Neska elbarrituaren ziria

Zeruko Argia, 1967

Gustukoa, txit gustukoa zitzaidan Bartzelonako Diagonal barrena ibiltzea; sarritan, gustukoa ez ezik, beharrekoa ere bai. Nere gertaera egiazko honen denboretan ez zan egurastoki eder hura jendez eta beribilez beterik egoten, gaur bezela. Muntanerretik Saint Joanen Egurastokirainoko tartea nuen ezagunena, ibiliena alegia. Arnasa zabal hartzeko leku aukerakoa benetan. Eta leku hartaxetik nenbilen, udazkeneko goiz iluntxo hartan, inguru haietako eliza batetik nentorrela, hau gertatu zanean.
Graciaren Egurastoki aldera nindoalarik, hara, nere aurretik ez urrun —50 bat metro tarte— emakume bat, irudiz gaztea, ikusi nuen alderatzen. Bera zan inguru hartatik zebilen oinezko bakarra, horregatik begiratu nion.
Horregatik, eta emakumea zalako.
 
Halako batean, nigandik hamabost pausora zegoelarik, irribarrez hasi zan. Arreta haundiagoz begiztatu nuen, zerbait harrituta, haren irribarrea neretzako zala sumaturik. Eta halaxe zan. Laster konturatu nintzan uste izan nuen bezin gaztea ez zala. Hurbilxeago zegoenean hots egin zidan, beti irribarrez eta txeratsu.
— Baina gizona! Honontz aldi!…
Ikusgarriak zituen hortzak, eta gorputza lerdena. Baina ibilkera motel samarra zuen, zalantzakorra. Orduan nabaritu nuen lehenbizikoan ohartu ez nuena: eskubiko zangoa mendaz lotuta zuela, eta beso bat ere, erdi elbarritua, gerri gainetik tolestuta zeramala. Berrogei urtetsuko emakumea zan, argi eta alaiak zituen begiak. Arpegi azala berriz, kolore ila eta lardaskatuxea. Ederra izana… noizbait.
— Hemen aldi? —birresan zidan goraki, bere poza ezin gorderik— bizi al zera, beraz? Hau poza nerea! Nahiko ibilia da mundua harrezkeroztik! Nork esan! Norbaitek esan zidan Ameriketara joana zinala… Zer berri gizona, zer berri? Hau poza!…
Eta zaparrada horrekin erasotzen ninduen bitartean, eskuak bero-bero eta maitekiro estutzen zizkidan.
— Baina… nor zaitut? —esan nion . Barka zadazu, ez naiz zeharo oroitzen zutaz.
— Baina gizona, posible al da? Excelsiorreko Luixita nauzu… aspaldiko Luixita. Zahartuxeak gaude, baina zu, lehen bezin majo ikusten zaitut.
— Excelsior!
— Horixe bera. Gogoratuko ez zera ba?
— Bai…
 
Excelsior zeritzan kafetetxe famatu hartara joateko ohitura nuen nik, aspaldi, oso aspaldian, kantu hirukote edo «trio vocal» batekin nenbileneko denboretan. Nonahiko jende askorekin nituen hartu-emanak, eta jende askok ezagutzen ninduten ondotxo, nik haiek baino hobeto segurki. Agidanez guziak ez zeuden oraindik nitaz ahazturik. Eta ni ere hasi nintzaion galdezka, horretarako lekua uzten zidanean. Emakumearen hitzontzia! Ni ikusteko pozak mingaina askatzen zion nonbait… nik hala uste.
— Ezkonduko zinan, noski? Bai al duzu semerik? Oso zinan umezale, zu… Gogoratzen?
— Bai… Lau ditut, hiru mutiko eta neska bat.
— Ederki! Ez al zera inoiz Excelsiorra itzuli?
— Ez, oso bizimolde diferente bat daramat gaur… holako lekuetatik urruntxo nabil orain.
— Ongi egina… Baina ni gogoratzen naiz oraindik elkarrekin igaro genduen azken gau hartaz…
Eta gero, mintzo samurragoz…
– Muntaner kaleko 81ean izan zan… Gogoan daukat, eta gogoan dauzkat orain ere momentu goxo Haiek… Zuk ez?
— Nik, ba… e! Aspaldiko gauzak! —erantzun nuen barrez eta iheskor.
Eta ondoren, mintzagai hura uxatu nahian…
— Eta zu —jarraitu nuen—, zer zabiltza? Zer dala eta mendaje horiek? Eroria ala?
Neskazaharraren begirunea goibeldu egin zan.
— Bai zera erori! Ai, besterik ez balitz! Ezbehar ikaragarri bat izan dut: beribil batek harrapatua…
— Eta hori nola?
— Gogoratzen zera Hidalgo koronelaz?… Bai gizona, gure kuadrilakoa zan hura ere, komandante zanean, oso gizaseme alaia zan. Ba, horrexek harrapatu ninduen beribilarekin, orain bi hilabete dala. Ospitalean egona izandu naiz heranegun artean. Gorriak ikusirik nago, neuzkan diru apurrak ere urturik eta…
 
Gainerako xehetasunak eman zizkidan gero. Bera izan bide zan kulpagarri ezbehar hartan, eta horregatik ezin zezakean legebidez ezer eskatu, ezer erreklamatu. Aldi hartako juezak —nik badakit hori— ez ohi ziran gaurkoak bezin zorrotzak izaten beribildunen kontra, kulpaduna oinezkoa baldin bazan behintzat. Gaur bai, bestela jokatzen dute juezak, legeak ere gogorragoak dira eta. Koronel harrek hala ere, laguntzeko hitza eman omen zion neska gajoari.
— Etzi joateko esan dit, uste dut zerbait aterako diotala, gizon zintzoa baita.
— Suerte ona izan, ba.
— Eskerrik asko. Eta bitartean —gaineratu zuen berak, bozan halakoxe urduritasun bat agerrarazten zuela—, bitartean zuk ezer eman ahal bazenezaidake… Asko ez baiña… Berrogei duro edo… Dirurik gabe nago, bazkaltzeko ere sosarik ez daukat… Asko eskertuko nizuke…
Nik eskua diru ziskura eramanik, bost duroko bilete bat eman nion, «Gutxigatik barkatzeko» eskatuaz —gehiago banuen ere, bost durokoa baizik ez nion eman.
— Berdin da gizona, borondate oneko mutila zera, eskerrik asko, bihotzetik. Eta orain banoa. Ondo izan eta hurrena arte.
Estutu zizkidan eskuak, esker oneko errainu batek begiak argitzen zizkion bitartean.
— Agur… Agur neska. Lehenbailehen sendotu…
 
Eta alde egin zuen neskazahar elbarrituak, txiliki-txalaka, bere zango eta beso kolpatuekin, bere ibilkera motel zalantzakorrarekin, eta nere bost duroekin. Begira gelditu nintzaion apurtxo batez, eta gero bideari jarraitu nion nik ere, barrena jolastuta sentitzen nuela.
Sinetsiko ba ote duzun ez dakit: ez nuen ezagutzen emakume hura… Berak aipatzen zuen Excelsior kabareta eta ni joaten nintzaneko Excelsior kafetetxea ez ziran bat, bi ziran, guztiz diferenteak.
Muntaner kaleko ipuin hartaz mintzatu zanean ikusi nuen argiro haren jokoa. Ondotxo dakit nik non eta norekin ditudan igaroak nere bizi guziko gauak… Baina grazia haundia egin zidan dirua ateratzeko zuen gaitasunaz. Psikologiaren aldetik ere, txit aipagarri: kalean gizon adintsukoren bat topatu, aspaldiko ezagunak balira bezela harekin mintzatzen abiatu, eta gero haren gizontasunean zirika hasi… ez zezakean hutsik egin! Nola ez poztu, nola ez harrotu gure gizona, emakume batek berarekin pasatako maitegauak —irudizkoak izan baditezke ere— aipatzen, gogorazten dizkionean? Ezin ezetz esan behinik behin… Nola erantzun “Ez andereño, nik ez zaitut ezagutzen… Ni mutil promala naiz… Nik ez dut sekulan ere gaurik igaro zu bezelako neska batekin!…”.
Aipagarria, diot berriz ere.
Zer izen ipiniko zenioke zuk, irakurle, emakume azkar harrek egin zidan zirisartze honi?