1997

Labur Aroz, Joxe Austin Arrieta. Txalaparta. Erretiradako trena, Martin Ugalde. Erein. “Gerra garaiko pasadizoak, zenbaitetan bere bizitzatik ateratako gertaerak kontatzen…

Labur Aroz, Joxe Austin Arrieta. Txalaparta.

Erretiradako trena, Martin Ugalde. Erein. “Gerra garaiko pasadizoak, zenbaitetan bere bizitzatik ateratako gertaerak kontatzen dizkigu istorio horietan, beti ere ahulen aldeko jarrera agertzen duelarik. Kontatzeko eran, bestaldetik, nik narratzailearen ikuspuntu aldaketa bitxiak aipatuko nituzke. Askotan, beti ez esateagatik, pertsonaia batek betetzen du narratzailearen papera, istorioa lehenengo pertsonan kontatuz. Baina idazleak ikuspuntu hori gainditu behar duenean, tupustean, beste pertsonaia batek jokatuko du narratzailearena, “ni” desberdinez osatutako mosaiko anitza sortuz”. Javier Rojo.

Ipuin berdeak, Joxean Agirre, Koldo Amestoy, Pako Aristi, Itxaro Borda, Harkaitz Cano, Juan Martin Elexpuru, Patxi Ezkiaga, Amaia Lasa, Maite Lazkano, Juan Luis Zabala, Patxi Zabaleta. Eguzki-Zaleak. Aurkezpenetik: “Proiektua lozorroan egon da luzaz, baina, aurten EGUZKIren hamargarren urtemuga dela aitzakiarekin, iratzarri egin dugu. Idazle ezagunei ingurugiroarekin —zentzu zabalean— zerikusirik duen erregaluzko ipuin bana eskatu eta irakurleak ondorengo orrialdeetan du emaitza. Azal eta mamiz oso testu desberdinak izan arren, guztiak dira literatur irudimenarekin ere Euskal Herria ekologiatik eraiki daitekeen froga”.

Basabürüko ipuinak, Junes Cazenave-Harigile. Editions Izpegi. “Txomin Peillen euskaltzainak Animismoa Zuberoan liburuan (Haranburu, 1985) Euskal Herriko mendebaldeko Pirinioetan orain dela gutxi arte bizirik iraun duten sinesmen animisten berri eman zigun. Cazenavek animismo zuberotar hau modu literario batean aurkezten digu. ‘Gu Ziberoan, ardüra so eta behar gira txorien norat doan ürzoaren bidea, noiz agertüko den behibideetako Andere Xuria, zein eder den errexiñularen txiunta, zer mixterio basoilarraren kantoriak’. Basabürüko Ipuinak naturarekin lotura handia izan duen eta desagertzear dagoen euskal mundu magikoaren isla literario xume bezain ederra da”. Antxon Gomez.

Mattin Mottela, Sakanako Ipuinak, Jose Maria Satrustegi. Alsa Grupo, Santa Teresa 12, 33007 Oviedo. Alsa autobus konpainiak Burundesako erabiltzaileei egindako oparia. “Pertsonaia honi dagozkion pasadizoak txikitan Arruazun ikasiak ditut neure gurasoengandik. Galduxeak zeuden ordurako beste toki batzuetan, eta eranskinen bat edo beste bakarrik aurkitu dut geroztik nere ikerlanetan”.