Bi itsuak

La Baskonia, 1930

Bi itsu baziren herri batean. Elgarretarat bildurik, etxe beroan bizi ziren. Beti biak bazabiltzan eskean atez ate eta jendek emaiten ziozkaten arto edo ogi puskak janez bizi ziren. Merkatu egunetan pesta zen itsu gaixoentzat. Nola baitire beti jende onak, makinun aberatsek eta merkaturat jinak ziren arrotzek emaiten ziozkaten zenbait sos. Orduan bi itsuak sartzen ziren ostatu batean, han gostura jarririk egiten zuten bazkari on bat ontsa jaten, hobeki edaten.

Gero, ostatutik ateratzean ziren… lanak! Bainan elgar lagunduz, andar bat goiti-beheiti, eltzen ziren nolazpeika etxeraino.

Etorri ziren egun txarrak ere xahartzearekin. Xahartu eta bi itsuek ez zuten hainbertze kurritzen ahal, eta hola ogi bezain arto gutti biltzen zuten. Erdi goseak, oren hitsak iragaiten zituzten. Azkenekotz, beren nahigabea ezin jasanez, bi itsuek egin zuten behar zutela nork bere burua hil.

Petanek, hala zuen itsuetarik batek izena, erran zion bere lagunari:

— Errak, Manex, ni biziaz nardatua nuk.

— Gaizo Petan, ez hiz bakarra; ni ere hala nuk.

— Zer nauk, uste diat hobe den gu bientzat berehala hiltzea.

— Ba, egia erraiteko, nik ere ez ditiat gehiago jasaiten ahal mundu huntako sofrikarioak. Segur nuk ifernuko debruek ez dutela guk bezenbatekorik pasatzen.

— To, nik nere burua hil behar dutala egina diat.

– Iduritzen zaitak, Petan, nik ere hobe dutala hik bezala egitea.

— Ontsa duk; bainan orai, zer heriotze hauta?

— Petan gaizoa, hiaurrek ikusak hori.

— Nabala lazgarri bat bularrean sartzen ere…

— Errak, ez ote duk urkatzea goxoago?

— Ba hala duk… bainan nola egin?

— Zer zozoak girenak! Ez ote duk itotzea heriotze eztiena?

— Biba hi Manex! Beraz bihar goizean, gure burua urerat aurdikiko diagu.

Bazen herri hortan berean naza handi bat, hilen naza deitua. Naza harrek fama txarra zuen eta zaharrek arratsetan, supazter txokoan, erraiten zuten jada hiru edo lau gizon ito zirela naza hartan. Gure itsu dohakabeak elgar aditu zuten putzu hartan berean biak elgarrekin itotzeko.

Gau hortan ez batek ez bertzeak ez zuten begirik hetsi.

Petanek zion bere baitan… “Zer egin? Bihar nere burua leizerat aurdiki behar ote dut? Eta gero, bizitze huntarik joan eta, zer ikusiko diagu bertze aldean? Ez, ez! Manex gaizoa, ito hadi nahi baduk. Nik oraino nahiago diat mundu huntan egon”.

Manexek aldiz gogoeta horiek berak egiten zituen, eta ari zen bere ohe txokoan ixil-ixila… “Hil nahi duk, Petan? To, aski duk hiltzea. Ni segurik enuk aski zozoa izanen hik bezala egiteko. Bihar goizean harri handi bat nerekin ereman eta hura igorriko diat urerat nere gorputzaren ordez”.

Petani ere joko hori bera gogoratu zitzaion.

Biharamunean, beraz, bi itsuak badoatzi nazari buruz, alegia itotzerat, bedera harri beso azpian. Ur hegirat orduko, Petanek erraiten dio Manexi, nigarrez, erlastu bezalako boz hautsi batekin:

— Adio nere lagun maitea; gure orena etorria duk. Agian hobeki izanen gituk bertze munduan!

Pluf!!

Manexek aditzen du zerbait urerat erortzen, Petanen gorputza dudarik gabe.

Plouf!!

Manexek ere bere harria urerat aurdikitzen du, eta Petanek ez du dudatzen bere lagunak bere burua urerat bota duela.

“Gizon zozoa!” zuen erran Petanek bere adiskideaz.

“Zer astoa!”, aldiz Manexek.

Biak abiatzen dira etxerat buruz, eta horra nun bidexka hertsi batean elgar joiten duten.

— Barkatu, jauna; nor zaitut zu?

— Ni? Petan itsua niz; eta zu, nor zira?

— Hire zerbitzari Manex.

Bi gizonen harritzea!

— Egia erraiteko —zuen erran Petanek— ederki egin diagu biek ez itotzea, goazen berriz gibelerat!.

Eta biak, eskuz esku, jin bezala itzuli ziren etxerat.