Andera ezkonduaren lehenbiziko beharra

Euzkerea, 1929

Hemezortzi urtedun neskatxa zen Miren Edurne polit ederra.

Bizkaiko hiri handienetakoen baten jaio zen. Eta bere buraso ezkualdunak, aberatsak izanik, Donibanera ekarri zuten ikasten. Hamairu urteduna zelarik etorri zen.   Ezkuaraz eta erdaraz poliki mintzo zen. Eta zuhurra zenez geroz, prantzeraz ere mintzatzen berehala ikasi zuen.

Adizkide hoberik ez dut behinere izan.

Laur urte iraganda, bere sorterrira bihurtu zen.

Ene oinazea! Nigarrari emanaz, biak agur egin ginuen.

Bainan, zorionez, hurrengo udean etorri zen berriz Donibanera. Ene bozkaroia! Zoinbat solas egin ginuen elgarrekin!

Bera zen maitagarria zelakotz, berehala oroen adizkide egin zen. Edurnetxo deituten, orok ikasi zuten. Eta leku orotan ongi hartu zuten.

Behin, handiki baten etxean jai eder-ederra zen, alaba baten ezkon deia emaiteko. Hiriko nausi oro heldu ziren harat. Eta Edurnetxo ere enekin.

Heldu eta berehala, neska-mutilak, beti bezala, solasan ari zuten bozkarioz. Eta Edurnetxo ikusiki, dei eta galdatu zieten:

— Zuk erranen daukuzu, Edurnetxo, zoin da andera ezkonduaren lehenbiziko beharra?

— Andera ezkonduaren lehenbiziko beharra da… bere senarra beti bozkario atxikitzea.

— Gora, gora Edurnetxo! —oihu egin zuten mutilek.

Eta orduan Edurnetxok, emeki-emeki, irribarra ezpanetan zuela, erran zuen:

— Bainan behar bateri bertze behar bat zor, eta orobat, gizon ezkonduaren lehenbiziko beharra da… bere anderea beti bozkario atxikitzea.