Arrats gorri

El Bidasoa, 1955

 

Zerk goibeltzen zaitu, maitea, arratsero,

haizea eta txoriak atertu ezkero?

Lizardi, Arrats gorri.

 

Xaguzar baserriko morroia nauzute. Belarra ebakia det eta etxeratu behar, ganadua zain dago eta…

Eguraldi zakarra gaur, hego haize gaiztoa. Zeruko hodei gorri horiek… Ez dakit ongi zergatik, baina, holako arratsetan, gerraren lehenengo egunak burura etortzen zaizkit beti.

Lehenengo egun haiek… bai, orain laister hemeretzi urte. Mutil koskorra ni denbora hartan; hemen bertan dagon auzo batean, karreteran ondoan, bizi ginan. Pamili ederra gurea: aitona, gurasoak, eta lau anai-arreba.

Udarako ilunabar batean, kamioi bat gelditu zan gure etxe aurrean. Kamioi gainean milizianoak, gizon eta emakumeak, denak buzo urdinez jantziak, pusilak eta eskopetak bizkarrean, pistolak gerrian. Jetxi eta etxean sartu ziran jan eta edatera. Gure aitak ezetz, taberna ez dala gure etxea. Besteak baietz, gerra denboran geundela eta… ez apuratzeko… Frente Popularrek egindako baleekin ordainduko zigutela guzia.

Zer egin, ba ? Mahai luze bat antolatu genun sukaldean. Gose haundiakin, arrautz prejituak, urdai azpikoa, ardoa eta sagardoa irentsi zituzten milizianoek.

Aparia bukatuta, gure aita eta anai zarrenaren gainetik begiak kendu gabe, haietako batek esan zun:

— Bihar etorriko gera berriz auzo hontara, baserritarrak gurekin eramateko. Zer uste dezute, ba? Gu bularra ematen ari geran bitartean zuek hor lasai? Tira, gertuak euki eskopetak! Bihar arte. Salú!

Berri txar hura berehala zabaldu zan auzoan. Aita, anaia eta beste auzolagunek ihes egitea erabaki zuten. Biharamunean, egunsentiakin, mendiratu ziran.

 

Zaldi horixka gainean hemen dator heriotza…

Aita Erroman Bera, Eriotza gabeukatza.

 

Mendi-mendian izkutatua dagon baserri zaharrean —Axarigorri, izenez— gorde ziran aita eta lagunak. Han pasa zituzten egun batzuk. Bizi tristea hura! Janaria gutxi, ohea txarra (ganbaran egiten zuten lo, lasto gainean. Nahiko biguna bazan lastoa, baina… arkakusoz betea omen zegon). Eta txarrena: pasa zuten beldurra, ez bakarrik bere buruagatik, baita ere etxean utzi zuten familiagatik.

Gau batean, apari eskasa bukatu ondoren —eta ganbarako arkakusotaz pensatzen hasi ziranean—, danba, danba! atean. Baserritar ezaguna zan…

— Naparra aldetik —esan zien gizonak— soldaduak datoz mendiz mendi. Neronek ikusi urrundik. Txapel gorriak zeuzkaten batzuek.

Hurrengo goizean tiroketa batek esnatu zitun lagunak. Gailur batera igo eta andik, teatroan baleude bezela, borroka ikaragarria ikusi zuten. Bertako mendi harkaiztsuan, Arkale mendian, zeuden gudariak. Milizianoak alde batetik, Pamplonako Guardia de Asaltoak bestetik.

Egun guzian iraun zun burrukak. Batzuetan aurrera alde batekoak, bestetan atzera. Pusilek eta pistolek —baita ere guardiak zuten ametrailador batek— nahiko lana eman zioten egun hartan ibar oihartzunari!

Ilunabarrean, isiltasun haundia. Guardiak jabeak. Lurrean sakabanatuak, eri eta hilotzak.

Bitartean, egun hartantxe, auzoan sartu ziran txapelgorriak. Gure ama, mutil haien kanta alaiak, haien bularretan zeramazkiten gurutze eta medailak ikustean, lasaitu zan eta bidali ninun Axari gorrira paper batekin esanaz:

«Zatozte denak. Soldaduak sartu dira. Bentako balkoian lehengo bandera espainola jarri dute».

Aitak eta lagun gehienak etxeko bidea hartu zuten. Besteek, berriz, Frantzi aldera jo.

Bidezidor batetik karreterara atera ginanean, hiru ilotz arkitu genitun. Hilberriak, noski, odol preskua azpian zutela oraindik. Eskuan banderatxo gorri-beltza zun batek.

Hontan, txapelgorriak ondoratu zitzaizkigun. Mutil gazteak ziran, baina tartean bazan zahar bat edo beste. Hilotzak erakusten, haietako batek esan zigun:

     — Llevaban un cañoncico pa tiralnos desde la lomica.

Jotak kanta eta kanta, mutilak lagundu ginuten auzoraino. Gure ama etxeko atean zegon, eta aurreraxeago, benta ondoan, militar haundi bat.

Jaun hura —ilemotz, lepolodi, makutsik, kaltzetinak ligakin elduak galtza gainetik— Beorlegi koronela zan. Beregana joan ginan.

Beorlegi jaunak galdera batzuk egin ezkero, besoak altxatzeko eta Arriba Espaina esateko agindu zigun. Hala egin genun eta libre denak.

 

Nork eraman du Katalin

jostatzera izarrekin?

Nemesio Etxaniz, Katalin.

 

Auzotik ez urrun soldaduak trintxerak egin zituzten, eta karretera ebaki. Handik aurrera ezin pasa, beste aldean etsaia baitzuten…

Bertan genuen menditxo harkaiztsuan ere —Arkalen— aterpe eta txabolak egin zituzten. Txabola batzuei izen parregarriak jarri: Palace Hotel, Fonda del Piojo, eta abar.

Gauetan menditik zetozen gudari oihuak tristura ematen zidaten. Zentinela alerta…! aditzen zan bertan, eta urrutiagotik Alerta está… !, eta oraindik, urrun-urrundik Alerta está… ! Oihuak entzutean, inguruko zakurrak zaunka eta uluka.

San Markos eta Guadalupeko fuerteak, tartean duten Arkale mendiaren kontra hasi ziran kainoi tiroka. Lehenbiziko egunetan ez zan bala bat ere mendira iritsi, baina, pixkanaka-pixkanaka, tiroak zuzendu zituzten eta erdi-erdian jo. Soldaduak orduan larri, aterpetan sartuak egun guzian. Auzotarrok ere ez ginan lasai ibili; bonba batzuk oso bertan erortzen ziran eta mendian jotzen zutenean ikaragarrizko harrikadak izaten genitun. Laster, jakina, asi zan odol jario ugari. Soldaduak beste auzoan zuten ospitalera eraman zituzten hilak eta zaurituak, kamioneta batean.

Behin, bi aideoplano sabelgorri, txikiak eta abida haundiakoak etorri ziran. Goian jira eta bira ibili ezkero, beheratu ziran ia etxeko tximiniak ikutzeraino. Jende guzia begira kanpoan. Hontan, gauza txiki batzuk, eguzki argiz dirdir, askatu zituzten hegazkinek. Berehala dunbadak eta mendian ke moltso lodiak. Arkale bonbardeatzen ari ziran.

Kalean geundenok estalpe baten bila korrika. Batzuek bere burua lurrera bota eta ahoz behera gelditu ziran, burua gordeta esku tartean. Gure etxean familia bildu zan baina laster Katalin —arreba bat— falta zitzaigula konturatu ginan.

— Mendian dago behizain —zion aitonak— eta, agian, bonbak erori diran zelaian.

Nahigabea igarririk, denok Katalin bila atera ginan eta, hara! orduantxe zekarten gaxoa menditik behera, burniz josia.

Kamionetan igo zuten eta ospitalera eraman. Aita eta ni berekin, baita ere militar apaiz bat, erlijio laguntza emateko. Arrebatxoaren gorputza odolez betea zegon, soinekoa urratua, beso eta izterrak hautsiak. Bidean hasi zan apaiza:

Jesus. Di Jesus, Katalin.

— Bai, maitea. Tira! esan zan Jesus —aitak negarrez.

Eta Katalinek, nekez, apaizak zion guzia berresaten zun. Ospitalera iritsi baino lehen, aitaren besoetan hil zan.

Aiako Harripean dago auzo ura. Ospitala baserri zaharra besterik ez zan; haren ondoan lau gurdi zeuden gertuak, mendiz mendi Naparraruntz abiatzeko. Gurdi batek hilotzak zitun, beste hiruek, arpegi zurbilezko mutil zauritu eta eriak.

Medikuak Katalin gorputza begiratzen ari ziran bitartean ni kanpoan gelditu nintzan, negar eta negar. Etorri ziran itzaiak eta, berekin txapelgorriak. Hauek, bidean konboia laguntzeko, jarri ziran aldamenetan.

— Aida, aida! —itzaiak.

Gurdi kurpilak oihu luze negartia eginaz joan zan konboia menditik gora. Hilotzak zitun gurdia nere ondoan pasa zanean, manta azpitik aterea, balantza eta zintzilika, beso bat ikusi nun.

 

Uri leial gaixoa garretan dana

Serafin Baroja, Arrats izugarria.

 

Egunak joan eta egunak etorri, bi hilabete pasa ziran. Gerra geroago eta gogorragoa.

Agorraren lehenengo egunetako batean Irun aldean argitasun haundia ikusi genuen. Irungo etxe batzuk erretzen ari omen ziran.

Gau hartan mendira igo ginan errea ikusteko. Zeru puska zabala gorri-gorri zegon eta eguna balitz bezela ageri ziran mendi eta ibarrak; dana gorriz argitua.

Irungo erreak gerra bukaera zirudin; behintzat, hala uste genuen danok. «Irabazi degu!», «Hori dek amaia!», zioten soldaduek irrintzika.

Hurrengo egunean errea zabaldu zan eta Irun osoa garretan. Arkaletik jetsi ziran tropak eta gure auzoan talde haundia bildu zan San Martzielera joateko. Han borroka ikaragarria baitzan, eta laguntza behar zuten Terziokoek edo… Lejionarioek edo…

Bitartean guda soinuak behin baino haundiagoak, kainoi orroak hurbil eta urrun, pusil tiroketak erruz… eta zeruan, gau eta egun, Irungo kea.

Laister soldaduak sartu ziran herri artan. Irundarrak urik gabe zeuden, Aiako Harrian inguruan dagon bere ur depositoa tropek itxi zutelako. Militar agintari batek nere aita eta beste auzoko gizonak bidali zitun depositoa irikitzera. Aitak berekin eraman nindun.

Huraxe izan zan ibilaldia! Egun argiz atera eta, tipi-tapa, gelditu gabe, arratsean iritsi. Berehala konpondu zuten iturria; gero, apari arin bat egin ondoren, Irunera jetsi ginan.

Herri gaxoa. Etxe asko oraindik sutan, besteak eroriak; toki danetatik su eta kea. Kalean jende gutxi.

Kamioneta bat gelditu zan gure ondoan. Barrenean, Gurutzen ezagututako txapelgorriak.

— San Martzielera goaz. Nahi al dezute gurekin etorri? Bestela, non egingo dezute lo? —esan ziguten.

Igo ginan. San Martziel mendian iskanbila ederra arkitu genun. Kantaka, oihuka eta aufaka denak.

— Ederki ziok —aitak—. Lo egitera honera etorri al gaituk?

Ez zan aditzen tiro bat ere, gerra bukatua zala ematen zun. Su inguruan zeuden soldadu batzuekin txanpaina eta guzi edan genuen.

Inork ez zun lo egin gau hartan.

Gero gertatu zana ongi dakizute denek, ene lagunak. Gerra, alegia, ez zan bukatu egun haietan; bi urte eta gehiago behar izan zitun amaitzeko.

Laster hemeretzi urte egingo ditu, bai, bainan gaur bezelako hego haize egunetan, arratsean hodei gorriek zerua odolez tintatzen dutenean, beti burura etortzen zaizkit gerraren lehenbiziko egunak.