Ganixen makila

Gernika, 1950

Euskual Herriko herri batetan bizi zen noizbait zurgin bat deitua Ganix, santsusi bezen alegara. Lan-eginarenkin akort bazabilan eta ere gau eta egun ostatuz ostatu. Nola egin zezaken bertzela? Ez ote da…

Igandearen laguna astelehena?
Egun horren biharamuna, asteartea?
Kalernatsu, ez lan gostu, asteazkena?
Haizetsu, teila harrotzaile, ortzeguna?
Enbaratsu, leiho, ate xehatzaile, ortziralea?
Laneko gogoaz betea larunbata?
Bainon, zertako unha?… Akabo da astea!

Haatik, eskuetan babak higuin balin bazazkion, ez zen beldur mihia, gogoa, higa zazkin. Mintzatzaile ederra, izpiritu zorrotzdun, guti zagon isilik, nehork ez zezakion arrazoina hauts. Ez zuen euskuaraz parerik. Ezin jasanak zituen erdaldunak.
Arratsalde batez zaldun arrotz batzuk sartzen dire Ganix zagon ostatuan. Mahain batean jarri, edan behar zutena zerbitzari eta, batek, irri aire batekin, galde egiten dio ostalerari zer demuntreko mintzaira aditzen zuten.
— Euskuara! —dio Ganixek bere tokitik.
Irri karkaraz lotzen zaizkio etorri berriak.
Gure zurgina, asaldatua, gurbiltzen zaiote.
— Ez eskarnia euskuara edo ez duzue bidea idekia izanen!
Nola arrotz edaleek gehiago eskarnio egite baitzioten, Ganixek, hasarreak itoa, emaiten dio pausako bat bati. Hunkitu bazuen hunkitu zuen… Xutitzen dire zaldunak eta denen artean umatzen dute gure gizona. Zaldiz higain eta, ihesari eman ziren.
Kasaila hori hedatu zen.
Zonbeit egunen buruan, bertze hainbertze zaldun etorri ziren ostatu bererat. Ganix han zagon bere afruntua ezin iretsiz, bainon ez lotsatua. Berriz ere arrotz edaleak, balentriaka, euskualdunen mendratzen hasten dire. Ganix erotzen da, eta ostalera lagun, borrokatzen dituzte erdaldunak. Zorigaitzez, hauk gehiago ziren, nagusitu zintzazkioten eta jin bezala joan.
— Zer da, bada, ausaurtzia hau? —dio Ganixek ostalerari—. Zer? Behar ote dugu arrotzen nagusitasuna gure bazterretan ikusi? Zer nahi lukete? Gure euskuara itzali, suntsitu? Ikusiko dugu aski azkar izanden diren lan tzar horren bururatzeko! Urgaitzeko zubi azpian bizi dire lamina andana bat. Sarri, gauerditan, heien atera tenorean, aurkituko naiz toki hartan. Hek ere euskuaraz mintzo dire. Galde eginen diotet laguntza.
Elizako ezkilak hamabiak jotzearekin, Urgaitzeko barnetarik hegaldatzen dire laminak. Ganix han zagon zubiaren gainean. Urbiltzen zaio laminen buruzagia eta erraiten dio:
— Zer ari haiz hor? Nun abila? Zer nahi duk?
Gure zurginak ezautarazten diozka bere errenkurak.
— Ontsak duk —dio laminak—. Hartzak makila hau. Aski diok beharraldi guziz manatzea “Jo zak!”. Hik “Aski!” erran arte eta nahiko dukan neurrian ehoko ditik hire eta euskualdunen mendratzaile guziak, bakarka ala osteka.
Lamina suntsitzen da, Ganix ohartzen da eskuan bazaukala makil eder bat.

Biharamunean, egundainon bezala, heldu da bertze zaldun arrotz multzo bat. Ganix han zagon xoko batetan makila sahetsean. Erdaldunak abiatzen dire ozarki euskualdunen eskarniatzen. Ez zuten aski irri eta jestu.
— Jozatzik —erasten dio zurginak makilari.
Pinpi, panpa, pinpi, panpa!…
Makilattoak zalu barreiatu eta ihesari emanarazi zituela zaldun espantutsuak!
Bai, bainon erdaldunek ez baitzuten amor eman nahi! Gan ziren Erregearenganat eta errenkuratu. Erresumako Buruzagiak igortzen du berehala armada oso bat.
Ganixek jakin zuelarik hurbiltzen ari zirela soldadoak, ateratzen da ostatutik.
— Jozatzik bortizki! —manatzen dio makilari.
Oi, zer masakrea!
In nomine santi, armada porrokatua ihesari emaiten da.
Erregeak, harritua, deitzen du Ganix bereganat.
— Hi haiz erdaldunak zanpatu eta nere armada xehatu dituen gizona?
— Ni naiz, jauna.
— Zer nahi duk bada?
— Euskuara bizi dadin eta goretsia. Ez dain, gehiago, euskualduna eskarniatua, binon bai lagundua, begiratua.
— Oha! Bizi gaiten bakean! Hire nahia neria duk. Euskual Herria maitearaziko diat. Eskola handietan Euskuara irakusia izanen duk.
Ganix itzuli ze bere herrira. Tunantekeriari uko egin zion. Lotu zen lanari. Bilakatu zen makila egile.
Geroztik, euskualdun etxetan, itzetik dilindan, atearen gibelean edo bertze toki hautatu batetan, ikusten da makila etxekojaunaren laguna ateraldi handi guzietan.
Nehork ez dezake izi euskualduna makila eskuan.
Hainitz Errege, Buruzagi, Ministro, Aintzidari ohore handia izan zaiote makil euskualdunaz jabetzea.
Mundu bazter gehienetan badabila makil euskualduna. Denek goresten dute.
Laminak eman ziozkan indar eta podorea atzarriko zaizko sekualan euskuara mehatxatua balitz.

Begiztatua nuen aspaldi mendian
Mizpirondo xuxen bat sasian
Haunditzera utzi dut eta harekila
Aurten egin dut nere euskualdun makila
(Ithurralde)