bikainaren ezaugarriak aitortu zizkion Frantziska Inazia Arrueri: “D.ª Francisca Ignacia de Arrúe es de quienes más a la perfección manejan la prosa bascongada, no solo por el sabor castizo y la acertada elección de las palabras, sino por algo que importa y vale mucho más: por los giros, por la trabazón, por la manera como se enlazan unas con otras las oraciones, por aquello, en fin, que constituye la índole y el génio del idioma”.

1895

Ramos Azkarate bertsogile oparoak Campionen antzikan ez zuten senar-emazte nafarrak herri ipuin gisako satira publikatu zuen El Cántabro adizkarian, Arturo Campionen epelkeria politikoa salatzeko. Aurrez, Don Arturo Campion fuerista ezkerrari izeneko bertso sail bat eskaini zion: Zu izan arren zere ustean gizon jakintsu osoa / badezkiozu onra bat dala eman dezuan pausoa? / Ez bazerade karlistentzako Nocedal bezin faltsoa / ez al zerade Nafarroantzat karririri bat mantsoa?

1899

Axeriyak, ipuiya. Rosario Artola, Euskal-Erria. Egileak asmatutako alegia neoklasikoa, nolabait, neurriz eta errimaz emana. Ipuin hau sailtxo baten aurrena izan zen: Bi txoriyak, Bi saguak, Katu zarra ta gaztia, Astoa ta otsoa… 

Pedro Migel Urruzunok Ijitoen ezkontza eta konjuroa argitaratu zuen Euskalzale aldizkarian. Ipuingintza kostunbristan garrantzi berezia hartuko zuen ijito edo buhame pikaro atseginaren pertsonaiak Urruzunori esker. Teknika aldetik, hainbat ipuinlari eta artikulugile hartzen hasiak ziren elkarrizketa bitarteko kontagintzan abiatu zen, narratzaile gisa erakutsi zituen dohainak garatu gabe. Umore xaloa eta moralkeriak bideratutako planteamenduak.

1903

Ahuntza larrera. Pedro Mari Otaño. La Baskonia.

1908

Euskal Esnalea, Hainbat euskaltzalek Tolosan sortutako hilabetekaria elebitasun diglosikoan. Zortzi egiteko nagusietan seigarrena Egizko Gezurrak izenekoa dute: “Ipuiak, ipui-atzeko gauzak, oso ez bada zerbaitean egizko diranak, eta nolanahiean ere edozeini bide ona erakusten dioten esakaiak ezarriko ditugu hemen”. Pedro Migel Urruzunok dialogo-ipuin ugari argitarau zituen bertan.

1917

Ipuin Aberkoyak. Aizkibel’dar Bingen. Grijelmo Alargun-Semien Irarkola.

1918

Abarrak, Kirikiño. Grijelmo alargun-semien irarkolea, Abando. Euskalzale eta Ibaizabal aldizkarietan eta Euzkadi egunkarian argitaratutakoen bilduma, zazpi ipuin berri erantsita. “Su handia egiteko, egur lodia izetuteko, lehenengo abarrari ezarten jako sua, eta honegaz hari, gero. Irakurgaitxu honeik be gogo askotan sortu leie euskeraz irakurteko zaletasuna. Txikiak, meheak, arin-arinak, errazak, barru gitxidunak, gehienak barre batzuk eragitekoak izanik, euskeraz irakurten bape zalea ez danak honakoxeak atseginez hartu leiz, eta eurok, abarrak lez, bere gogoan sua piztu”. Irakurgai gehienok jazorikoak direla diosku Kirikiñok, batzuk aititari entzunak, eta hark bere aititari; beste batzuk egileak batuak hor-hemen. Baina asmatutakoak ere badirela.

1921

Argia astekaria sortu zen Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz. Euskaltzale bezain katolikoa, gure prentsarik  atzerakoienaren eredu izan zen edukiz eta dinamikoenaren eredu hedaduraz eta estiloz. Intzagarai eta Karrera apaizen alboan Gregorio Mujika hainbat izengoititan, arnasa laiko moderno apur bat ekartzen. “Zuk ez dakizula euskeraz irakurtzen? Nola jakingo dezu, behin ere ez zera ari eta? Baina entzun berriz: hartu zazu asteroko hau, egunero-egunero hogei lerro, hogei ilara irakurri itzazu (a zer lana, bost minutuko lana!) eta hilabete barru errex-errex irakurri ezin badezu gure euskera, sedagileari (medikuari) deitu zaiozu, burutik gaixo zaude eta. Hilabetean egunero hogei ilara irakurtzea lan haundia dala? Esan zazu bada hori, alpertzar horrek, ez euskera zaila dala!”. Hainbat ipuin, istorio eta izkirimiri argitaratu zituen.

Gure Herria hilabetekaria sortu zen Baionan, euskal gaiak euskaraz eta frantsesez lantzeko: “Zer gogo dugun? Gure arteko zerez elgarrekin mintzatzea, lehengoez ala oraikoez: mintzai, odol, aztura, lan”. Hainbat poema, artikulu eta ipuin eman zuen ezagutzera 1976 arte. Oxobik 1922an, Supazter Chokoan atalaren aurkezpen gisa: “Badakite euskaldunek zer zaikun guri zorigaitza? Hainbertze kondaira pollit gure xaharrek oraino baitakite, hek galtzerat uztea, norbeitek bildu eskasean, emeki-emeki”.

1924

Supazter chokoan, Jean Barbier. A. Foltzer, Baiona. Herri ipuin bilduma.

Gai arinen zale, G. Biona (Gregorio Mujika). Euskal Esnalea, otsaila. “Aurten egin degun idazti-batzaldi hontarako zer nolako idaztiak etorri zaizkigun, ez dakigu oraindik, ez ditugu aztertu eta.  Onak diran, txarrak diran, ez dakigu. Guziok zenbat diran badakigu ordea, eta gai bakoitzerako zenbat diran ere bai. Eta, dakigunak, zerbait erakusten al digu? Sariketarako ipini genituen gaietan idaztiak nola banatu diran jakitetik, erakuspenen bat atera ote dezakegu?

Bai, hauxe:

Euskerazko idazleak gai arinen zale dirala, ez gai sakonen alde. Ipuitxo, neurtitz errez eta horrelako lanak egiten dituzte, axaletikoak. Mamidunik, burua nekatuta egin behar diranak, beste idazti asko ikasi eta gauzen sustraira sartuaz egiten diran hoietakorik ez dute nahi. Nekatuaz, benetan lan eginaz, gaiak sakonduaz egiten diran idaztiak, ez. Idatzi bai, baina errez, jolasean bezela, axaletik, labur: olerki leun, izkirimiri, ipuitxoak…

Bide hortatik bakarrik joatea, kaltegarri zaigu. Euskerak, sendotu eta indartu behar baldin badu, jaki indartsuagoak behar ditu. Arinak ere bai, baina ez arinak bakarrik, eta orain arte arinak bakarrik ematen dizkiogu.

Sendoak eta indardunak inork ez dituala irakurtzen eta alperrik idaztea dala? Ez dakigu horixe: idazten ez baditugu ez ditu inork irakurriko, idazten baditugu, irakurtzea baliteke.

1925

Pernando Amezketarra, Gregorio Muxika. Iñaki Deunaren Irarkolan. “Aspalditik nerabilen buruan asmo hauxe. Esaera bixiak, gertaera zorrotzak, ateraldi parreragileak, ipui labur alaiak guzion gogoko izaten dira eta”.

 

1927

Azkoititik Elgoibarrera Katuin Zuloa, Nemesio Etxaniz. Euskal Esnalea, 1927.

Ipuñak, Oscar Wilde. Verdes-Atxirika, Bilbao. Altuna’tar Josebak euskeralduta.

1929

Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, Baiona.

1930

Bigarren abarrak. Bustintza’tar E. Eusko Pizkundia. Azalean, ordea, “Abarrak” hutsik, abar sorta besapean dakarren emakumezko baten marrazki apainarekin, Hermes-ek sinatua. Kirikiño hil eta urtebetera eginiko omenaldi literarioa, 1918az geroztik idatzi zituenak bildurik.

1931

Urruzuno’tar Pedro Migelen Ipuiak. Argia-Euskal Esnalea edizioa. “Idazten danak sortzailearen nahia bateko badu, doai berezi bat derrigorrekoa dizute: irakurterrexa, irakurtzeko gogoa pizten duana, hasi bezin errex amaitu ahalakoa behar du. Eta ezer badute, hauxe bai Urruzuno zanaren irakurgaiak: behin hartu ezkero, uzten zailak dituzute. Zergatik? Erreka baztarrena jaio eta erreka inguruan dabiltzan arotz, ermentari, ijito eta beste ez ikasi guztien hizkuntza samur errexez jantziak datozelako”. Luzear-ek, El Dia egunkarian.

Laminak eta neskatilea, Errose Bustintzaren aurreneko kolaborazioa Euzkadi egunkarian, harreman luze ta emankor baten hasiera. Bustintzak herri ipuin tradizionaletan hartzen ditu gaiak eta istorioak, baina asmo eta helburu literario baten barruan, estiloz idazteko.

Légendes du Pays Basque, Jean Barbier. Delagrave, Paris. Egilearen beraren hitzaurrea. Frantsesez emanak baina ipuin guztien jatorrizkoa, euskaraz alegia, liburuaren amaieran emanik, erreferentzia gisa, farntsesezko zatia apaintzen duten Tillac ospetsuaren irudiak eskas. “Ce n’etaient pas lè des Contes que je pouvais enjoliver à plasir; c’etaient des Légendes que je devais recueillir pieusement pour les reproduire telles quelles”. Eta iritzi hauxe Pierre Loti eta konpainiari buruz, ipuinoz mintzo: “Destillez un jour un peu de notre âme basque, car vous en renfermez beaucoup plus que tels ou tels romans fameux qui, plus encore qu’à nos oreilles, sonnent faux, très douloureusement, à nos coeurs de basques”.

1932

Iturriagaren ipuiak, Paskual Iturriaga. Manuel Lekuonaren edizioa, Aitzolen sarrera batekin. “Eusko elerti baratzeko kimu loretsuak, alegi eta ipuiak izan zaizkigula aitor genezake”.

1933

Gazigozoak. Barrensoro (Tomas Agirre). Verdes Atxirika. Ipuin, kronika, nobela labur eta iruzkin bilduma. Sarreratik: “Jatorriz dira gizonak jakitearen eta irakurtzearen zale. Egurastaldikoan ere irakurgaietara doaz gehienetan. Atseginaren bila. Jolasbidetzat. Gai arinak nahi izaten ditue holakoetan. Irudipen lan loratsuak. Ez idazti astun nekagarriak. Ez legar tartean belaunak urratuz ibili beharrekoak. Edestiak, ipuinak, kondairak eta gertiduriak ditue atseginen. Erderaren barrutira doakiguz maiz gure irakurleak. Sail medarrekoa baita euzko elertiaren barrutia. Lipar baterako beste ez izan euzkel belardietako larrea. Hortixek darakarkio erderak gure mintzaerari kalterik haundiena. Antzokietan, zineetan eta gertirudietan erdera, erregingai apainaren gisan agertsen jakun bitartean, lotsati eta kikil jokatzen da euzkera. Gaitasunik ez al dau, ba, gure ele honek nonahi aurpegi dirdaitsuz eta urrezko soinezkoz andere azaltzeko? Ez al legike gureak beste edozein elek dagikeana? Bai, behin. Geurok dogu euzkeraren zarpiltasunaren hogena. Euzkel idazleai dagokie elerti bideetan barrena hizkuntza eskutik txairo eruatea”.

1937

El fusil del abuelo, Lauaxetaren ipuina. Gudari aldizkaria, 4. zenb. Apirilak 8. Izenburuaren azpian, parentesi artean “Traducido del Euzkera”. Ez dirudi jatorrizko bertsioa argitaratu zenik inon.

Campa de Gustiz Ederra, Lauaxetaren ipuina. Gudari aldizkaria, 6. zenb. Apirilak 24. Izenburuaren azpian, parentesi artean “Traducido del Euzkera”. Ez dirudi jatorrizko bertsioa argitaratu zenik inon.

 

1942

Presonieraren segeretua (ixtorio), Etienne Salaberri. Aintzina, 1942. Egileak hiru X handiz sinatu zuen ipuina testuaren amaieran. Haatik, hizkerak eta batez ere Ene Sinistea-n  Stalag IV ardura aipatu izanak, Sabalarrirena izan litekeela ustetu gaituzte. Besterik azaltzen ez den artean bederenik.

Euskalerriaren Yakintza / Literatura popular del País Vasco, R.M. Azkue. Espasa-Calpe, Madrid.

1945

Murtuts eta bertze… Artho churitzetako zonbait ichtorio chahar. P. Ithurralde. Aintzina, Baiona. Piarres Lafitteren bertzizena P. Ithurralde hori.

1948

Egan aldizkaria sortu zuten Antonio Agudek, Aingeru Irigaraik eta Luis Mitxelenak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babespean, euskaraz eta gaztelaniaz. “Egan aldizkaritxoan argitaratuko dira, tarteka bada ere, ipui zaharrak eta kantak eta neurtitzak, denen atseginerako eta idazle berrien erakusgarri bezela”. Haatik, ipuin berri askoren argitalbidea bihurtuko zen aldizkaria bere ibilbide luzean.

1953

Purra! Purra!, Yon Etxaide’tarrak. “Bihotz-saminak poztutzeko eta jendeari zabal-zabal par eginarazteko argitara ekarri ditut ipuitxo hauek”.

1954

Egun on!, Mark Forkada. Euzko Gogoa. “Azkeneko zenbakian zure herritar baten lantxo polit bat irakurri ahal izango duzu: Forkadaren Egun On. Neronek pixkat zuzendu nion, ia ezer ez, eta poliki samar dago. Han ageri dira zure herriko xelebre guztiak, oso ederki margoztuak. Ni hor banengo, sekulako taldea sortuko nuke gazteen artean”. Andima Ibinagabeitiak Nemesio Etxanizi eginiko gutunetik (1955-03-12).

1955

Elezarrak. Arraun ta Amets, hainbat egile. Itxaropena. Salbatore Mitxelenaren poemak (Arraun ta Amets), A. Sorarrainek, J. Galarragak eta J.M. Garayaldek sinatutako lau elezahar edo legenda. Aingeru Irigarairen sarrera. “Baditeke hogeigarren gizaldi aurreratu hontan bizi diran gizon ikasi eta uste haundiko batzuei umekeria edo emakumekeria iruditzea. Utikan! Ez degu holakorik gure artean behar. Herri-anima eta bihotzondoaren zati omen dira elezaharrok. Hala izan ere! Eta gure herriko elezaharrak euskal animaren altxor eta edergailu noski. Bildu eta gorde ditzagun, bada, gure euskal gogoen bizkortzerako, gure antzinakoen aztarnak ezagutzeko, eta besterik ez bada, gure asperraldien arintzerako”.

1957

Umezurtz aberatsak gabonetan jokatu nahi (Gabonetako ipuin tristea). Gabriel Aresti. Egan. Poetaz egin zuen biografian, “Ipuin honetan adierazten du Arestik, lehenengoz, geroago poesietan izanen duen tematikaren joera, “mailuarena eta biolarena” alegia”, diosku Angel Zelaietak.

Pernando Plaentxiarra, Etxaide’tar Yon. Itxaropena. Juan San Martinek bildutako ixtorioak Plaentxia-Eibarren, Jon Etxaidek taxutuak eta Paulino Larrañagak marraztuak. “Hobe litzake noski, plaentxiatarren grazi berezia gardenago agertzeko, ipuiok Plazentziako euskaran argitara, baina, hortara joko bagenu gipuzkoarrik gehienak ez luke onartuko, Plazentzian mintzatzen den bizkai kutsuko euskera adigaitza baita giputz nagiontzat, eta danok dakigunez irakurlerik gehienak gipuzkerak ditu”.

Euskalerriko ipuiñak, Aingeru Irigaray. Itxaropena. Barandiaranek jasotako ipuinen antologia bat.

1960

Euskal Kulturaren Alde elkargoak antolatutako ipuin sariketa: hogeita hiru urteko Jean Etxeparek lehen saria, Mendekoste gereziak izeneko ipuinarekin.

El mundo en la mente popular vasca (creencias, cuentos y leyendas), Jose Miguel de Barandiaran y colaboradores. Auñamendi. Lau ale, 1966 artean argitaratuak, gaztelaniazko itzulpena emanik jatorrizkoarekin.

1961

Iltzaileak, Martin Ugalde. Caracas. Andima Ibinagabeitiaren sarrera. “Beharrezkoa genuen euskotarrok ere gudu literatura gartsu bat, eta literatura horri hasiera ezin hobeagoa ematen dio Martin Ugaldek bere ipuin hauekin. Negargarria, baina oraindik euskaldun batek ere ez ditu liburuetan euskeraz eman orduko gertakari deitoragarriak. Mututasun lotsagarrienean diraute oraindik ere”. Venezuelan euskaraz argitaratutako lehen liburua.

Amandriaren altzoan, Julene Azpeitia. Itxaropena. “Urri dira euskeraz Amadriaren altzoan bezin liburu onak haurrentzat. Gehiago esango nuke: oraindik zentzunera sartzeke dauden umeentzat ere euskera trakets eta baldarrean egindako liburuak ikusten ditugula”. Juan San Martin (hitzaurrea). “Haziagoek ere, ordea, badute hemen bazka atsegina, neure buruaz neur baditzaket besteak”. Luis Mitxelena (kritika).

1962

Mendekoste gereziak eta beste, Jean Etxepare. Goiztiri. Piarres Xarritoren sarrera hogeita lau urteko zela hildako idazleari. “Boneta bere belar ederraren gainean gora ezarria, paltoa beti laxoan eta gabardina xuhail bat sorbalden gainean trebes, zuri so zagolarik bere begitarte arraiarekin, ez zauden sekula lo haren gogo-bihotzak. Su pindar bat bazaukan haren begiak eta bihotzikara bat haren lepoko zainak. Elasturiarik ez bazen ateratzen ere haren ezpainetarik, hitzik xuxenenak eta argienak lerroan prest zauden jiteko lumaren punttarat. Ikusiak oro ikasten zituen Jean Etxeparek. Eta nehork ez bezala kondatzen. Hortakotz duzu, haren ezagutzeko,  eskutan duzun liburu hau irakurtzea askiko. Zinezko idazlaria zela eta ez nolanahikoa gure adixkidea, hor dugu hori bera seinale”.

Oroitzak eta beste ipui asko, Bitoriano Iraola. Auspoa. Antonio Zabalaren bilketa Iraolak 1897-98 aldian aldizkarietan publikatu zituenen artean. Iraolaren ipuingintzak, alderdi zoro-jostalariaz gain, gertakariaren xelebrea eta solasaren erabilera zirtolaria ditu oinarri. Iraolak hainbat izkirimiri, xelebrekeria eta txiste argitaratu zituen aldizkarietan, mikroipuinaren maisua izan genuen.

1966

Umeentzako kontuak. Martin Ugalde. Itxaropena. “Gaur gauden bezela, ikastolarik gabe, gure umea euskeldun osoa egin nahi badegu, umearen buru eta irudimen edo imajinazioko bide zabalak ere euskeraz etxean erabili beharrean gara”.

Abarrak. Bustintza’tar E. (Kirikiño). Graficas Bilbao. Aita Onaindiaren argitalpena, Abarrak, Bigarren abarrak eta Ibaizabal aldizkarian Euskera, Jakingarriak, Olerkiak, Izkirimiriak eta Albistak ataletan Kirikiñok idatzitakoak osorik emanez.

Juan Antonio Letamendia apaiz gazteak Arrasaten antolaturiko ipuin lehiaketa irabazi zuen Edurne Zuri eta zazpi ipotxak lanarekin. Urte honetan bertan Gerediaga-Euskaltzaindiak antolatutako Kirikiño ipuin saria eskuratu zuen Joxe Proletario lanarekin. Epai-mahaia: Antonio Arrue, Juan San Martin, Alfontso Irigoien.

1967

Juan Antonio Letamendiaren Neurosi ipuinak irabazi zuen Errenteriako Ereintza Elkarteak antolatutako lehiaketa.

1968

Ipuiñak. Cuentos Vascos. R. M. Azkue. Retana Editor, Bilbao. Sakelako liburua, tapa gogorrekoa, titulua eta orrialde ertzak urre kolorekoak. Azkuek Euskalzale aldizkarian argitaratutako ipuin eta mikroipuinen bilduma (1897-1899),  Aita Onaindiak apailatua eta, azaleko izenburuak bestelakorik iradokitzen duen arren, euskara hutsean emana. “Azkue edozein ipuinetan dogu artista, maixu. Ugaritasunean batez be. Ez gero, garai hatan batez be, inguruko hizkuntzetan ekandua zan lango gainezkako ugaritasun gogaikarriz. Azkueren ugari eta bizitasuna gaur-gaurkoa dozu: irakurri begipean dauzkazuzan ipuinok eta zeuk autortuko daustazu egia dala. Gerora, lan lehorragoetan sartua ibili jakulako, erkin eta elkorrago agertzen da, baina ez garai hatan. Azkue ederzale zan, eta bide hortatik jokatu baleu, Txomin Agirre nahi beste edozein nobelari baizen bikaina izango jakun. Herriaren arima eta ezpanetan erabilen euskera inok baino hobeto ezagutzen ebazan, eta idazle batek, idazle on izateko, bere lanetan —nobela, irakurgai, ipuin eta holakoetan— herriaren arimea adierazo eta azaldu behar dau”. A. Onaindiaren sarreratik.

Antziñako ipuiñak, R. M. Azkue. Itxaropena, Zarautz. Juan San Martinen antologia bat Azkuek jasotako herri ipuinez.

1969

Euskal Elerti 69, bilduma. Lur. Xabier Kintana, Mikel Azurmendi eta Patri Urkizuren ipuin bana, beste hiru anonimorekin.

1970

Hunik arrats artean, Anjel Lertxundi. Lur. “Mugarri esanguratsu bat ezarri behar da gure ipuingintzaren historian, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean (1970). Lertxundiren lan horrek generoarekiko kontzientzia zabaltzen du. Harrez gero, ipuin-bildumen argitalpenak ugaritzen hasi ziren. Generoak ekin zion gure literaturan ibiltzeari, berandu baina arin”. Alvaro Rabelli, Ipuingintza Euskal Herrian, 1970-2000.

1972

Euskal Literatura 72, bilduma. Lur. Ibon Sarasola, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Anjel Zelaietaren ipuin bana.

Behin batean, Xabier Kintana. Lur.

1973

Haurra ipuin denean, Zarauzko ikastolako haurrak. Kimu Saila. Anjel Lertxundiren sarrera. “Bi eta bi lau direla ikasi duzue. Egia da. Munduko egia bikainenetakoa. Ongi, ongi. Baina bi eta bi zuhaitza dela esatea ez al da politagoa? Ahaztu zaitezte une batean matematikarekin. Ahaztu, bai. Zergatik aldietan triste egoten zarete? Edota alai? Edota haserrese? Erabili ezazue matematika edo gramatika, eta aztertu ezazue zuen alaitasuna. Alferrikakoak dituzue zatiki guztiak”.

Euskaldunen ipuin harrigarriak, Martin Etxeberria. Jakin. Proppek herri ipuinak ikerketzeko eredua gureei ezarria.

Caja de Ahorros Provincial de Guipuzcoa-k 1970ean sortutako Premios Literarios Ciudad de Irun lehiaketak Ipuin Saria deitu zuen lehen aldiz: “El cuento es una narración breve que ha sido cultivada en lengua castellana, pero que necesitaba un estímulo en lengua euskera”. Gaztelaniaz poesia, saiakera eta nobela hartu zuen urte honetaraino, euskaraz poesia.

1974

Zuentzat. Aurrentzako ipui ta irakurgaiak. Azpeitia’tar Julene. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. 1960-70 urtealdietan idatzitako eskola testuak, itzulpen literarioak eta zenbait ipuin. Ahozko tradizioa guztiz baztertu gabe, oroitzapenetan hartzen du oinarri fikziora egiteko.

1975

Ipuin antzeko alegi mingotsak, Mikel Zarate. Leopoldo Zugaza Editor. “Nire alegiok ere mingots samarrak dira, gaurko idazgiro mingotsa lakoak, eta haundientzako eginak, ez umeentzako. Garagardoturik dagoz, zuzentasun gose-egarriak sortutako mingostasuna darioe, zorion-irritsak bizituriko mingostasuna, paradisu-amesak irudimenean haundiagotutakoa”. Tamaina handiko liburua, azal plastifikatua, Jose Ignacio Andreuren azala eta barne margoak. Hogeita hamabost alegi moderno. “Resurrección Maria de Azkue idaz-sariketan leenengo saria”.

Ipui antzeko, Mikel Zarate. Gero. Sakelako edizio arrunta. Hogeita bi alegi, Leopoldo Zugazak argitaratuetan hautatuak.

Amezketa’ko Pernando, Anastasio Albisu. “Esan beharrik ez det, nere liburuxka hau G. Muxikak 1927garren urtean argitaratu zuan Pernando Amezketarra-tik atera dedala oso-osorik. Ez det, bada, nererik ezer, idazkera eta gertaerak lotzeko era baizik. Bainan lan honetxek egin dizkit atsegingarriagoak oraindik nere udako oporraldiak”.

1978

Ipuinak, Gabriel Aresti. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Gabriel Arestiren ipuingintzaren bilduma (1957-1962), Ibon Sarasolaren eta K. Mitxelenaren sarrera argigarri banarekin. “Kontaketan bertan agertzen du Arestik maisutasuna, anekdotaren elementuak kontaketaren ildoan eraikuntzaren sena azpimarkagarriz antolatze dituen eran” (Sarasola). “Arestik gurekin eta bere buru harekin zeraman borroka, Bilbo erdaldunduan oraindik ito ez den euskal kontzientziarena zen” (Mitxelena).

 

1979

Lehortean, Gotzon Garate. Gero. “Gai guztietan zehar Gotzon Garatek badaki suspensea edo kuriositatea sortzen eta gutxien espero duzuenean ematen dizu kolpea, sorpresa ere, halanola Bidegurutzea-n edo Gizalegea-n. Badirudi topikoetan erortzen ari dela eta derrepente dena aldatzen da, horrela oso teknika klasikoak erabiltzen ditu, oso jakinak, baina oso efektiboak ere, irakurtzen jarraitzeko desioa mantentzen dizula inolako bilakuntza formalik edo esanahitsurik gabe. Beste batzutan, halaz ere, bilakuntza hori egin nahi du, baina ez du ezer aurkitzen, ez du ezer lortzen nere ustez. Gauza modernoagoak egin nahi ditu, literatura modernoa azken finean bere zentzu berezian ulertuta, baina produkto errena ateratzen zaio, zeren literatura ez da puzzle bat, bai jeroglifiko bat nahi baduzu, baina zerbait berriago egiteko ez da nahiko piezak idaztea eta gero erdi-anarkikoki montatzea (baietz esango didate DÁDAkoek, literatura elemento ludiko bezala etc., baina ez nago ados, hori da autorearentzako literatura, ez besteentzako egindakoa eta oso ondo dago lehenengo aldiz egiten denean, baina denbora pasatu da harrezkero). Dirudienez autorea konturatzen da bere forma klasikoaz idaztean, eta horregatik atera nahi du hortik, baina ez du nere ustez bidea aurkitu”. Mikel Hernandez Abaituak, 1981ean. // “Orain, berriro eskura dezakegularik, Gotzon Garate ipuingilea —idazle trebea eta interesgarria alor honetan— arrazoirik gabe baztertu samarra dela kontura gaitezke. Irakurleak ipuingintzaren maisu klasikoen oihartzunak topatuko ditu istorio hauetan, naturaltasun osoarekin asimilatutako tradizio baten ispilu. Ipuin gehienak errealismoaren esparruan eginda daude, eta askotan bizitzaren alderdirik mingots eta bortitzenak agertzen dira”. Javier Rojok, 2001ean egindako argitalpen berriaz.

12 nobela labur, Xabier Gereño. Egilea editore. Genero edo azpigenero beltzean abiatu zuen Gereñok ipuina, azalean “Euskara: lehen maila” zioen ohar nabarmenarekin.

Utopiaren fantasian, Mikel Zarate. Kriselu. “Milaka urte iraun duen Euskal Herri honek, zer nahi dela espero behar badu, ametsaren eskutik espero beharko du. Herri xipi bat gara, zapaldua. Erroak agirian ditugu; sustraiak intenperie latzanean, baina geure herriak badu arnas bat sakonetik, premiatik, iraun guratik datorkiona, eta arnas horren kategoriak ez dira agian arrazoinamentu otzarenak, bihotzkada ikaratuarenak baizik. Etorkizunarekiko hauzia, amets eta utopia bilakatzen ditugu, edo eta arrazoinik ez digute emanen, ez dugu ukanen. Mugak jarri behar dizkiogu Euskal Herriari, utopiaren muga ausartak. Borondatearen desmugak”. Luis Haranburu Altunak, sarreran.

1980

Gabriel Aresti, ipuinak. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Bigarren edizioa.

Susa aldizkari literarioa sortu zuten Argia astekarian ziharduten Mikel Antzak, Josu Landak eta Iñaki Uriak. Urtean bitan eta hirutan azaldu zen, 1994 arte. Hainbat idazle berri, hainbat ipuin.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa izanen zen Bilbao Hiria Ipuinak lehiaketa sortu zuen Bilboko Udalak, euskaraz eta gaztelaniaz. Lehen edizio honetan Joseba Sarrionandiak jaso zuen lehen saria esukaarz Enperadore eroa ipuinarekin. Gaztelaniazko sailean epaimahaiak irabazletzat emandako lanean (Juan Jesus Fernandez de Retanaren Epitafio del desalmado Alcestes Pelayo) hitz zatarrak ageri zirela eta (joder, teta, puta), banatzeko prestatua zegoen ipuin onenen edizio osoa errarazi zuen Artigaseko erraustegian Joan Castañares alkateak, bere talde politikoko zinegotzi guztien adostasunarekin (EAJ). “Gure hautesleek ez lukete horrelako libururik onartuko”. Antza, ez zituzten euskarazkoak irakurri (ene bularrak tente ipini dira / sexoa nola bustitzen zen…).

1981

Cuentos incombustibles. Este es el libro quemado por el alcalde de Bilbao, Joseba Garaizar, Xabier Gereño, Augustin Zubikarai, Jose Luis Fernandez Orraita, Enriqueta Hortala, Luis Alberto Anton Gorbea, Igone Baraia-Etxaburu, Mendizabal’tar Basille, Bego Gezuraga. Colectivo Bilbao 1981 (Editorez, banatzailez, liburudendariz, herri elkartez, zinegotziz eta beste hainbatez osatutako batzordea). Bilboko Udalak ipuin lehiaketa bat sortzea erabaki zuen urte hartan, euskaraz eta gaztelaniaz. Alkateak, Jon Castañaresek, gaztelaniazko sailean epaimahaiak irabazletzat emandako lanean hitz zatarrak ageri zirela eta (joder, teta, puta), banatzeko prestatua zegoen ipuin onenen edizio osoa errarazi zuen Artigaseko erraustegian, bere talde politikoko zinegotzi guztien adostasunarekin (EAJ). “Gure hautesleek ez lukete horrelako libururik onartuko”. Antza, ez zituzten euskarazkoak irakurri (ene bularrak tente ipini dira / sexoa nola bustitzen zen…).

Bilbo irribarrez, Mikel Zarate. Bizkargi Argitaletxea. “Barreragile on bat izan nahi neuke, baina bide barriak urratuz. Izan ere, orain arteko idazle barreragileek baserritarren pasadizu barregarriak bakarrik idatzi izan ditue gehienbaten. Huritarrenik, kaletarrenik ez. Ta hutsune handi bat dago gure literaturan. Hutsune hori betetzeko asmoz, Euskal Herriko huribururik handiena aukeratu dot horretarako: Bilbo. Ta erdaldundurik dagoen gure Bilbo hau berreuskaldundurik ikusi dot gurari biziaren amets bultadaz”.

Ipuinak, Bitaño. Gero. “Denetik ibili naiz arnasa hartzen eta euskal iturri zaharretara ere jo dut batzutan eta sarri. Toki eta gai aldaketak ere egin ditut. Zehatz-mehatzeko esparruetan ibiltzeko loturazalea ez nauzu”.

Nafarroako Ezkurran, Gotzon Garate. Gero. Herri ipuin laburrak —pasadizo eta xelebrekeria—, egileak bere gisara moldatuak.

Gartzelako ateak, Maite Lazkano. Elkar. Maria Teresa Sesék bostehunen bat nobela argitaratu zituen 1940-1983 artean gaztelaniaz. “Nobela arroxa” edo “Emakumearen irakurgaiak” esan izan zaion generoa landu zuen, baina beti ere ukitu aurrerazalez, emakumearen duintasuna gogoan. Arrakasta handiko idazlea izan zen. Diktadura ondoan Maite Lazcano izenaz hasi zen sinatzen, amaren deitura harturik: idazle libre bat. Amak irakatsitako euskara landu eta euskal idazlea bihurtu zen, Maite Lazkano. Emakume ausartak eta librenahiak oparitu zizkigun.

1982

Aldjezairia askatuta, Txomin Peillen. Hordago. Aljeriako gerlan ikusiak eta pairatuak oinarri harturik 1960-1961ean eraikitako ipuin sorta, armada kolonialaren erizain baten eta aljeriar arrunten zein felaga borrokalarien ahotsean. Bigarren edizio bat Txalapartak 2013an, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrearekin. “Denboraren distantziarekin argi ikusten denez, Txominek bere kontribuzioa egin zuen ipuin bilduma honekin euskarari literatura onik eman gabe hiltzeko posibilitatea ukatzeko”.

Damurik gabe, Maite Lazkano. Elkar. Bere lehen liburua bezala, “Kontakizun errazak” amuarekin argitaratu zen, euskara ikasten ari zen multzo handiaren bila. Egiazki, Maite Lazkanoren ipuinak errazak dira irakurtzeko, zuzenak, gardenak, apainkeriarik gabekoak, baina mamiz kontakizun garratzak dira, izan.

Altxorra eta altximia, Txomin Peillen. Hordago. Ipuin beltz eta fantastikoren bilduma.

Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena, Bernardo Atxaga. Irun Hiria literatur sariak bilduma.

Psycho-killer, Xabier Montoia. Susa literatur zigilu berriaren lehen argitalpena.

Narrazti ozena, Pako Aristi. Azpeitiko Udala. Ramon Etxezarretaren sarrera. “Literaturaren eta hizkuntzaren indartze eta bizkortzeari ekin nahi izan diogu eta ekin diogu, maila apalenetik gainera: geure herri eta bere inguruetatik, handikerian erortzeko tentaziorik gabe, agian gure herritik kanpora atera gabe aurkitu baitezakegu kulturarik garrantzitsuena”.

Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa sortu zuen Azkoitiko Udalak bertako Kultur Elkartearen ekimenez Ipui Onak-en egilea jaio zeneko bigarren mendeurrenean. Zortzi lan aurkeztu ziren eta Maribel Mentxakak irabazi zuen lehen saria aurreneko deialdian Teilagorri, lizarraren herri magikoa izenekoarekin.

1983

Gau ipuiak, Mario Onaindia. Haranburu Editor.

Suzko gezi bat bezala, Mikel Antza. Irun Hiria Literatur Sariak Bilduma.

Donostiako Hiria II. Haranburu Editor. Josu landa, Nerea Azurmendi, Pedro Jabier Alberdi, laura Mintegi, Mikel Hernandez Abaitua, Iñaki Uria.

Errenteria Hiria Ipui Lehiaketa. Hogeita bostgarren urteurrena ospatzeko, Ereintza elkarteak 1961-1965 bitartean  (gaztelaniaz) antolatu zuen Ipuin Lehiaketa berrabiaraztea erabaki zuen, euskarazkoak ere barne hartuz.

1984

Mantal urdina, Martin Ugalde. Erein. Sei ipuin berri, egileak hainbat urte isilean eman ondoren.

Itzalak, Jose Antonio Mujika. Elkar. Narratzaile handi baten bilduma gaien lanketaz, egitura ausartaz eta hizkera zehatz sendoaz.

Kosmodromo, ipuin bilduma, Txillardegi. Haranburu Editor. “Ahantzita neuzkan neure ipuinak, hauetako batzu oso aspaldian izkiriatuz geroztik ezta behin ere berrikusiak ez nituelako. Eta beste batzu, berriz, inoiz argitara ez emanik, paper zaharren artean hautsez beterik amairik gabeko lozorroan zeudelako”.

Nola Kursaal berria suntsitu zuten, Patri Urkizu. Elkar.

Ipuin beltzak, Xabier ArzelusEuskaltzaindia. Gertaleku eta istorio fantastikoak umore beltzean eta “oinarrizko euskara” zeritzan hizkeran emanak 1977-78 urteetan Punto y Hora de Euskalerria aldizkarian. “Imanol Berriatua euskara arloko laguntzaile zenez, bera izan nuen ipuin hauen zuzentzaile, bai eta animatzaile, hain beharrezkotzat jotzen baitzituen maila arruntean idatzitako euskal lanak. Fraidea beti fraide, Imanolek idazti hauek Iralako bere komentuan zuzentzen zituenean, noizbehinka “zentsura” ezartzen zien lantxo hauei, bere eritziz sexu arloan “ausartiegiak” omen ziren esaldi inozo batzuk han eta hemen ezabatuz”.

Hamabost istorio Aizkorpeko, Pio Berasategi. Elkar. “Lehendik ere Joxe Miel Barandiaran eta Jose Mari Satrustegik jorratua duten alorra dugu hauxe, baina Berasategik aldaketa nabaria ezarri du: ahoz aho beregana heldutako elezaharrak oinarritzat harturik, berak nahi tamainan eta legean moldatu eta indarberritu ditu ipui berriak sortuz”. Iñaki Kaminoren kritikatik.

Urte guztiak dira diferente. Narratiba 1984. Susa. Mikel Antza, Roman Utrex, Xabier Mendigurenowicz, Pello Lizarralde, Iñaki Uria, Gorka Setien, Iñaki Iñurrieta, Eneko Olasagasti.

Ipuin Bilduma. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Irun Hiria Literatur Sarietara aurkeztuak: Jose Antonio Mujika, Luis Haranburu Altuna, Fernando Artola, Iñaki Zubeldia, Josemari Velez de Mendizabal, Pio Berasategi, Arrate Ibargutxi.

Donostiako Hiria III. Haranburu Editor. Bernardo Atxaga, Jokin Ansorena, Mariasun Ganboa, Mikel Antza, Iñaki Ugarteburu, Inazio Mujika.

Tene Lehiaketa sortu zuen Debako Udalak Tene Mujika idazlearen oroigarri eta ipuinaren suspergarri. Saiakerak idazteko beka bihurtu zuten 2005ean.

Aurrerapen ikaragarria eman du euskal ipuingintzak. Xabier E.ren artikulua urtarrilaren 29ko Argia-n: “Joan den Durangoko Azoka ipuinaren azoka izan da:  Sarrionandiaren Narrazioak, Jimuren Dudular, Laura Mintegiren Ilusioaren odaina, Mikel Hdez. Abaituaren Panpinen erreinua, Mario Onaindiaren Gau ipuinak eta Josu Landa eta Joxemi Zumalaberen artean egindako Ipurtargi Beltza. Sei liburu hauek badauzkate antzeko zenbait elementu elkarren artean, maila handia, teknika modernoak, ustegabeko bukerak”.

1985

Behin bitan, Imanol Zurutuza. Elkar.

Kontuak, Pablo Sastre. Elkar. “Bertzeren lanetan muturra sartzerik laket ez dudan arren, Pablo adiskideak galdegiten baitit, aitzin solasño bat paratzen diot. Erran nahi nizuke, lehen-lehenik —oharkabeak ez zaitzan harritu— liburu arraro bat eskuratu zaizula”. Mikel Etxebarnek, sarreran.

Soldaduskara joan behar eta joan nahi ez duenaren buruhausteak andere jatorraren eskutik. Mari Karmen Bidezabalek Tene Mujika Lehiaketara aurkeztutako ipuina: hogeita bat ataletan antolatutako noraezeko ibilbidea, emakumezko baten hitanozko gutunketa edo dialogoa interlokutore ezkutu eta mutuarekin. Amets, eldarnio eta oroitzapen,  jauzika darama irakurlea detaile batetik bestera gizonezkoen heldutasunik ezak maitasuna ulertizina bihurtzen duten umekeria eta jarrera koldarretan barrena, estilo garden eta ironikoan. Kontakizunaren sena eta idazkeraren indarra.

Mugarri galduen itsumundua, Martin Ugalde. Caja de Ahorros Provincial de Gipúzcoa. Irun Hiria saria.

Allande Elixagarai ligiarraren ixtoriak, Txomin Peillen. Haranburu Editorea. Egileak sarreran: “Gure Zuberoan eta gizarte jakintzaren aldetik trajeriak, pastorala zaharrak, gure bizitzaren lekuko, jakile bezala, utsalak, antzuak, hutsak izan baldin badira, gure komikuan agertzen da jendea bizitzen, borrokatzen, bihurtzen otso baino gehiago azeri”.

Euskal Herriko alegia, ipuin eta kondairen bilduma, Luis Barandiaran Irizar. Txertoa. Egileak sarreran: “Ikastola, ikastetxe, akademia eta beste leku askotan lanean diharduten hainbeste euskal ikasle eta euskarazale gogoan ditudalarik eta haien zerbitzurako, herriko euskaran eta zenbait euskalkitan jasoak izan diren ipuinak hemen euskara batuan eman nahi izan ditut. Lan hori nire adiskide on, euskaltzale argi eta Euskaltzaindiko laguntzaile Isidro Baztarrikak, Estibalizko lekaideak, egin du. Honela bi helburu lortuko ditugu: batetik gure euskal kulturaren iturrietaraino huebiltzea, eta bestetik gure arbasoen euskara gertutik ezagutzen eta erabiltzen ikastea. Eta ipuin horien esakera herrikoia, erraza eta bizia izanik, egia gertatuko da irakurtzerakoan etsegin emanez irakatsiko digutela eta irakatsiz atsegin eman”.

1986

Denboraren zimikoak, Karlos Santisteban. Kriselu.

Gerlako tresna bizidunak. Xipri Arbelbide. Elkar.

Donostiako Hiria IV. Joxerra Garzia, Pako Aristi, Inazio Mujika, Koldo Aldalur.

1987

Azukrea belazeetan, Inazio Mujika Iraola. Erein. “Bilduma honetan, idazleak lortzen duen atmosfera eta ipuinetan darabilen kontatzeko teknika dira ororen gainetik gailentzen direnak. Baserri giroan eta euskal herri txiki euskaldun batean girotuta, baina ohiko diren idealizazioetatik erabat urrunduz, euskal baserri giro bukolikotik erabat urruti. Arruntak ez diren pasarteak eta kontakizunak ehunduz, baina erabat sinesgarri eginez”. Asier Sarasua.

1988

Malintxearen gerizpean, Amaia Lasa Alegria. Pamiela. “Bere obrarekin lortzen duen hurbiltasuna bizipen sendoei zor zaie. Ez dugu lan hau antolamendu intelektual hotza, egileak sakonki  bizitakoa baizik. Amaia ez da ikusle hutsa, ez egunerokoan ez literaturan. Atxiki egiten da, esku hartzen du, buru ematen du… horretatik idatziaren indarra. Bere lana kritikoa da, ez da errazera lerratzen”. Mariana Young Blanco poeta nikaraguarraren sarreratik.

Gertakariei begira, Juan Luis Zabala. Elkar. Xabier Mendigurenen sarrerarekin. “Hemengo ipuinotako pertsonaiek ez dute historiarik; ez dakigu nondik datozen eta nora doazen, eta bere ekintzen zergatia bilatu nahi eta ezinean kausi dezakegu geure burua, bere jokaerak ulergaitz egingo zaizkigu, edo —batzuetan— zergatik ez dakigula gureak balira bezala sentituko ditugu”.

Made in USA, benetazko zapore amerikarra, Gaizka Arostegi. “Ospea lortu zuten azken idazleak 63koak edo baziren, Gaizka Arostegi 65ekoa, 23 urtekoa eta portugaletearra, gure nagusietatik urrunskoa (…). Egilea gaztea bada, gaztea iruditu zaigu bere lana ere. Zer esan nahi dugu idazkera gazte horrekin? Bada, erabiltzen dituen gaiak, agertzen duen pentsakera gazteen gustokoak direla, gaurkotasuna dutela (…). Dohai bat aipatzeagatik, ironia, parodiarako gaitasuna azpimarratuko nuke”. David Zuazalde.

1989

Donostiatik ipuinetan. Erein. Santo Tomas Lizeoak Mari Karmen Alzueta irakasle zenduaren omenez antolatutako Saria. Koro Arruabarrea Santos, Itziar Alkorta, Maite Iribar Argote, Amaia Erkizia Rodrigo eta Xabier Mendiguren Elizegiren ipuinak.

Tradiziozko ipuingintza, Xabier Kalzakorta, Luis Mari Larringan, Juan Manuel Etxebarria. Labayru.

1990

Ifar aldeko orduak, Joseba Sarrionandia. “Joseba Sorrionandiak sinatu zuen behiolako liburu hartan berak esan zuenez, geuk idatzi behar genuke, inork egin ezik, irakurri nahi ditugun liburuak. Zorionez, Joseba Sarriononandiak idatzi du nik irakurri guratako liburua”. Edorta Jimenez.

Bihotza golkoan, Martin Ugalde. Erein.

Bilbao Hiria ipuinak, Joseba Sarrionandia, Joxemari Iturralde, Eusebio Erkiaga, Jose Ramon Zabala, Pako Aristi, Jose Antonio Martinez Fuentes, Martin Ugalde, Edorta Jimenez, Imanol Goienaga. Bilboko Udala. Lehiaketaren hamargarren urteurrena ospatzearren (“Lehiaketa honetako zortzigarren ediziorako deialdia egitear dagoelarik heldutasunera iritsi dela baiezta dezakegu”) artean egindako zazpi deialdietan saritu ipuin guztien bilduma, lehen edizioan sutara botatakoak barne. “Bidegabeki suntsitu ziren ale haien ordainean ere, Kultura eta Turismo Sail honek egindako deialdi guztietako Ohorezko Taula osatzen duten kontakizunok ahantzirik ez egon, gogoratu eta ezagutu ez dutenei aukera berri bat eskaini nahian”. Mikel Ortiz de Arratia alkateordearen sarreratik (PNV).

1991

Ipuingintzaz, Inazio Mujika Iraola. RIEV, Eusko Ikaskuntza, 39. alea, 2. zbk. “Ipuinak, sujerentzia narratiboa den aldetik, kontinentzia eskatzen du, anbiguitate puntu bat, ezkutatzen dena esplizitatzen dena bezain inportantea baita.”

1992

Ezer baino lehen, Arantxa Iturbe.

Hamalau, Xabier Mendiguren. Elkar.

1993

Euskal ipuinen antologia bat, Iñaki Aldekoa. Alberdania. “Bi aukera nituen liburu hau antolatzeko garaian. Bata, Borgesek askotan aipatzen zuen Txinako ez dakit zein biblioteketako ehun mila aletako antologiarena, eta bestea, gustoa eta iritziari iruzurrik egiten ez diona. Esan gabe doa bigarrena aukeratu dudala; alde horretatik, euskal ipuinen nire antologia da hau, eta antologiaren izpiriturik ere baduen arren —euskal ipuingintzaren emaitzarik umoenak iruditu zaizkidanen artean aukeratuak baitira—, antologia soilaren asmoa gainditzen duen bestelako irizpiderik ere erabili dut: ez ipuin biltze soila, baizik eta liburua bere osotasunean hartzea. Emaitza orekatu bat lortzen saiatu naiz.”

Ipuinak, Wentworth Webster. EEE. Xipri Alberbideren edizioa, Baionako liburutegian ahantziak zeuden 1877ko euskarazko originalak transkribaturik. Aingeru Irigarayk ohar bat emana zuen 1957an egiteko honetaz, baina Arbelbidek egin zain egon ginen idazleak, ikerlariak, etnogafroak, euskaltzainak, irakasleak, kadiradunak, euskaltzaleak, editoreak, kritikoak… 116 (ehun eta hamasei) urtez.

1994

Narrazioak. Joseba Sarrionandia. Elkar.

Atabala eta euria, Joseba Sarrionandia. Elkar.

Manhattan, Edorta Jimenez. Elkar.

Ipuin lizunak, Aitor Arana. Kriselu. Lehen euskal ipuingintza erotikoa liburu gisa.

Ipuin bakarrak, Xabier Mendigurenen aukera eta sarrrerak. Elkar. Joseba Sarrionandia, Joxerra Garzia, Joxerra Beloki, Imanol Zurutuza, Andoni Egaña, Xabin Zabala, Luis Berrizbeitia, Patxi Iturregi, Joxemari Azurmendi. Sarreratik: “Ipuingintzaren indartze eta sendotzea dugu joan den hamarkadako gertakaririk garrantzitsuenetakoa euskal literaturan: lehendik ia existitu ere ez zen generoa hazi, umotu eta fruitu harrigarriak eman ditu (…). Baliagarriak diren eztabaidatzen hasi gabe, argi dago idazleak lehiaketetara bi arrazoiengatik jo ohi duela: konfirmazio eske, konfiantza lortu nahian hasiera batean, eta ahal bada diru pixar bat irabazteko, geroago. Liburu honetako egile gehienen kasuan lehenbizikotik gehiago dagoela esango nuke, askorentzat estreinako ipuina baita gainera. Sariak, ordea, egileari egun bateko ospe eta sona ematen badio ere, idazlana lurperatu egin ohi du sarritan. Udaletxeetako sotoetan lizuntzen egongo dira hainbeste nekeren emaitzak, eta onenean inork arretarik ez dien liburuxketan argitaratuta”.

1996

Haize kontra, Patxi Iturregi. Elkar. Edorta Jimenezen hitzaurretik: “Liburu bikaina eta bitxia da, irakurle, begien aurrean duzun hau. Bikaina, orrialde hauetan irakurriko dituzun narrazioak halakoxeak direlako, bikainak, eta bitxa, narrazio horiek itsasoa baitute gertaleku, kontagai nahiz protagonista, euskaraz. Zergatik da bitxia hori, bada? Euskal Herria halako itsas bazter luzea bada ere, bakanetan baino ez delako itsasoa gure literaturan ageri, are bakanagoak izanik itsasuntzi barruko giroa dutenak kontagai”.

1997

Labur Aroz, Joxe Austin Arrieta. Txalaparta.

Erretiradako trena, Martin Ugalde. Erein. “Gerra garaiko pasadizoak, zenbaitetan bere bizitzatik ateratako gertaerak kontatzen dizkigu istorio horietan, beti ere ahulen aldeko jarrera agertzen duelarik. Kontatzeko eran, bestaldetik, nik narratzailearen ikuspuntu aldaketa bitxiak aipatuko nituzke. Askotan, beti ez esateagatik, pertsonaia batek betetzen du narratzailearen papera, istorioa lehenengo pertsonan kontatuz. Baina idazleak ikuspuntu hori gainditu behar duenean, tupustean, beste pertsonaia batek jokatuko du narratzailearena, “ni” desberdinez osatutako mosaiko anitza sortuz”. Javier Rojo.

Ipuin berdeak, Joxean Agirre, Koldo Amestoy, Pako Aristi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Juan Martin Elexpuru, Patxi Ezkiaga, Amaia Lasa, Maite Lazkano,
Juan Luis Zabala, Patxi Zabaleta. Eguzki-Zaleak. Aurkezpenetik: “Proiektua lozorroan egon da luzaz, baina, aurten EGUZKIren hamargarren urtemuga dela aitzakiarekin, iratzarri egin dugu. Idazle ezagunei ingurugiroarekin —zentzu zabalean— zerikusirik duen erregaluzko ipuin bana eskatu eta irakurleak ondorengo orrialdeetan du emaitza. Azal eta mamiz oso testu desberdinak izan arren, guztiak dira literatur irudimenarekin ere Euskal Herria ekologiatik eraiki daitekeen froga”.

Basabürüko ipuinak, Junes Cazenave-Harigile. Editions Izpegi. “Txomin Peillen euskaltzainak Animismoa Zuberoan liburuan (Haranburu, 1985) Euskal Herriko mendebaldeko Pirinioetan orain dela gutxi arte bizirik iraun duten sinesmen animisten berri eman zigun. Cazenavek animismo zuberotar hau modu literario batean aurkezten digu. ‘Gu Ziberoan, ardüra so eta behar gira txorien norat doan ürzoaren bidea, noiz agertüko den behibideetako Andere Xuria, zein eder den errexiñularen txiunta, zer mixterio basoilarraren kantoriak’. Basabürüko Ipuinak naturarekin lotura handia izan duen eta desagertzear dagoen euskal mundu magikoaren isla literario xume bezain ederra da”. Antxon Gomez.

1998

Tentazioak, Jasone Osoro. Elkarlanean. “Idazleak bizitza eta eguneroko mundua ikusten dituen bezala erakusten jardun du. Eta hain da zorrotza beronen ikusmena non sarri askotan gure bihotzaren ispilura begira uzten gaituen, ahur nahiz ganbil, konfesaezinak zaizkigun gure ezkutuko irudien aurrean, unetxo batez bederen, jar gaitezen”. Patxi Ezkiagak, hitzaurrean.

Botoiletan, Anton Luku. Maiatz.

Ezer baino lehen, Arantxa Iturbe. Elkarlanean.

Ipuin berde berriak, Xabier Amuriza, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez, Xabier Arzelus, Rafael Castellano, Joxemari Carrere, Amaia Lasa, Antxon Gomez. Eguzki-Zaleak. Aurkezpenetik: “Ipuin berdeak liburuak oso harrera ona izan zuen. Horren lekuko, mila aleko tirada bizpahiru hilabeteren buruan agortu izana. Gainera, idazle batzuek lan berriak eskaini zizkiguten. Lan horiek dira, hain justu, esku artean duzun Ipuin berde berriak honen oinarria”.

Izu zinezkoak, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez, Itxaro Borda, Juan Garzia Garmendia, Anjel Lertxundi. Alberdania.

1999

Amodio zoroak, Joxe Belmonte Fdez. de Larrinoa. Elkar. “Azkenaldi honetan zoritxarrez hain ohiko den ukitu zinematografikoak ez ditu irudiz osatutako istorio sinple bihurtu ipuin hauek. Belmontek jakin du literatura egiten berak dituen errekurtsoak eta lengoaia erabiliz”. Jose Jabier Fernandez.

Euri kontuak, Jose Luis Otamendi. Susa. “Espanturik gabeko prosa xume eta gertukoa da Jose Luis Otamendiren Euri kontuak liburukoa, baina indar, zehaztasun eta distira ikaragarrikoa. Eta halakoxeak dira liburua osatzen duten hegei ipuinetako istorioak ere”. Juan Luis Zabala.

Euskal lizunkeriaren antologia, Juan Martin Elexpuru. Txalaparta. “Gauza jakina da erotika ez dela sekula gure literaturaren alderdirik aberatsena izan. Inprimaturik heldu zaiguna hor dago, eta ondorioak atera daitezke. Herri-literaturaz, ostera, polikiago mintzatu beharra dago. Heldu zaizkigun kanta, bertso, ipuin, esaera eta abarrek garbi adierazten dute herriak askoz ere modu gozatsuagoan bizi izan duela gaia”. Aitzin-solasetik.

2000

Bazterrekoak, Xabier Aldai. Susa.

Hamaika ipuin, Juan Martin Elexpuru. Elkarlanean.

Zaldiarangoak, Rufino Iraola. Hiria.

Gutiziak, Aurelia Arkotxa, Ainhoa Arozena, Aintzane Arrieta, Yolanda Arrieta, Begoña Bilbao, Itxaro Borda, Arrate Egaña, Idoia Etxeberria, Amaia Elosegi, Enkarni Genua, Aitzpea Goenaga, Maite Gonzalez Esnal, Lierni Ibargutxi, Arantxa Iturbe, Pili Kaltzada, Mariasun Landa, Goizalde Landabaso, Amaia Lasa, Miren Agur Meabe, Amaia Mendoza, Laura Mintegi, Esther Mugertza, Lourdes Oñederra, Jasone Osoro, Ixiar Rozas, Maribi Unamuno, Lourdes Unzueta, Edurne Urkiola, Ana Urkiza. Txalaparta.

Errose Bustintzaren ipuinak. Errose Bustintza, Mañariko. Ekilore. Jaime Kerexetaren edizioa, Santi Onaindiaren sarrera Andima Ibinagabeitiaren aipu honekin: “Trebea duzute Mañariko Errose ipuinak idazten, gure artean garaienetakoa nik uste oraingo hontan. Badizu irudimena, eta badizu, batez ere, bihotzondoa”.

90eko hamarkadako narratiba berria: literatur kritika, Iratxe Retolaza. Labayru Ikastegia.

Ipuingintza Euskal Herrian 1970-2000. Alvaro Rabelli.

2001

Nafar lapurtar idazle aipatuenak, Piarres Lafitte. Elkarlanean.

Zuberoako idazle zenduak, Jean-Louis Davant. Elkarlanean.

2003

Lau Zaldun, Joxemari Iturralde. Erein. Zabalik zigiluaren lehen alea: euskal literatura garaikideko narrazio laburren bilduma, formatu txikian.

Euskal kontagintza gaur, Jon Kortzar. Cuadernos de Mangana, 27. Cuenca.

2004

Ipuin izugarriak. Harkaitz Cano, Begoña Bilbao, Zorion Zamakola, Txiliku, Luis Fernandez, Ana I. Morales, Julen Gabiria. Elkar.

An Anthologie of Basque Short Stories, Maria Jose Olaziregi. Center for Basque Studies. University of Nevada, Reno. Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Javi Cillero, Juan Garzia, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Karlos Linazasoro, Pello Lizarralde, Xabier Montoia, Inazio Mujika Iraola, Lurdes Oñederra, Ixiar Rozas, Joseba Sarrionandia, Iban Zaldua.

2005

Mende berrirako ipuinak, Mari Jose Olaziregi. Antologia. Erein. Aurreko urtean ingelesez argitaratutako antologiakoak.

Bizkaiko euskal idazleen ipuingintza modernoa, Alvaro Rabelli. Labayru Ikastegia.

2008

Adarraren ipuinak, Toribio Alzaga. Alberdania, Irun. Alzagak 1911-18 bitartean Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako ipuinen bilduma hautatu bat.

Orain arte kabuxak, Ramon Intzagarai. Alberdania. Ales Bengoetxeak apailaturiko bilduma.

Aspaldiko lagunen bisita. Susa aldizkariko 25 ipuin. Belaunaldi baten talentua 1980-1994 urtealdian. Susa.

2009

Idazlanen bilduma 1 eta 2, Eñaut Etxamendi. Maiatz, Baiona. Lucien Etxezaharretaren sarrerarekin. “Dolamenezkokoa batzuetan, bainan orobat bizi eresi eta amodiozko khantore da Eñaut Etxamendiren obra guztia. Egungoek eta ondokoek altxor miresgarri bezala atxikiko dutena”.

Ipuinik ipuin Mañarian gora. Errose Bustintza, Mañariko. Labayru. Nagore Etxebarriaren edizioa, Jabier Kalzakortaren sarrera argigarriarekin.

2020

Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa. Maialen Moreno Zubeldia. Euskal Herriko Unibertsitatea.