Etumetako Joxentura Ameriketan txorrotxaile

Ibaizabal, 1902

Etumetako Joxentura, basetxetar kaletartuko mutil argia, haizea ikusten zuena, etxeko azken ume maitatua azken umeak maitatu ohi diran bezela, bere hemezortzi urteren munduko jakiunda baserri lanean zerbait zekiela eta eskola puskatxo batekin, joan zan Amerikara, laster aberasteko asmo osoan. Eskribitu zuan, noizbaitean, ondo iritsi zala, baina lan eskasi haundia zegoala eta aditzera emango zuala zertan, non eta nola laneratzen zan.

Isilik egon zan luzaroan etxekoak kezka haundian zituala, eta berandu batean eskribitu zuan esanaz besterik ezean muelleko kargaketan laneratzen zala, beste lanbide hoberen bat iritsi artean .

Berriz ere ez zuten luzaroan Joxenturaren arrastorik izan eta etxekoak zeuden larritasun haundian, beti okerrena buruan zutela, baina noizbaitean iritsi zitzaien auzoko mutilkozkor bat karta batekin esanaz, herriko karteroak eman ziola haiendako. Joxenturarena omen zala eta erretratua izango zutela.

Orduantxen ari zan familia afariteko mahaira hurreratzen, eta ezin esan liteke haien poza eta zoriontasuna albista haren bidez. Ireki eta hustu zuten kartestalkia irakurtzen ez bazekiten ere, eta ikustean erretratoa mututu ziran danak; asnasarik ere ez zuten hartu pixka batean.

—Bera da, dio batek.

—Joxentura da, bai —diote danak batean.

Aita-semeak joan ziran suondora isil-isilik erretratua eta karta mahai gainean botata. Ama-alabak negarrez han zebiltzan sukaldean batetik bestera, eta amak dio:

—Hau da gure ume gizajoaren paraderoa! Hau da miseria! Txorrotxaile, Ameriketara joanda! Alkandorarik ere ez dauka, praka barrenak ere sokaz lotuta eta errukarri hura, erretratatu miseria horretan zertako?

Aitak:

— Bestela ez genduelako sinistuko haren horrenbesterainoko premiarik.

Honetan ama gajoa ezin sosegatu zan eta karta harturik esan zuan:

— Luisengana banua irakurri eragitera!

Eta aitak erantzun zion:

— Zaude isilik hemen, horrelakorik egin gabetanik, ez daukate auzoek eta ez bestek jakin beharrik gure Joxentura txorrotxaile dabilenik Ameriketan, ez luteke farra gutxi egingo. Gainera badakigu zer esango duan, dirua bidaltzeko atzera etortzeko. Asko da bada istilurik, horrenbeste modu bada oraindik gure etxean, bai, eta bihar goizean joango da hau —semea— Tolosako Sarasolarengana jakitera zer egin behar dan Joxentura etxeratzeko lehenbailehen.

Alaba eskolan ibilia zan dotrina ikasten komulgatzeko, eta eleiza liburu euskerazkoan irakurtzen zuan zerbait, eta honi dio amak:

— Inaxi, ea zerbait irakurtzen dezun karta honetan?

Hasi zan irakurtzen eta haiek garbi aditu zituzten hitzak izan ziran dinero, vaca, vestido, mandar.

Eta aitak dio:

— Jakina zan; esan nahi du, behi bat salduta bederenik, dirua bidaltzeko jantzi eta biajerako lain.

 

Hurrengo egunean iritsi nintzan Etumeta basetxera nere lankizunez; bilatu nituan ama-alabak sukaldean tristura haundian, esan zidaten aita soroan zala eta semea Tolosan, baina nola gizakume bat behar nuan, joan zan alaba aitaren bila. Bitartean nik, denbora egiteko, atera nuan sakelatik periodiko bat eta zabaldu nuan mahai gainean irakurtzeko.

Etxekoandreak galdetu zidan:

— Berri onak al dakaz?

Eta begira-begira jarririk paperari, dio:

— Txorrotxaileak ere jartzen al dituzte periodikoetan?

— Zer txorrotxaile gero?

— Hona hemen —behatzarekin erakusten zidala belozipedo denda bateko anuntzioa, belozipedistak makina eskutik zuala.

— Ja, ja, ja, hori txorrotxailea al da?

— Zer da bada?

— Ez al dezu horrelakorik kaminoetan ikusi? Belozipedista bat.

Inoizko adierazi nion gajoari erreminta hura zer eta zertarako zan!

Honetan iritsi ziran aita-alabak eta hiruren artean hitz isil batzuk egin ondorean ekarri zidaten bolozipedista dotore baten erretratua esanaz «Hau ere zuk esan dezun haietakoa izango da».

— Bai, nor dezute berau?

— Gure seme Joxentura Ameriketakoa.

Bai nahi ez nahi pixkatxo baten ondoren, ekarri zidaten karta bat, irakurtzez mesede egiteko esanaz.

Hau esaten zuan Joxenturak, beste gauza askoren artean:

Nola portuan lanean zebilela eraman zuala komertziante haundi batek  bere etxera, aginte onak eginda. Denbora puska batean astindu zuala nagusiak eskola gogoratu erazitzen eta belozipedoan ikasten, baina orain zebilela nahi bezela, nagusiak erregalatutako belozipedo ederrean, treneko estaziotik portura eta barkuetatik trenetara etxerako datozen kargamentuak errezibitzen eta bidaldu behar diranak bidaltzen. Etxeak mantendu eta jazten zuala, ematen zizkala hileko 50 pesos oro, baina laster gehiagotzekoan. Diru pixka bat egin zuala eta alde horretako zenbait etorri zain zegoala urre puska bat bidaltzeko behi ederrenetako bat erosi zezaten eta jantzi on bana egiteko haren izenean.

Eta laga nuan Etumetako familia pozaren pozezko negar gozoetan.