Terranoba

Amairu kontakizun, 1988
1981ean datatua

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau.

Bai, hala dio esaera zaharrak. Hemen, ordea, alderantziz gertatzen duk, etorri ginan urrutirago ezin. Aizu mutiko, udaberria loretu duk, narruak harrapatu dizkitugu kastorrenak, heldu al zera? Negua izan da luze…
— Bai, heldu naiz.
— Txomin, hi kontramaisuakin Keperinen batelera.
— Bai, jauna.
Jantzi dituzu narruzko galtzak eta soinekoa, gainetik zirazko jantzia euriaren kontrakoa. Bai ba, hemen euri asko egiten duanean… Euria bakarrik ez, txo, baita izotzak, elurrak eta lainoak, lainoakin galdu zan Bermeoko txalupa bat joan dan udazkenean…
— Txomin, heldu arraunari.
— Bai, jauna.
Ontzi nagusitik aldendu zerate itsasoan, kolko zabalean, bi milia inguru. Arraina dago ur-estali txaluparen azpitik. Aspergarria ere baduk hainbeste atera beharra, milatik gora jaso dituk gaurko goiz honetan. Nere Masusta Beltxarana zai daukat oporraldi batean lurreratzen geranean, a zer besarkada emanen diotan opor portura helduko naizenean… Etorri zera, bai kosta ere. Nola pasa dezute negua Euskal Herrian? Ez dut astirik hitz egiteko, zure ezpain kereizeak txukatu nahi ditut, gero hitz egingo dezu… Besarkada luzea, izarrak ñir-ñir zeruan…
— Nahikoa degu gaurko, bestela txalupa hondoratuko zaigu-ta.
— Bai, eguzkia itsaspean erortzera dihoa. Ilunak harrapatuko gaitu.
— Zenbat?
— Bi milatik gora, ikusiko diagu besteek zenbat harrapa dituzten.

Egunero eztabaida. Bi mila eta seiehun eta hemezortzi bakailau gure txalupak. Ez haundi eta ez txiki, neurririk onenetakoak. Kapitanaren txalupak hiru milatik gora, hartarako duk bera kapitana. Gutxien harrapatu dituna pilotua, izan ere gure kontramaixua bizkorra duk, datorren urterako eginen dute pilotu…

Saint Sprit ontzia Ziburutik martxoaren erdian irten eta apirilaren aizkenerako San Lorenzo ibaiaren golko zabalean kokatu. Ehun tonelada besterik ez du. Doniane Lohizuneko kaietik larogei ontzi atera ziran batera. Bale arrantzarako zirenak, haundiak eta ederrak. Gure ontzi kaxkarra, bakailautarako.

Santa Barbara karrikan bizi nauzu. Zaharrak han ditut eta beste sei anai-arreba nere partilaren zain. Irina ekarri degu gurekin barruan ogia egiteko, gaileta lehorra ere gurekin degu. Herri honetan bizia aurrera eraman ahal izateko, Terranobara etorri behar. Keperin auzoko laguna dut. Kapitan zaharra dugu gurekin, berrogeiak iaz bete zitun. Bera zaharrena barruan. Bigarren joan-etorria egiten ari naiz. Joan dan kanpainan ezagutu nuan Masusta Beltxarana, euskeraz erakusten ari natzaio, zenbait hitz ikasi ere egin ditu.

Barruko bizitza gogorra da, lekua ere txikia, berrogeita sei lagunentzako ontzi txikitxoa. Bakailauz betetzen danean hemen ez dago gune zabalik, gainera narruak ere piloka ekartzen dizkigute barrura huskeria baten truke, kutxilo eta labana, aizkora eta itai, azkonak eta ispiluak, sagardoa eta gailetak kastor narruen truke… Narruakin zetorrela ezagutu nuan Masusta, beltxarana da, begiak ditu ezti-kolorekoak, ez ditu hamasei urte baino gehiago izango, neronek ere ez ditut hemezortzi baino, eskimala da eta bere aita eta anaiak gurekin lan egiten dute bakailaua lehortzen…

 

Lan ederra egin degu gaur. Zazpi mila arrain harrapatu dizkitugu. Bihar goizean eramanen dizkitugu lehorrera. Txabolak jasota al daude?
— Bai, jauna. Txabolak jasota eta arraina esegitzeko lekuak ere bai. Kaia aukeratu genduan joan dan urtekoa, pineta bat tantai antzera jaso eta gure ontziaren izena jarri degu muturrean, hemen ez da beste ontzirik sartuko, guretzako izanen da kai au udaberritik udazkeneraino…
— Lehortu aurretik gatza eman bakailauari. Haizetan eguzki gutxi behar, eguzki haundirik gabe hobeto…
— Lainoa sartzen bada?
— Txabolan gorde.

 

Hara eskimalak hemen, kastor narruak dakarzte, kapitanak egiten ditu tratu guztiak, Masustak umetxoa dakar, jaioberria, neguko fruitua, nik izena jartzeko. Izena nahi dezu? Zeurea da Neurea? Eta negu luzean zer egiten dezu? Gizon bakarrekoak gera hemen. Gaztain konejuen kolorea du.

Izena, izena? Gaztain Morkotz jarriko diogu izena. Ez dit berehala izena ikasi, hemen gauzak honela ahal dira, bo, hemen ez gaituk Euskal Herrian, eskimal guztien aita euskalduna izan zala esaten dutenak ere badituk hemen, maitekor hartzen gaituzte, Euskal Herrian ondo? Bai, Masusta, eta zuek hemen? Gose haundiak pasa ditugu, negua gogorra izan zait, begira Gaztain Morkotzari, zeure begiak ditu, urdin-urdinak itsasoaren antzera, begira egiozu zein maitagarria dan. Umea esku artean zapuztu zait, amari bihurtu diot… Bihotzean gorde izan zaitut ene euskaldun bihotzekoa, negu beltzaren beltzean zeu izan zaitut neure iretargi betea, zeure begien argiaren itxaropenak eutsi nau gogorra onez igaro ahal izateko, hezurretan utzi nau gure txiki honek, baina orain udaberrian zure inguruan gizenduko nazauzu berriro zuretzat. Bi begiak ditu diz-diz maitez ezti, begietan eskeintzen dit dar-dar bihotza ere, apaltasunik maitagarrienean… Bihotza estutu zait barnean, gizabidea berdina da hemen edo han.
— Jauna, semea izan dut Masustarekin eta ezkondu nahi nuke zure eta Jainkoaren aurrean.
Eztaiak izan ziran Pazko-egunean, sagardoa eta saiheskiak ez ziran palta egun hartan, bazan ardo eta pattarra ere, eurak izokia eta hartz zuriaren urdaiazpikoak ekarri zituzten, soinu hauspoak ere agertu ziran, suaren inguruan festa egin degu euskaldunek eskimalekin batuta. Egin ziguten narruzko txabola ere, eta hantxe biltzen nintzan Masustarekin ahal nuan guztietan… Udarako egun luzeak gaua du motza, eguzki betea zeruan egunez eta zorionaren ilargi betea gauez. Bakailauz osatu genduzen ontziaren barruak… Hasieran, elurraren ondoren loratxoak margo biziz, horiak agertu ziran, gero gorriak eta azkenik urdinak, tarteka zuriak ere bai… Gaztainkimu lau libra gehiago bazan, Masusta edertuta zegoan, zergaitik ez nauzu Euskal Herrira eramaten, ez zenduke Euskal Herrian etsiko, gerora beharbada bai, oraindik ezin dut, gure ohiturak hemengoak ez bezelakoak dituzu, gerora bai, esango diet eta eramanen zaitut. Negu luzean negarrez utziko nauzu hemen ilunpean, eraman nauzu zurekin Euskal Herrira…

 

— Jauna, ehunda laurogeita hamar mila bakailau harrapatu eta sikatu dizkitugu. Narruak ere milatik gora tolestuta barruan. Etxera begira jartzeko ordua degu. Ontzia prestatu behar eta edertu. Amukoa eta istipu pikearekin antolatu lanerako…
— Bai, jauna.
— Begiratu bat eman egurrari, okerrik sortzeko arriskurik ote dan inun.
— Bai, jauna.
— Kontramaixuak so oihal eta sokei.
— Bai, jauna.
— Kanoiak puntuan jarri.
— Bai, jauna.
— Txalupak ontzira.
— Bai, jauna.
Lehorrean Masusta negarrez. Haurra eskeintzen dio euskaldun mutilari.
— Eramazu Euskal Herrira euskalduna da-ta.
— Aurten ezin dut. Datorren urtean izanen da.
Udazkena. Haize epela. Oihal zuriak puztu dira. Eskimalak itsasertzean agurka. Malkoak zenbait neskatilaren begietan. Negar Masustak.
— Etorri berriro udaberrian.

 

Badoa kresal zabalean ontzia Euskal Herriruntz. Eskimalak hondartzan agurka jarraitzen dute. Txominen bihotza erdibi dago, odol jario, negar saminetan. “Datorren urtean eramanen zaitut nerekin”. Labradorren gelditu zaio bihotzaren erdia. Beste erdia Euskal Herrira dihoakio. Zerraldoan etzanik, negar bihotzak odol tantaka. Masusta etxera eraman aurretik, etxekoei jakinarazi behar, gerora bai, nerekin ekarriko dut Ziburura, orain ezin…
Oihal zuriak kai baztar guztietatik Euskal Herriruntz. Ontzi haundiak, hogei kanoi alboetan, itsasoko jauntxoak, aurretik, baleontziak dira. Haien babesean bakailautako itsasontzi txikiagoak. Guztiak aberastasunez beteak. Guztiak itxaropenez beteak. Guztiak amets gozoz beteak. Txomin dihoa atsekabez.

Triste bizi naiz eta hilko banitz hobe,
bihotzian badaukat mila atsekabe.
Maite bat maitatzen det bainan arren jabe
sekulan izateko itxaropen gabe…

Itsaso izoztuak bota ditu handik Kanada, Labrador eta Terranobako ontzi guztiak. Errukarria bertan preso gelditurik inor bada…

 

Pasa zan negua, eta ez Txominek nahi baino arinago. Ziburuko sahatsak loratzen hasi ziranean, oihal zuriak berriro itsasoko haizeetan. Txominek bihotza urduri poz jariotan, eta kezkatsu, ez baitut Terranobako gertakizunaren berri emateko ausardiarik izan etxean, baina datorren urtean eginen dut…

San Lorenzo ibaia. Hona hemen gure kaia. Ez dager inortxo ere bistan. Nora alde egin ote dute? Sei lagun lehorrera txabolak jasotzera. Besteak arrantzara. Ez da eskimalik ikusten inun. Txabolak amaitu dituzte. Lehenengo bakailauak lehortzen daude egurretatik zintzilik eta harri gainetan…

Seigarren gaua. Seigarren kezkaldia Txominen bihotzean. Bat-batean suak argitu ditu gau beltzeko ur beltzak. Txabolak sutan. Suaren argira eskimalak ikusten dira, gerra zantzoka, eztarriak lehertu beharrean. Euskal Herritik eramandako aizkorez txikitu dituzte lo zeuden sei euskaldunen gorputzak.

Zer zoramenek heldu die barnean…?

Gerora jakin izan zuten zorabio harren arrazoibidea. Udazkenean, baleontzi bateko mutilek, eskimalekin ospatzen ari ziran egunean, buruzagiari andrea harrapatu zioten… Handik aurrera eskimal eta euskaldun artean ez zan gehiago bakerik berrehun urteetara.

Masustaren berririk ez zuan sekula Txominek izan.