Asistente berria

Zaldiarangoak, 2000

Aitak asistente berria etorrarazi zuen, aurrekoa lizentziatu zenean. Koronelari erositako Alfa Romeo zahar bat zeukan gure aitak eta, ejerzitoko autoa barik, hantxe bidaltzen ninduen eskolara. Carlos zen txofer berria, Carlos Lasagabaster. Ez nengoen ohitua txoferrekin hitz egitera, kostesiazko diosala hotz horietara ez bazen. Carlosek ere ondo errespetatu zuen distantzia, nahiz eta lehenengo egunean, ezjakintasunez nik uste, aurreko atea ireki zidan. Atzekoa neuk ireki, sartu eta nora eta nondik eraman behar ninduen beste ezer esan gabe, nahi zuenean abiatzeko keinua egin nion. Barkaziorik ez zidan eskatu, nik ez nion entzun behintzat, baina aurreko atea itxi eta nire agindu guztiak zuzen bete zituen: Aldapetako moja marianisten kolegioa genuen helmuga.

Handik aurrera, goizero, atzeko atea irekita egoten zen nire zain. Egun batean, atze-ispilutik, gona kiribilduak estali ezin zizkidan nire iztarrei begira harrapatu nuen Carlos. Mugimendu bizkor eta adierazgarriz ipini nituen gauzak bete tokian, eta lotsa gorria ikusi nuen Carlosen ispiluan. Autotik jaistean, ustekabean, nire begiak Carlosenetan tinkatu ziren.

Inoiz inoren begietan ikusi ez nuen zerbait somatu nuen Carlosen begietan; nahasia zen mezua, ulergaitza, baina kilika egin zidan barrenean. Begirada hura, geuk batere ez genekiela, bi txontxongilo elkarrekin lotzen dituen hari luzea ez ote zen otu zitzaidan. Baina pentsamendua uxatzen ahalegindu nintzen gero, eta eguneroko martxari jarraitzeko ez nuen oztopo handirik izan, eta zeharo ahaztu zitzaidan lotara orduko.

Hurrengo egunean ere ez nintzatekeen jabetuko, baldin eta, oharkabean, Carlosen ondoan eseri izan ez banintz. Atzeko atea itxi gabe abiatu zen Carlos, eta espaloia garbitzen ari zen dendariaren garrasiak abisatu izan ez baligu, bazterren bat jo arte ez ginatekeen ohartuko. Gero, nik eskatu gabe, bide berria hartu zuen Carlosek, eta ez zen geratu itsasoa ikusgarrien zegoen tokira iritsi arte. Alfa Romeo zaharra txaluparengatik trukatu genuen eta itsasoan gaindi ibili ginen luzaz. Lehorrean hitza bezain ondo aditzen da itsasoan isiltasuna. Hain zuzen, Carlosek egun hartan isiltasunarekin adierazi zidana hitzarekin esan zidana baino gehiago izan zen. Baina ni neure buruak harritu ninduen.

Bezperakoa parentesi txiki bat edo amets hutsa bailitzan, atzeko atetik egin nuen barrura berriro ere. Zin dagizuet, ordea, amodioaren sareetan jausten denak, zenbat eta gehiago saiatu disimulatzen, orduan eta seinale eta arrasto gehiago uzten dituela bidean. Ezkutatu nahia bera bihurtzen da salatari. Ama, ur horietan pasea izaki, ez da tuntunena horrelakoetan. Carlosen izena ahoskatzeko modua aski omen zen nire bihotzaren planei aise antzemateko.

Aholku «onak» eman eta eman hasi zitzaidan. Baina ez da erraza bihotzak ezarritako patuaren bideetatik aldentzea, nahiz eta, komandantearen alaba nintzen aldetik, garbi nekien aitak nirekin ere koartelean besteko diziplina erabili nahiko zuela. Ama­ren aholku «onak» mehatxu bilakatu ziren aitaren baitan. Gure maila sozialari tokatzen ez zitzaion graduaziorik gabeko soldadu «purtzil» batek bihotza ostu izana zen nire delitua.

Carlosek ez zuen egun bat gehiago egin gure etxean. Eta arratsaldeko 6:30etatik gaueko 9:30etara inora ez mugitzeko ordena ipini zidan niri. Carlosek, tarte horretan, nire bila  Donostiako zoko-moko ugari miatzen zituen bitartean, ni etxean egoten nin­tzen estudiatzen edo musika entzuten. Gero gaueko lista pasatzera itzuli behar izaten zuen. Lista pasa ondoren koarteletik ihes egiten hasi zen Carlos. Hirugarren ihesaldian egin genuen topo. Eta elkar besarkatu genuen. Eta itzali ezin genuen txingarra su bizitan paratu zen berriro.

Baina zorionak hanka motzak edo kontuak oin luzeak, eta hirugarren ihesaldia hilabeteko kalobozoarekin ordaindu behar izan zuen Carlosek. Nik ez nuen bere berririk izan, larunbat gau batean portu aldera nindoala, Gobernu Militarrean goardian zegoen soldadu batek “Sara!” dei egin zidan arte. Carlos zen. Bi minutuan kontatu zidan gertatua, eta koarteletik ateratzeko permisorik ez zeukala, eta as- teazken eta larunbatetan goardia eginarazten ziotela, eta hurrengo asteazkenean polborineko garitan tokatzen zitzaiola erreleboa, gaueko l0:00etatik 12:00etara. Gero agur esan genion elkarri, erdi ilunpetan.

Erraz aurkitu nuen bidea. Carlosek CETMEa luzatu zidan eta kulatari atxikirik, aise eskalatu nuen garitarainoko horma. Barealdi batean, pauso hotsak entzun ziren gugandik gertu. Erdi jantzian, garitatik salto egin nuen. Lurra ikuitzerakin batera tiro hots lehorra entzun zen. Gero isiltasuna berriro. Loak ez ninduen lagun gau hartan, eta etxeko ate hotsa entzun nuenean harrigarriro asaldatu zen nire bihotza. Goizeko 8:00etako informatiboak baieztatu zidan sinestu nahi ez nuen berria: «Goardian zegoen soldadu bat hilik aurkitu dute Loiolako koartelean. Bertsio ofizilaren arabera, bere buruaz beste egin du». Jota nengoen, indarrik gabe, zer egin ez nekiela!

Epaitegi militarretik paper batzuk iritsi zitzaizkiola esan zidan aitak, eta nik ere sinatu behar nituela. Gainera, kasua erabat ixteko sarrailaren giltza nik omen neukan. «Egia» konta nezala agindu zidan. Garrasika eta ezezka oldartu nintzaion aitari. Baretu nintzanean, Carlosen izena lohitu ez nuelako poza sentitu nuen barrenean, sabelean neraman landareak nabaritzeko moduko poza.

Eszena bera errepikatu zen soldadu zirtzil eta «suizida» batek desondraturiko Urabayen familiari ohorea itzultzeko Chivite koronelaren seme erdi atzeratua senartzat izendatu zidanean.

Bederatzi hilabete eta sei egun ziren Carlos hil zela Irene jaio zenean. Carlosi, hil ostean, egin nion promesa betetzea nuen egitekorik premiazkoena. Beasaina trenean eta handik Zaldiarana taxian joan nintzen. Baserri dotorea zen Lasagabastertarrena. Carlosen amak ireki zidan atea. Elkarri behar ziren ezaupideak eman ondoren, hilobia bisitatu genuen: “Hemen datza Karlos Lasagabaster”. Kausa berak elkarturiko hiru emakume bakarti ginen. Nire aitortzak laino tartetik ateratzen den eguzkiaren itxura itzuli zion Mariaren aurpegiari.

—Nahikoa det honekin. Urabayen komendantearen kontra ez det denuntziarik ipiniko —erantzun zidan Mariak.

Irenek begiak zabal-zabal ireki zituen, elkarrizketan parte hartu nahi bailuen.