Azkoititik Elgoibarrera Katuin Zuloa

Euskal Esnalea, 1927

     Aita zana hil zitzaidala, hiru urte dira. Badihoaz orduak eta badihoaz egunak ere, baina aitaren oroipena bizi-bizi dago gure bihotzean. Zuk ere, irakurle, agian, etxekoren bat hiltzea zer dan badakizu honuzkero. Nahigabea lagun bila joan ohi da, eta maitasuna, berriz, maite bila. Zu zaitut, irakurle, nere mina arintzeko laguna, eta nere aita zana nere maitea. Aita bera ezin etorriko zait ordea, eta horregatik bere oroipena nere gozagarritzat hartu behar. Horra zergatik nere lan hau aita zanari eskeintzen diodan: eta horra ere zergatik natorren, irakurle, zure bila.

 

I

GOIZEAN GOIZ

     Azkoititik Elgoibarrera zalgurdiz joan al zinan inoiz, adiskide? Baietz?… Ez dezu beraz zalgurdi hartan bigarren aldiz sartzeko gogorik izango. Ez, nik uste. Hura aldapa, gizona! Eta hura zalgurdia! Euskal Herrian bide aldapatsuak nonahi ohi dituzu, bai, baina Azkoititik Elgoibarrerako bitxabal horretan hainbestekoak ez hain ugari noski.

Herri batetik bestera hamabi aneurkin inguru dituzu, eta bien bitartea mendi basatiz beteta dago. Bide guzia erreka zulo eta zuhaitzez beteta agiri da. Oinez joateko ez da oso txarra ere, ez: eguzki eguna izan ezkero batez ere, zuhaizpe gozo haretan ibiltzea atsegingarri ohi da.

Baina zalgurdiz… Zaude isilik, gizona! Ezta hutsean ere! Hamaika aldiz hala ere beharraren beharrez bide hori egin det. Bai gizona! Herritik irtenda berehalaxe aldapan gora ekiten dio bideak, baita zaldiak makaltzen ere. Zaldizai zaharra zalgurditik jatsi eta oinez hasten zan, eta zalgurdi barrukoak logurez betetzen ginan.

—Zerura al goaz ala?… —galdetuko zenduke aldapa pike haiek ikusita.

—Hara nonbait —erantzungo nizuke nik.

Bide erdian gaineratzen zan zalgurdia, eta handik behera —ia moteilak!— inpernura goazela esan behar.

—Kaxo, Pedro! Zu beti zaldizai eta goiztar halare arranuek ezpaitu —hala genion Azkoitiko kaleetan Elgoibarko zaldizai zaharrari.

Zenbat urte ote dira! Udazkena bazihoan eta goizeko bostetan ez genduan argi haundirik bideetan, ez hotzaren beharrik ere zalgurdian erdi lotan sartzen ginanok. Baina zer nahi dezu? Guk hotz beharrik ez izan arren, bazan izotza baztarretan.

Bidazti gutxi ginan, zalgurdi hura betetzeko nahikoa. Lehenbizi, Azpeititik edo zetorren lasto kapeladun jaun bat, neska gaztea hurrengo, amama xahar bat nere aurrean eta aldemenean gizon gordinkote bat.

Sartu nintzan ni ere eta, ohi dana, «Zer lagun ete ditut?». Ordu haretan ikusteko baino lotarako hobeak nituan nere begiak, eta nere bidekideenak ere han nonbait.

 

II

AURRERA!

     Honetan Pedrok zaldiak astindu eta bidean aurrera ekin genion. Berehala igaro genduan Aingeru Zaitzailearen ermita, ez ordea Aitagurea otoizteke, azkoitiarrok ohi degunez. Gerora zaldiak makaltzen hasi ziran neurriz, barrukoak esnatzen hasi ginan.

Hitz egin baino lehenago, alkarri begirasun beldurti bana. Bakoitzak besteren arpegietan galdera bat ikusten zuan: «Zein ote haiz hi?». Ni ere hala nebilen nere artean: «Hor aurrean dagon zaldun horrek euskeraz bai ote daki? Eta beste neska gazte horrek?… Horrek bai baina… Lotsaz, ez dik euskerarik egin nahiko».

Nolabait hasi behar eta aurreko amama xaharra zulatu nuan:

—Zaldiak makaltzen hasi dira.

—Bai —erantzun zidan—, aldapa haundiak ere badatoz eta. Lehenengo aldiz al zatoz?

—Bai zera! Hamaika aldiz atzera-aurrera hau egin det. Elgoibarreraino badegu puskateko bidea.

— Ordu bi inguru hor-hor izango dira.

Gure alkarrizketa entzunda, nere aldameneko gizonak ere ekin zion hizketan:

—Horren urruti al dago Elgoibar hori?

—Ez dago bada hain urruti ere —erantzun nion— baina bidea aldapaz josita dago eta zaldiak ia oinez baino nekezago joan oi dira.

—Ez degu orduan zalgurdian sartuta asko-asko irabazi.

—Ez horixe: eta eskerrak gaur nasai samar goazenari. Bestela… zalgurdia beteta bateko, eta zaldiak barea baino makalago besteko, aspertzeko lain izan ohi da.

—Hala izango da, bai.

 

III

KATUIN ZULOAN

     Zaldiek gelditzera bezela egin zuten eta zaldizaia, bidera jatsita, oinez hasi zan.

—Katuingo aldapan gera—esan nien nere hizkideei—. Katuin baserria aldapa honen gainean dago: bidetxiurra ezkerretara hartuta mendian gora ekiten badiozute, zalgurdia bitxabalez baino askoz lehenago zerate Katuingo atarian. Alderdi hau iluna eta beldurgarria da eta beti lapur hots haundia izan du.

—Jaungoikoak zaitu gaitzala! —esan zuan amama xaharrak hau entzundakoan.

—Ez dago beldur haundirik —jarraitu nion—. Bakarrari errazago irtetzen zaio bidera, baina lagunekin dihoanari ez zaio lapurrik aurrean hain errez jarriko. Lehen sarri ibili ohi ziran, baina aspaldi honetan ez da lapurrik azaldu.

Eta hala zan. Ni lau-bost urtedun nitzala bidegabe eta lapurreta asko ohi ziran alderdi honetan. Beti bazan motxaile bat ala ijito talderen bat herrikoen ahotan: horrelakoari bidean irten diotela, halakoari zeraman guzia ostu ziolela, honelakoak lasterka ihes egin beharra izan zuala…

Hara behin zer gerta zan.

Urteak joan dira heriotza hura gertatu zanetik: ordukoen izenak eta arpegiak antxina ezkutatu ziran gure mendietatik. Heriotza larriaren oroipena bakar-bakarrik guregana heldu da.

Noiz gertatu ote zan? Ez dakit ba nik… Baina lehengo zaharrei entzun genien bezelaxe esango dizuet nik zuei ere.

Azkoitia ez zan orduan orain bezin haundia. Bere zerua landolatako tximini keiak ez zuan bezten. Elgoibar bidea orain baino isilagoa zan, hango hostropea ilunagoa, errekatarteak beltzagoak, mendialdeak beldurgarriagoak.

Goizaldea zan eta Katuin zuloan mutil gazte bat hilda arkitu zuten: burua aizkorakadaz irikita zeukan gizajoak. Herri guzian ez zan beste esanik: «Hori da horratik mutil gaztearen azkena! Hori da etxeari erori zaion harria!», zioten batzuek. Besteek berriz: «Zenek hil ote du? Motxaile arranue! Ez gero nor eta nahi hil ere… aizkoraz burua erdi bi egin! Zati-zati eginda ere ez haiz ondo ordaintzen».

Horrela zegon herri guzia eta horretara ziran guzien esanak. Baina egia nork zekian? Nor zan hiltzailea? Heriotzaren ilunpe beltza nork argituko? Epai lanetan ekin zioten. Jo honutz, jo harutz: galdetu eta erantzun, zerbait jakiteko bidean jarri ziran.

Aurregunean, ilunabarra mendietara orduko, mutil gazte bat Elgoibarrerako bidean gora ikusi omen zuten norbaitzuek; haren arpegian ez zan goxo antzik agertzen, ezta beldur kezkarik bere bihotzean nabaitzen ere. Gero ilunarekin batean Olaberriaga aldean sartu zan.

Hala ezkutatu zan guzien begietatik mutil gizajoa. Gero zer gertatu ote zan? Nork hil zuan gazte hura? Nondik nora agertu zaigu Katuin zuloan aizkoraz burua erdibituta?… Alperrik izan ziran ahalegin guziak. Heriotza ezkutu haren lainopea urratuko zuanik ez zan agertzen. Hots egin honi eta hots egin hari. Ezertxo ere ez!

Holatan joan ziran auzi lanak, baina ez herriaren berriketak. Harrezkero, marmar-marmar, herri guzian hots bat zabaldu zan. Herriak ote zuan egia?

 

IV

LAINOAK ETA SORGINAK

     Nik ez dakit bada. Baina hitz egin eta hitz egin, Azkoitia aldean ibili ohi zan motxaile bat guziek begitan hartu zuten. Hura ote zan hiltzalea? Besteren bat ote zan? Ez da errez jakitea.

Bateko, herriak, jardunean-jardunean, askotan gezurra ere zabaltzen badaki, eta besteko berriz, gertapen hau oso antxinakoa degu: horregatik ezin guzia garbi jakin, ezta orduko beste hamaika gauza gure buru koxkor honetaratu ere.

—Hala ohi da askotan —esan zidaten amama xaharrak eta nere ondoko gizonak—. Baina hala ere, beste egitekorik ez degu eta, dakizuna esaten ekiozu.

—Ondo da. Horrela ez det hitz egiteko kezkarik.

Zalgurdia bide oker aldapatsu haietan gora zihoan, eta goizargia, artean, esnatzeke zegoan. Nik, gertaldi beltz hura gogoan nuala, alboetako ilunpeari begiratu ondoren, nekiena esaten ekin nion.

Zuri, irakurle maite horri ere, nere bidekideei eskatzen niena eskatzen dizut. Alegia, nere edesti hau egiatzat ez hartzeko, herriko marmarketak bezela baizik.

Eta orain sartu zaite nerekin Katuin zuloan dihoan zalgurdian, bai, eta entzungo didazu.

*          *          *

     Alderdi guzia beltz-beltz dago; zuhaitz artean gora dihoan bidea isil, ikaragarri. Lapur bidean goaz: atozea ondo-ondora eta isilik hitz egin dezagun.

Nork esan? Halako mutil ederra hil ere bai! Harrezkero artajorran eta gari mozten haren esku azkarrik gehiago ez zan ikusiko, eta haren abesti eta oihu zoliak baserri ingururik gehiago ez alaituko. Igitaiak jota lurrera dihoan galburu horia bezelaxe erori da gazte jatorra, eta bere arnas-lainoa haizeak daraman hodei mordoxka antzera urtu da. Begiraiozu Katuin zuloan… Burua erdi bi… Arpegia zurbil…. Bihotza sutan jartzeko lain da ikuskizun hori, eta mingaina ezin isilik eduki horren aurrean.

A, hiltzale madarikatua! Hi jaio hintzan eguna eta sortu hintzan gaua, betiko galduko ahal dituk! Egun hura ilunpe beltz bedi: Jainkoak utzi beza eta argiak ez dezala poztu. Ilunpe eta keize beltzak gainerako ahal zaizkio, eta negargarri eta samingarri guziak garraztuko ahal dute! Gau hura zurrunbilo beltzetan nahastua izango ahal da! Urteko egunen artean ez bedi izendatu: gau hura bakarra eta izengabea bedi! Sorgin guziek madarikatu bezate: izarren argia bere lainopean itzaliko ahal da! Egunaren zai bego eta ez beza egunik ikusi: ezta egunsentiaren betazalik ere. Gau madarikatua, hiltzaile haren sortzea eragotzi ez hualako eta heriotza beltz hau hire ilunpeetan ekarri hualako!

Azkoitia guzian ez dabil beste hitzik, ez beste amesik ere: ardandegi zuloetan, kale zokoetan, denda eta etxeetan heriotza beldurgarri haren lainoa sartu da, eta guzien mingainak busti dituala dirudi.

—Anton, ez al dakik zer gertatu dan Elgoibar bidean?

—Nola ez? Herri guzian beste esanik ez zabilek barren.

—Eta…?

—To, gizona, to!… Orain arte behintzat, gauza garbirik ez diabe atera.

—Baina herrian ez al da ezeren zurrumurrurik?

—Zurrumurrua bai ugari: baina egiarik ez dek oraindik azaldu.

Horrela zihoazen hitz egiten Malkorreta aldean lau-bost gizon. Zerbait ibili eta gero eseri ziran guziak, eta Antonek ekin zion, Azkoitia zaharrari begira, entzun zituanak bere lagunei esaten…

Herainegun bostak-seiak inguruan motxaile kopetabeltz lapur iduriko bat Ipar kalean gora Elgoibar bidean sartu zan. Haren begitarte iluna, haren arpegi beltza ikusita ume koxkorrak bebarruetan azkar-azkar sartzen ziran. Laster galdu zan urrutian gizon haren oin hotsa, eta Mikoleta aldean umezai zebiltzan emakumeek alkarri begira beldurrez esan zuten «Ikusi al den hori, neska? Ez nikin nahi ibili gaur bide honetan. Ene! Goazen hemendik lehenbailehen».

Nondik nora azaldu zaigu ordea motxaile hori? Zer ikusi du horrek hildako mutil gazteaz? Horra korapilo gogorra. Herainegun, dakizutenez, asteartea zan, Azpeitiko azoka eguna beraz. Han izandako emakume batzuek Azpeitiko enparantzan harutz-honutz zebilen motxailetzar bat ikusi omen zuten. Bere begiak salerosleetan josita zeuzkan.

Han zegon Joxe Migel, Elurtzako seme zaharrena, hasieratik ezagutu degun hildako mutil gaztea. Goizean goiz jaiki zan egun haretan Elurtzako mutila: argia artean lotan zegoala, etxeko txahala hartu eta, Azpeitirako ustean, mendian behera hasi zan. Eguzkiarekin batera sartu zitzaigun Azkoitiko kaleetan: ez zuan asko uste eguzki harek azken agurra bialtzen zionik. Gure bizitzaren labur aldakorra! Oraintxe goratu eta aberastu behar degula uste eta —Jainkoaren bide ezkutuak!— orduantxe gure lepo gainean heriotzaren ezpata zorrotza.

Pozik zegon mutila Azpeitiko enparantzan. Azkoitiko baseritarrak batetik, Azpeitia-Gesalaga-Urrestil-Errexil aldekoak bestetik, azoka ederra jarri zuten. Bazan hantxe arrautz-oilaskotan! Abarka eta oinetakotan ere Jainkoak daki zenbat. Baratze-soroetako emaitza guztiak ugari agertzen ziran nonahi. Orduan ez zan orain bezela Gesalatik-eta beribilik etortzen. Orain behintzat hango ostatujabeek beren beribil-gurdiak Azpeitiko azokara bialdu ohi dituzte. Enparantza txokoetan han-hemen txarrikume piloak ere ikusiko dituzu, eta haiek zaitzen txarri saltzaileak.

Han zegon gure Joxe Migel ere bere txahalarekin harro-harro eginda: «Horrenbesteren artean nere txahala egoki saltzeko era izango det nondik-handik» zion berekiko. Eta halaxe etorri ere.

Txahalaren diruaz zeharo poztuta bere lagun batzuekin bapo bazkaldu zuan alajaina Elurtzako seme zaharrenak. Egun ederra hura, hasi bezela bukatu balitz. Baina lur honetan gauza osorik ez izan nonbait. Gainera zetorren gau harek, heriotzaren lainope beltza berekin zekarren.

Lehen esan degun motxaile arrano harek ederki asko ezagutzen zituan Elurtzako baserri eta inguruko bide guziak, baita etxe haretako bizilagun guziak ere. Joxe Migelek saldutako txahala ikusi zuanean, bihotz beltz hartan txanpon-egarria sortu zitzaion. Baserritarrek holakoetan jakineko gaitza dute: beti etxera berandu bihurtu beharra, eta hortik datozkie beren zoritxar gehienak.

Azkarrago ibili zan motxailea. Joxe Migelek ikusteke azkar-azkar aurreratu zan, eta Katuin zuloko zuahitz ilun artean, katamotza kanabera artean bezela jarri zan baserritarra etorri zai.

Bere jantzi arloteen artetik noizean behin aizkora zorrotzak disdira egiten zuan. Joxe Migelek handik igaro behar zuan, eta gauaz gainera: hori ondo zekian gaizkile harek: «Hemen erori behar dek» zion, aizkora igurtziaz.

Bazetorren mutil gizajoa, bazetorren, asko usteke, bere hiltokira. Mikoleta aldean urrutira gurdi negarra entzuten zan, behizaiaren oihuak geroago eta urrutiago, geroago eta isilago zihoazen. Alderdi guzia isiltzen-isiltzen zihoan.

Urrategi mendiak bere zugazti ilunez bekozko beltza agertzen zuan: Izarraitzek berriz bere kalpar soila gauaren estalgarri itzalez estali zuan. Bidea estutzen-estutzen ari zan; iluna zabaltzen-zabaltzen…

Gaizkileen ordua huraxe zan. Lainope beltz harek ez zuan izarren betazal disdirarik ere ikusi nahi. Jainkoaren begiak balira-edo beldur zion izarren argiari, eta gaiztakeriak Jainkoaren ezkutu egin nahirik edo, bere laino mordoxka artean, zulo txikienik ere ez zuan uzten.

«Eroa! Jainkoak argi eta begirazulo beharrik ez duala ez al dakik?». Aingeru Zaitzalearen ermita igarotzerakoan gazte haren aingeruak hiltzaleari hitz hoiek esango zizkiola, uste det nik. Gaiztoaren belarriak Aingeru hitzik entzuteko ez egon ordea, eta bere bihotzak errukizko esanik ez hartu nahi. Bere gaitzerako noski!

Ilun artean urrutiko gurdi negarra besterik ez zan entzuten. Negar harek garrasi luze larria zirudian: hilzorian zegokeen norbaiten oihu larria edo… Etorkizun zegon gertari beltza gurdiak bazekiala esan behar.

Gaztea Olaberriaga aldean zan. Zer egiten zuan ohartzeke, bere txanponari geroago eta gogorrago eusten zion. Gau beltz hura bide beldurgarri haretan diruz betetakoarentzat egokiena ez zan. Bai luze egiten zitzaiola etxeko bidea!

San Josepe ermita igarotzerakoan alderdi hoietako heriotza eta bidegabeak bururatu zitzaizkion: «Ai etxean banego!» esan zuan bere artean. Gizajoak ez zuan beste hitzik asko esan beharrik izan. Ustekabean, poliki-poliki, otso zulora zihoan.

Katuin aldeko zulo madarikatua! Zenbat errukarriren negarrez busti ote haiz! Lapur zulo, gizon eraile, odol zulo gorrotagarria! Hire izena guziek gaitzetsiko ahal diabe! Hainbeste seme maiteren odolez eta hainbeste ama gaxoren malkoz lohitutako otso zuloa, gizon guzien gorrotoa hire gain bota nahi nikik!

Hire oroipena herriz herri heriotza daraman izurriaren oroipena bedi! Hire izena, etxeetan beldur-gorrotoz aditzen dan gaizkile haundien izena bezela izango ahal dek! Ai, zulo ikaragarria! Nere bihotzaren indar guziz madarikatzen haut!

Oraindik ez dek ase hire odol egarria eta beste errukarriren bat deadarka eskatzen diguk: «Betor, betor odola ugari! Betor heriotz-lainoa, eta negarra eta ikara zabaldu beza nere basartean! Zeruko izarrak ilundu zaitezte, eta lurreko argiak ez zaitezte piztu. Batu zaitezte lainoak gizon hori nere atzaparretan errazago erori dedin, eta gauerdiko sorgin taldeak eta inpernuko etsai guztiak neri laguntzera atozte!».

Horrela hitz egin zuan gau hartan Katuin zuloak. Inpernu beltza poztu zan oihu hura entzundakoan eta Mari Kurutzeko putzuan zapi jotzen ari ziran sorginak Madariagan behera, oihu eta oihu, Katuinera jatsi ziran esanez: «Nork hots egin ote digu gau beltz honetan?»

 

Arrats ilunian

erratzen gainian

ardaila gorrian

 

Goazen gu ere, eta sorginen ezkutu-zugatz artean sartu gaitezen… Ez al dezue ezer aditzen.. ? Hara!… Norbaiten deadar larria… Zein ote da?… Hurreratu gaitezen lehenbailehen, lainope horrek ez digu ezer ikusten lagatzen eta.

Hau gau beltza! Ezin degu ezertxo ere ikusi. Baina… alde egizu, alde; norbait gure aldera dator. Ene! Motxaileak gizon bat besotan, odola dariola, dakar. Hilda noski! Isil-isilik Katuingo zuloan sartu eta, burua txapelaz estalita, han uzten du.

Gero, toki beltz, erreka zuloan, ez da bizirik ikusten. Hildakoa bakar-bakarrik! Arnasa gabe, burua uretan, ahoa oihuka-edo iriki-irikita. Heriotzaren esku hotzak lepasamarretik helduta edo duala dirudi. A, mutil gizajoa! Begiraiozu…

 

Koko zitalak hil aiztoz

Zorigaiztoz,

Malkortarrik mardulena.

Hain jatorra,

Hain bizkorra.

Musua zabal ta zuri,

Lepoa lodi ta guri:

Oinarin ta gerribigun,

Zume eta haritza zirudin

Malkortar bigun guria!

Badirudik axuria!…

Malkortar gazte leuna

Non duk hire edertasuna?

Ai, Koko zital gaiztoa!

Ai, gazte errukarrizkoa!…

 

Zer gertatu da bitartean? Motxaile arranoak igarri zion Joxe Migeli hurrean zetorrela eta isil-isilik hura heldu zai zuhaitz baten atzean gelditu zan. Otso gosetiak halaxe eraso ohi dio arkume gaixoari. Mutil gizajoak ihes egiteko astirik ez zuan izan, berak uste gutxiena zuala atera zan motxailea bere ezkutalekutik: hartzen du gaizkile harek aizkora zorrotza eta jaso du besoa —Inpernuko txerren guziak beso hari indar egiten ari zirala esan behar—, burni gaizkilea bat-batean goitik behera dirdaika jatsi zan eta baserritarrari buru erdian sartu zitzaion. Joxe Migel odol iturri eginda bertan lurreratzen da. Oraindik bizi da ordea. Ikus oraingoa! Ikaratzekoa da hau. Mutilak, lurrean odolez bustita, higitzeko indarrik ere ez du, baina herio larri haretan jaiki eta lapurraren aurrean belaunikatzen da:

—Gizon —dio— barkatu zadazu bizia, arren; ez nazazu, Jaungoikoagatik, hil!

Hori deadar larria! Hantxe dago gazte errukarria gizagaiztoaren oinetan barkapen eske. Jainkoa ere gaiztakeria hura ikusten; aingerua motxailearen belarrietan erruki hoska. Guzien artean gaizto haren bihotza bigunduko ote dute?

Bigundu behar lutekela esan behar, baina bihotz hura Izarraitz gaineko haitz muturrak baino gogorragoa izan nonbait.

Berriz ere bere beso gaiztoa jaso du —deabruak, hau ikusterakoan, hiltzailearen lepo gainetik parre-murrizka beldurgarria egin zuan—, han da berriz aizkora zorrotza gaztearen buru gainean. Jesus esateko astirik ere ez du izan. Belauniko zegona, luze-luze lurrean etzanda. Hil da! Inpernuko zulo beltzetatik algara luze haundia atera zan, eta sorginak uju! eta oju! mendian gora Mari Kurutzeko putzura bihurtu ziran…

 

Katuin-zuloan, Katuin-zuloan

aizkoraz hilda gizona,

Inpernu beltzak jai haundia du,

sorginak ere algara!

 

Astirik galdu beharrik ez zegon. Motxaileak mutil gaztea besotan artu eta erreka zuloan utzi zuan. Gauerdi-gauerdian, laino tartetik, Jainkoaren begia balitz edo, ilargi bizi-biziak bere musu borobila atera zuan. Gaztearen gorputza argi-argi gelditu zan. Jainkoak laino bitartetik zorrotz begiratu zion, eta berehala lainoperatu zan berriz ilargi borobila. Gaiztakeria haren berri, inork ere ezer ez zekian. Jainkoak bai ordea!

 

Horrela hitz egin zuan Antonek, eta berekin zihoazten lagunak azken hitz haiek entzunda, luzaro isil-isilik egon ziran. Azkoiti zaharra ilunpean zegon ordurako eta etxeetako leihoetatik argi sotil batzuak aldizka-aldizka sortzen ziran. Jaiki ziran azkenean lagun guziak eta, burumakur, beren etxeetara bihurtu ziran.

 

V

BERRIZ ZALGURDIRA

     Eta orain, irakurle maite, ez dakit ni non nebilen gogoratzen ote zeran. Honuzkero, alegia, Elgoibar bidean zalgurdian sartuta nere bidekideei gertari beltz hau kontatzen nihoakiela, ahaztu zaitzu noski. Hasieran, lasto kapeladun jaun bat nerekin batean zihoala esan dizut. Honek ordura arte ez zuan hitzik atera, baina amama xaharrari eta nere ondoko gizonari gertari hau kontatzen ekin nionetik, arreta haundiz entzuten zidan. Bukatu nuan nik nere jarduna, eta zaldun harek galdezka ekin zidan.

—Eta harrezkero ez al dezu ezertxo ere jakin?

—Ezta ezertxo ere —erantzun nion.

—Gauza gogorra da gero, mutil gazte bati hori egitea.

—Oso gogorra ere. Gure hortzentzako ogi gogortxoa hori —eta horretan gelditu ziran gure hitzak.

Gerora, gertari hau idazten ari nintzala, gauza gehiagoren bila ibili nitzan. Ez nuan hala ere gauza haundirik jakin. Beste heriotza baten berri jakin nuan, bai, baino heriotza hau hurreagokoa da eta, orduko batzuak bizi diralako, ez det zabaldu nahi batere.

Horietako batean Elgoibarko zaldizai zaharrarekin bakarrik arkitu nitzan zalgurdian. Aldapatara eldu ginan eta zaldizaia, ohi bezela, jatsi eta oinez hasi zan: baita ni ere bere ondoren.

Ilunabarrik ederrena gure aurrean genduan. Eguzkiaren argi haria mendi axalean urtzen-urtzen zihoan. Bestaldetik berriz iluna argia harrapatu nahirik, han zetorren musua luzetuta Izarraitz gainetik behera.

Oraintxe det era egokia —nerekiko esan nuan—, ea beste heriotza baten berri jakiten dedan, eta zaldizaiari galdezka ekin nion.

—Hemen lapur hots haundia zan ba lehenago…

—Bai, halaxe da. Hala ere neri behinere lapurrik ez zitzaidan agertu, eta hori zalgurdi hutsik askotan igaro nitzala gainera.

— Eta bide honetan hildakorik ikusi al dezu behinere?

—Bai ba. Behin erreka baten ikusi nuan hildako bat…

Eta horrela jarraitu genduan puskatean, nik galdetu eta harek erantzun.

 

VI

GOITIK BEHERA

     Atoz ordea berriz ere lehenera, eta nere amama xahar eta beste lehengo bidekideekin zalgurdian sartu zaite: oraindik bide erdia egitekotan gaude. Txarrena igaro degu horratik eta orain aldapa gaina harrapatu ezkero, arinago joango gera.

Nere gertaria bukatu nienean, gainean ginan. Zaldiak atsedenaldia egin zuten, zaldizaiak atzeko gurpilari harria ipini zion eta zalgurdira igo zan. Berehala «Ia, ia!» deadar egin eta zaldiak pizkortu zituan. Ikusten mugarri hori?… Azkoitia Elgoibar herriak hortxe alkartzen dira… Goian gera.

Eguzkia agertzerakoan txoriak habia utzita airean zehar poz-pozik txirrio-txioka ekiten dioten bezelaxe, zaldiek ere behin gaina hartu zutenean pixkortzen eta esnatzen hasi ziran, eta lehen erdi negarrez zetorren zalgurdiak, harrezkero, udaberriko ardi poztua baino areago lasterka eta zilipurdika ekin zion.

Argia ere guri agur egitera zetorkigun mendiostetik: artean ondo zabaltzeke zegoan, bai, baina goiz-sentia aurrera zihoan eta baztarrak hobeto agiri ziran.

Guk ere egunari geure poz agurra egin genion, eta halako baten gure bihotzak zabaldu ziran egunarekin batera. Zalgurdia azkar zihoan aldapan behera, eta Bentara laster heldu ginan. Mugarritik hurre samar egiten da benta hori eta hor ere lapurrek beren egitekoak egin ote zituzten nago.

Guri alderdi haretan ez zitzaigun lapurrik bururatu. Bazegon aurrekoagorik gure begien aurrean.

—Hauxen da horratik alderdi ikusgarria! —esan genduan guziok batera.

Izan ere, ikusgarria zegon goiz hura. Alde batzuetan izara zuria zirudian ibar zokoetako lainoak, eta beste batzuetan, berriz, itsas olatuak lehertzekotan bezelaxe.

Bidean, baserrietako emakumeak astoak lotu eta herri aldera azokara; gizonak beren sailak ikustera, eta zuzendu beharrik ote dagon edo, udaberriko pozean landara. Aiton gizajoa berriz, eguzkiaren gose, atarira.

Noizbait horratik eguzki lotsatiak beldurrez bezela mendi gaina jo zuan eta azkar-azkar erreka zuloak garbitzera jatsi zan.

Mendi gainean, artzaiak, bere goizeroko abestia oihuka eta eguzkiari hoska, abesten ekin zion:

 

Oi, eguzki zoragarri!

Orain artean mendi barruan

lotsati.

Negu goizetan nere txabolan

sar hadi.

Atea gauaz itsu-itsu:

Oin begi biak zabal-zabalik

argitsu.

Irikitzean haizez sudurra

gorritu.

Landa ederra esnatzen.

Laino maindire zuria gora

igotzen:

Kuxkur zegoan negulorea

zabaltzen.

Ardiak ziripurdika

txabola utzi eta larre gozora

arinka:

Artzaia ere haien atzetik

oihuka.

Eguzkirik gabe bai ikara!

Etxe guzia bero eskean

surtara.

Gizon eta ume, txakur ta katu

batera.

Amona xaharrak dardara

eztul itoa, belarri ertzak

minbera.

Haurrak ospelen minez behatzak

ahora.

Abere gaixoak ilun.

Ikulu hotza, larre gozorik

ez inun:

Atari aurrean kazkabar hotsa

gautegun.

Hau negu luze astuna!

Bihoa urruti urteko hotzaro

iluna.

eta betorkigu arin eguzki

eguna.

Oi, eguzki zoragarri!

Orain artean mendi barruan

lotsati!

Negu goizetan nere txabolan

sar hadi!

Eguzkiak mendi axal-gainetik

par-irri!

 

Poliki-poliki lainoa goratu eta inguru guzia baserriz josita azaldu zitzaigun. Halako ikusgarri politik!

Adiskide, ez al dezu usatalderik hegan ikusi? Ez al dituzu, gero, landa ala zelairen batera jatsita banaka-banaka han-hemen gelditzen nabaritu behinere? Halakotxe zerbait ziruditen bada baserri mordoxka haiek. Han ageri ziran txuri-txuri beren soro eta belardiz inguratuak. Ikusgarria zan benetan!

Zalgurdia aldapan behera geroago eta azkarrago zihoan. Aldapa haundienean biderik okerrena: leiar hotsa, gurpil zarata, zaldizaiaren oihuak…. Gure belarriak eten beharrean zihoazen; burua zoratuta, ipurmamiak hainbeste eseriz hausita, belaun-oinak egonean txindorrituta.

Lehen aitatutako ikusgarriak gure begietatik ezkutatu zitzaizkigunean geren gorputzetako nekea ohartu genduan.

Halako baten «Elgoibarren gera horratik!» deadar egin genduan.

—Eta eskerrak osorik heldu geranean.

—Osorik al diozue? —esan nien—. Nere hezurrak ez dira ba hain osorik ere gelditu. Hala ere ezta ezer, beste behin bezela, zalgurdia itzuli ez zaigunean.

—Aitaren!… Hori ere bai?

—Bai horixe! Gaueko bederatzietan Elgoibartik Azkoitira ginoazela, argi bat bakarrik piztuta hasi, zaldizaiak lo hartu, zaldiak baztarrera-baztarrera ekin, eta hor goaz zalgurdi eta guzti mendialdera.

—Eta bizirik al zaude?

—Bai, Jainkoari eskerrak, baina beste aldera erori baginan, agur ni eta nerekin zihoazenak.

—Ez dituzu bide honetan makalak ere ikusi!

—Izan ere, bidea ere halakotxea da eta. Gaur ostera onik eta pozik heldu gera. Hara hor geldokia. Honuzkero jeisteko ordua da.

—Bai horixe! Eta Jainkoak ondorengo bidea hobeagoa dizagula.

—Ni hemen gelditzen naiz —dio amamak.

—Baita ni ere —jarraitu zion nere ondoko gizonak.

—Eta zuek?

—Gu Bilbora goaz.

—Ni… harutzago oraindik.

Zalgurdia gelditu eta bana-banaka guziok irten ginan.

—Aizu, Pedro, honuzkero bide honetan aspertuko zinan, e?

—Aspertu ala? Aspertzeko ordua badet behintzat.

—Zenbat urte dituzu zaldizai?

—Berrogeitik gora honuzkero.

—Berrogei adina bai? Katuingo zuloak ondo ezagutzen zaitu orduan?

—Bo…!

Ni begira gelditu nintzakion, eta bultziaren soinuak ez hots egitera, hantxe negoken nere amesetan. Bejondeizula zaldizai zahar hori! Euskaldun ona bezela, ez du biraoak zure ahorik behinere zikindu. Begi argi horiek… Oinak, bere urteetarako, arin oraindik. Hor dezu, irakurle maite, Elgoibarko zaldizai jatorra. Zaude pixkat berarekin.

Neri trenak deitu dit eta banoa. Noiz arte gero? Udara arte beharko. Orduarte bada, Elgoibarko zalgurdi eta zaldizaia, agur! Zu ere, irakurle on hori, Jainkoarekin zaude.

Honela bukatu nuan nere lan hau, eta honela uztekotan negoan, baina ustekabeko gauza batek beste hitz bi jarriarazi dizkit.

     Gauza zahar guziak badihoaz eta Elgoibarko zalgurdia ere ezkutatu zan oraintxe urte bi inguru. Orain beribil ederrak ditugu bide horretan: ez dezu beraz ipurmamirik hausi beharrik, ezta zalgurdiaren ibilera makal luzerik ere. Gauza bat bakarrik izango dezu negargarririk, ilunik: zalgurdia eta zaldizai zaharra ez ikusteak emango dizun halako nahigabe bat. Hainbeste urtetan atzera-aurrera alkarrekin ikusi genitun bi lagun zahar haiek nahigaberik gabe ezin utzi. Zu ere, adiskide, jardunean-jardunean, oso lagun egin zaitudala dirudit, eta hemen nabil agurka eta agurka ezin bukaturik, zugandik ezin alde eginda bezela. Oraingoan behintzat azkenengo agurra egin beharko dizut, baina joan baino lehenago nere aita zanaren alde otoi egin dezagun. Atozea bada eta entzungo ahal digu zeruko Jainko Jaunak: Aita gurea, zeruetan zaudena…