Suge lana

Lehen saria Donostiako Albiste ta Turismo Eralguntzak 1961ean antolatutako sariketan.

SUGE LANA

Nemesio Etxaniz

Lur berri bila, 1967

 

Lagunak lagun, huraxe bai lagun benetakoa! Gure azkeneko gerratean, apaiz-lagun, kapellau, ibilia zan. Ez zan gorrotoz itsututako horietakoa. Bazekian alderdi bietako akatsak eta argiuneak ikusten.

Haren lana, batez ere, giza bihotzak hondoraino neurtzen eta horrela, ahal zuan onik gehiena egiten, ohi zan. Alkartzen ginanean, bion irizpideak batera ekartzen aritzen ginan. Haietako batean, nere laguna, (don Justo deitu dezaiogun, nolabait deitzeko), bere mahaira hurreratu zan. Kaxoi bat ireki eta handik aterata, paper batzuk eskaini zizkidan, esanaz “Tori! Giza bihotzak norainoko leize beltzak dituan jakiteko, badek hor agiri on askoa!”.

Eskutitz sail bat zan; karta sail bat, alegia. Besterik gabe, eseri eta irakurtzen hasi nintzan… Gorri alde?… Zuri alde?… Zertarako zauri zaharrak berritu? Alderdi bati Eguzkialde deituko diogu lan honetan; eta besteari, Ospelalde. Bakoitzak asma beza zer aldetatik zer aldetara dabiltzan eskutitzok. Herri eta giza-emakumeen izenak aldatu edo isildu, eta hor dihoakizue nik irakurria.

 

OSPEL ALDETIK EGUZKI ALDERA

Aznar-en Laura Nuria Andr.

X-en

Nere Laura:

Egunak kezka larritan dihoazkit. Zuen berririk gabe, hemen ari naiz nere buruari mila jira-bira ematen. Gerrateak alkarrengandik eten gintuanetik, ez det egun onik. Azkenean, Frantziara dihoan ezagun bat inguratu zait, eta honen bidez bialtzen dizuet eskutitz hau.

Nolatan zerate? Gure koxkor biak ongi al dira?… Egunero irakurtzen ditut paperak, ezer garbirik atera ote diteken igartzeko. Hau nahastea sortu zaiguna! Beldurrak eta gorrotoak, erabat, haizatu ditu egundoko berri nolabaitekoak. Ez da errez egia jakiten.

Nahaste hau sortu zanean, guztiok alde batetik izan bagina… Zoritxarrez, ni nere eginkizunetara etorri berri nintzan X-ko uri haundi hontara, eta nere zorigaitzerako hemen gelditu nintzan zuengana itzuli ezinik. Honelako estualdietan ez da errez nola jokatu asmatzen. Hemen ibili naiz egun batzuetan zoroarenak egiten. Jo alde batera, jo bestera; hitz egin honi, deitu hari. Azkenean, horko gure etxearen ordezkariak, nere burua hobeto gordetzeko lan lekua iritsi dit. Janariak banatzeko sortu dan Batzorde batean sartu naiz horrela (Batzorde, zera… Komisioa esan nahi det). Hemen lan egiten det rgunero zortzi edo hamar orduan, lanak eskatzen duan neurrian. Paperik inork eskatzen badit, nere lan lekuko agiria erakusten diet eta honela bakean uzten naute.

Ez dira egun ederrak hauexek! Guztion bizia hari batetik esegita darabilgu. Gerra giro honek errezeloa eta susmo txarra errez pizten ditu, eta guztiok alkar zeletatzen bizi gera. Eta ni, nere etxetik urruti, ezezagunen artean, txarrantxa gainean etzandakoa baino areago nabil, noiz arteko saltsa izango ote degun galdezka.

Hau lana! Eta zuengana joateko bideak itxita! Ez da laburra egoera hau!…

Laguna zain daukat eta bukatzera noa nere lehenengo eskutitz hau. Ahal dezuen bezain laster, Frantziatik zehar, ia zuen erantzuna hartzen dedan. Gure txiki biei laztan asko; eta zuri, nere bihotza zabal-zabalik. Erantzun zain irrikitzen gelditzen da, zure.

Xabi

 

EGUZKI ALDETIK OSPEL ALDERA Xabier Aznar J.

X-en

Nere Xabi:

Zure eskutitza oraintxe jasoa det. Hau da lasaitasuna hartu dedana, ongi zerala jakin dedanean! Guregandik aldendu zinanean, nori bururatu behar zitzaion honelako egun estuak zetozkigunik? Gu lotan geundela, baten bat esna ibili da, gerra beldurgarri au gertatzen.

Nereak nahikoa ez dirala, gure txiki biak albotik nahikoa lor sortzen

didate. Nork geldirik eduki ume auek? Katakumeak baino jolasgure eta zarata-gogo gehiago dute biek. Eskerrak osasunez ongi diranari. Baina hauen galderak ez dute azkenik.

Nun da aita?

Ama, noiz dator aita?

Zergatik ez da etortzen?

Laster etorriko al da?

Jesus mila bider! Burua bere lekutik aterako lukete ume hauek. Xabitxo oso gogor dabil eta Lauratxok eztul pixka bat izan du, baina joan zaio, Jainkoari eskerrak.

Zure horko estuasunak ez dira makalak; baina nereak ere ez. Hor bezela, hemen ere, alkarren susmo eta beldurrez bizi gera. Hori berekin dakar gerrateak; alde guztietan etsairen bat jaikiko ote zaigun kezkatan, eta hutsagatik galtzen da erne ez dabilena.

Hemen nagusi gelditu diranak, indar asko biltzen ari dira, eta nik uste, azkenean hauek irabaziko dutela gudua. Horregatik, ni ere, nere aldetik neurriak hartzen ari naiz, handik eta hemendik ezaupideak sortzen. Noizbait alde hontakoak irabazi eta zauden herri hortara sartzen badira, norbaiten beharra izango degu, zu bakean utzi zaitzaten. Honelako unetan hitzerdi bat nahikoa izaten da gizona hondatzeko. Zure bururik ez nahastu behin ere odoletan. Ahal dezun izkutuen ibili, ta hemengoak horruntza helduko balira, ez inori aitatu hor izan dezun lan leku hori. Hobe horrelakorik inork ez jakitea.

Nere burua hobeto gordetzeko, gaixotegi batera joaten naiz astean hiru aldiz. Egunero soldadu erituak datoz gudu lekuetatik, eta mutil gizajo horiek zaitzen eta sendatzen, bada nahikoa zeregin. Gaixotegi horretan ezagutu det kapitain bat, eta oso lagun eginak gera alkarrekin. Nik, –jakina– urrutira begiratzen det, eta kapitain honen lagunartea egoki etorriko zaigu, zu hortik onez ateratzeko. Kapitainak, Alvaro Gartzia du izena. Kontuan har zazu, noizbait hemengoak hor sartu eta galdezka hasten bazaizkitzu, kapitain horren izena emateko. Horrela ez dezu kartzelara joateko arriskurik izango.

Ume hauek ez didate bakean uzten. Xabitxok zerbait hausi du, eta Lauratxo negarrez hasia da. Banoa zer dan ikustera… Beti bezela, hutsaren hurrengoa. Hala ere, isildu diranean, ez da ezer.

Xabitxok zaldi bat nahi du, eta Lauratxok, hortik zatozenean, andere begi urdin bat ekartzeko esaten dit. Ba-dakizu ba. Azkar-azkar erantzun nere honi.

Haurren eta nere laztan asko eta asko. Zure-zurea dezun

Laura

 

EGUZKI ALDEKO X-tik X-ra

Aznar-en Laura Nuria Andr. X-en

Ene andre begiratua.

Zurea jaso det eta pozik irakurri ere. Senarraren berri jakin dezu azkenean. Ez da gutxi, gauden egunetan, guztiok arriskuz inguratuak bizi baigera. Zorionez, gizonarengatik izan dituzun kezkak arindu dira. Nere aldetik ere, ez det okerrik, eta nabilen lanetan gordeago izango naiz aurrerantzean.

Estuasunak alde batera bota ditzakezu, beraz; eta orain zere buruari begiratu behar diozu. Herri hortan sartuta ezin zindezke egon. Zu bezelako emakumeak leku zabalagoak eta atseginagoak behar ditu, mundu honetan bere edertasunaren argia inguruan barreiatu ahal izateko.

Zure gaztetasuna ezin lotu zenezake senarrarekiko kezketan. Beste asko gaituzu zure ezaupidez poztuak, eta denen artean neroni aurrena. Gure lagunartea gehiago estutu behar genuke bion onerako.

Zure senarrarekikoa errez egingo degu. Gure soldaduak haruntza iritsi bezain laster, haren galdera egingo det, eta guztia ongi aterako da. Datorren igandean X-en izango naiz eta egundoko dantzaldi eta jaia eratzekoak dira egun hortarako. Hortik gertu dezu herri ori, eta errez egin zenezake harainoko bidea.

Agertzen bazera, gau osoan lagun izango nazu eta bion artean sortu dan hartu-eman pozgarri hau sendotu eta argituko zaigu, noski. Poz horren itxaropenetan, har zazu nere agurrik barrukoena. Zure ederrean zorabiatuta dezun

Alvaro

 

OSPEL ALDETIK EGUZKI ALDERA

Aznar-en Laura Nuria Andr.

X-en

Nere kuttun hori:

Zure erantzunak ez dit poz txikia ekarri, Laura. Onik zerate hirurok, eta Jaungoikoari eskerrak, gure etxeko zoriona oraindik osatzeko bidetan gera. Ez da gutxi egun negargarri hauetan. Berriz ere, lagun bati eskerrak, Frantziatik zehar dihoakizu nere eskutitz hau. Lehengoa bezain zuzen iritsiko ahal zaizu!

Txiki biak aitaren galdezka dira, beraz? Noanean, zaldia eta anderea nerekin eramango ditudala, esaiezu. Noiz izango ote da egun eder hori? Ez guk nahi bezain laster.

Hemengo kontuak, geroago eta estuago eta nahastuago dihoaz. Eta hutsagatik galdu diteke edozein. Beti beldurrez eta begi biak zabalik dirala ibili beharrean gaude. Gauzak oker dihoazenean, susmo eta salaketak ere, ugaltzen hasten dira. Hala ere, nere aldetik ongi noa. Auzitegi eta odol kontuetatik urruti nabil, eta honela inori kalterik egiteke, edozeinen aurrean agertzeko ez det kezkarik. Nere jokaera garbia izan da eta gorroto bideetatik etena.

Zuk diozun kapitain horren izena gogoan izango det, noizbait zuen aldeko soldaduak uri hontan sartzen badira. Bitartean, zaitu itzazu ongi gure txiki biak. Diru premiarik ez al dezue? Ezer behar badezu, horko gure etxeko nagusiari eska zenezaioke.

Erantzun azkar eta berri asko emanaz. Gudua azkenera hurreratzen ari dala uste det. Ia ba, guztiok lehenbailehen alkartzeko zoria izaten degun. Orduantxe bai laurok pozik!

Xabitxo eta Lauratxori mila musu. Ta zuri nere besarkadarik estuena. Oso-osorik zurea dezun

Xabi

 

EGUZKI ALDEKO X-tik X-ra

Aznar-en Laura Nuria Andr. X-en

Ene maite zoragarri:

Oraindik ezpainetan det X-ko gau-jai hartako eztia. Nere zorionerako etorri zinan nere deira, eta bion izarrak argi egin zigun egunsentiak gaueko iluna uxatu arte.

Zuk ez dezu merezi senar horren loturarik. Bizitza hoberako egina zera, maite; eta nere bihotzak etorkizun argiena eskeini nahi lizuke. Ez al zenduan garbi ikusíi gau hartan, alkarrentzako egin-eginak gaudenik?

Bai, Laura. Nik, behintzat, garbi ikusten det atseginezko urrebide argia biontzat. Eta gauzak eskura datozkigun ezkero, zergatik ez jaso aukeran deguna? Zure gizon hori, bestaldean hain ongi hartu dutenean, gure etsaietakoa izango da, noski. Ez du merezi gure errukirik, ez horixe. Eten itzazu behin harekiko lokarri negargarri eta estuak eta zatoz zure edertasunak eskatzen duan eguzki argitara rta zabaldi atseginera.

Beti bere besoetan nahi zinduzken zure

Alvaro

 

EGUZKI ALDEKO X-tik X-ra

Justo Roman, Apaiz J.a

X-en

Adiskide:

Gerra bukatzera dihoala zirudik. Gure bideak ez dituk berdinak izan. Hi, bestekaldeko soldadu artean kapeilau ibilia haiz, eta ni kartzela hontako kapeilau natxegok gureak uri hontan sartu ziranetik. Denbora gutxi, baina asko ikusi diat epe labur honetan. Atzo ikusi nuana, ez zaidak behin ere ahaztuko. Makina bat gizajok galdu dik bizia, bere bidean zitalkeria eta makurkeria sartu dalako.

Egunak hituan, gure kartzela honetan, zazpigarren gelan, itxura oneko gizon bat barruratu zutela. Joan nintzaion, eta oso minberatua arkitu nian. Kapitain baten izena eman zidakean, eta jarek zekiala bere emazte eta etxeko berri. Ez zekian asko gizajoak, kapitan hura zuala bere galtzailerik amorratuena. Bere paperak ikustera joan nindukan, eta irakurri nuanak, nere barru guztia irakiten jarri zidakan. Halako belzkeriarik ez nian ames egingo nere bizi guztian. Kartzelako gizajo hura nork salatu zuala uste dek? Bere emazteak, gizona! Eta emaztearen salaketa haregatik, galdua zegoan senarra. Beta gehiago izan banu, zerbait egin ahal izango nian, baina gauzak azkarregi joan dituk. Berandutxo jakin diat, emazte galdu hori, dalako kapitain horrekin itsutua dabilela, eta harekin bere grinabidea ase ahal izateko egin diola bere gizonari egin diona. Azkenera arte lagundu zioat senar zorigabeari. Eta gizajoak, bere andreari utzi nahi zizkioan bere ondasun guziak. Neronek aldarazi zioat erabakia, bere azken agiria seme-alabatxoen alde egin zezan. Emaztea alda ditekela eta beste norbaitekin ezkondu, agian. Hobe duala bere txikien etorkizunari begiratu eta haien alde utzi duan guzia. Honela egin dik. Emaztearen bilaukeria ez zioat aitatu nahi izan. Bere azken ordua zertarako gehiago mindu? Aitortza zirrarakorra huraxe! Gizon haren ondrautasuna, garbi asko agiri huan aren esanetan. Gaur goizean, eguntxintak ozta-ozta argitzen ginduala eraman diate, soldadu taldearen aurrera. Azkenera arte, bere alboan egon nauk.

Nerekin esan dik Kredoa, hagitz eta sendo: SINISTEN DET JAUNGOIKO RITA AHALGUZTIDUN, ZERU-LURREN EGILEA, ETA HAREN SEME BAKAR JESUKRISTO… PONTZIO PILATOREN MENDEAN NEKALDUA, GURUTZEAN ILTZATUA,

HILA!… PUM!!!

Kartzelako hormak dardaraz eman ditek erantzuna. Han gelditu dek errukarria lurrean… odoletan!

Polbora kez itsutua, bihotza erdi bi, zabuka atera nauk handik. Agur, adiskide. Ez nauk jarraitzeko gauza. Hurrengoan berri hobeak izango ahal dizkik hire lagun minberatu

Milanek.