Hegazkari adiskide biak (Aterpe eta Zabaleta)

Euskal Esnalea, 1911

Oraintsuko aurrerabideak ludiko bazter guztietara heltzen diranean, ibilketa zoragarria ikusiko da alde guztietan, ez bakarrik lurrean eta itsasoan, baita airean be. Burtarinak gehitu diran lez doaz gehituten hegazkiak be (aeronaves), eta ez da ardura, batzuk jausita puskatu arren: Aurrera! esan dabe hegazkariek, eta aurrera jarraituko dabe, hegazketak beldur baga egiten ekandu artean.

Aterpek itsasoak be igaro ebazan hegazkiaz, hegazkaldi askotan. Zabaleta barriz ibili zan mendi tontorretara agerraldiak egiten, eta azkenez, hegazka-hegazka, hegazki biak lurreratu ziran Gorbea mendiaren bizkarrean.

Aterpek sagardoaz egarria ibitu eta pipea isetu ebanean, joan zan Zabaletagana eta esan eutsan:

— Zer ikusi dok goialdean?

— Igo nok hodoietara, eta hotzegi jagok toki haretan.

— Nahi dok sagardo puska bat, odolak berotzeko?

— Berotu juadaz ardoaz, lurreratu orduko.

— Zelako hegazkerea jaukak hire hegazkiak?

— Hegazpen batzuetan zuzen ibili ohi dok, baina haize indartsuakaz hegazkera okerrak ugari izaten jozak.

— Nirea beti jabilk zuzen, gora-behera barik.

— Jokatukoat horraitino ordubetean jan ahala arrautzopil eta edan ahala sagardo, zein arinago joan hemendik Sologane deritxon basetxearen atartera.

—Bai horixe, Zabaleta! Baina lehenengo egarria ibitu behar juagu bioen ardo ta sagardoakaz.

— Alegia, betoz edariok bihotzak sendatzeko!

Egarria ibitu eben, eta ganera, atsedenalditxo bat egiñaz, jarri ziran bakoitza bere hegazkian. Guztiz azkar eta alaitsu egozan, edariak birbiztuta.

Bat… bi… hiru esanaz, bat-batera hegaztu ziran

egazki biak; baina laster galdu eben Sologanera egoan zuzenbidea: ardo ta sagardoaren indarrak lan egin eben hegazkari bien gorputzetan. Haize gogorrak baizen indartsuak ziran edarien ondorenak, bada adimenak zerbait lausotuak ebezalako ezin ebezan zuzen jarraitu bideak.

Aterpe lurreratu zan Sologanetik kilometro bat ezkerreruntz, arantzaz beteriko sasi moltso handi baten ganera.

Zabaletaren hegazkia, besteagandik hurre samar, zugatz tantai baten lotu zan dindilizka, eta hegazkaria lurra jo artean ez zan gelditu.

Zauri batzuk gora-behera, biak gaizkatu ziran.

Ukabilak haserre eta gogotsu erakusten eutsezan alkarri hegazkari biak.

Zegaitik?

Horixe da jakin behar dana!