Esnedunak

Argia egutegia, 1936

Busti egozan baso bideak. Ez eban euririk egin gabaz, baina bai iruntz haundia. “Leia egin dau bart” inotsen alkarri azokara merkatura etozan baserritar andra eta neskatilak.

— Bai, han gure errekartean ez da egon makala gaur goizion —erantzun eban Modesta etxekoandra maratzak.

Eta hori esatean, esku bataren ganea igurtzitzen zihardun beste eskuaren azpiaz. Bere albotxutik asto galanta joan, gaiez ta gauzaz beterik, otzara biak tuntur ebazala.

— Ez, ez zan egongo edozelakoa han zuen etxondoan —ihardetsi eutsan bideak betean etorren Dominike andra zabalak, baratz eta ahots mehetxuaz—. Geurean be, hotz handia egon da-ta!”.

Eta batak hau esan, besteak hori erantzun, hurrengoak ha gehitu, joan joiazan herrirantz, traka-traka astoak eta txiri-txara neskato eta andrazkoak.

Eguraldiaren gorabeherak alkarri esan eta azaldu ondoren, nekazaritzako arazoaz erabili ebezan euren barriketak luzaroan. Eta azkenerako, beti ohi danez, herriko eta auzoetako esames eta autuak atara zituen.

— Martiñe —esan eutsan samur-samur, ia malmuzkeriz eta jakinguraz Dominike andra zabalak eurekaz batean joian neskatila galant eta begiurdinari—. Martiñe, laster ezkonduten ei zara, e?

Atseginezko barre algarak egin ebezan han aldran joiazan neskatila biek eta hiru andrak. Hirugarren neskatileari ostera, Martiñeri, sagar gorri heldu-helduak baino gorriago egin jakazan matarlak.

Ederra zan Martiñe.

Badakizue baserrian eta kalean bere bai, han hor zelako neskato banaka ederrak egoten diran. Azal argia eban. “Azal urdina” be esan daroe gure baserritarrak. Azal urdinnau ei da azalik bikainena, finena, azal zuria eta leuna. Eta beti holantxe, azal ederreko hil arte guztian be izan doiaz azal urdinak.

Ederra zan, ba, Martiñe, ta bihotz onekoa.

Dominikek esan eutsana entzunda, erdi lotsatuta ala zehatz lotsatuta gelditu zan, ez dakit. Baña hitz egiteko adorea ia galdu egin ebana bai, ondo dakit.

Eta ixil-ixilik…

— Bai, asmoa horixe dogu —esan eutsen bidelagunai.

Berari begira jarri jakazan guztiak. Andrak halako neska jasekoa egokion sasoian ezkonduteari ondo baino hobeto eritzoelako. Eta neskatilak Martiñeren ondamuz lez jarri ziralako eta euron txandea noiz izango ete zan buruhausten eta asmoetan jarri zitulako.

— Ez dozu zeri lotsatu, Martiñe –gehitu eban Modestek, ama batek ohi dauan biguntasunez—. Jangoikoaren guraria horrelan dala, ezkondu albait lehenen, eta kitu. Zuk eta Erramonek bizimodutxua atara ezinik ez dozuela uste dot.

— Eta nora ezkonduten zarie? –itaundu eban ordurarte erdi isilik egon zan Jonetxu begibaltzeranak.

— Erramonenera ba, Urtiagara — azaldu eutsan ezkongeiak.

Eta irribarre gozo-gozo bat eginik, Yonetxuk adiguritsu eta maitekiro esan eutsan:

— Eztegu egunez ikustekoa egongo zara zu, horraitiño…

Hitzok entzun, lagunak emoten eutsezan zorionak jaso, arpegia barriren barri gorri-gorri egin eta barrua eztitan jarri Martiñeri, guztia izan zan bat-batekoa. Bizikera barriaren gomuteak berak bakarrik, zirrara ta zauzkada haundia egiten eutsan barruan.

Amesez beterik eban burua ta adu on egarriz bihotza. Ai! Hogeta bat urte zituen!…

 

Heldu ziran urira. Azokako lagun-artean aldendu jakun begi aurretik Martiñe zoriontsuaren irudi lirain zoragarria.

Mendi-ostetik orduantxe jagi zan eguzki argiaren distira baizen argi ekusan etorkizuna ezkongei azalurdinak…