Adan Aurpegi Adarraga

Bilbo irribarrez, 1980

Maiatzak 31
Kotxez josita dago Deusto.
Azterketak Hizkuntz Eskola Ofizialean.
Ahoz ahozko azterketak. Euskera, frantses, ingles eta alemanezkoak.
Inurri pilo bat dirudi Hizkuntz Eskolak.
Jende asko. Gazteria batez ere.
Neska eta mutil. Neskak batez ere.
Gora eta behera, batera eta bestera, estu eta larri gehienak.
— Boligrafo bat itxiko deustazu apur baten, mesedez!
— Euskerazko azterketak zein aulatan dira?
— Epa! Parkatu!
— Nortzuk dira aztertzaileak?
— Baina ikasgai hori ere ikasi egin behar izan da ala?
— Zu, baten ala bateren da?
— Baten, batean, batetan.
— Baina zein dago ondo: Gizon batean etxean, gizon batetan etxean ala gizon bateren etxean?
— Hirurak txarto.
— Hirurak?
— Baina zelan daukazue erlojua zuek ba? Hamarrak dira.
— Komuna non dago mesedez?
— Komuna ala arrunta esan behar da?
— Niri dana ahaztu jat.
— Txotxolotu egin gara gu gaur.
— Edo txotxolatu.
— Hasi da euskerazko azterketa?
— Ni frantsesezkora noa.
— Ba dozu zigarro bat?
— Ez egizu edan zuririk azterketa aurretik!
— Gero arte!

Beterik dago beheko barra. Izerditan eta arduraz beterik Niko, barraren jabea, pintxoak hartu eta hartu eta edan eta edan egin ondoren ordaindu barik inork alde egin ez dagian.
Beterik barra. Beterik komunak. Beterik hautsontziak. Beterik buruak: kotxeren, kokoloren, astoren, mandoren, kaleko, etor naiteke, jakin ba dakit. Nafarroa bat eta bakarra bitan banatzen da, Mogel, Larramendi, Etxeberri, Etxahun, Kirikiño, Lauaxeta; vous n’êtes pas fatigué?, habiter, manger, déjeuner, rentrer, où, ici, là, y, à, dans, il va en revenir; shall, will, to wisch, he is full of anxiety to… underdeveloped, wem, was, Zustandspassiv, Suwanestrujenpisenwajen…
Hango nahasteak eta arrapaladak ez dau azkenik.

Euskerazko azterketetan hiru irakasle dira aztertzaile: Urlia jauna, Sandia jauna eta Berendia jauna. Berendia da mahaiburuko.
Berendiaren lagun handi bat dago haren aurrean irribarrez, azterketa egiteko prest. Hogeitabost urte inguruko mutil bat da. Eta azterketa egitera sartu denean Berendiak Urliari belarrira esan deutsonez, euskera asko dakien mutil zuhur adarjotzaile bat ei da, baina aginduta eginda baino alperragoa, egundo euskal deklinabidea agurtu ez dauena, azterketok egin baino lehen zerbait ikasteko Berendiak esan arren.
— Izen-abizenak, mesedez! —Sandiak.
— Bai. Adan Aurpegi Adarraga.
— Ederto! —Berendiak.
— Ia, idatzi «Eguzkitan sarri egon naiz, baina eguzkian inoiz ere ez» —Urliak.
— Eguzkitan larri egon naiz?
— Larri ez, sarri baino —Berendiak.
— Parkatu. Neu nago larri ta… Badakizu.
— Lehenengo eta behin, aztertu daigun lehenengo hitza: Eguzkitan. Agertzen al da hor morfemarik? —Berendiak.
— Non?
— Eguzkitan —Sandiak.
— Ez dakit, ba. Egongo da, beharbada. Eguzkitan morfemak…? Gerizpetan ere…
— Zer? —Urliak.
— Morfemak…, morfemak…, morfemak… Bueno baina … Euskerazko hitza da hau? Zer esan gura dau?
— Goazen aurrera. Zein kasutan dago eguzkitik? —Berendiak irribarrez.
— Ez dot ulertzen.
— Abla…, abla… —Berendiak, bere lagunari lagundu gurarik.
— Erderaz erantzun behar da orain ala?
— Erderaz zergaitik? —Berendiak.
Habla, habla esan dozu ta.
— Ablatiboan esan nahi izan deutsu nire lagunak —Urliak.
— Lagundu gura izan arren ere, alperrik izango delakotan nago zurekin —Sandiak.
— Parkatu. Ez naz konturatu.
— Zehaztugabea edo mugagabea eta zehaztua edo mugatua eta, zer direnik ba al dakizu? —Urliak.
— Zehaztugabea eta zehaztua? Ba zehatz egiten ez den gauza bat, zehaztu barik egoten da, guztiz zehaztu barik behinik behin. Zehatz-zehatz egiten den gauza bat, ostera, zehaztuta. Zehaztua hori izango da, ezta? Nik, behintzat, horrela entzun izan dot beti. Eta horrexegaitik, zehaztu barik dagoen gauza bati zehaztugabea esaten jako. Bueno, nik neuk, nire etxean, zehaztubakoa esaten dot esan, baina holan esanda ere ulertzen da. Horrenbeste edozeinek daki. Zehaztugabe eta zehaztu kontu hori horrela izango da, ezta? Egia da izan, batzuetan gauza bat zehaztu egin gura izaten da, baina, halan eta guztiz ere, guztiz zehaztu barik geratzen da, zehaztuteko eginahalak egin arren. Eta mugagabe eta mugatu kontu horretan ere uste dot…

— Euskera asko eta ondo daki. Baina gramatikarik piperrik ere ez. Ondo ikasteko esan neutsan nik baina… Alperrik! Alper handi bat da. Eta adarjotzaile bat. Bai. Hainbat aldiz jo deust adarra honek niri, baina neuk ere joko deutsat orain —Berendiak Urliari isil-isilik belarrira.
— Berbalapiko barritsu bat da zure lagun hau —Berendiari Sandiak belarrira.
— Asto batek baino gramatika gutxiago daki —Berendiari Urliak.
— Ibar jauna! —Berendiak atezain dagoen bedelari.
— Bai. Esan! —Ibar jaunak.
— Euskal deklinabidea liburua eta zaku bete lasto ekarri, mesedez —bere lagunari adarra jotzeko asmoz Berendiak.
— Eta niri esku-painu bat, mesedez, izerdia sikatzeko, eta Koka-Kola bat! —Adan Aurpegi Adarragak bedelari, Berendiari kinu maltzur bat eginez.