Antzaren zain

Txakur zaunkak atean, 1989

Dena hasi zen goitik PEGAko (Presoen Euskara Gaitasun Agiria) azterketetara begirale gisa joateko eskatu, erregutu, agindu… zidatenean. Nere lehen jarrera ezezkoa izan zen, baina ez nuen arrazoi ganorazkorik topatzen ukatzeko. Nere goiko PEGAburuek bazuten nonbait nere etorki politikoaren berri. Benga hi, joango haiz, ezta, zein hi baino egokiagorik horretarako. Eta hau, popatik ematen zidan irriño eta tonu batez. Patata bero hau harrapazak ogibitartean, esanez bezala. Eta nik zer erantzun behar nien, ezetz, nere ideia politikoak aldatu egin zirela, lanpostu hau eskuratu ezkeroztik nere ideologiak izandako bilakaera esplikatu behar nien eta azkenengo hauteskundeetan beraiek bezalatsu botatu nuela aitortu? Froga gisa Iparraldeko tabernako sarraskia gertatu zenean ez nuela asanbladarik konbokatu gogorarazi? Bueno, ikusiko diagu, ez diat ezezkorik esaten, izan zen ahoratu zitzaidan gauza bakarra.

Egia esan, ez zen batere gustagarria jasandako gonbitea. Sekula ez zaizkit gerrako edo beldurrezko edo higuinezko pelikulak gustatu, eta izurri guztion bizitokitzat nuen gartzela. Artean sekula barruan egon gabea nintzen eta desesperazioa, tristura, begi haundituak, jantzi marratuak, bola hankan… ziren nere buruko zeluloide laburrean aurkitzen ziren irudi bakarrak. Pentsatze hutsak barruak nahasi zizkidan. Hainbeste herrikide, ni bezalakoak, oker ziurrenik bere planteamenduetan –baina nork ziurtatzen digu gureak zuzenak direla?–, gu bezain euskaldunak, intentzio onenez… bizirik lurperatuak. Zer esan behar nuen Eusebio nere eskolakidearekin aurkituko banintz. Bai, jakin nian Gasteizen ari haizela lanean. Eta gaizki hartzen badu? Badakit ez dudala zertan kezkaturik, eta are gutxiago lotsaturik, baina eztarria arras lehortu zitzaidan gonbitea entzute hutsarekin. Ni pintxo-pintxo jantzita, karneta agirian izateko, siandios, karneta, letra txukuna egiteko, elkarri ez kopiatzeko eta izena eta helbidea garbi jartzeko esanez; sandios, helbidea.

Bidaian hiru aztertzaileok huntaz eta hartaz jardun genuen baina ez hortaz. Hala ere ondo igartzen genion elkarri gure barnean iskanbilatsu zebilen solasgaia hura zela eta generabiltzan hizpideak, kortxozko zarata-isolagailuak

Orbaneko Errementaritzara heltzean ez genuen behialako errementaririk aurkitu, baina bai erremintadun orban berderik, berdegune bakarrak lasto koloreko basamortu mugagabean. Autoa handik urruntzeko, “er denei”. Mutiko bat, soldaduskagilea edo, adineko kabo-primera baten begiradapean.

Egonaldi luzea, gure datuak eta kredentzialak eskuz apuntatzen ari, minibus bati, funtzionariokumeak eskolara, zabaltzen diote erromara, guardiazibil batek ogi-saltzailearen furgoneta miatzen dihardu, dena, gogor berotzen hasia den eguzkiak erakusten duen egunerokotasun berberaz.

Handik orduerdira berde bat dator kasetatik paperak eskuan dituela. “Aquí aparecen cuatro nombre y ustede son tre. Quién de ustede e Aita Donostia Ibilbidea?”. Ematen dizkiogu behar diren argibideak. Laster da berriro ere, “Utede de donde vienen concretamente, de Vitoria o de Gagteiz”. Elkarri begiratu eta “de Vitoria” erantzuten diogu aho batez. Ez gara badaezpada ere esplikaziotan sartzen. “No es mala pregunta” erantzuteko gogoz geratzen naiz.

Metal antzemangailuaren aurrean gaude handik ordubetera. Maisuaren zain. Hor dator antiojodun flakosta bat, burumakur, lurreko baldosei begira. Bere esku hezurtsua ematen digu eta bidaiaz galdetzen. Bera izango zela gure gidaria gartzela barruan eta ezer nahi bagenuen berari esateko. Ez ditu hogeitamar urtetik gora izango. Berriketalditxoa egiten dugu ez dakit zeren zain gauden bitartean. Extremeñoa dela, bi hilabete daramala hemen, Jose Landa deitzen dela, hombre, abizen euskalduna, esaten du gutariko batek. Ezentzun egiten du. Berak zentroraino lagunduko zigula, baina ez zela gurekin moduloetara sartuko. Es que tengo un problema muy gordo, jarraitu zuen; berak ahal zuen guztia egiten zuela internoei laguntzeko baina hauek ez zutela onartzen, ez zutela nahi bera moduloetara sartzerik. Ez zekiela zergatik ezen berak on beharrez jardun izan zuela beti. Negar egiteko ere gutxi falta zaio. Ez dakigu kontsolatzen hasi ala zer egin. Es que así no puedo desarrollar mi labor. Hain doilorrak ote dira preso hauek?

Se quite el cinturón. E1 llavero y las monedas también… a ver si es el botónn metálico del pantalón. Se quite lo pantalones… Usted ha sido operado alguna vez de los huesos? Claro, se vista. Algun hierro que le introdujieron.

Funtzionaria gure esku-boltsak arakatzen ari da, aldrebesko aldera harturik euskarazko orri batzuk eskuan, irakurri nahian. Zerbait esateko imintzioa egiten dut instintiboki, baina biderdian frenatzen dut, “Isilik egoteak zenbat balio duen…” kantak tximistak bezala jotzen bainau.

Decía algo?

No, no, nada.

Afrikako oihan beltz baten aurrenengoz barneratzeak ez zidan pasaleku hartan sartzeak baino zarrara haundiagoa egingo. Maisua bide erakusle, behatz ezkuturen baten eraginez ezker-eskuin zabaltzen da aurrean dugun errejazko ate elektrikoa, kurrixkaz koipe apur bat eskatuz. Hau zeharkatzeaz bat atearen bi erdiak berriro elkartu egiten direla nabaitzen dugu Itsas Gorriko urak bailiren, une baten kaiolaratuak gelditzen garelarik. Horrela, bat itxi bestea ireki, auskalo zenbat ate igaro ondoren zabalgune batera, “centro”a omen, heltzen gara, beirazko kupula baten azpira, non funtzionaria mahai baten eserita egunkaria irakurtzen dagoen eta nondik moduloetako ate bikoitzen kristal zikinen ostean presoen errainuak nabaitzen diren.

«Kaixo Patxi, aspaldiko, zer moduz bizi haiz» esan zidan besarkada luze eta beroa emanez preso antiojodun batek. Une hartan ez zitzaidan batere inportako Patxi izatea, hainbait zen maitakorra besarkada hura. «Uste diat oker habilela, ni ez nauk Patxi» esan nion berezi ginenean. «Nola ezetz, hi beti adarra jotzen». «Ezetz ezetz, ni Rafa nauk. Azterketa batzuk egitera gatozek”. “Jode,barkatu hi, ba berdin berdinak zarete, oraindik ezin diat sinistu» zioen behatzak betaurre- kopean sartuta begiak igurtziz.

Hijo puta, cabrón, lárgate de aquí –deiadar egiten dio preso batek atea igarotzera ausartu den (guri oharren bat eman nahirik edo) maisuari. Hau, buelta hartu eta buztana hanka artean duela atetik izkutatzen da ziztu bizian.

Zuekin etorri al da putakume hori? Ba nik aurrean harrapatzen badut emango zioat e.

Ez dugu galdetzen zer halako egin duen hainbesteko gorrotoa izan diezaioten.

Gurekin sinpatiko portatu duk, gizajo samarra ematen dik.

Gizajoa bai, zerria bai majoa –dio lehengo berak.

Hi, ba kriston antza duzue –esaten dit beste batek.

Zeintzuk, maisuak eta biok? –galdetzen diot harrituta.

Ez –erantzuten du barre algara erdian–, hik eta Patxik.

Patxi hirugarren moduloan zegok –argitu zuen beste batek–. Luzaroan hemen egona duk, baina badituk sei hilabete ez dugula ikusten.

Gero esplikatu ziguten hura gartzela bat ezezik lau gartzela zirela. Gertatu zitekeela urtetan bi pertsona elkar ikusi gabe egotea, ezin baitzen beste moduloetakoekin inolako harremanik izan.

Inpresio sakona eragin zidan presoekiko nere lehen harreman hark. Zail egiten zitzaidan presondegi bat barrutik zer zatekeen imajinatzea, baina lur jotako jendea aurkitzea espero nuen, etsitakoa, luzaroan eguzkirik eta urik ikusi gabeko landareak bezala ia igarturik eta urik ikusi gabeko landareak bezala dagoen jendea. Ez nuen sekula imajinatuko bizinahiak eta helburu ustez zuzen baten alde jokatzeak hainbesteko indarra ematen zutenik. Aztertzaile bakoitzaren inguruan korro haundia egin zen. Eusebio eta beste herritarrak ziren txarrenak. Zer moduz gelditu da herrian egin duten zubi berria, entzun diat oso farol modernistak jarri dizkiotela; jode, ba horterada bat iruditzen zaidak; bi dorretxeren erdian dagoela kontutan harturik, era zaharreko burdina forjatuzkoak askoz ere hobeto egongo liratekek. Nik, egia esan, banekien herrian zubi berria egin zela, egunero pasatzen bainaiz bertatik baina erreparatu gabe nengoen faroletan.

Ea Mamen ezkondu den, ederrenak okupatzen ari direla beraiek han dauden bitartean, esateko Nekaneri apur bat itxoiteko, ea konpondu dituzten festetan zezenak apurtutako eskaparateak, zer moduzkoa izan zen Ramones-en emanaldia, fruta arbolen txertaketaren gaia sakondu nahi zuela eta ea bibliografia lortzerik genuen… erabat gainditua eta sarri lotsatua aurkitzen nintzen, galdera gehienentzat ez bainuen erantzunik. Zazpirehun kilometrotara egon arren bazirudien Euskal Herrian bizi zirenak beraiek zirela eta ez ni. Honakoa, duela urtebete euskararik ez zekiena, mantso baina itxuraz mintzatzen zen, harakoa, beti gizena izandakoa, erabat liraindua ikusten zen…

Goiz hark zer pentsatu ugari eman zidan, eta baita esku artean genuen azterketak ere. Honela zioen atal batek…

Lau gai hauetatik bat aukeratu eta garatu:

1. Euskal Telebista.

2. Konta eiguzu aurtengo udarako dituzun asmoak.

3. Euskal Herriko eguraldia aldatzen ari omen da.

4. Heriotz zigorra.

Modu arraro batez begiratu didatela begitandu zait, orain arte ez bezala, baina seguru nago nere burutazioak direla, nere burubide urduriek direnak eta ez direnak ikustera naramatela. Orain goizeko bi funtzionariak elkarri ahapeka ari dira, begi ertzez ikus ditzaket. Badaezpada ere egiten ari naizen eskutitza liburu barruan gordeko dut. Eta liburua beste orri baten zabaltzen dut, edozein liburu, edozein orritan. Funtzionaria nereganantz datorrela nabaitzen dut. Hurbildu ahala odola irakiten sentitzen dut gorputz guztian, azterketa kopiatzen ari nintzela irakaslea pasatzen zenean bezala. Ez dut zertan armonian egonik, baina beste edozein ere jarriko litzateke nere egoeran.

Herenegun arratsaldean hirugarren modulora azterketa begiraletza egitera joan nintzenean, barrura sartu orduko, preso batek «Patxiren anaia al haiz» bota zi- dan zorioneko Patxi hori aurrean nuela. Ez, ez, erantzun genuen biok aho batez. Neri ez zitzaidan antza hainbesterainokoa zenik iruditu. Aurpegi ebakera berdintsua bai, biok aizkora mutur beretsua, baina argalagoa, zimurragoa eta beltzaranagoa ikusten nuen. Solasaldi ederra egin genuen honakoaz eta harakoaz eta tartean broma batzuk ere bai gure antzaz eta abar. Honetan ere nere amari arrazoi eman behar. Gai batzuk ezin dira broman ere aipatu.

Azterketa garaian burubide sakonetan murgildua ikusten nuen Patxi, ia luma eskuan hartu gabe, besteak buru-belarri idazlan, sinonimo eta abarrei itsatsiak zeuden bitartean. Azterketak bukatu ahala ahozkoak egitera nere mahaira etortzeko oharra eman nien. Patxi izan zen hurbiltzen lehena.

Bukatu al duk idatzia?

Ez, baina beste gauza batez hitz egin nahi nian hirekin. Gauza bati buruan bueltak ematen ari nauk denbora guztian, baina beharbada zorakeria duk eta hobbe diat ahaztea. Izan ere konpromisu gogorra litzatekek hiretzat.

Garbi hitz egin –erregutu nion. Urduri jartzen ari nintzen. Erredentzioa zela eta, azterketa aprobatutzat emateko edo, eskatuko zidala espero nuen.

Antz haundia omen zeukeagu biok –hasi zen eztarriko lakarrak kenduz.

Bai, hala zirudik. Eta? –galdetu nion txarrena susmatuz.

Ba bueno, ez bazaik ongi iruditzen esan ezetz, ez daukak onartzeko inolako obligaziorik eta.

Esango al duk behingoan? –eskatu nion nere onetik irtetzen hasirik.

Orduan proposatu zidan trukea. Arropaz aldatuko| ginen eta nik hartuko nuen haren lekua denboraldi baterako, irailera arte, hain zuzen, orduan itzuli beharra egongo baitzen azterketak egitera. Bazekiela neretzat gogorra izango zela, gauzarik normalena nik tratu hari uko egitea zela, pentsatzeko asti puxkat hartzeko, jabetzen zela arriskuez, baina ziur zegoela ondo irtengo zuena, eta abar. Gero, nere galderei erantzunez, modu naturalenean eta tonua batere aldatu gabe bere azken hamar urteetako zenbait pasadizo kontatu zidan, hamar urte baitzeramatzan espetxerik espetxe. Hogeita bi urterekin, azkenengo amnistia nagusia eman eta berehala erori zen. Bigarren belaunaldiko lehen presoetarikoa, komunekin batera egona zen luzaroan. Oraingoak baino gogorragotzat oroitzen zituen urte haiek, ia lagun espetxekiderik gabe, kanpoan jende multzo haundiak sasi demokraziaren kantuak liluratuta, hartutako bideaz zalantzan. Martutene, Carabanchel, Soria, Puerto, Alcalá, Herrera… hamaika espetxe ezagutua zen. Urtearen ia egun erdiak zigor zeldetan, gelaren lau paretak besterik ikusi gabe, askotan ez argi, ez liburu, ez boligrafo. Preso komunak torturatzen ohitutako funtzionari bihotzgabeekin egunero burrukan. Inolako dramatismorik gabe kontatzen zidan, soldaduska edo seminario garaiko kontuak balira bezala, “Gogoratzen nauk behin Puerton…”, pasadizo garratzenak umore tantanez gozatuz. Gose grebak, auskalo zenbat, ostean astiro jaten hasi beharra, baina entrama asekaitzari eutsi ezinez jandako babarrunak, aspirinak errezetatzen besterik ez dakiten medikuak, ospitalean bizitako panorama. Nola komunek lejia edaten zuten ospitalera joan ahal izateko, edo goilarak irentsi, edo zainak ebaki. Ileak lazten zitzaizkidan hari entzuten. Nola bere aurrean ohe-burniz egindako kutxillotzarra sartu eta hil zuen preso batek bestea, saltokiko txandan kolatu egin zitzaiolako. “Joan den astean etorri nintzuan ospitaletik. Fistula batetik operatu nautek. Ni egon naizen ohearen aurretiko bezeroa Sidarekin hil zuan. Hura atera eta ni sartu ninduten», zioen irribarre batekin. «Inguruko ohetakoak ere gehienak Sidadunak zituan». Aho zabalik entzuten nion, baina gezurra badirudi ere, ez nuen nere errukiaren bila zebilen sentipenik momentu batez ere izan. «Bueno, ez ahaztu lehengo tratua, e, eta barkatu enbarkada honengatik» esanez agurtu zen. Beste bat etorri zitzaidan ahozkoa egin asmoz, baina itxoiteko apur bat esan nion. Bestaldean liburu bati begira zegoen nere lagunari eskatu nion berak jarraitzeko ahozkoak egiten, ez nengoela ondo eta. Gelako txoko batera joan, aulkian jarri eta nere garun koittaduetatik, zaldi desbokatuak bailiren, trumilka pasatzen ziren pentsakizunei begira jarri nintzen. Ezetza: logikoena eta errazena. Ez neukan proposatzen zidan txorakeria, umekeria hobeto esanda, zertan onarturik. Mila arrazoi, aitzakia, nahi bada, nituen horretarako. “Lehenengo eta behin”, lagun pedante batek esango lukeen bezala, ez nuela Patxiren ideologia konpartitzen. Baina, bestalde, hamar urte itzalean zeraman gizajo hark ez al zuen hainbeste merezi? Ez al zuen hark bizitza gozatzeko eskubiderik? Ez al zen hura ere ni bezalakoa? Horixe zela ni bezalakoa, bestela ez nintzen bidegurutze lohitsu hartan aurkituko, nioen nere artean irribarre triste batez. Erosi berria genuen pisua, Ana, Uda hartan Turkiara egiteko ginen bidaia… pausatzen zitzaizkidan balantzaren alde batean, bestean garai baten hain sutsu defenditzen nuen klaserik gabeko herri euskaldun, independientea, burrukaren bidez bakarrik konkista daitekeena, aspaldian, gaztetako gauzatzat oroitzapen zaharren sotoan gordea. Ez ote nintzen ur gaineko bitsetan bizi? Ordu batzuk besterik ez neramatzan han eta nahikoa nere eraikidura guztia kolokan jartzeko.

Mataza nahaskilatua zen nere burua barrutik, izerdi larri iturri kanpotik Patxi berriro hurbildu zitzaidanean.

Zer, hartu al duk erabakia? –galdetu zidan goxo baina tinko–. Laster joateko ordua duk eta.

Burua zuri geratu zitzaidan. “Bai” erantzun nuen, baietz, alegia, onartzen nuela trukea. Barru barrutik irten zitzaidan, psikearen ez dakit zein leizezulo sakonetatik, ezkutuan zegoen beste ni baten erantzun kontrolaezina, zeren nere burubideen hariari jarraiki, bai baina ez, emaidak pentsatzeko astia, hurrengoan ikusiko diagu, izango baitzen erantzunik logikoena.

Sekula ezingo diat merezi hainbat eskertu –erantzun zidan ahots hunkituz–. Lagundu egidak disimuloz komuneraino eta han aldatuko gaituk.

Baina, baina…” izan zen nere bi bidaiakide harrituek esatea lortu zuten bakarra “aldagela”ra zuzendu aurretik nere planen berri presaka abarrean eman nienean. Komunean zenbait abisu eman nizkion Anari eta etxekoei pasatzeko eta besarkada batez irailera arte agurtu ginen.

Funtzionariek alde egin dute eta eskutitza ateratzen dut liburu barrutik ez dakit zenbagarrenez.

«Ana laztana:

Zer moduz, neska? Ederrean sartu naiz, e? Etorriko zitzaizkizun Patxi eta beste bi lagunak nere negozioen berri ematera. Barkatu beharko didazu trago garratz hau. Bai, sarri esan izan didazu puxka bat zoratua nagoela, eta badakizu horrelakoetan erantzun ohi dizudana, ezta? Apur bat zoratua ez dagoena ez dagoela burutik sano. Oraindik ere ez naiz esplikatzen garbi nola, baina kuestioa da hemen barruan nagoela, nere beste kopia bat hortik zehar haizea hartzen dabilen bitartean.

Lehen bi egun hauek gogoan izango ditut beti. Lagunak oso ondo ari dira portatzen nerekin. Abiada haundian ari naiz gartzelako martingalak eta Patxiren jarrerak ikasten, funtzionariei susmobiderik ez emateko. Umetatik ez nintzen hain mimatua eta babestua sentitzen. Dena da atentzioa eta berotasuna lagunen partetik. Lotsatua sentitzen naiz, egia esan, ez baitut hainbeste merezi, azken batean, ondo bada, hiru hilabete barru kanpoan izango bainaiz eta hauek lau paretaren artean auskalo noiz arte.

Nere bi lagunek ere hitz eginak izango dira berarekin dagoeneko, baina zuk ere bueltatxo bat egiozu nere jefeari eta katramila hau isilean eukitzeko erregutu.

Kotxea olioa aldatu beharrean dago eta frenoak tentsatu beharrean. Errebisio on bat komeni zaio. Kontuz gidatu behintzat, eta… eskufrenoa kentzea gogoratu, ezagutzen zaitut eta.

Hartu al dituzu pisuko giltzak? Sentitzen dut, baina ezingo dizut garbitzen lagundu. Amak eta biok egin beharko duzue. Zaindu ezazu gure ama, ezen, lehen ere nerbioetatik zela-hala bazebilen, ez dakit nerearekin nola erreakzionatuko duen.

Eta zu, maitia, ez gehiegi arduratu nitaz. Hitz egin Patxirekin eta egin modua lehenbailehen bisitatzera etortzeko. Badakizu hemen ez dagoela “vis a vis”ik, baina berdin da. Sekula baino hurbilago sentitzen zaitut.

A, eta gogoan izan zure benetako Rafa hemen barruan dagoena dela. Kontuz ibili imitazioekin.

Mila musu.

Rafa.

Berriro ere liburuan ezkutatzen dut, ate inguruan mogimendua somatzen baitut. Orain maisua sartu da eta funtzionariekin –liburu gainetik ikus ditzaket– berriketa urdurian ari da. Niregana dator.

Oiga, usted ez Patxi Arrizabalaga, verdad? Han venido los de Periodismo a examinar. Pase a la biblioteca.

No, no me voy a examinar, no estoy preparado –erantzun diot, hartu nituen aholkuei jarraituz.

Pero si me dijo que…

Zer egiten dik hor putakume horrek? Larga de ahi, redios, alcahuete! –dio deiadarka patiotik egongelara sartu den preso mozkote batek–. Joder, lehengoan joan nintzuan nere matrikula eta azterketak zertan ziren hogeigarrenez galdetzera eta ez zidan ba erantzun horretarako onena damutzea nuela, orduan ez nuela problemarik izango. Zerri hori harrapatzen badiat…

Ametsak eta errealitatea ni eta Patxi bezain trukatuak ari zaizkit, zeren gauez, nere jefearekin eztabaidan, pisuko letrak firmatzen edo Anarekin logelako altzariak aukeratzen jarduten baitut; goizean ostera, eguzki izpiek nere gelako errejak bortxatzen dituztenean ametsetan nagoela uste izaten dut, edo sinistu nahi behintzat. Burdinazko errejen hoztasuna sentitzen dut eskuetan, aurpegi eta besotan atximurtxi egiten, eta urrikalmenduz begiratzen diot neure buruari. Zergatik, zergatik ez da amesgaizto bat, zergatik ez nobela bihurri batek eragindako buru nahastea, zergatik ez dut amaren inoizko “Gau txarra pasatu duzu ala? Begizuloak dituzu” entzuten, kafea berotzen eta lanerako autoa hartzen? Irakiten hastear dagoen lapikora jaurtitako karramarroa naiz, nere kaskala gorritzen sentitzen dut, altzairu labanean gora, atzaparka eta irristaka, atzaparka eta irristaka.

Herenegun jaso nuen Patxiren gutuna, bisitari batek sartua. Igarri digutela, alegia. Oraindik ezin ziurtatu, baina baietz. Sekretak bere etxe inguruan somatu zituztenean hasi zirela gaizki pentsatzen. Bera apenas agertu dela etxetik, leku seguruan dagoela, baina bistan dagoela bere bila dabiltzala. Telefonikakoak zirela esanez bi txakur sartu zirela amarenera, aberia bat konpontzera zetozela esanez, aberiarik eta ezer ez zutenean. Oraindik ez duela ulertzen nondik nora hartu duten arrastoa. Animoa izateko eta ez dakidala zenbat sentitzen duen. Ez diola bere buruari barkatzen egindako kaskarinkeria eta ez duela etsiko ni eta besteak, baina batez ere ni, azpimarratzen zuen, kalean ikusi arte.

Errugabea naiz, errugabea”, oihu egin nahi nuke denek jakin dezaten, eztarria urratu arte, baina isildu egingo naiz, zeren, badirudi horrela nere alboko txabolokoari «Erruduna haiz, erruduna» oihukatuko niokeela. Ni baino errudunagoak ote dira gero? Eta gosaltzera joateko atea zabaltzen ari zaidan funtzionari triste hori erruduna ala errugabea ote da?

Tok, tok, tok! hotsak esnatzen nau zigor zeldan; aldamenekoa da.

Hi, neu nauk –dio bestaldean entzuten den ahots batek– Neu, Patxi.

Baina zer egiten duk hemen? Harrapatu egin al haute?

Bai mutil, bart ekarri nautek.

Hi, baina, ez hintzen ba harrapatzen utziko?

Bai zera. Suerte txarra mutil. Horrela ez haiz nere inbidiatan egongo.

Zer enbidia eta zer otxokuarto. Zer irabazten diat nik hi hemen egotearekin? Hemen ez diagu ezer egiten, egon, existitu besterik.

Duintasunez egoten jakitea gauza haundia duk.

Baina esaidak egi-egia. Harrapatzen utzi al haiz?

Ezetz mutil, ezetz. Ez nauk hain mozoloa.

Desesperatua negok. Abokatuak esan zidak lau-bost bat urte eroriko zaizkidala.

– …

Zer moduzko giroa zegok goi aldean?

Itxaropentsua. Ez diat pozik etorri naizenik esango, baina bai lasai. Egunkari, gobernari, irrati eta telebista guztiak gure kontra ari dituk, baina hala ere gero eta gehiago eta indartsuago gaituk.

Eguraldiagatik galdetzen nian.

Negu usaina. Mendi gailurrak elurrez zuri zeudek. Udazken zoragarria egin dik. Eguzki epela eta hego haizea ia egunero. Mendi ibili politak egin dizkiat. Ikusgarria zegoen. Mota guztietako orbel koloreak eta berdeak nahasi. Datorren udazkenean elkarrekin joango gaituk Aralarrera. Eta perretxikutan egingo diagu, begiak gozatzea ez duk aski eta.

Ez daukak esperantza txarra. Nola egingo diagu ihes, hegaran, ala?

Ez, ate nagusitik irtengo diagu denok.

Une hartan antzara bandada haundi bat ari zen espetxe zerua garraixika zeharkatzen V bat osatuz, hegoalderantz, neguari ihesi, nere aurretik zigor gela hau okupatu izan zuen poetak sarri-sarri, ikusi eta kantatu ohi zituen antzarak.

Ikusten dituk antzarak? –esan zidan.

Bai.

Ea datorren udaberrian beraiekin batera itzultzen garen etxera.