Ni, zu naiz

Punto y Hora de Euskal Herria, 1978

Egun beltz hartan, makinak eskuina moztu zidan. Ia ez nuen minik nabaritu, zerrak, dzast!, nire eskua lukainka bat bezala moztu zuenean. Eskuturra odoletan ikusi nuen, eta ondoren konortea galdu nuen.

Lantegiko eritegian berriro etorri zitzaidan konortea, eta Manex laguna zuri-zuri ikusi nuen alboan: nire eskua zeukan esku artean.

— Ez ezazu gal —esan nion—, salda on bat egiteko gutxienez balio du.

Gero, lantegitik klinika batetara eraman ninduten. Eta eskua besoari berriro josiko zidatela esan zidaten. Han ibili ziren osagileak ordu batez, zaintxoak, hezurrak eta nerbioak txukun-txukun josi nahiz. Baina ez zuten beren helburua lortu. Alde batetik eskuin gabeko ni geratu nintzen, eta bestetik ni gabeko eskuina.

— Zer egingo duzue nire esku horrekin? —galdetu nion osagileari, operazioa amaitu zenean.

— Kutxa batetan sartu eta sutara bota —erantzun zidan.

Nik zera esan nion, bere eskua sutara bota nahi izatea, be-raren arazoa zela. Baina, nire eskua NIREA zenez gero, haren jabea neu nintzela.

— Nire eskua ez duzu sutara botako —esan nion haserre—. Nire eskua sutara botatzea, nire adiskide jator bat sutara botatzea bezala da —oihukatu nion—. Hogeita hamar urtez ibili gara elkarrekin, eta, nire eskuari esker, makina bat gauza on ukitu ditut, neskak deskubritu nituenetik batez ere…

Eta osagileak ezetz, berari bost axola zitzaiola nire eskuaren ukimendu zoragarriak. Eta orduan, ezkerraz, kendu egin nion osagileari neure esku galdua, eta burkoaren azpian gorde.

Han izan ziren istiluak! Elkarri oihuka hasi ginen. Erizainak etorri ziren.

— Neure eskua ostu dit osagileak! Ez, esku hau ez da harena, nirea baizik!

Arazoa nabarmendu egin zen, eta klinika osoan eztabaida sortu zen. Batzuek osagilearen ikuspuntua defendatzen zuten, eta besteek, ostera, nirea. Nik neuk, bitartean, neure esku maitea zaintzen nuen. Eztabaida konpontzeko, azkenean klinikan hauteskunde bat antolatu zuten.

— Zer egingo duzu, hauteskundea irabazten baduzu? —galdetu zidaten.

— Formol botila batetan gordeko dut eskua, sekulorun sekulatan! —erantzun nien.

Eta horrela egin nuen, hauteskundea irabazi egin nuen eta.

Nire defendatzaileek, gainera, botila eder batetan litro bat formol eskaini zidaten. Klinikatik etxera bihurtu nintzenean, egongelan ipini nuen botila, «Recuerdo de Ponferrada» zioen oroigarri baten alboan. Gauero, afalostean, neure eskuari begiratzen egoten nintzen, liluraturik, hamar-hamabost minututan.

Gau batez, gauza berri bat nabaritu nuen neure botilako eskuan: eskuaren alderdi moztua luzeago zegoen, hain zuzen. Ez nion garrantzi handirik eman, eta formolak sortutako aldaketaren bat zela pentsatu nuen. Hurrengo egunean, ordea, eskuak eskuturra eta guzti zeukan botila barruan; eta, bi egun geroago, eskuak eta beste beso erdi batek oso-osorik betetzen zuten ontzia. Ni urduri jarri nintzen. Fenomeno hura berria zen niretzat. Eskua eta beso berria botilatik atera eta, farmazia batean bost litro formol erosi ondoren, lapikorik handienean jarri nituen, kristalezko tapagailu batez ondo estalirik.

Handik bost egunetara, ordea, lapikoa txiki gertatu zen, eskuari besoa, sorbalda eta bizkar zati bat hazi zitzaizkion eta. Zer egin? Momentu batez, guztia hondakindegira botatzea pentsatu nuen; baina erabaki honen arriskuak handiak ziren. «Norbaitek gauza horiek hondakindegira botatzen ikusten banau, nork sinestuko du, nire lehen eskua eta nire ‘bigarren’ beso, ukalondo, sorbalda eta abar direla? Hiltzaile sadikotzat hartuko naute». Gau osoan neure egoera larriari irtenbide bat bilatzen ibili nintzen, baina ez nion soluziorik aurkitu.

Goizean goiz, eskua eta beste guztia lapikotik hartu eta bainontzian jarri nuen. Formol gehiago behar nuen, eta oraingoan ez zen hain erreza: berrogei litro behar nituen. Osagile adiskide batek lagundu ninduen, eta bere jakinahia asetzeko zera esan nion, nire osaba bat gasolinaren ordez formola erabiltzen zuen motore bat egiten ari zela. Lagunak ez zidan sinestu, baina gutxienez zalantzatan utzi nuen.

Bainontzia formolez bete nuenean, etxe osoa usain garratz batez bete zen. Zapi bat jarri nuen sudurrean, arnasa hartzea zaila baitzen. Besoa, sorbalda, lepoa, ezker aldeko besoa eta zilborrerainoko enborra formolean geratu ziren. Biharamunean, enborrari bi zango sortzen zitzaizkiola ikusi nuen, eta gauerako bi zangoak oso-osorik zeuden.

Gorputzari burua bakarrik falta zitzaion.

Gauean ez nintzen oheratu, buruaren sortzea ikusi gura nuen. Bainontzi alboan besaulki bat jarri nuen, eta han egon nintzen buru sortzeari itxarotzen. Gaueko hiruretan lepoa luzatzen hasi zen. Lauretan aurpegi erdia agertu zen, eta bostetarako burua oso-osorik ikusi nuen. Momentu hartan, gorputza arnasa hartzen hasi zen. Nik jauzi bat egin nuen atzerantz, gorputza mugitzen ikusi nuenean. Ondoren, gorputz berri hark, nire anaia bizki hark, begiratu egin zidan.

— Ez zaitez ikara! Ni, zu naiz! —esan zidan.

Gero, nire eskuin eskuturra bere bi eskuen artean hartu eta berba hauek esan zizkidan.

—Ez nekien eskuina galdu zenuenik.

Ondoren, bainontzitik atera zen, nire arropa batzu jantzi zituen eta gosaria neure anaia berriarekin hartu nuen. Anaia sortu berriak kafesnea zerbitu zidanean, guztiz harriturik geratu nintzen, neure eskuina beste gorputz batetan bizi-bizirik ikustean.