Larretxeko sorgina

GaziGozoak, 1933

Ai, ene! Nori ihes egin dautso ahotik ustegabean hitz gaiztoak? Ez al dau ohartu hizleak entzuleen begietan dardaratu dan ikara? Ingurukoen gogoan beldurrikara larria sortarazi nahi ez badozue, uxatu arin ezpanetatik Larretxeko sorginaren izena. Behinola haur aroan gure loaldiak hamaika aldiz nahigabetu zituan izena da. Lozorroa biziki larritzen euskuna. Holakoetan oinaze bizian eta bihotz neke zulagarrian ibili ohi dira amets iduriak. Bereholan higitzen dira kezkapean larri Dostoievski aipatuak margozten ditun giza-irudiak.

Ez al dozue ikusi inoiz Anboto mendiaren babesean etxe zahar bat, gaztelu zarpilkatua iduri? Ziklopeen eskuz harkaitz bizian zartaka eregia dirudi. Landugabeak ditu hormak. Bata bestearen gain orpoka jarriak harkaitzak. Noizbait guda gaztelu izana. Gaur, ordea, laharrak eta huntzak aien luzeka janzten dautsoe bizkarra. Leiho zurak eta ate olak erdi usteldu jakoz. Saretu dira oro leihondoetako leiarrak. Ekaitzaldian haizeak zirrituetan zinkurin dagi negarka. Saguzarrak eta armiarma sareak dira marandioetan nagusi.

Etxealde aberatsa izana da antzina Larretxe. Artalde ugariak morrozten zituen negualdietan inguruko otadiak. Etxeburuko belardietan ere behi talde ikusgarriak larratzen ziran zintzarriei dilin-dalan eraginaz.

Horra, ordea, zelan sartu zan etxepean zorigaitz izugarria ustegabe. Urtearen buruan etxeko biztanle guztiak makurtu eutsoen heriotzari burua. Bat-batean joan ziran nagusia ta bost seme-alaba sendokoteak. Ha izan zan heriotzaren ostubehar galgarria! Amona zaharra bakarrik lotu zan etxean.

Bazan harrezkero herrialdean marmarra eta jarduna atergabe. Edesti beldurgarriak jalkitzen zituen herrikoek hor-hemen hurrekoei, belarrira isilka mintzoa isuriz. Larretxera hurreratzean, gizon sendo eta bulartsuei ere bihotz taupadak eteten jakezan bat-batean. Zurrun tinkatzen ziran. Ezkerraldeko pinudia gauerdian zeharkatzean, bidaztiak hasperen ituna entzun ebala nonbait? Eleizdorrean hontzak hauspo hotsa eta oihua egiela? Ixo! Hau beldurra! Larretxeko sorgina dabil erratz gainean hegazka. Sartu zadize arin etxe barrura. Zaindu zuen haurren loa. Atso gaizkileak begiz jotzen dauna, hurrengo egunean hilko da. Txinpart gorriak argiztatzen ditue sorginaren begizuloak. Erne ez bazabiltze, gainera, ohean atzemango ditu umetxoak, eta zanpatuko ere. Uuuu…! Hau beldurra! Hau ikara!

Gauez Larretxera zerbait hurreratzen ausartu diranek entzun izan ditue, barriz, hots erdiragarriak! Pertz hots, burruntzali tangateko, ijiji eta iskanbila erogarriak. Han biltzen baitira gau jolasetara inguru hareitako sorgin zahar bihurri eta tximadunak. Han egosi eta maniatzen ditue laratz pertzetan gizon eta emakumeak zorarazteko nahastekari harrigarriak. Han gaitzen ditue igurtzkai ezaugabeak. Gauerdian kebidetik garrasika eta oihuka irtengo dira emakumeen eta umetxoen loaldiak kezkatuz.

Egun batez, horratio, zentzun bakoarena izan zan nire txepelkeria. Mutilko zorabiatua nintzan, agian. Txorikume bati harrika jarraiz, Larretxeko etxe azpira iritsi nintzan eroki. Errekondoko sarats hondoan kuzkurturik harri kozkorra jaurtitzeko zai   nengoalarik, hitz hotsa entzun neban sorbalda aldetik. Norbait ondoratu jatan nik ohartu gabe. Itzuli neban burua. Zutundu nintzan.

Aaa…! Larretxe-ko sorgina!

Aiztoz sabela urratu izan baleuste, ez neban bihozpetik garrasi garratzagorik jaurtingo. Eztarrian ito jatan, ordea, mintzoa. Kordegabe erori nintzan eta buruaz lurra jo.

Zoralditik esnatu nintzanean, Larretxeko ohe bigun batean ohartu neban nere burua. Jaugoikoaren izena! Sorgina egokidan begira begi erne. Begiak zabaldu ordukoxe, aurpegitxoan laztanduz, jaulki eustan:

— Ez izan beldurrik, umetxo. Ez dautsut nik gaitzik egingo. Guzur huts dira herriko mingain gaiztoek isurtzen dituen zitalkeriak.

Hau esanaz gero, katilutxo epel bat hurreratu eustan ezpanetara. Larranbilo ura zurrutatzeko agindu eustan. Zorabioak aldenarazteko egokia dala edari hori. Beldurrez gainditurik neukan artean gogoa. Joan zan, horratio, lehengo larria. Ikusminak zirikatu nindun une haretan.

Horra ohartu nebana.

Begi urdin ederrak zitun Larretxeko amonatxoak. Ez txingarrik begininietan. Ezta ere surik begizuloetan. Are gutxiago, barriz, begiratu errerik. Artilea bezain zuri buruko ileak. Matailak zurbil. Zimurrez zeharkatuak. Astiro eta mintzo dardarka mintzatu zan. Hartu neban luzatu eustan katilutxoa eta bai aurki xukatu ere. Isuri eutson, nonbait, atsotxu begikoak larranbilo urari gozakia oparo. Izaten al dabe, ba, sorginek, edariak gozatzeko gozakirik? Bai, itxuraz. Bihotz onekoa iduri jatan Larretxeko amonatxo hortzgabea.

Hasia zan ordurako mendietan behera ilunabarra jaisten. Eta burua eta matailak esku zimurragaz laztanduz, esan eustan barriro atsotxoak:

— Zoaz arin etxera eguna zeharo ilundu baino lehen. Kezkatuko litzakez zure etxekoak hara garairako helduko ez bazina. Ez esan horratio inori, hemen izan zaranik. Betiko galdua zarala usteko dabe, bestela. Ez sinestu hor nitzaz esaten dituen bihozgabekeriak. Ez dautsot egundo inori kalterik egin. Ezta egingo ere. Hala ere, herriko biztanle guztiek bihozki gorrotatzen nabe. Jaungoikoaren zigorra da. Bizitza latza nirea, benetan. Etorri zaitez nahi dozun guztietan etxe honetara. Zure amonatxoak baino ere maitekiago zainduko zaitut. Maitasunaren egarri naiz, ba, eta gizadiak gorroto hutsa itzultzen daust. Agur!

Laino baltz lodiak txanoz jantzi eben garai haretan Anboto mendiaren gandorra. Eleiztorreko joaleak burdin burrunba geldia zabaldu eben herriaren gain. Gau otoia entzun zan eleiza inguratzen deben etxeen teilatupeetan. Aurki hasiko dira hontzak hauspo hoska eta oihuka. Berehala dardartuko ditu haizealdiak hildegiko zuhaitz jeikien adaburuak. Eta herriko biztanleek aho batez begi ikaraka esango dabe: «Larretxe-ko sorgin gaizkilea dabil hor hegazka. Sartu gadizan etxebarrura. Zaindu daiguzan umetxoak».

Eta giltzaz eta atagaz estutuko ditue atariko ateak, eta maratilaz leihoak.