Lukainka

Lukainka. Martin y Mena, 1913

— Etorri al dek ama?
— Ez, eta etzekinat etorriko dan ere.
— Lau terdietako irten balu Zarauztik…
— Ez hagon txarra! Nola nahi huken hori? Hirurak izango hitunan hara heldu daneko, etzekinat zenbat eginkizun arautu behar dizkin, badakin gainera hango Leketxean aitortzeko asmoa zeramala…
— Bai, bihar Ama Neskutsaren Sorkundea dek eta…
— Lau terdietako ezin amaituko zizkinan ba hainbeste gauza.
— Egia diok.
— Badakin zer ordu degun?
— Seirak alde.
— Zazpiretako agertzen ez bada, berari ez itxaroteko esan din.
— Ordu bete luzea oraindik! Aspertuko gaituk.
— Ez al daukan zer eginik? Antolatu al den afaria?
— Hor zeukak lapikondokoa, baita esnea ere egosita pertzan…
— Eta bi lukainka mutur hauek…?
— Txikiena batentzat. Eta handiena, ama datorrenian, erdibituta bientzat izateko oldoztua zeukat.
— Eta ez badator ama?
— Orduan… ipuirik ederrena oraintxe asmatzen duanarentzat.
— Ez den ateraldi makala! Nahi den asi?
— Ekin eiok heuk.
— Adi zan ba burura datorkidan hau.

* * *

Ludi osoko jaun eta jabe, eta biztanle guztien berdingabeko nagusia zalako ustez, haizez puztuta harro-harro zebilen behin batean lehoia. Bai al da —zion bere buruari—, bai al liteke ni bezin galant, eder, sendo eta irme danik? Zeinek nere haunditasuna? Nork nire ahalmen eta indarrak? Ez dago nere atzaparrak zatitu ta nere letaginek xehatuko ez luketen gauzarik. Nahikoa da nere orroi bat abere txiki ta haundiak izututa utzitzeko. Aski eta naikua naiz ni neu bakarrik. Beste guztiak nere behar izan arren, ez det nik inoren beharrik.
— Zeinek daki? —erantzun zion lehoiaren bakarrizketa bere horma zulotik aditu zuan sagu txiki batek.
— Hire beharra! —irribarrez esan zuan lehoiak.
Algara eta amorrua bat-batean etorri zitzaizkion.
Baina, bai al zan inor eguzkiaren azpian bere haunditasuna eta agintea ez aitortzeko arpegia zeukanik?
— Aski naiz ni —lehen baino harroago jarraitu zuan—. Beste guztiak nere behar izan arren, ez det nik inoren beharrik.
— Zeinek daki? —txistu zoli baten eran erantzun zion berriro sagu zirtzilak.
Baina tximista baino arinago ezkutatu behar izan zuan bere burua, suak hartutako lehoiaren atzaparretatik ihes egiteko.
Egunak joan eta egunak etorri, kaiola batean arkitu zuan goiz batean bere burua lehoiak. Gizajoa lo zegon bitartean atxitu zuten ehiztari azkar bik. Haren orroak eta marroak! Irakiten zeukan odola, ahotik bitsa zerion, eta bi txinpart gorri-gorrien antza zeukaten haren begiek. Eta dena alperrik! Orduantxe bai hartuko zukela poz-pozik norbaiten laguntasuna! Amorruz itsututa zegon eta etzituan ikusten kaiola bazterrean lanean ari ziran bi sagu, ez ere aditu, bere marroekin, haiek ateratzen zuten hotsa. Halako batean begiratu zuan zoko hartara, eta bai ezagutu ere horma zulotik hitz egin zion sagua.
— Zer ari aiz hor? —galdetu zion lehoiak.
— Begira! —erantzun zion saguak, bere hortz zoliakin ebakitako ohola erakutsirik.
— Eskerrik asko! —esan zuan lehoiak kaiola lagatzen zuan bitartean.
Baita honela jarraitu ere, basoruntz abiadura hartu baino len:
Gaizki egin nuan. Ez da inor isekatu behar. Ez da inor, haundia eta ahaltsua izan arren, noiz edo noiz txikienen eta zistrinenen behar izan ezin litekeanik.

— Mutil, ez dek txarra, baina ikusiko diagu zeinentzat dan lukainka mutur luzea. Lehoiana dek ipui au ere. Adi zak:

* * *

Haizez ondo puztuta zeraman bere burua lehoiak behin batean. Arpegiko narrua kendu, ta lepoa bihurrituko bazioten ere, etzuan sinistuko bera adinakorik izan zitekeanik. Ta berak onela sinistea nahikoa izan balitz! Beste guztiai bera sinistuerazi nahi… Baita aitortu beharko ere, lepo gainean edo lepo alboan iduki nahi bazuan inork bere burua, etzeukala lur osoak hura bezelakorik.
Onelako burutasun harroz bero-bero eginda irten zan goiz batean bere zulotik. Mendira zihoazen ardi, larrera zihoazen behi, ahuntz, asto… mueta askoko abereak arkitu zituan lehoiak bere bidean. Guztiai eta bakoitzari itandu zien:
— Zein da zuen nagusia? Nor da zuen jaun ta jabea?
— Gizona, gizona! —erantzuten zioten danak.
“Gizona, gizona —zioen bere artean lehoiak—. Zein ote da hori? Hauxe da abere hori ezagutzeko nahi bizi-bizia! Bai ote da ni adina? Ez dek oraindik behintzat ni adina danik nere arpegiaren aurrean jarri. Ez da jarriko ere!”.
Honla jarraitzen zion bideari marmar eginaz, eta ikusi gabe oso aurrean zeukan arte alde batera eta bestera buztana zerabilen txakur jostalaria.
— Nor dek hire nagusia? —galdetu zion lehoiak.
— Atzetik datorren hori —erantzun zion txakurrak.
— Eta zein dek bera?
— Gizona.
— Hori al da gizona? Txaldan, txatxu, ziztrin, ezertarako ez dan hori al da gauza guztien jabea? Ez nerea behintzat. Ez bestiena ere hemendik une batera…
Hurreratu zan eta:
— Hi al haiz gizon ahaltsu, abere guztien jaun ta jabea?
— Bai, higandik hasita.
— Horixe dek berehalaxe agertuko dana.
— Burruka egin nahi dek, noski?
— Bai.
— Haserratu gabe burrukan ibiltzea oso parregarria dek. Aldendu adi pittin bat, ta jaurti izkiagun alkarri datorzkigun gaiztakeriak, haserratu arte. Orduan etorriko gaituk eskuetara.
— Ez dek gaizki esana.
Aldendu ziran, baita ekin ere lehoiak zekizkian eta ez zekizkian likiskeria eta zitalkeriak gizonari jaurtitzen.
— Bukatu dek? —galdetu zion honek, hura isildu zanean. Eta suarma bat hari begira ipinirik, “Hiretzat” deadar egin zion durrundara beldurgarri bat aditzen zan bitartean… Buru zatitutik odola zeriola lurrera erori zan lehoi panparroia. Gelditu zitzaion bizitzunea onuratu zuan esateko:
— Gehiago haiz! Ez dek nere hortz eta atzaparrik, baina hire bekoki garbi ta begi argi hoietan ezkutapenen bat badaukak…

— Zer deritzok?
— Neska, ez den hirea ere hain txarra. Beste ipui batek erabaki dezala zeinentzat dan lukainka muturluzea.
— Begira eiok sarri, hor zebilek katua ta…

* * *

Bi anaia ziran oso langile, zintzo eta elkar maite-maite zutenak. Gurasoak hil ondorean, beren etxe zaharrean morroi batekin egon ziran urte batzuetan. Baina Patxiri ezkontzeko era eta gogoa aurkeztu zitzaizkion, eta auzoko neskatxa lerden eta txukun Joxeparekin kabi berria egitera joan zan. Lengo etxe zahar hotzean gelditu zan Joxe bere morroiarekin.
Burutasun eder-eder bat etorri zitzaion halako batean Patxiri, baita azaldu ere emazteari.
— Aizu, Joxepa, ez al litzake ona izango tamal ematen didan gure anaia gizajo bakarrik dugun horri zerbait laguntzea?
— Ahal degunean berari sorostutzeko beti prest nagola badakizu.
— Ez det lagunik behar bururatu zaidana egiteko, zuri lehendabizi agertzea ondo zala iruditu bazait ere.
— Zer asmotan zaude?
— Horra ba, atzo eta gaur ebakitako gariak zabal-zabal dauzkagu soroan, eta besarkada bat edo beste hari eraman nahi niozke, baina berak igerri gabe, osterantzean ez lizkidake hartuko-ta.
— Bapo, gizon. Txiro ta behartsuai emandakoak ez du inor arlotu.
Ilunduta geroxeago egin zuan Patxik oldoztua zeukana. Baina, bere harritasuna biharamunean lasto baten hutsunerik ere soroan arkitu ez zuanean!
— Hauxe dek hauxe!… Gaur eramango dizkiat berriro bart arratsean aina besarkada…
Hurrengo goizean atzegunean adina lasto eta gari zeuzkan bere soroan.
— Honelakorik! Hementxe geratuko nauk —esan zuan Patxik—, ezkutapen hau ikusi ta igarri arte.
Gau hartako hamaikak izango ziran gitxi gorabehera, gariz zamatuta bere sorora zetorren gizon bat nabaritu zuanean Patxik.
— Gabon! —esan zion honek.
— Patxi!
— Hi al haiz, Joxe?
— Zer burutasunek hakar honera?
— Hireak ber-berak nunbait… Bakar egon ezkero, hiri nik laguntzea ez dek harritzeko gauza…
— Entzun zak nola oldoztutzen nuan nik: Nere anaiak sendia dauka, oraintxe erne zaizka bi landaretxu. Politak eta etxia alaitzen diotenak dira, baina haiek elikatzeko ta apaintzeko nik baino gehiago behar…

— Mutil, ipui ederra dek hori!
— Etsi den? Neretzako orduan lukainka…
— Etxoron zak apur bat, oraintxe zetorkidak beste bi anaien ipui bat eta…

* * *

Gose-gose ziran anaia bik ez zeukaten jateko arrautza bat baizik.
— Nerea dek —esan zuan Andresek—, hi baino zaharragua nauk eta.
— Honetarako ez dik adinak eskubiderik ematen —erantzun zion Pellok.
— Uste al dek gaztiak ez degula urdailik? Ez dek aitu ostera inoiz honelako gauzatxoak ume ta guztientzat izaten dirala?
Zirrika eta mirrika, era honetan jardun zuten nekatu arte, euren eztabaida bukatu ezinik. Hara azkenian zer erabaki zuten:
— Goazen lotara —esan zion Pellok bere anaiari—, ta ametsik ederrena egiten duanarentzat izan dedila arrautza. Guazen.
Egunsentiko argi bigunak begiak ideki ziozkaneko, hasi zan deadarka Andres:
— Aizak, nerea dek arrautza. Ona baino hobeagoa dan ames eder-ederra egin diat. Aingeruen hegatan nijuala uste izan diat, baita igaro ere gau guztia zeruko dohatsuen artean.
— Bai, eta hara hoakala ikustean, esan diat nik: Ez dik onek lurreko arrautzik behar. Jetxi nauk ba berehalaxe sukaldera, baita jan ere gure arrautza…
— Bapo neska, ja, ja, ja.
— Lukainka…? Non dek gure lukainka?
— Ooo!
— Han, han…! Sapaira zijuak hortzetatik zintzilika duala. Zapi! Zapi!
— Harrapa zan! Lehertuko al den bertan gure lukainka muturluzea jan digun katu madarikatu hori!
— Zer egingo diagu orain?
— Apaldu, honezkero ez den ama etorriko ta… Zeinentzat izango dek gelditu dan lukainka?
— Erdibitu ta pakia.