Ipuin postmoderno bat egin diot neure buruari

Karramarroaren aztarnak, 1997

Ez zait askotan gertatzen, oso lo onekoa bainaiz ni, baina lehengo astearte gauean ezin izan nuen begirik gustura itxi. Gauero egin ohi dudan bezala, aspaldi egon behar nuen lotan: telebistako argi urdinetik ihes egin nuen erlojuan gauerdia zela konturatu orduko, eta Monterrosoren liburutik dozena bat orrialde baino gehiago irakurrita nengoen argia amatatu nuenean. Nekatuta nengoen eta eguneroko zeremonia guztiak amaituta. Izaratan gozo, isiltasuna edonon, aparteko buruhausterik gabe mantapean, Begiak itxi eta lo egingo dut pentsatu nuen. Baina bai zera.

Telefonoak jo zuen gauaren erdian. Eta okerrena, dei hura ez zen niretzakoa. Nestor Desjours ote nintzen galdegin zidaten frantsesez eta, bistan denez, ezetz esan nien. Ni ez naizela Nestor Desjours. Pardon monsieur esan zidaten gero eta, Monsieur ere ez nintzela esatera nindoanean, klik egin zuen telefonoaren beste aldeak.

Hankapeak hoztu egin zitzaizkidan oharkabean telefonoraino egindako bidean eta aspalditik daukadan manta kozkor bat gehiago bota nion oheari, armairutik aterata. Begiak itxi eta lotara jarri nintzen, beraz, berriro.

 

Ia-ia banengoen. Morfeo maitea, zoin eijer hire erreinu hau nioen neurekiko mantape hartako epeletan gozatuz, baina, bat-batean, Morfeoren aurpegia nolakoa ote zen pentsatzen jarri nintzen. Morfeo nolako mutila zen jakin nahi nuen, ederra ala zatarra. Ezagutzen nituen mitologia eta arte liburu guztietako irudiak errepasatu nituen buruz, eskuliburu bat atzetik aurrera behatz potoloaz azkar begiratzen den bezala. Ezin asmatu inola: ez haren begirik, ez haren bisajerik, ezer ezin nuen irudikatu. Ez nuen Morfeoren gaia erabili izan duen artistarik gogora ekarri. Goyak, agian pentsatu nuen, baina Goyaren grabatu beltzak soilik ekartzen nituen gogora. Kezkatu egiten ninduen horrek: nola zitekeen Morfeo bezalako mito handi baten irudirik ez ezagutzea? Lo egin behar nuenez, ez nion garrantzi gehiagorik eman nahi izan nire ezintasunari. Zer arraio, La Habana ere ez dagoela Bilbon bururatu eta gehiago ezertan ez pentsatzea erabaki nuen. Ez eta Morfeo beltza ala zuria ote zen ere. Ilekizkurra edo burusoila zen ere, ez zitzaidan axola niri.

Lo egin behar nuen. Lo. Ez beste ezer.

Bestaldera etzan nintzen, ezkerretara. Horrela bai pentsatu nuen, Horrela aurki naiz lotan pentsatu nuen. Izan ere, badaude postura majiko batzuk, zergatik ez dakigula, amaren altzora eramaten gaituztenak. Amatxoren sabelera, psikologo guztien lurralde maiteenera. Zerura bertara.  Amatxoren sabelean nintzen, beraz, supituan. Baina, nola hartzen ote nuen arnasa amaren sabeleko ur haietan? Zer usain ote zegoen puxika erraldoi haren barrenean? Nola entzuten ote ziren kanpoko hotsak? Eta nire aitak amari gona gorria ekartzen zionean, nola ote zen han barrutik? Izerditan itotzen hasi nintzen hainbeste galderarekin eta leihoa zabaltzera abiatutakoan, ilargi mehe bat ikusi nuen zeruan, inori kasurik egiten ez ziola. Auzoko zakur eta katu guztiak lo zeudela begitandu zitzaidan, erabatekoa baitzen isiltasuna.

Urruti ageri ziren hiriko leihoetan ere, bistakoa zen berandu zela: ehundaka leihoetatik hiruzpalautan soilik ikusten zen argia: Okinak seguru  pentsatu nuen, Edo tabernariak. Ez nekien joaten edo etortzen ari ziren argi haietako biztanle apurrak baina seguru nekiena zera zen, haiek ez zirela ni bezala goizeko zortzietan jaiki beharreko bulegariak. Ohean sartu nintzen berriro, eta gozo hartu ninduten beste behin ere hango arropek.

Beste aldera jarri nintzen etzanda. Bat-batean, zein ordu zen jakiteko gogo itzelak harrapatu ninduen. Ez zitzaidan baina komeni. Ordularia ikusteko lanpara pizten banuen, berriro esnatuko nintzen behar baino gehiago, argiak begiak erreta. Lanpara piztu nuen, hala ere, eta bonbilaren argiak begiak erre zizkidanean, berriro esnatu nintzen behar baino gehiago. Kaka, lau eta erdiak eta oraindik esna pentsatu nuen.

Lanpara amatatu eta gerora ere, bonbilaren argiak jarraitu egiten zuen nire betazalen azpian karramarro baten antzera itsatsita. Begiak ixten banituen, zirkulu hori bat ikusten nuen, eta erdian, beste biribil urdin txikiago bat. Kandinsky! pentsatu nuen, eta grazia egin zidan neuk bakarrik uler nezakeen bat-bateko txiste hark. Begiak irekitzen banituen, ostera, sabaiko igeltsua ikusi baino gehiago, irudikatu egiten nuen iluntasunaren erdian. Hezetasunak eragindako margo aldaketak bakarrik nabaritzen nituen haren azal pitzatuan, ilargiak leihotik sartzen zuen argi meheari esker. Tapies! pentsatu nuen eta berriro hasi nintzen barrezka, neu bakarrik.

Hura ez zen ganora. Hala jarraituz gero, ez nuen sekula lorik hartuko. Iratzargailuak berehala joko zuen eta orduan izango ziren kontuak, orduan gau guztian pentsamendu txoroen artean ibili izanaren damuak.

Lo egin behar nuen zela-hala.

 

Ipuin bat kontatuko nion neure buruari, lotarazteko balio duen ipuin horietako bat, baina lurreko alfonbraren gainean botata zegoen liburutik, irakurri berria neukan Monterrosoren ipuinik motzena etorri zitzaidan gogora. Italo Calvinok beti aipatzen du bere antologia guztietan; sekula idatzi den ipuinik motz eta biribilena dela dio berak: Esnatu zenean, dinosauruak hantxe jarraitzen zuen. Kito, hori da dena. Hasi eta buka, biak eta dena lerro berean. Nik ez dut ipuin hori sekula osotasunean ulertu ahal izan, eta erabateko ipuina ote den ere zalantza daukat baina, Calvinok hala badio, bedi. Dena dela, goizeko bostak ez dira unerik onena lan horretan hasteko.

Ipuin bat kontatuko nion neure buruari. Lo egiteko ipuin bat.

Protagonistaren izena baneukan gainera, Nestor Desjours deituko zen, telefonokoa bezala, eta belgikarra jaiotzez, biolina jotzen zuen Miarritzeko Kasinoko orkestran. Lo egiteko interesgarriagoa iruditu zitzaidan biolinjole bat asmatzea, tronpetari edo danborrero bat baino. Saxofoijolea ere izan zitekeen, baina Nestorrek biolina jotzen zuela erabaki nuen. Zer nolako itxura zeukan ere berehala erabaki nuen: txiki samarra zen eta guztiz argala Nestor Desjours. Gizon bezala, ezer ere ez. Betaurrekoak erabiltzen zituen gainera eta burusoila zen. Traje iluna handi samarki erortzen zitzaion sorbaldetan behera. Biolina belarri azpian hartzen zuen bakoitzean, alkandora zuria praken gainetik irtenda ikusten zitzaion esmokinaren azpian. Krudelegia nintzela jabetu nintzen. Bide horretatik segitzen banuen, lo egin beharrean, damutzen hasiko nintzen nire ipuineko protagonista hain txarto tratatzeagatik, eta sentimendu oker horrek berorrek ez zidan lo lasai egiten lagako. Nestor Desjours ez zen, beraz, txikia eta ñañarra izango. Ez eta biolinjolea ere. Ez zegoen Miarritzen eta ez zen belgikarra. Lyongo sukaldaria zen, berrogei urteko gizon garaua. Galeperrak prestatzen ari zen aparteko bezero batentzat, Perigordetik ekarritako trufen saltsatan. Berriz ernetu nintzen: ezinezkoa zen goizeko bost eta erdietan sukaldari bat galeperrak prestatzen egotea. Are gutiago Lyonen.

 

Taxilari bihurtu nuen, beraz, Nestor Desjours azkenerako. Baionako kaleetan gora eta behera ibili nahi zuen berak baina ez zen bezerorik ageri inon. Nor dabil, bada, Baionako kaleetan asteazken buruzuri bateko goizeko bost eta erdietan? Horregatik zegoen taxi geltokian aparkatuta, irratia piztuta eta erdi lotan. Lepoko minik gabe esnatzeko bazekien ederki nola jarri eserlekuan, erdi eserita eta erdi etzanda. Haren logurearekin egin nuen bat neuk ere, eta gehiago gabe, lokartzen hasi nintzen hark entzuten zuen France Inter irratikateko musika entzunez.

Taxi? —galdetu zuen baina emakume batek leihoaren bestaldetik.

Oui, madame —erantzun zion Nestorrek erdiloaren orratzetatik.

   — Mademoiselle, s’il vous plaît —erregutu zion, bera ez zela andrea, alegia, andereñoa baizik.

Salto batez irten zen Nestor bere autotik eta atzeko atea ireki zion bizkor. Nahikoa izan zuen une hori emakume hura edonor ez zela jabetzeko. Haren lurrina bakarrik, gizon baten galera ekartzeko gauza zen. Zer esanik ez gorputz haren soslaia: lihozko beroki mehe eta hori koloreko batek ezin izan zituen bi zango luze-luze ezkutatu emakumea autoan sartu zen unean. Minigona beltzaren gainean, zetazkoa zirudien alkandora distirant berde bat zeraman. Oinetan, orkatiletarainoko larruzko bota garesti italiarrak. Begiak, ispilutik ikusten zizkion Nestorrek, taxi barruan egokitu zirenean. Bera profesional bat zela eta ez zeukala halako damarekin ametsetan ibiltzerik erabaki zuen Nestorrek, nora joan nahi zuen galdetu baino lehen.

Hendaiarantz hartzeko agindu zion emakumeak, eta hara heldutakoan esango ziola berak zein helbidetara joan behar zuen. Ez zela oso erraza baina bazekiela bidea, ezagutzen zuela etxea, alegia, eta esango ziola nondik nora ibili. Nestorrek ez zekien zer zen egokiena: hizketan hasi, irratia ala kasetea jarri. Hizketan nola abiatu baina? Eta irratia edo kasetea jartzekotan, zein musika mota ote zuen gogoko Miss Mundu hark? Jazz pixka bat? Jacques Brel edo Les Rita Mitsouko Band agian? Ez bat eta ez beste. Ezer ere ez. Ezer ez jartzea eta isilik geratzea erabaki zuen Nestorrek asko pentsatu eta gero. Musika pitin bat ez ote zeukan galdegin zion orduan emakumeak. Berdin zitzaiola zer, baina zernahi zela hobea gau epel hartan Renaultaren motor hotsa baino. Jartzeko irratia edo kasetea, faborez. Michael Jacksonen azkena jarri zuen Nestorrek. Bere alabak utzi zion bezperan, Entzun aita, ikusiko duzu esanez. Zer egin behar dut maitea, entzun ala ikusi? erantzun zion berak, baina alabari ez zion grazia handirik egin aitaren txisteak.

Egia esan, ordura artetxe ez zuen zinta jartzeko aukerarik izan, baina ez zegoen erraza atzeko eserlekuan zihoan emakume eder harekin asmatzen. Berak ezagutzen zituen musiketatik bat bera ere ezin izan zezakeela gustuko iruditu zitzaion. Ezagutzen ez denaren apustua egin zuen Nestorrek.

C’est très jolie —esan zion emakumeak Jacksonen musika bozgorailuetatik irteten hasi zenean—. Ça va, merçi.

   Bingo! pentsatu eta irribarre batek egin zion argi Nestorri aurpegian. Atzera begira hasi zen berriro ispilutik, konfiantza baino gehiago konplizitate hitz haiek entzundakoan. Emakume hark gaua ez amaitzeko gogoa zeukala zirudien eta, zein hoberik Nestor bera baino horretarako? Nahi zuena, nahi zuen lekuan, nahi zuen bezala egingo zion berak emakume hari.

Ezin da horrelako aukerarik galdu.

 

Izarak eta mantak igo egin nituen. Izerditan eta jiraka ibiltzeagatik, behera joanda zeuden hainbesteko emozioarekin. Inbidia ematen zidan Nestorrek halako neska puskarekin. Erlojuari begiratzen nion baina ez zen ezer ikusten ahal lanpara itzaliaren iluntasunera. Ez neukan argia piztu eta berriz esnatzeko asmorik. Seiak hogei gutxi edo hor nonbait izango ziren eta lo egin behar nuen lehenbailehen. Berriro heldu nion, bada, Nestorren ipuinari.

 

Itsas bazterreko errepidetik joateko eskatu zion emakumeak. Ez zeukala presa handirik eta halakoetan beti izaten dela ederrena biderik luzeena. Ez azkar gidatzeko mesedez. Joateko gozo eta bare, eguraldia bera bezala. Zer esan asmatu ezinda jarraitzen zuen Nestorrek. Ispilutik emakumearen aurpegia leiarretan itsatsita ikusten zuen: argitzen hasitako itsaso berrian zeuzkan bi begiak. Ezin zen jakin, ordu haietan, oheratu gabea ala jaiki berria ote zen emakumea. Aurpegia hain zuen eder.

Eguraldia pentsatu zuen Nestorrek, Eguraldiaz hitz egingo diot.

Leihatilatik kendu zituen begiak emakumeak gidariak esandakoak entzuteko baina, irriño baten ostean, berriro bueltatu zen ezer esan gabe lehengora, zilartzen ari zen itsaso hartan begiak galtzera. Nestor bera ere konturatu zen emakume hark ez zeukala hizketarako gogorik. Are gutxiago Baionako taxilari baten gogoeta meteorologiko nolabaitekoak entzuteko.  Bakean laga zuen Nestorrek emakumea, Michael Jacksonen musika apur bat goratuz.

Emakume hauek beti berdin pentsatu zuen, Lehendabizi ilusioa piztu eta gero oholuts. Denak berdinak dituk. Zer nahi du, bada? Miarritzeko markesa izatea akaso? Zer uste du honek, taxilari guztiak garela Robert Redford?

   Emakumea beste gogoeta batzuetan zebilen, baina ez zitzaion antzematen zeintzutan. Ez ispilutik atzera begiratuta behintzat. Ez zegoen ez triste ez eta alai. Aurpegia esna zeukan eta begiak, leihatilatik kanpora itsaso gainean galduta. Noizik eta behin gorputza egokitzen zuen eserlekuan, nik mantapean bezala, postura bila. Itsasoa ezezik, belardiak ere argitzen hasiak ziren asteazken goizalde hartan. Belardi garbiak, leku guztietatik sega pasatu izan balute bezala, edota ardiak ibili balira bezala bazkan. Belarraren mantxa berde eta erregularraren gainean, bere zuritasun urdina ezartzen zuen itsasoak, lauki luze baten antzera. Mondrian! pentsatu nuen, baina ez zidan batere graziarik egin orduan txiste berriak. Nestorren ipuinetik urruntzen ari bainintzen berriro, neuk bakarrik uler nitzakeen arte-txiste pribatu haiek zirela medio.

Donibane eta Ziburu atzean lagata, Sokoako hondartzaren pareraino ekarri nuen, biderik ibili gabe, taxia. Nahi nezakeena egin nezakeen nik, neuretzat asmatzen niharduen ipuinarekin. Eta taxia Sokoaraino eraman nahi banuen, eraman eta kito.

 

Semaforo feu rouge batean gerarazi nuen emakume lerdena zeraman taxia. Une batez Nestorrek urrundu egin zituen pentsamenduak atzeko emakume harengandik: absurdua zen, guztiz absurdua. Zebrabide bat babesteko zegoen han argi gorri alferrikako hura, gauaren erdian piztuta. Alabaina, inor ez zebilen ordu haietan Sokoako zebrabidea gurutzatzeko esperoan. Itxaron egin zuen, hala ere, Nestorrek, maiz agertzen direla-eta inguru hartan poliziak. Absurdua errepikatu zion behin eta berriz bere buruari, Alferrikakoa.

Duchamp! egin zidan ihes ozenki pentsamendu berri batek, baina honek ere ez zidan egin graziarik eta beste buelta bat eman nuen maindirepean, etsirik. Seiak aspaldi jo zituen auzoko ezkildorreak. Bi ordu eskas besterik ez lotarako. Biharamunean kaka zaharra egingo nuen bulegoan, lana baino gehiago. Lotaratu ordez ernetzen ninduen ipuin hura behingoz amaitzea pentsatu nuen, eta hala, Hendaiara sartzen ari zirela adierazi zion Nestorrek emakumeari. Hendaian zein lekutara joan nahi zuen galdegin zion segidan.

Erotacilo 46 —erantzun zion emakume ederrak zalantza izpirik gabe.

Hura entzundakoan, salto bat eman eta eserita geratu nintzen ohearen gainean. Argia piztu eta begiak erre zitzaizkidan beste behin ere gehiegizko argiarekin. Zigarro bat piztu nuen urduri: Erotacilo 46 neronen helbidea zen. Errotazulo esaten diot nik gure kaleari, antzina errota kozkor bat baitzegoen pixka bat beherago, baina frantziarrek Erotacilo deitzen diote zer esan nahi duen jakin gabe. 46 gainera. Neure etxea. Ez dago besterik. Bihotza hasi zitzaidan kaxarranka dantzan. Taxia irudikatzen nuen gure kalean behera atariraino heltzen. Emakume eder hura Nestorri zenbat zor zion galdetzen eta, karteratik liberak atera ostean, zegokiona ordaintzen. Emakume hura irudikatzen nuen nire etxeko lau egurrezko mailak igotzen eta ezkerreko horman esku ziurrez txirrina bilatzen. Txirrinik ez baina, din-don egin zuen atea jo zutenean. Zigarro muturra hautsontzian azkar-azkar amatatu nuen urduri eta aterantz joan nintzen, pijamaren gainean eskura neukan jertse zahar bat jantzita. Pasiloan kezka betean nindoala, Dada! esan nion neure buruari eta ordukoan bai, urduritasunaren gainetik, irribarre zabal bat sortu zitzaidan belarri batetik besteraino, atea irekitzeko unean.