Nylonezko euritakoa

Egan, 1964

Behin, nylonezko euritako bat ekarri zuten denda batera anai askorekin, eta bidean ez lohitzeko zeraman paperezko soingaineko zuria kendu ostean, dendaren leihoan ipini zuten, jendeak ondo ikus zezaken eskegitoki batean.

Saihetsak metal zurizkoak zituan, urak herdoiltzen ez dituenetarikoak, kirtena horia, Javako kanaberazkoa, zurixka adabegietan, kiskaldua eta kafearen kolorezkoa adapoetan, eta korapilo batekin lotuta, sedazko zinta beltz bat, ezkur itxurako zintzilikailu banarekin puntetan.

Ez zan egon luzaro jendearen aurrean, gizon bat bere begira maitasunez gelditu, dendan sartu, eskatu, zabaldu, “Oso polita da, hauxe da neri atsegin zaitana” esan, itxi berriz eta erosi zuanean.

Pozik atera zan euritakoa dendatik bere jabe berriarekin. Halako begitada samurrak eta halako hitz eztitsuek bihotza irabazi zioten.

Gizonak ere pozik edegi zuan gardasola euri zaparrada gogor baten erdian.

“Hauxe da bai, handia!” zion berekiko euri tantek tela tiretuaren kontra tanborra jo eta jendea blai-blai eta arrapaladan atarietan sartzen zalarik.

Aurreko bidezti gaixo bat, hormaren ondo-ondotik zoan euritakorik gabe, eta ohartzeke itoi baten azpitik igaro zanean, ur hotzezko tantak sartu zitzaizkion lepotik, atorra eta haragi artetik bizkar epeletik behera. Uste gabeko hotza sentitu zuanean, hezurretaraino ikaratu zan.

Berehalaxe igaro zan gero handik bere euritakoarekin eta urak tarrapa-rran-rran-rran! egin zuan bere buruaren gainean, lepo eta bizkarreko haragi epela ezertarako ukutu gabe.

“Hau poza!” erran zuan gizonak.

Gardasolpean leihor-leihor, ohartzen zuan beste oinezko bideztien bekaitza, atarteetan sartuta gelditzen ziralarik atertuko zan itxaropenarekin, eta pozaren pozaz ezpain bazterrak jaso irriño batean, eta hunela oldoztu zuan:

“Ai astokilo gaixoak! Ez al zerate konturatzen azkenean berandu eta zaparradarik gogorrenaren erdian atera beharko zeratela, atarterik atarte ibilteko arrapaladan, lehenbiziko bide zatian ia leihorrik, bigarrenean busti xamar, hirugarrenean ondo bustita, laugarrenean blai eta gero uretara erori bazinateke bezela?

Hunelako oldozmenekin alaitua, kafe batean sartu zan. Utzi euritakoa gardasoltegian eta adiskideengana joan zan.

Ez zan hau euritakoak itxaroten zuana. Bere burua ura zeriola eta heste euritako hotz askoren artean estu-estu sartuta ikusi zuanean “Hau al da nere jabearen esker ona  euritik hain ongi libratu duanarentzat? Huna zertan gelditu diran hainbeste pozezko oldozmen nere kontura!”.

Hau dana entzuten zuan alboko euritako zahar batek.

— Agerian dago —erran zion—, oso gaztea zerana, etzerala ohitu oraindik gizonen arte ibilten! Eztakizu gizonen hitz atsegingarriak, eurentzat beharrezkoak diranentzat bakarrik izaten dirana? Hemen, kafe barnean, eztago euriaren arriskurik, euritako bat hemen ezta ezertarako gauza, etzera harritu behar ba, ez bada oroitzen zutaz zure jabea kanpora irten arte.

— Baina nere jabeak erran du ni naizela berari atsegin zaiona, eta oraintxe bertan ibili da nerekin, poz handia ematen niola eta hunelako gauzak esaten.

— Ezta ajola. Orduan euria ari zan eta orain hemen barruan ezta. Zu lehen beharrezkoa zinan, orai eragozpen bat baino etzara beretzat. Ez galdu hau bistatik, gizonak ulertzea nahi baduzu. Ezpadaukazu besterik bere kontra, eztaukazu zer esanik. Itxaron hitz hasarreak eta biraoak entzun, edo bere pisu guztia zure gainean jasan, makiltzat hartua izanik hausteko arriskuarekin, edo zartadak hartu, edo gaizki tirabirakatua izan arte.

— Hain gaiztoak dira ba gizonak euren zerbitzurako bizi diranentzat?

— Paaa!… gaiztoak, gaiztoak… gizonek komeni zaiena egiten dute beti. Hitz goxoren bat esaten badizute, zugandik zerbait lortzea nahi dutelako izanen da, eta ezer lortzeko itxaropenik ezpadauke, zertarako egon zure begira? Ze ajola zaie zugaitik?

— Orduan, jabe guztiak dira berdinak guretzat?

— Ez, hori ez. Batzuk besteak baino hobeto pentsatzen dute zer dan gehien komeni zaiena, eta hala pentsaturik jaberik onenak izaten zaizkigu. Ezkaituzte erabilten haizeak gogor joten duanean, zalbaltzen gaituzte bustirik gagozenean ondo leihortu arte, garbitzen gaituez ongi, josten edo josiarazten dizkigute zauri ttikiak handiegiak bilakatzeko beta pasatzen utzi gabe, eztira ezarten gure gainean pisu guztiarekin… Laburki esateko, onak izaten dira gurekin, gugandik zerbitzu gehiago lortzeko.

— Eta guk ezin dugu egin ezer, jabe txar baten eskuetan erori gerala ikusten dugunean?

— Nola ez! Asko egin dezake dudarik gabe euritako batek jabe txar baten eskuetatik ihes egiteko. Gizonek eztute jakiten, guk jakiten dugun bezela, noiz datorren euria, eta kalera ateratzerakoan dudan egoten dira, egunaldia zelakoa izanen ote zaien igarri nahirik. Jabearekin ondo konpontzen dan euritakoak, orduan, euria datorrela ikusten badu, “Har nezazu!” esaten dio, eta bestela “Utz nezazu!”, baina jabea gorrotatzen dutenek okerretara esaten diote hau. Gizonak eztu inoiz susmatzen ezer, eta jakin barik, euritakoak agintzen diona egiten du beti. Zerrapoarekin ere gauza asko egin ditzake euritako zoli batek jabe gaizto bategandik laxatu nahi danean. Baina batez ere jabeak bazter batean edo gardasoltegi baten uzten duanean dauka euritakoak okasionerik onena beste jabe baten arkitzeko, jabe txarrari “Ahantzi zaite nitaz! Ahantzi zaite nitaz!” erraiten diolarik.

Jabearenganako zaletasuna hoztu bazitzaion ere, baketu zan euritakoa hitz hauk aintzakotzat harturik, jabea bere bila etorri arte.

Lagunekin musean ibili ostean gizona kanpora atera zanean, oso berandu zan. Kalea leihorrik zegoan eta zeru garbi-garbian izarrak ikusten ziran. Etxera ia-ia heldu eta euritakoaz oroitu zan. Atzera kafera.

Atea itxita, baina argia barruan. Tan-tan jo eta euritakoa mesedez emateko. Nagusia zegoan bakarrik. Alkiak mahaien gainean. Eman zionean “Euritako ederra” esan zion.

— Paaa!… —erantzun zion berak—, eztago munduan traste higuingarriagorik. Edonun uzten duzu ahaztuta. Behin zerbitzu apur bat egiten badizu, ongi ordaindu behar duzu gero, eginarazten dizkitzun urratsekin.

Hitz lotsagarri hauk entzun zituanean, burura edo kirtenera igon zitzaion hasarrea euritakoari, eta bere jabea bertan behera uztea erabagi zuan.

Jabearen etxeko gardasoltegian euritako zahar bat eta neska-euritako lirain bat ezagutu zituan. Gertatu zitzaiona kontatu zienean, euritako zaharrak ere kontatu zituan gauza asko jabearen kontra. Gazteago balitz, esan zion, arkituko luke beste batengana joateko okasioren bat, baina orai, zahartzaroan, ia etxetik irten gabe bizi zalarik, beranduegi zan alde egiteko, bestela…

Neska-euritakoa pozik zegoan bere ugazaba andrearekin eta etzuan nahi alde egiterik, baina laguntzen zien gizonaren kontrako gorrotoa sentitzen.

Euritakoaren ixtorioak, gardasoltegirik gardasoltegi zabaldua, bere anaien belarrietara iritsi ziran. Familia  ugari bateko seme izanik, asko ziran laguntza eskeindu nahi zioten anaiak.

Egun batzu igaro eta, gizona etxean zegoala, euri zaparrada gogor bat erori zan. Jarri zan kalera begira, eta sudurrak kristelean egindako lanoa eskuaz garbiturik, jendea arrapaladan atarteetan sartzen ikusi zuan. Oroitu zan orduan nola ibili zan euritakoarekin erosi zuan egunean. “Gauza ederra da euritako bat” oldoztu zuan  irriño pozgarri batekin. Bat-batean kopeta ilundu zitzaion. “Baina euritako batek —oldozten zuan—  beharrezkoa du euria, zerbait izateko. Euririk eztanean eragozpen izugarri bat baino ezta. Lehenbiziko eguna kendu ezkero, eztut gehiago lortu euria eta euritakoa batera ikustea. Euria ari danean gardasolik gabe arkitzen naiz, aterkia nerekin daramadanean eguzkia da nagusi zeruan”.

Beste egun batean, goizean kalera ateratzerakoan, begiratu zerura eta hodei asko ikusi zituan iparralderuntz mugitzen zirala arin-arin, euria izanen dalako seinale ziurra.

Hartu euritakoa eta lanera joan zan pozik, berriz ikusiko zitualakoan gardasolpetik jendeak peonietan sartzen.

Irten lanetik euritakoarekin, eta eguzki eder bat baizik ez zegoan zeru urdin-urdinean. Jenderik gehiena baino goizago jeiki zan, eta bera izan ezik, ia inork ere ez zituan ikusi euri hodei ilunak zeruan. Batzuk farre egiten zuten, halako egunaldi ederrarekin euritako bat zeramalako. Lotsatuta ibili zan etxera heldu arte.

Biharamunean zerura begiratu eta arraiua!… ezin jakin! Baliteke euria izatea, baina bezperan baino itxura hobea zuan.

Utzi euritakoa etxean eta lantegira.

Irten lantegitik eta euri zaparrada izugarri bat. Lehenbiziko atartera arrapaladan. Han egon, atertuko zan itxaropenarekin. Gizon bat igaro zan euritako haten azpian harro-harro eta burlazko irriño batekin begiratu zituan atartean sartutako gardasolbako gaixoak. Harri bat euki baleu burura jaurtiko zioken.

Azkenean berandu eta zaparradarik gogorrenaren erdian atera zan, atarterik atarte ibilteko arrapaladan, lehenbiziko bide zatian ia leihorrik, bigarrenean busti xamar, hirugarrenean ondo bustita, laugarrenean blai-blai, eta gero uretara erori balitz bezela.

Hurrengo goizean zerua ilun-ilun. Hartu euritakoa eta lantegira.

Irteterakoan sekulako eguzkirik distiratsuena. Hodeien arrastorik ez. Nor da halako eguzki batekin euritakoaz oroitzen dana?

Biharamun goizean itxura ikaragarria dauka zeru ilunak. Ezin hartu euritakoa, lantegian utzi zuan eta. Hasieran ur tanta hatzu bakarrik. Lantegira heldu orduko blai-blai. Lana bukatzen danean janzkiak bustita oraindik.

Etxerakoan berriz eguzkia eta berriz euritakoarekin egunaldi onagaz.

Hogei egun ibili zan euritakoarekin egunaldia ona zanean eta euritakorik gabe euria zanean.

Baina hau bukatu egin behar zan. Emazteak, azkenean, euritako zaharra josi zion. Orduan bai bazekian zer egin behar zuan. Euritako bat lantegian eta beste bat etxean eduki. Euria zanean euritakoa atera, ez zanean utzi eta kito. Bi eduki ezkero, bata beti etxean eta bestea beti lantegian, ez zegoan gehiago huts egiterik.

Biharamunean euri itxuraz hasi zan eguna. Hartu euritako zabarra eta lantegira. Baina alperrik eraman zuan, ez baitzan erori ur tanta bat ere etxetik lantegirako bidean.

Bukatu lana, eta berriz egunaldi ona. Berriz etxera euritakorik gabe, biak lantegian ahantzirik.

Biharamun goizean ibaika erorten zan euria lanerako orduan. Gizona etsita zegoan. Bi euritako eduki, eta biak lantegian! Hartu emaztearena eta kalera. Zabaltzea erreza zalakoan, irten prisekin eta euriaren erdi-erdian zerrapoarekin ahaleginetan ibili zan zabaldu ezinik. Zabaldu zuan azkenean, baina urrats batzu eta berez itxi zitzaion. Ahaleginetan berriz zaparradaren erdian patxadea galtzeko gutti faltatzen zitzaiolarik. Zabaldu zuanean ez zuan kendu eskua zerrapotik, itxiko ote zitzaion bildurrarekin, eta hunela zebilelarik kale bazter batera heldu eta haizeak buelta eman zion.

Lantegian sartu zanean itsasotik atera zala zirudian. Gardasoltegira joan eta beste bi euritako leihorren ondoan utzi zuan emaztearena edo… bere hondakinak.

Hiru gardasolak lantegian batuta zaudela, ez zan erreza bakoitza bere tokian ipintea. Emaztearena etxera ekarteko, emazteak berak lagundu behar zuan. Gaizki dabil kaletik gizon bat egunaldi onarekin gizonezko euritako bat eskuan, osorik dagola be. Egunaldi onarekin euritako hautsi bat kalerik kale eramateko, beharrezkoa da emakume izatea. Euri zaparrada gogor baten erdian euritako bat zabalduta eramatea, nahiz gizonezko nahiz emakumezkoa dala, edozein gizon harrotzeko gauza da. Euriaren aitzakia kendu ezkero, bakarrik jendeagaitik ajolik ez zaien gizonek eraman dezakete emakumezko euritako bat. Baldin euritakoa emakumezkoa ez eze hautsia bada, hau ez da nahikoa, arpegia be bai behar da orduan, eta arpegi gogorra gainera.

Hamabost egun egon ziran bi euritakoak ia denbora guztian elkarren ondoan, batzuetan biak etxean, beste batzuetan biak lantegian, eta gizona ospetsu bilakatu zan. Euririk ez zanean gardasolekin eta euria zanean gardasolik gabe zebilen gizona deitzen zuten.

Euritako zaharra galdu zuanean ez zuan sentitu gehiegi, edo ez behintzat luzaroegi. Hasieran bai.

Igandeko goiz bat zan, eta ez zeukan beste ideiarik buruan, gardasola ez zuala galdu behar baizik. Bestetan etxean edo lantegian ahaztuta uzten zuanean ez zan egoten galtzeko arriskurik. Ardantegiren batean edo ahaztu ezkero, batek daki, igual eramaten du edozeinek. Oratu tink-tinka eta “Galdu barik! Galdu barik! zion berekiko.

Bat-batean sartu zan adiskideen bila. Gardasola oraturik, ez galtzeko ideia buruan josi edo nahi zuan.

— Zu —galdetu zion morroiari—, ikusi al dituzu nere adiskideak?

Galdu barik! Galdu barik!…

— Bai, bost minutu dira joan dirala.

— Eskerrik asko. Hurrengo arte.

Galdu barik! Gal…

Bazekian berak zein ardantegitara joaten ziran handik, eta hara joan zan beti gardasola azkarki oraturik.

Galdu barik! galdu barik!

— Kaixo, Bixente!

Ggaldu barik! galdu barik…

Ezta, han ere ez zauden bere adiskideak, baina Bixente arkitu zuan. Txikito bana hartu eta berriketan hasi ziran. Bixente oso xelebrea zan. Berekin derrigor egon behar zera barrezka denbora guztian.

Elkarrekin atera kanpora eta astiro astiro ibili ziran minutu batzuetan hizketan. Gero, hurrengo ardantegian, heste lagunak arkitu zituan. Igande goizetako edanaldia lagunekin, oso pozgarria izaten zitzaion beti, eta astebete guztian baino berriketa eta irribarre ugariagoak egiten zituan.

Etxerako orduan euri tanto lodi batek busti zion eskua.

Berehala oroitu zan euritakoaz. Arraiua! Bazekian non utzi zuan! Bixentegaz hizketan zegola, barran utzi zuan txikito bat edateko.

Joan arin arin bar hartara… eta euritakoren arrastorik ez!

“Ñooo!!! amorruaren bizia!…”. Ukabilak tink zeuzkan.

“Paaa!… Hobeto!” esan zuan gero berekiko. Bi euritakoekin hasi zanetik txartoago ibili zan. Hoba bat bakarrik eduki. Gainera ez zuan galdu berria, zorionez.

Beste euritakoa Donostian galdu zuan gutti barru. Eeuritako bategaz ibili danak badaki zelako arriskua dan autobusa gardasola galtzerik nahi ez duanarentzat. Eta dendak? Dendetan ibili eta galtzen ez duenak, ia-ia esan diteke ez duala inoiz galduko. Baina…

Donostiara heldu, jetxi autobusetik gardasolagaz eta dendarik denda ibili zan euritakoa galdu gabe. Apur bategaitik ez zan etorri atzera gardasolagaz harro-harro. Baina telefonoz hitz egin behar zuan eta Telefonica-ra abiatu zan.

Fitxa bat eta liburua eskuetan, hormaren kontrako mahaitto batera joan eta numeroa bilatu zuan, euritakoa bistan utzirik telefono ondoko bazter batean.

Urrutizketaldia bukatu zanean prisekin atera zan  Telefonica-tik. Abenidatik arin-arin ibili ostean eskumara jo zuan Garibay kaletik. Bat-batean euritakoaz oroitu zan! Atzera Tclefonica-ra arrapaladan.

Kristalezko ateak igaro baino lehen saiatu zan jendeen sorbalden gainetik begiratzen. Lehengo bazterrera heldu eta ez zegoan han. Galdetu etxe hartako neska bati, eta inork ere ez ziola esan euritako bat arkitu zuanik, baina  atezainari galdetzeko. Atezainak ere ezetz.

Sinestu bere eliteke!…

Bat-batean, kolumna baten ondoan hiru jaun hizketan ikusten ditu. Hetariko batek dauka bere gardasola!

Joan beregana eta…

— Parkatu! —esaten dio kopeta ilun-ilunekin.

Eta riast! kentzen dio euritakoa.

Hirurak aho bete haginekaz gelditu dira bere begira, ahoa eta begiak zabal-zabalik… Baita bera be, bere euritakoa izan beharrean “ia berdina” baina ez dala,  ohartzen duanean.

Ahalgez gorri-gorri, “Parkatu” esaten dio berriz lehen baino ixilago eta apal-apal, euritakoa atzera emanik.

Nylonezko euritako bat zan, gure ipuinean ezagutu dugunaren anaia.