Andre esposa gabeko ezteiak

Murtuts eta bertze, 1945

      Maiana dendaria bazoan haia-haia Errekanbordarat, goizeko bederatziak irian, eta iguzkiak bazuen jadanik indar. Landa bazter batetarik emazte batek oihu egiten dio: 

      — Errazu, Maiana! Errekanbordako ezteietarat bazoazi bederen? Zauri gure etxerat, bero da, esne xorta bat edanen duzu, hotz-hotza! 

      — Milesker, Kattalin, zure ikustateaz. Presatua niz. 

      — Aitzina dugu, aitzina, gaixo Maiana! 

      — Beranta ba, izaitekotz! Ez dakizu Maddi  lagundu behar dutala beztitzen? 

      — Beztitzen? Gaixoak badu bertze lanik egungo egunean! 

      — Zer erran nahi duzu? Harritzen nuzu! Zer zaiote, ala ideia sanjatu? 

      — Ja, ja! 

      — Maddi eritu, aments? 

      — Preseski! 

      — Jesus! Zer izan du ba? 

      — Lau liberako haurño bat, hots, egun goizean…

      Aise asma ditazke bi emaztekiek erabil zituzketen solasak oraiko gazteen manera trixtez. Bainan Maiana, bidean izanez geroz, joan zen halere aintzina Errekan-bordarat, gauzen hobeki jakiteko.

      Harat-eta hala zela ikusi zuen Supazterrean huna etxekandere xaharra, haurño bat oraino biribilkatua urrumakatzen ari duela.

      Mahungak ukondoraino bildurik, motoa airean, Gaxuxa koziniersak badu haro. Gau guzia emagintzan emanik, xehe-xehea nahi ditu denak kondatu: 

      — Hemen berean nintzen, oilaskoak lumatu eta husturik: apailatu nahi nituen, noiz-eta ere bet-betan pleinu batzu aditzen baititut ganbara hortarik! Jes-eta… zer zitaken, banoa lasterka, denak utzirik. Gaixo Maddi ! Haurra izaiteko kinkan! Halere hemen bainintzen…

      Gaxuxa eihera bezala ari delarik atertu gabe, horra hor kadira batean bi plegu egina, lurrari so, gorri-gorria, Gabriel jaun esposa, haurraren aita, aparantziaz…

      Maddi  ez da ageri. Ohean da ganbara handian, lozorro pisu batek hartua. Bederen ez ditu aditzen, aita xaharrak bultaka derabiltzan erasiak. Ez da haratik ez hunatik, gaixtoan da, gaixtoan, Errekanbordako nausia: oro ele dorpe, oro mehatxu, bai alabaren kontra, bai suhi-beharraren kontra, urde eta urdesaka ari da, bertzeak bertze, hitz eztienak baizik ez baititugu hemen aipatu nahi.

      Gabriel gaizoak hitzik ez. Dendaria hurbiltzen zaio eta ahapeka erraiten dio: 

      — Kenazu bada zure buketa!

      Jaun espos dohakabeak halako dolu batekin kentzen du bere lore floka eta sakelan sartzen, hats beherapen bat ateratzen zaiolarik: 

      — Hau lastima! 

      — Ez zinen zerbaitez jelostua? 

      — Alabainan ba… 

      Ixtant baten buruan, karrosa bat kanpoan aditzearekin mugitu gabe, gizagaizoak erraiten du: 

      — To, ezteiliarrak!

      Erran bazuen, erran: aita oihuka hasten zaio.

      — Ezteiliarrak? Eta non ditutzu ezteiak, mutiko zozoa? Ala den estatuan elizarat ereman nahi duzu?

      Eta eskua Maddiren ganbarari buruz keinatua zuen, ikara batean…

      Gabriel isilik zagon, bere onetan.

      Anartean ezteiliarrak heldu ziren. Auzoek erranik, orok bazakiten berri; eta ez jakinez zer begitarte egin, ez jakinez zer erran, isil-isila sartzen ziren hil baten ondoan kurutzearen adoratzeko bezala. Eta zer pena bertzalde! Pesta egitera jinak, eta pesta biper egina. Zer afruntua….

      Jendea jin arau, aita xaharraren oihuak handiago, alaba eta suhia ezin aski desohoratuz. Ez zen goxo nehorentzat. Azkenean Gaxuxak erran zion deplauki:

      — Ea, Batixta, ez zazula hoinbertze erran. Alaba Pazkoz hitz emana delarik, Omiasaindura gabe ezkondu behar da… Bainan joanak joan, zer probetxu duzu samurturik ere! Orizu, denak hemen girenaz geroz, eta bazkaria ere egintxea, ez ahal duzu jendea ahoan kurutze etxerat igorriko? Hasian hasi, zertako ez egin bataioko bazkaria? 

      — Aitatxi eta amatxirik gabe? 

      — Eta hauk?

      Zaliaz erakusten ziozkan kontra-esposak ederki apainduak.

      Gaxuxak sendi zuen ezteiliarrak haren alde zirela oro, eta nausi xaharra amor emaitera zagola. Atrebitu zen erraitera:

      — Bai, zoazte denak haurraren laguntzerat, dela meriarat, dela elizarat. Nik mahainak anartean beztituko ditut. Xo! Sankristauak berantetsiak zituzte!

      Hainbertzenarekin elizako ezkilak errepikan hasi ziren, zeru guzia inarrosten zutela. Armariotik Maddiren bela xuria hatu zuten haurñoarentzat, eta aintzina…

      Elizarakoan bazela so egile!

      Eliza aterat eta, hau kinka gaixtoa! Apeza nork abisatuko du? 

      — Hik erran behar diok, Gabriel!

      Pusaka-pusaka aldareraino baderamaten. Hor, jaun erretora esposen beha dago, barurik, mahain saindu ondoan. Tortxoak piztuak dira, esposen kadirak poliki apainduak…

      Jaun erretora bi begiak armaturik so eta so dago: ezteiliar guziak birazka, jaun esposa salbu eta emazte bat haurño bat besotan… 

      Balditua, galdegiten du: 

      — Eta, eta, non da andere-esposa?

      Orduan Gabrielek, haurra erakutsiz:

      — Horra, jaun erretora, bataia zaguzu nexka hau, Goiz-etorri emanen diozu izena!

      Ez dut erraitearen beharrik jaun erretora poxi bat harritu zela. Bataioak lekora, bazkari ederra egiten zuten, eta, Maddi  ahantzirik, dantza eta kantu anjelus arte. Gaixo Maddi, aise pasatuko zen hoinbertze arramantzarik gabe. Ondoko egunetan isil-isila egin zen ezkontza, eta ontsa bizi izan baziren, ontsa hil ziren.