Ehizera, goiz joan

Euskal Esnalea, 1930

Praixko errotariak ez zuan ezeren beharrik arkitzen: osasun bikaina zuan eta lerden arkitzen zan, nahiz eta urte zama haundia bere bizkar gainean eduki.

Batetik bestera ibiltzen zan han eta hemen hizketaldi batzuk eginaz. Batzuetan Anton lagun zaharrarekin antxineko kontu eta gora-behera politak esanaz egoten zan, besteetan Maixepa sudur motzaren ondoan eserita zelaiko nekazariei begira, hurrengoan berriz Pikandi apaizak ekarritako ehiza ikusten gelditzen zan. Hau zuan bere lagunik maiteena. Pikandi apaizak bazekizkian Praixko errotariaren gora-behera eta kezka guziak, eta askotan par egiten zuan Praixkoren ateraldi jolasekin.

Mutil-zaharra zan, eta leihotik leihora Errupinari egiten zizkion keinadek huts egiten zuten. Harek keinadea, eta besteak, potorroa bezela, xaxt!, barrenera.

Etsipena artu zuan Praixkok mutilzahar bizi eta mutilzahar hil beharko zuela honezkero.

— Zer demontre! —esaten zion bere buruari—. Ez nauk ba ni mutil baldarra. Berrogeita hamar urte izan arren, sasoia daukat oraindik: ibiltzeko nagitasunik ez, lanerako trebe, osasun sendoa eta gainerakoan gizon etxekoia, zintzoa eta dotorea.

Orduantxe igaro zan Pikandi apaiza Praixkoren etxe ataritik.

— Orain ere ehiza badakar berorrek, Pikandi jauna. Ez da ehiztari makala berorri.

— A, Praixko! Ikasi zak hik ere ehiza nola egiten dan.

— Nik ez dakit ba nola egin behar dan. Leihotik leihora Bordako Errupinari botatzen dizkiotan keinadak huts egiten didate, eta usoa, uste gabe, izkutatzen da.

— Bai noski. Ibili hadi azkar eta ez hakiok inori aurrea hartzen utzi. Ni bezela,  goizean goiz joan behar dik mendira.

Hurrengo egunean Praixkoren auzoko etxean alargun gelditu zan emakume bat. Joan zan berehala Praixko Pikandi apaizarengana, eta esan zion:

— Adi beza: auzoan alargun gelditu dan emakume horrengana bihoa eta esan bezaio ea nerekin ezkondu nahi duen.

— Sasoi txarrean hator, motel. Negarrez eta zotinka dagon emakumearen aurrera nola nahi dek orain joatea?

— Bai jauna, bai, joan bedi, bestela goiko bizitzako Errapelek aurrea hartuko dit.

— Baina…

— Bai jauna, bai…

Azkenean joan zan apaiz jauna bere lagun Praixkori on egite arren, eta emakume negartsuari esan zion:

— Adi zazu: ez zaizu agian oso atsegin izango nik dakartzudan berri hau, baina arren eskatu didaten ezkero esango dizut. Errotako Praixkok zurekin ezkondu nahi lukela esan dit.

— Ezin liteke, jauna, sasoi txarrean dator, jauna.

— Alegia, hori bera esan diot nik ere, garai txarra dala.

— Garai txarra, bai jauna, berandutxo… Gure goiko bizitzako Errapeli oraintxe ezkontz-hitza eman diot.

Praixko dardaran zegon apaizaren erantzuna jakin arte.

— Ezin litekela esan zidak bada, Praixko, goiko Errapeli oraintxe baiezkoa eman diola-eta. Esaten diat nik, goiz jaiki behar dala.

— Horren goiz jaikitzez gero, batere ez oheratzea hobe da ba!