Suzko txoria

Egan, 1964

Nere gazte denboran, pintatzeko eta umorea neukala oraindikan, gure etxe ganeko azkonar zuluetako arboladoian hasi nintzan pintatzen lauko txiki bat.

Udagoiena zan, eta arratsalde egokia. Agatxak gorri-gorri eta pagoak hori-hori, neguan edurra jausten dan moduan jausten ziran orriak lurrera.

Mendi ganetik datorren errekatxoaren zaratea bakarrik entzuten zan, zarata haundi barik egia esan, ur gitxikoa dalako.

Dana ixilik, amesetan be ezin eitekean era hoberik eskatu pintatzeko udagoieneko bakazinuetan.

Iluntze aldera, Mugarrako hatxaren ostera jausteko zegoala eguzkia, ordurarte inoz be entzun ez naban txori kantu bat aditu naban.

Hain ederto kantetan eban ze, harrituta gelditu nintzan. “Ze txori klase izan leitekek honelan kantetan daben hau?” esaten naban nere kautan.

Pintatzeari bertan behera itxi eta aho zabalik gelditu nintzan arboladoira begira.

Ez dakit zenbat denporan egongo nintzan entzuten, baina ordu lauren bat inguru bai gitxienez be, ba ibiltzen abiau nintzaneko, ordurako eguzkia Mugarraren kokotean erdi ezkutauta zegoan.

Heldu nintzanean agatx tantairik haundienaren azpira, ixildu egin zan txori ezezagunaren kantua.

Begi-belarri nintzan dana, non ikusiko ete naban ha txoria, baina ez naban errasturik be aurkitzen.

Orduan azkonar zuloko harri bat hartu eta goialdeko orri artera bota naban, txoriak urtengo ebalakoan.

Eta halantxe gertatu be egin zan, baina harritzekoa zan ikusten naban ha: suzko txoria zan. Suzkoa, bai, suzkoa! Uso baten antzekoa tamainuz, baina suzkoa dana.

Hegoak ondo zabalduta, indar haundirik egin barik errez-errez igo eban Mugarra alderuntza. Mendi ganeko mugarriaren parean ezkutau zan.

Minutu erdiren bat izango zan, ha beste munduko txoria ikustea.

Buruari eragin be egin neutsan astinketan, amesetan edo nengoan jakitearren, baina bai zera! Stravinskyren soinua edo entzuten ete nengoan be uste naban eta! Halakorik!

“Benetakoa ete da ba Fokinen suzko txoria? Mutilak, zoratzeko be badok hau! Xahoren Aitor agura zaharra bere bizar zuri eta guzti hemen bertan orain agertzea eta besterik etxate falta!”.

Badaezpadan be, iaketa erdi iluntzea zan ezkero, batu nabazan pintatzeko tresnak eta goitik beherantza hasi nintzan astiro-astiro.

Amaitu barik gelditu zan lauko txikia. Han egongo da etxean, kamarako baztarren batean, edo gela zaharreko eskapolotean.

Horraitik gure neuke amaitzea egunen batean, suzko txori eta guzti.