Martin Tipula

Eskualduna, 1906

Hola emana zioten izena, tipula ausarki ezartzen zuelakotz odolgietan, eta duela zenbait urte Baionan egoiten zen. Martin (salbu konpania eta) xerriki saltzaile zen: odolgi, lukainka, urin, xingar, mihi, xango, beharri, arteki, andoila, eta heiekin batean antzara, indioilo eta orotarik bazen haren botiga edo saltoki garbi eta ederrean; bere zorro biribil, mustupil handi eta begi ttipiekin bazuen, egia erran dezadan, egite pixka bat egun guziez hiltzen zituen xerri gizenekin (salbu arima eta, lehenago erran beharra).

Egun batez, oihal xuri bat aitzinean eta marraza sahetsean, Martin Tipula jarririk zagon bere saltokian (Amerikanoek tienda erraiten dute), noiz eta ere jaunxkila mehaxkila bat, ile luxe batzuekin, eta bere gisako zurezko untzi bat besapean, heldu baitzaio barnera; beltzez jauntzia zen burutik zangoetaraino, bainan haren chenilla (gibelean artekarekilakoa) ihetxetua zen, eta xapela ere, lehenago beltxa izanik, hasia gorritzen; zirribikari txar zenbait izan behar zen, atez ate ibiltzen zena, eta pildatik ageri zen ez zela oraino aberastua.

— Zer behar duzu? —galdatzen dio Martin Tipulak.

— Nahi nuke lau sosen xingarra.

Martinek egin zuen (salbu zu eta) kurrinka bat, erakustera emaiteko ez zela lau sosengatik kaderatik altxatzen; xutitzen da bizkitartean, eta xingar xafla bat emaiten dio xirribikariari paper poxi batean inguraturik.

Esku batez bere errekia hartu, eta bertzeaz abiatu zen gure xixtapur sosen ateratzera; ezkerreko sakela mia, gero eskuinekoa, batean gainean, bertzean beherean, bainan nihon ere deusik ezin atzeman.

— Debrua! —erran zuen azkenean—, etxean ahantzi dut moltsa.

— Sosik ez duena, ez da joaiten gauza erostera —ihardesten dio Tipulak.

— Uzten banuzu, banoa etxeraino; hor berean dut egoitza, eta itzuliko naiz berehala.

— Xo! xo! Uste duzu naski arras tontoak garela? Badakigu holako berri.

— Jauna! Gizon gisakoa naiz gero! Eta bertzalde ez du balio lau sosengatik ohointzan artzea.

Ordu arte herabe eta ahalgez urtua egonik sakela hutsa zuelakotz, frango kexu zela iduri zuen xirribikariak, eta utzi zuen bere untzia mahainaren gainean, erraiten zuelarik:

— Hau atxikiko duzu berme, ni diruaren bila noan artean.

Zirribika batek balio ditu beti lau sos; bainan aski maltzurra baitzen gure zerriki saltzailea, egin zuen bere buruarekin untziaren barnean deus ba ote zenetz bederen. Krixketa batek atxikitzen baitzuen gaina, aise izan zen untziaren zabaltzea, eta han Martin Tipulak ikusi zuen xirribika edo arrabita bat… bertzeak bezalakoak izaitekotz ere bertzeak baino beltzago eta zikinago… naski xixtapurrek ez baitzuen ibili nahiko halakorik; jostatu zen bere harekin, harat-hunat kirrinkaraziz (iduri baitzuen xerri baten kurrinka) «Zoin bitxi den! —zioen bere baitan—, hola zerbait egin daitekela hertze batzuekin!»

Hainbertzenarekin karrosa eder bat gelditu zen atean, eta handik jautsi jaun bat saltsa bezala apaindua; Martinek utzi zuen laster xirribika, eta agur handi bat egin jaunari bere irri gozoenarekin. Jaunak, sartu orduko, hautatu zituen bi indi-oilo, bertze xango eta puxka zonbaitekin, eta manatu oro ezartzea karrosan. Arin zabilan Martin Tipula bere zorro biribilarekin.

— Zonbat zaitut zor? —galdatzen du jaunak.

— Indi-oilo bakotxak balio ditu hogoita bortz libera, eta gero…

— Ez dut xehetasunik nahi; guziek zenbat egiten dute?

— Lauetan hogoita bortz libera.

— Huna.

Eta Jaunak ateratzen du urrez betea zen ziriku-moltsa luze batetarik bortz hogoi liberako; gaineratikoak harturik abian zen karrikako alderat, ohartu zenean mahain gainean zen xirribikari:

— To! badakigu naski xirribika joiten?

— Ez, bizkitartean.

— Zer duzu bada tresna hori? nahi dautazu, otoi, erakutsi?

Harritu bezala zen jauna xirribika eskuetan hartu zuenean.

— Bainan, zer duzu hau? Balio handikoa da.

— Uste duzu?

— Zer uste dudanez?

— Zonbatsu luke balio?

— Holakoetan, erostunaren atzemaitea da guzia.

— Halarik ere, xirribika batek izan behar du bere balioa, indioilo eta lukainka eta odolgiek bezala.

— Ori! Hunentzat emanik ere bortz edo sei mila libera, ez laiteke gal beldurrik.

— Zer! Taula mehe eta hertze txar horiek hoinbertze balio ahal dutela!

— Egilea halakoa zen; huna bertzenaz ere izena: Stradivarius, 1739.

Eta hala zen; xirribika egile aipatuenaren izena han zen ezarria barneko aldean; luzaz biak ixilik egon ziren, Martin Tipula ametsetan ari zen bere Stradivarius delakoarekin, eta bertzeak, begiak goiti itzulirik, jotzen zuen hain xoragarriki eta gozoki demonio tresna hura.

—Zer egin zinezake —dio jaunak— zure xirribikarentzat eskaintzen banauzkitzu bortz mila libera?

— Nik dakita? —ihardesten dio Martinek, karrika alderat artetan beha dagolarik.

— Ori! Ez nuke tratuan ari nahi, eta hartakotz emanen dauzkitzut sei mila libera, bainan ez ardit bat ere gehiago. Zer diozu?

— Ba naski, bainan…

— Enea da?

Eta hor Jaunak ateratzen du berriz bere moltsa luzea eta ahurtara bat paper urdin: Tipula xoratua beha zagon, erakusten zituen inguruka ibiltzen begien aitzinean xirribika… lau sosen xingarra Stradivarius… bortz… sei mila libera iduritu zitzaion ere, heien guzien ondoan heldu zela gizon mehexkila bat, naski xirribikari debru zahar hura, nor ere baitzen. Jauna untziaren eskuetan hartzera zoala eta orduan atzartzen da Martin Tipula oihu egiteko:

— Ez, ez dezaket orai eman. Xirribika hori… semeari galdegin behar diot, harena baita. Bihar, edo sarri, edo arratsean mintzatuko gira… ikusiko dugu…

— Nahi duzun bezala —ihardesten du Jaunak, bere diruak sakelan sartzen dituelarik—, Miarritzen egoiten naiz ene jauregi berrian, eta huna ene izena: Manuel Carlos Jose Antonio de Zirikando, Espainiako karrikan, 12.

Espainola bere karrosan urrundu zenean, hor agertzen da berriz apo zirribikari txar hura; lau sos utzi mahain gainean eta abiatzen da bere untziaren hartzera. Martin Tipula ez zaiteken mintza, zintzur kordokatua zuen. Azkenean hasten bada:

— Errazu, Jauna, sal zinezake zure xirribika?

— Xirribika sal! Hau da ene ontasun bakarra; hamar urte huntan emaiten daut ene egun guzietako ogia. Eta gero, hau oroitzapen bat da enetzat; aitak emana dut, eta harek bere aitasorengandik zuen.

Eta nigartto bat abiatu zitzaion begi xokotik.

— Bizkitartean —dio Martinek—, eskaintzen balautzute hanixko diru?

— Hanixko diru! Zenbat da hanixko diru?

— Emazu berrehun libera; hainitz da xirribika batentzat.

— Bertze xirribikentzat baditake; bainan hau ez dakizu nork egina den; hortxe du egilearen izena ezarria Stradivarius, eta berrehun libera deus ez da holakoentzat.

Karrika alderat abian baitzen, berriz itzularazi zuen Martin Tipulak.

Oren bat bederen tratuan ari izan ondoan, erosi zion xirribika hirur mila liberarentzat, eta berehala hogoi liberako urretan eman saria.

Nork erranen du haren bozkarioa, jaunxkila mehexkila txar hura karrikarat atera zelarik! «Hirur mila libera irabazi! Hau ez duk arras tontokeria!»

Nahiz etziren oraino arratsaldeko lau orenak baizik, Martin Tipulak hetsi zituen ateak, aldatu zen ahal bezen ederki, karrosa batean igan, eta bere Stradivarius belaunen gainean poliki ezarria hauts beldurrez Miarritzera joan zen, Espainiako karrikara. Bainan Espainiako karrikan ez baitzen orduan zuen 12 etxerik!

«Zer da hau!» zion Martinek begiak lanotuak, zangoak ikara daldarikan, begitartea zuri-zuria, eta izerdi hotz bat burutik beheiti abiatua. Han zagon xutik, oro inguruka zabiltzala haren aitzinean, eta beti errepikatzen zuela «Zer da hau!»

Azkenean, noizbeit iratzartu zen, eta etxez etxe ibili galdeka ezagutzen zutenez Manuel-Carlos-Jose-Antonio de Zirikando; hainitzek irri egiten zioten; karrikaz karrika aski itzuli egin eta etsitu zuenean, hor jakiten du jaunxkila batek, bezperan berean, harena iduri xirribika bat erosi zuela hamabortz liberetan, bainan orduan jaunxkilak ez bide zuen ile luxerik, eta xirribika Stradivariusen izenik gabe omen zen.

Ezagutu zuen Martin Tipulak debru tzar zirribikari harek eta delako Zirikandok sartu ziotela ziri bat ederra, eta biak gogotik sartuko zituen marrazan, ahal izan balitu aztaparretara bildu.

Hirur mila libera irabazteko orde, hirur mila gal! Zenbait xerriren saria! Bainan geroztik hunat, jiten ahal zen xixtapur bera edo nahi zuena, etzioten erosaraziko Martin Tipulari, ez Stradivarius, ez bertzerik odolgi batean ere.

Gizagaixo Martin Tipula!