Ana Mari

Euskal-Erria, 1890

Aldapa behera, alai-alai, buruan fardel zuri haundia duela jaisten da, erbia bera baino arinago, Ana Mari gobarazalea: berekin parea egiteko ez litzake guztiz gauza errexa beste bat arkitzea, hain da neskatxa polit eta liraina; jantziko balitz aberats modura, emango luke edozein etxe haundiko alaba, baina nola dan menditarra, ezin izan beste inor Ana Mari gobarazalea baizik.

Nola bakarrik dihoan bidean, zenbait pentsamendu nahastutzen ditu bere artean, eta bat-batean gelditzen da, zerbait ahaztu balitzaio bezela. Zer ote du? Norbaitek deitu ote dio? Ez, ez da entzuten gurdi baten kurpilak egiten duten soinua besterik.

Ana Mari, hori igarririk, ez da bere lekutik abiatzen; norbaitek izutu nahi baldin balu, ez det uste batere ikaratuko litzakela, hain dago gogoz soinu hori aditzen.

Horla dagola, bertaratzen da gurdia, eta gurdiaren atzetik Anton itzaia, garrondo gainetik akuilua dakarrela eta hontatik bi besoak zintzilik.

Ana Marik ikusi ondoren esaten dio:

— Oi, Anton —harritu samarrean bezela—, Donostia aldera zoaz noski, ala ez da?

— Bai, Ana Mari, zergatik diozu galdera hori? —eranzun zion, nahitasunezko begiratu batekin.

— Oi…. zergatik? Gaizki iduritu al zaizu nere galdera?

— Gaizki?… Bai zera —erantzun zion bat-batean Antonek, nahi ez degun gauza bat uste ez dala esaten degunean bezela.

— Hala uste nuen — segidan esan zion Ana Marik—. Anton, nere buruko fardel hau gurdira botatzera noa, eta bitartean joango gera biok alkarrekin. Nahi dezu?

— Behinere nere barrenean ez det gozotasun haundiagorik igarri, zuk hori esanarekin baino, Ana Mari.

Bat-batean etorri zitzaion algara bat Ana Mariri; ezpain gorri haien tartetik erakutsirik hain hortz txuriak, non dizdizaturik harri fin baliosoak ziruditen.

— Bai, Ana Mari —Antonek zion, Ana Marik gurdira boteaz fardela—. Ez dakit gaur nola arki izan geran biok. Nik uste nuen igarriko zenuela aspaldi hontan nitzaz zerbait, zergatik….

— Nik zerbait, oi! —erantzun zion berehala, eman gabe denborarik esateko nahi zuen gauza—. Hemen aingeruren bat dabil.

— Bai, Mari, aingerua zu zera, eta ez gero nolanahikoa; zu izan zera, zuk ez jakin arren nik maite izan dedan neskatxa, zergatikan zu zeran halakoa.

— Oi, beraz ez banintzan izan zuk uste dezun antzekoa, ez ninduzun maiteko, diozunez.

— Baita izan bazinan ez dakit zer ere, Ana Mari, zeran bezela, beti, beti, zurea izango ninduzun.

Hontan, horla zihoazela, haurrari baba darion bezela ezpainetatik, haueri nonbait bihotzean isuriko zitzaioten, eta ez zan gauza gutxiagorako; atzetik zetozen mantso-mantso idiak, idien atzetik gurdia honen gurpilak soinu eginaz zerbait esan nahiean bezela, hain agertzen zan kanpoa sasoi samurrean, nere begien aurrean inoiz agertu ez dan bezelakoa.

Alderatzen ziran Donostiara nahi bainon lehenago; baina nola esan zizkaten elkarri gauzarik nahigarrienak, horra nola dihoazen orain Antton alde batetik eta Ana Mari bestetik.

Goiz jaikitzen danari Jaunak laguntzen omen dio, eta horra gure Ana Mari egunsentirako hegazti eta ganaduak maneatu, gobara ekarri eta eraman, topatu zeinek maitatu, eta non dihoan lehen aldapa behera bezela orain aldapa gora.

Francisco Lopez Alen

Francisco Lopez Alen