Hirustak bi hosto baino ez zituen

Egan, 1975

Arrautzetatik artean xoririk ez zen jaio, eta hirustak hosto bi baino ez zituen; aspaldi baino lehenago, beraz, zeru honetan eguzkia, ilargia eta ludi itsusi hau bizi ziren.

Eguzkia eta ilargia sarri etortzen ziren ludi honetara. Udaran, Mutrikun, zazpi plaietako arroken atzean zitatzen ziren han biluzik bainatzeko. Eguzkiak haize errotak baino beso luzeagoak ateratzen zituen, eta mila beso hauek helizearen modura jiratuz igeri egiten zuen. Ilargiari beso hauen indarra eta kresala gustua atsegin zitzaion.

Ilargia bareagoa zen eta tiburoi baten gaineko hegala zirudien, ura ebakiaz ilbehera zegoenean, hain eder, hain eder, morokil bat zeritzaion eguzkiari itsasoko menbriloaren gainean. Eta inoiz uretara murgildurik ilargia ateratzen ez zenean, eguzkia tristaturik gelditzen zen itsas ertzeko olatuei begira.

Hurrengoetan ere, oroitzapen hauek eraginda edo behe lainozko maindira xuriak egunsentian ohetik kendu eta badaezpada Saturraran aldetik agertzen zen. Hango harkaitzetan bere bizar gorri luzeak afeitatu eta Zumaiako plaian aurpegia garbitzen zuen, ea ilargia ikusten zuen.

Ilargia ordea farrandera samarra zen eta noiz behinka bakarrik tokatzen ziren paseatzeko moduan. Gau askotan bilatzen zituen izar apurrekin koilareak egin eta artizarren hautsekin makillatzen pasatzen zituen gauak, ibai eta aintziretako ur geldietan betiere azken ikuitu koketoak emanaz.

Neguak hotza zekarrenean, lainozko bufanda grisetan arropatu eta paseatzera ateratzen ziren. Iratiko basoetan zehar igual, eguzkiari bere bufanda grisa edo bizar gorria gatibatzen zitzaion hango adaburu hostogabeetan. Hala, ilargiak nigar egiten zuen Baztango zelai guziak ihintzetan blai eginaz. Orduan, Iratiko zuhaitzak manifestazio batetan bezala mugitzen hasi eta haien arnasa beroek hego haizea egiten zuten. Eguzkia libratu eta lainoak ihes joaten ziren agur agur eginez, painuelo xuriak bezala.

Hala aise abiatzen ziren biak Pirineo mendien gaindik, noizean behin puntarik altuenetako edurrezko poloak txupatzeko geldituz.

Denbora joan eta denbora etorri eta hainbat paseo ederren buruan, eguzkia ere ilargiarekin amurusten hasi zen. Inoiz eguzkiak ilargia afaltzera gomitatzen zuen. Zeruko izar guztiak piztu. Ludia erromako zubiz estali. Trumoien orkesta Urbasa gainean jarri eta tximistak sikodelikoki ateratzen ziren. Txindoki baino tarta altuagoak jaten zituzten. Bidasoak ardoa, Urumeak sagardoa eta Urolak xanpaina zekarren.

Eguzkiak amasadora batek bezala tragatu eta euskal ibaiek hondoa jo arte edaten zuen.

Afaloste hauetan, ilargiari begiratuz, amodioaren erreka presa baten indarrez biltzen zitzaion bihotzaren kontra.

Ordea ilargiarekin ligatzeko formulen bila abiatzen zenean, kokotean zeraman ideien fila indioa laburtu egiten zitzaion eta lore bat botatzeko ere behar den idei joko arruntenak endredatu egiten zuen.

Azkenik bere fuertea indarra zelakoan “Begira, begira zenbat indar dudan”, eta artizarrik handiena harrikadan jaurtitzen zuen bestaldeko zeru ertzeraino. Ilargia eta ludia bera ere txundituta gelditzen ziren, eguzkiak —“Jua, jua jua!” farre egiten zuelarik.

Ilargia, guapa izateaz gainera, azkarregia zen galanteria hauekin engainatzeko, eta ez zion okasio ttipienik ematen harremanetan sartzeko.

Ludia ostera, hainbat harri, ur eta lurrekin, itsusia zen eta grazigabea. Eguzkiak, behin, probatzeko, musu batzuk eman zizkion, hain fuerte ezen ludiari desertu batzuk atera zitzaizkion kutisean eta ordutik eguzkia bera mantxa batzuekin gelditu zen.

Ilargiak, hargatik, ez zion zelorik agertu. Aurpegi zabal zurbila zuen. Ezkoz eta eztiz egina zen. Begi ederreko eta rubia. Imintzio finak eta molde estudiatuak zituen. Gorputz espresio bakoitzari taxu eme eta sexi bat ezartzen zion.

Eguzkiak, zelatan, disimulo handienaz begiratzen zion batzuetan, eta nerbioso jartzen zen.

Behinola, gogaitua eta ia haserre, eguzkiak bidera ateratzea pentsatu zuen. Ilargiaz topo egitean honela esan zion “Kaixo ilargi. Erotu baino lehen musu bat eman behar dinat”.

Ez, ez, ez! —erantzun zion ilargiak—. Ezkoz eta eztiz egina nauk eta ikuitzen banauk, urtu egingo nindukek”.

Benga, benga, tuntun gezurtera hori! Prueba egingo dinagu! —eta beste gabe mosu handi bat eman zion ilargiak ai, ai, ai nigar egiten zuelarik.

Eguzkia harriduraz ohartu zen egia zela, zeru guzian ilargi tantak, izar ttipiak gehiagotzen ikustean.

Eguzkiak, lehen bezain enamoratua eta mila bider desesperatuagoa, ilargiaren bidetik alde egin zuen.

Baina hargaitik ere, berriro, itzalgaizka, zelatan eta itzulinguruka, jarraitu zion eguzki amodioz itsutuak.

Bere ona eta nerbioak ez galtzeko, atsedenaldi bat hartzea erabaki zuen ilargiak. Biderako muda garbiak, zeruko mapa handi bat eta aldizkari sail bat hartu zituen: Goizargi, Zeruko Argia eta halako izen zerutiarrekin noski irakurtzen zihoala, ustekabean honako anuntzio honekin aurkitu zen:

Galaxia 001 Almazenak.

Dirdilarik laboratorioek bi metrotako pertsonaiak asmatu dituzte. Zerebro eta guzti. Edozer lan egiten dute. Miniatura sailean punta-puntako asmaketa. Galdetu almazenotan. Galaxia 001. Bosgarren kalean.

Errekontxolis! —esan zuen ilargiak—. Badakit zer egin!

Eta hurrengo geltokian beste laino bat hartu zuen 001 Galaxiarako.

Han sidera ino zahar bat zegoen almazeneko atea zaintzen. Ilargia ikustean galanteria handienaz erreberentzia bat egin eta ateetan zehar lagundu zion korteski “Ooh, ooh, ooh!” besterik esaten ez zuela. Kasetean, bere ustetan, zintarik erotikoenak ipini zituen, Ikuitu nion, Eta halaxen ere eta halakoak, bikinien standera eramaten zuelarik.

Ez, ez —esan zion ilargiak—, zuzendariarekin hitz egin nahi nuen gizon batzuk erosteko.

Zuzendaria urte askoz dendaria izana zen eta orain tratante baten moduan mintzatu zen.

Indartsuak eta langileak nahi badituzu, hemen euskaldunak. Apur bat burugogorrak eta suerte txarrekoak atera zaizkigu baina tira! Sanoak eta plantosoak, suekoak. Dekoratiboak, hitz batetan. Uste handikoak eta sinpleak, amerikanoak. Efikazak alegia. Hara espainolak, diferenteak… Eta horrela…

Ilargia presaka zebilen eta herri bakoitzetik mila hartu zituen. Gero bagoi askotako laino bat alkilatu zuten ludiruntz abiatzeko.

Bidean ilargiak mikrofonoa hartu eta esan zien: – Bueno. Nik adiskide bat dut jatorra bezain itsusia dena. Eguzkia berataz maitemintzeraino nahi dut ludia apaindu dezazuen. Guziok lan egiten baduzue, amodioa eta zoriona emango dizuet.

Laino luze hura ludira heldu zeneko, euria bezala erortzen ziren gizonak mendietan, ibarretan. Hasi ziren lanean, bakoitzak bere herria lantzen, edertzen.

Urteak pasa zirelarik, mendeak pasa zirelarik, urak errekan harria bezala, denborak jan zuen eguzkiaren amodioa.

Gizonen artean, ordea, mila liskar eta sesio sortzen zihoan ludia mejoratzeko etorkizunaren antolaketaz. Ia gauero ilargiarekin biltzen ziren, atseden apur bat hartu eta teoriaren plazan talde bakoitzaren indarrak neurtzeko.

Gau hartan ere Amezketako eleiz dorrean An, an, an hamarrak jotzean, hamar eguzkiren argia kolpe batez itzali zen, hamar trenen zarata isildu, mila eztarriren oihua eten. Eta iluntasun, isiltasun lehergarri hartan Txindokiren isladuran ilargi berria agertu zen. Euskal mendiak zuhaitz hutsetan gelditu ziren. Eta hartzulo guztien aho beltzak argi horiz piztu ziren, eta foko batzuk bezala, Larraitz gainera konbergitzen zuten.

Berehala, hango eleiza ttipitik egurrezko pulpito handi bat bizkarrean, Mikel Laboa agertu zen, eta gainean Baga biga abesten hasi. Lantegiak, kafetegiak, etxeak lehertu ziren, eta luze gabe, inguruetakoak Larraitz gainean biltzen zihoazen. Larrun gainetik Etxeparek “Emazteen Faborezozenki oihukatu zuen. Han zetozen gaurko intelektualik hoberenak, karretilatan adreiluak adinako liburuekin. Artaburu altuenak montekristo itzaliekin autografoak firmatzen, Parisko ikasle bat hango titulu guztiekin rollo higieniko bat egiten eta Serapio jatorra galtza motxetan 200 kiloko hiztegi kuadratuarekin esibizio bat ematen. Atzetik banda militarra. Bonboak, gitarrak, eta guti batzuk arpa jotzen. Asko, gurpilezko siletan. Herbalak, herrenak edo zaurituak, eta osorik zetozenak ultzera aurpegiarekin. Gero “maioria isila” delakoa, lau edo bost bakarrik. Ondoren lanetik berandu ateratako jendea. Buru, langile gazte batzuk zetozen ogiartean panfleto zimur batzuk sartu eta krask-krask janez. Arrantzale batzuk bisigu artean ogia jaten eta baserritarak Gurelesako iogurt pototan behatz sendoak sartu eta txupatzen.

Larraitz gainean biltzen zen giza mataza hau, maldatan behera saretu egiten zen, eta ibarretan hari finetan banatzen bide-bidexka gizonez beterik.

Eztabaidak ordena handiz egiten ziren.

Zerbait esateko zuenak zuhaitz puntara igo behar zuen, eta handik bere proposamenak egin. Publikoa konforme ez bazen, zuhaitzari eragin eta lurrera botatzen zuten. Tartean bertsolari edo abeslari bat pulpitu gainera altxa eta abesten zuenean, pareja bakoitza bere lekuan galtzen zen musuak emateko.

Orduan mila fokoren argia zegoen eta ez zen deusik ikusten. Bost harrobiren zarata, eta ez zen ezer entzuten. Pareja bakoitzak Amezketako eleizdorrean bat bi hiru hamaika musu ematen jarraitzen zuen. Benitok Zuberoko hamaika kanta zahar, eta parejek mosuak ematen jarraitzen zuten.

Baina derrefente kate zarata bat entzun zen.

Tipo arlote bat, soinean sotana eta ezpata eskuan, pulpituaren gainetik Benito bota, eta euskera zaharrean hasi zen.

Gazte madarikatuok! Ni Aralarko San Migel naiz. Ni Nafarroako deabruari buztana mozten nenbilen bitartean —An, an, an egin zuen oihartzunak, eta esku batean Aralarko deabruaren buztana jaso zuen, eta bestean ezpata odolez gorriztatu bat, lurruna zeriola—, zuek —Ek, ek, ek oihartzunak, eta guztiak ezpatari eta buztanari begira—, neskatilok amurustuak eta mutilok buztanduak zabiltzate ene euskal lur propioetan! Zuek zarete Euskal Herriko deabruak!

Eta azkoitiar inozo bati zitzila ebaki zion ezpataz.

Publikoa hatsik gabe gelditu zen une batez, baina agudo tximistargia bezala inguruetara hedatu zen. Jendearen protestak ordu erdi bat iraun zuen, langile gazte sutsu bat pulpituaren gainean zutitu eta “Aberkideok!” oihukatu zuen arte.

Hainbat ordutako eztabaiden buruan —esan zuen— gure indarrak eguzkiaren eta ilargiaren borondatea konplitzeko erabili ordez, eguzkia eta ilargia gure interesak obratzeko erabiltzea dela erabaki dugu, herria salbatzeko bide bakarra. Proposamen hau saboteatzera datorren oro herriaren etsai da, eta San Migelek kastigu bat merezi du. Hau da gure taldearen erabakia. Bi kohete bidaltzea — Brum, brum, brum mila gurpileko trailer bi agertu ziren kohete bana gainean—. Batak eguzkia harrapatuko du, zatitu, eta euskal sukaldeetan arraultzak frejitzeko, labe altuetan burdina urtzeko eta sobratzen dena Kantauri itsasoa berotzeko erabiliko dugu. Beste koheteak ilargia ekarriko du, eta Euskal Herriko parkeetan banatuko dugu amoranteak engainu gabe maita gaitezen.

Botazio serios hura bukatu arte, txaloak entzun ziren. Herriko etsai guztiak koheteetan sartu ziren, San Migel, probo, trosko eta ista asko tartean zela.

Koheteak joan, larri joan ziren zeramaten pisuagatik. Ordea, sekula gehiago ez ziren bueltatu.

Hau horrela bazan, ez ginen sartuko kalabozan.