Hostoen etorrera

Euskal-Erria, 1889

Iñasi zegoen atarian, galtzerdia eginaz, bere oinen ondoan erbi-zakur haundi bat etzinta zegoela.

Iñasiren arpegian azaldutzen zan halako atsegin alai bat; farra eta noizean behin negarra etortzen zitzaizkan, eskuetan egiten zeukan galtzerdia eroriaz magal gainera.

Eserita zegoen alkitik maiztxo altxatzen zan, inguruetara beiratuaz, guztiz larriturik, zerbaiten zain gaudenean bezela.

Bera altxatzen zan guztian, zakurra ere altxatzen zan, salto eta zaunka eginaz, bazirudien zerbait gauzon, honek ere, igartzen zuela.

Hontan, auzoko Anttoni irtetzen zan etxetik. Mirabe egokia, begibeltz, hortztxuri eta ibilera sasoidunekoa. Hemeretzi urte eskasak izango zituen.

Buruan zeraman txesto haundia, zatar zuri-zuri batekin estalia, tarteetatik agertuaz letxu, aza, hegazti, mami kaiku eta esne marmita, dana txukun-txukun jarria.

Hontan datorrela topoz egiten du Iñasirekin, esanaz diosaldurik:

— Jaungoikoak egunon diola, andre Iñasi, zer goiz ederra zabaldu duen?

— Bai, atsegin dago, Anttoni —eranzun zion begiratu gabe Iñasik.

— Adi beza, andre Iñasi —zion ostera, ez ziolako begiratu, eta zerbait igartuaz—, badaki gaur egunsentian sekulako ihintza zegoela? Ez det behin ere ezagutu horrenbesterainokorik. Aitari esan diot, eta erantzun dit hori ona dala soroak aurreratzeko, eta arbolak hostoz estaltzeko. Hostoen etorreran hori behar dala esan dit gainera.

— Bai, Anttoni? —erantzun zion alkitikan altxarik, esanaz:

— Aizu, Anttoni, gaur datorkigu guri dana batean, hostoa eta lorea. Badakizu? —esan zion alako far batekin, ama bati bakarrik ikusten zaion far harekin.

—Ez banau hobeto adiarazitzen, ez det jakingo zer esan nahi didan —eranzun zion Anttonik harriturikan.

—Harra bada, a! —esan zion antsi batekin Iñasik—. Lau urte haundiren buruan, gaur datorkigu gure Joxe, soldadutzatikan Habanatik.

Hau esan eta koloreak gorri-gorritzea Anttoniri, dana bat izan zan.

—Bainan gaur dator Joxe? —eranzun zion guztiz pozturikan Anttonik.

—Bai, Anttoni, gaur. Eta zuk Donostiako plazatik jira egin orduko, hemen izango da nere bihotzeko seme maitea..!

Hau esanik, begietatik isuri zitzaizkan bi malko, lehortuaz mantalaren ertzarekin.

Anttonik artu zuen atsegina berri honekin, zan munduko ondasun guztiak inoiz eragingo ez zioten bezelakoa.

Gelditu ziran alkarri zer esan jakin gabe; bainan noizbait ere Anttoniri etorri zitzaion hitza, esanaz:

—Ongi etorria izan dedila. Aurki arte, Andre Iñasi, berehala hemen naiz.

Eta gehiago esan gabe, Anttoni abiatu zan korri eta korri, lirain-lirain plazara, bere tratua saltzera, lehenbailehen etortzeko asmoan.

Bidean zenbat gauza ez ote zituten nahastutu, Joxeren etorrerakin! Dana ikusten zuen zeru kolorekoa.

Eta nola ez, baldin badira Joxe eta Anttoni alkarrentzat jaioak, hainbeste maiterik, non egunik ez duten izan alkartaz oroitu gabekorik.

Iñasik, nola gelditu zan bakarrik, hartu zuen ostera galtzerdia eta abiatu zan egiten, eseriaz lehengo alkian bertan. Baina bere Joxe maitearen etorrerakin, ez zuen gauza zuzenik egiten, eta altxarik berriz, alkia harturik, sarri zan etxean.

Handik pixka batera zetorren basotik Premin, Iñasiren senarra, Joxeren aita; otarre batean zekazkien baratzak ematen dituen mokadu goxoenetatik.

—Iñasi…i! —zion deika ataritik—. Aurki, aurki hemen da, ari da ordua alderatzen.

—Bai, Premin —erantzun zion Iñasik—. Hor ibildu naiz jira batera jira bestera, eta orain dala denbora gutxi igo naiz gosaria ipintzera.

—Tira bada, geran, eta ea bitarte hontan agertzen dan gure Joxe —Preminek esan zuen sulkaldeko alki batean eseririk.

Ari ziran beren gosaritxoa jaten, baina lan asko egin arren goiz-goizetik, ez zekaten gogorik jateko, bere semea ikusteko antsian.

Anttonienetik izandu ziran makina bat bider, etorri zan jakitera.

Guztia alaia agertzen zan. Egun haundiagorik ez det uste izan ote zan etxe txiki hartan.

Joan dan aspaldiko denboretan ez zan besterik aditzen baserri hartan; hogei egun falta dira, hamasei, hamalau, hamar, eta honela, gau eta egun ordu guziak behatz muturrakin kontuz eramanaz.

Iñasi hasi zan, eginahalak egin, bazkari ona ipintzen; eta nola ez, lau urteren buruan ez bazuten ikusi semea beren mahaian!

Ez zan milagro ere semea maitatzea berak maitatzen zuten bezela.

Berak betetzen zuen etxe guztia.

Berak zebilzkien baso-zelaiak egunsentirako, bere aitari deskantsua emanaz. Eta, hontan, eraman zuen suerteak Habanara soldadutzara. Zer negarra ez zan gelditu etxe hartan!

Gelditu ziran aita, ama eta bi haur, oraindik koxkorrak, batek hamabi urte eta besteak hamar. Hogei urteko gizasemea behar honetan eramatea, ez dago ikusi besterik zer izango zan.

Joan zan eguna ez dago gogora zertako ekarririk.

Aita gizarajoa ordutik hasi zan makaltzen, ama berriz ez dago zer esanik, baina halaz guziaz ere, urteak joan eta, gaurtik etxean izango dute ostera beren Joxe maitea.

Gosaria bukatuta zeuden patxaran sukaldian, Premin eta Iñasi, kontu-kontari bezela, baina zakurrak ez zioten bakerik ematen bere zaunkakin; larritu ziran Premin eta Iñasi, altxarik zakurrak zer izango ote zuen ikustera eta, non ikusten duten etxe atera alderatzen Joxe!

—Joxe! —deadar egin zuen ama Iñasik bihotzeko indar guziarekin.

—Joxe! —dio aitak segidan.

—Hemen naiz, hemen, hemen da Joxe! Aita! Ama! —batean erantzun zuen semeak…

Handik hiru hilabetera Joxe eta auzoko Anttoni ezkondu ziran, eta gaurko egunean dira alkarren begietatik ikusten duten senar emazte finak.

Premin aitona eta Iñasi, amona, biak gobernatzen ditu gain-gaineko errainak, eta bizi dira munduko errege guziak bezin ondo, bakean eta lanean.

Eta han eta hemen horra gure hostoen etorrera.

Francisco Lopez Alen

Francisco Lopez Alen