Feed-back edo ihardespena

Maiatz, 1982, 2. zenb.

Kordoba, udaberriko iguzkian beroa zen. Espaloiak ez balira mugikorrak izan, 1417.eko hiri zaharra XX. mendekoa zela erran zitekeen (1417, Hegira-ko urtetegian, 2039, Kristauenean). Jendea hara eta huna, batzuek erlojuari so egiten: asti gutti egoiten, baina zergatik laster egin! Allahk behar zen astia emanen. Airean hitzak, txisteak, irriak, haurren oihuak… Hiriaren hatsa.

Hamabostek jo; auzo berrian, «Sâd» gizartearen building batean, 35 urteko gizon bat lurrean etzana zen. Bulegoan ez zen beste lagunik. Leiho oholak betazal akituak bezala emeki-emeki jaustean, emakume boz ezti bat relakzaziorako kontseiluak ematen hasi. Lurrean, Nizam dena ahanzten entseatu… Azkenean, pausa bat! Bost oren lan egin eta 40 minutuko bake hori ongi irabazi zuela pentsatuz pozik zegoen. Bere begiek ez zuten gehiago pantailetako ingurutxo erotua ikusten, begiak hutsak zitzaizkion. Bere zangoak ere «ahantzi» zitzaizkion. Munduko gizarte guziek bezala, «Sâd»ek eguneroko planning-memorietan relakzaziozko ariketak sarrarazi zituen,  metodo horri esker seigarren oreneko lana gaitza izaten zen.

«Gogoan izan zure ezkerreko beroa… eskua lurrean duzu… Eskua astuntzen ari zaizu… astuntzen… tzen…» kantatzen zuen boz eztiak. Nizamen gorputzak ariketa ezagutzen zuelakotz, bozari obeditzen zion. Nizamen gogoak ariketa gehiegi ezagutzen zuelakotz, kezkak ezin baztertu.

«Mahometanoak hogei minutuko pausa dugu; besteek mundu zabalean, hogeita hamar minutukoa… Gaur ez naiz errexki lasaituko.»

Hogei minutu iragan. Doinu eta boz eztiak pixkanaka isildu. Kordobako mairu elizan (Kristauen denboran eliza nagusia zenean), laugarren programa esnatu: bideetako arroltzmatikoak eta karriketako espaloi mugikorrak gelditu. Nizamen bulegoan, leiho oholak automatikoki igan eta gezi hori bat tronadurako xoko batean piztu, La Mecquerako bidea erakutsiz. Nizam, hasperen batekin lurroihal saindua zegoen xokora, geziaren azpira joan zen eta bertan belaunikatu. Hirian gaindi ozendu egin zen zilarrezko ezkila baten soinua, Teheraneko erakustokian zegoen ezkila zahar batena.

Anartean, gerizarako robotak esnatu eta automuezzin eletronikoa hirugarren otoitza kantatzen hasi. Orduan, Espainia guzian denak ahuspezkatu.

Teheranen ez zen otoitza egiteko tenorea, eta Iraneko Lehendakaria, Reza Ayatollah, pentsaketan zegoen. Berri txar bat: Indiako gobernua (Irandiarra) erori zela. Iranentzat, zaflako eder bat. Hori ezin onar. Bestalde, India eta Pakistaneko mahometanoak ezin ahantz. Anaiak anaia ezin hil. Zer egin? Mikromizilak erabili behar… nondik? Edo beste herri baten mizila batzu bahitu eta erabili… Hortarako abiategi gorde berri bat hobe. Rezaren eskuak terminaleko klabera hunkituz. Kordoban zer tenore zen jakin nahi zuen… Igurikatu behar.

Kordoban, automuezzina ixilduta, jendea zutitzen, bideetako arroltzmatikoak berriz sartzen, espaloi mugikorrak berriz ibiltzen; etxe, bulego eta dendetan gezi argiak hiltzen. Ayatollah Nagusiaren potreta, hiru neurritan emana, une bat ageri eta itzali. Nizam, zutik jadanik, idazgailuko pantaila ttikian bere notak irakurtzen ari…

«Bakea zurekin, anaia!».

Nizamek jauzi egin, atea lerratzen ez baitzuen entzun, eta «Zuekin ere bai, anaiak!» ihardestean ilundu zitzaion barnea. «Bakea!…». Baina ez zuen fitsik erran.

— Zer da zure azken hitza… anaia?

— Nere ustez, dena den…

Nizamek besoa luzatu.

— Allah-k mihi bat bai eta ere belarri eman digu, anaia. Hitz egin baino lehen bi aldiz entzuteko. Ikertu ditudan dokumentuen laburpen bat egin dizuet. Telememoriak zera dio:

Hogeigarren mendean, Basamortua deitzen dugun herrialdean, ba ziren Esqwal Herriko lau probintzi: Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia ta Araba. 1370.ean (kristauen urtetegian 1992.ean), Bizkaiko zentral nuklear batean zerbait gertatu zen omen. Ordinadoreak ez dit xehetasunik ematen ahal. Eta gero, Hego Eskwal Herria, «lurralde debekatua» ofizialki bilakatu zen.

— Hori ezin sinetsia! erran zuen Sadeghek oihuka. Lurralde debekatuak IIIgarren munduko gerlaren ondorioak direla badakigu.

— Hori ez bederen, 1992ean debekatu zutela segur da.

— Eta arrazoia? Zergatik debekatua den ez duzu bilatu?

— Ez du bailo. Anartean, Hirugarren Gerla gertatu, gutarrak eta etsaiak Espainian sartu, dokumentu ainitz suntsitu. Ez baitakigu ere zer pasatu zen zentrala hartan. Zartatze ttiki bat? Entsegu bat? Baditake. Nik ere jakin nahi nuke. Gaurko egunean Irandarrek penintsula guzia daukagu bainan inor ez da Basamortuan sartzen. Airekorik ttikienak ere ez dira hango zerutik pasatzen. Hipotesis batzuek hango bizilagun guziak aspaldi hil direla diote; besteek, bizilagunak han badirela… nolakoak? Telememoriek diotenez, ikustera joan zirenak ez ziren handik itzuli… Zer pentsa? Lurralde hil bat izanen da… Besterik ez.

— Entsea gaiten, androiden bidez…

— Hori bai.

Hemezortziak hamar gutitan. Berehala zen laugarren Otoitza. Nizamek bere buru ta eskuak jadanik garbituak zituen. Urak ez zion kendu buruko mina. Burua, erratera ausartatu ez zituen hitzez hantua zitzaion. Lasaitzeko, bere buruari hitz egin behar…

Bai, Erresuma handi bat altxatu dugu. Mahometano guziek ikurrin bera: ilargi xerra batekin. Bai, bederatzi izarrez apaindurik. Baietz. Ez-Mahometanoen kapitalismo itsuari edo desberdintasuneri uko egin behar. Allahren berdintasun eta anaitasunean bizi gara. Oraino. Kristauen fedea galtzen ari, gurea, egunetik egunera azkarragoa. Pentsalari berriek Islama zintzoki berritu. Eta, orai, zer? Ayatollah teknologoen orde, gerla saindua mikromizilez apailatu nahi duen hori. Jakintsuna ote? Bai, zera! Ez da Allahren zerbitzaria, handikaria baizik…

Tronadurako gezia piztu zen: laugarren Otoitza egin behar.

Teheranen, Reza Ayatollah pazientzia bilatzen ari… Klaberako lot/buka atzola hunkitu eta, 1 zenbakia jo. Koraneko aurkibidea pantaila ttikian agertzean, Rezak kliski-klaska ahul bat aditu zuen: inprimagailuarena. Orria makinatik ateratzean, mezua irakurri zuen:

 

BASAMORTUAN

MIKROMIZILEN GELTOKIRIK EZIN ALTXA

HARA IGORRI DITUGUN

ANDROIDEN BERRIRIK EZ

NIZAMek

Rezak orria hartu zuen, mahainean ezarri eta hari begira egon. Herria su eta kerik gabe kiskaltzen, hauts bilakatzen, airatzen, itzaltzen…