Gizona gizontxo

Euzkadi, 1935

Emakume luze-luze bat gizon txiki bategaz, polita zala-eta, beste barik, ezkondu egin zan. Gizona Txautxiriko izenaz ezagutzen eben, eta emakumea Kukiñe izen politaz.

Ezkon-ibiltea eginaz, Bilbo ikusi behar ebela eta, Bilbora joan ziran, eta Bilbo ondo-ondo ikusita gero, iluntze baten, zer kontau handiakaz mando ganeetan etxeratu ziran.

Ganeko iluntzeetan gure ezkonbarriok, eguraldi hotzak eta motzak zirala eta, sutondoko bero gozotan kontu-kontari egoten ziran. Emazteak goruetan egiten eban, eta senarrak, pipea fumetan, ke baten egoten zan.

Kukiñek, egunez, etxe eta solo lanik asko egiten eban: Hau eta hori eginaz, zeri edo hari beti-beti ekion. Emakume langilea zan.

Txautxirikok, ostera, ez egunez, ez iluntzez, ez gauez, ezertxo ez eban egundo egiten: kanpoan hotza ugari egoten zala eta, eskaratzeko su handiaren inguruan jesarrita pipea musturrean ebala egoten zan beti. Egunak joan eta egunak etorri, gure gizontxoa beti holan egoten zan. Senarraren patxadea ikusita, emazte gaixoak bere kolkorako hauxe esaten eban:

“Hau gizontxo hau sutondoan apatx jesarrita egoteko baino ez da… Alfer arrano hau ezetarako be ez da gauza! Hona orain beronegaz zelako bizimodua eroan behar dodan! Baina polita zala eta beste barik ezkondu nintzalako baina, neurea da errua, neurea bakarrik. Ai, gauzak birritan egitekoak balitzaz! Baina, tira, eroapen gehiagoaz jasan dagidan. Beharbada udabarriko eguraldi epelakaz adoretuta edo, sutondo horretatik jagita lanean hasiko da eta… Baliteke, eta itxaron dagidan gaurtik ordurarte”.

Asteak joan eta hilak etorri, udabarria bere txori eta loraz, musu argiz agertu zan. Eta udabarriaren aldi alaiak sutondoko gizon txikia bere altzo gozora eroan eban.

Goiz argi baten, Txautxirikok bere emazteari esan eutson…

— Gaur goizean solora joan behar naiz, bertan zeri edo ari ekinaz lan apur bat egin dagidan be.

— Bai, zoaz ene gizona, ekin lanari, lana egiteko da-eta — emazteak erantzun eutson.

Txautxiritxo solora joan zan, ba; eta, han egun guztia hatan-horretan eginda gero, gauean, nekatuta bailegoan, ben-ben etxeratu zan. Eta emazteari arazo handia eta garrantzitsua aurkitu ebala esan eutson.

— Zer arazo aurkitu dozu, ba? —Kukiñek itandu eutson—. Beharbada, laietan ekingo zenduan…

— Ez, gauza garrantzitsuagoan izan da.

— Zeri ekin dozu, ba?

— Hara… soloratu nazanean, kerexa zugatzaren ganean txori piloak txorrotxioka dabiltzazala ikusi dodaz. Eta, eurei begira jarrita, neure barrurako esan dot: txori horreik hor dagozala gure soloan ezer egitea alfer-alferrik dok, ezer ereiten bajoagu, euren moko zorrotzakaz lurra iraulita, ereiniko hazi guztiak jateko kapaz dozak eta. Garialdian, barriz, sekulako betekadak egingo joezak, eta igalietan eta be, mesedetan baino kaltetan gehiago egingo dauskuek… Beraz, hemen soloan laietan eta atxurketan egitea alfer-alferrik dok, guk eginiko lan guztia behingoan gauzeztuko leukiek eta. Holan hoba izango dok soloan lan egitea baino, soloa bera jagotea, bestela, ezertxo be ez joagu hartuko, eta emaztea eta neu goseak galduko gayozak… Eta hori esanaz, zugazpean jesarrita, makila piloak jaurtiaz txoriak uxatzen ekin dot. Zati baterako lana badaukagu bertan, gaur joan diranak beharbada bihar barriro agertuko dira eta…

— Ene! Astia horretan emon dozu, ba? Soloan hainbeste lan egiteko eta… Txori gaixoak bagarik, zure alferkeriak galduko gaituz gu, eta ez bestek!

Eta gizontxo harek, lehenengo eguneko arloari ederto eretxita, hurrengo egunean eta hurrengoan be, bardin egin eban. Txoriak makilakaz uxaturik, zugazpeko bedartza bigunean patxadaz-patxadaz jesarrita egoten zan.

Bitartean, Kukiñe zereginez beterik artega. Halako baten, kusoa edo txorimaloa egitea bururatu jakon. Bere senarraren zeregina lastozko gizon harek egingo ebala eta, kuso beldurgarria soloaren erdi-erdian ipini eban.

Gure Txautxiriko, kusoa ikustean, hasarre jarri zan, eta emazteari agiraka egin eutson bera baino lastozko gizona gehiagotzat ete eukon esanaz. Emazteak baina, jaramonik bez.

Lau eguneko ifar haize hozkirriak gizontxoaren haserrea zeharo aienatu eban, irribarrea sortu eragiteko poza ganeko egunetan emonaz.

Beste iluntze baten, barriro be soloan zeregin onuratsua aurkitu ebala eta, pozez beterik etxeratu zan.

— Oi, gaur soloan aurkitu dodan zeregina! Oi, gaur soloan aurkitu dodan zeregin onuragarria…! —esaten eban.

— Zer zeregin topau dozu, ba? —Kukiñek artega itandu eutson.

— Hara… arratsaldean, laiak eskuan dodazala soloratu nazanean, muna ganean, bedartzan, txindurri piloak ikusi dodaz, guztiak batera eta bestera iraduz ibili dira, lanean edo ibiliko ziran. Eta txindurri hareik, gure soloan egin leikeazan kalteaz gomutauta errime ikaratu naz; eurok dagozan artean gauza onik ez dogu izango eta, dardar jarri naz… Orduan, zer egin? Eskuetako laiak bertan behera itxi eta koko harei begira adi-adi egon naz. Zenbatu be egin dodaz, eta urteak egunetan adina txindurri dagozala ohartu dot. Hori kusi dodanean, nire barruan asmo berezi bat hartu dot: txindurri guztiak goiz edo berandu solotik jaurtitea. Beraz, bihar goizean hasita, txindorri bakotxa beheko errekara eroango dot, hangoxe uretan lehenbaileen ito daitezan be, nahiz eta horretarako lau orduko bidea igaro. Holakoei guztiz eta zehatz alde eragin behar jake eta. Bestela, gauza onik ez dago. Egunero bat kenduta, urtebeteren buruan guztiak amaituko dira. Eta orduan bakea.

Berba horreik entzunaz, Kukiñe artegatu zan, estutu zan: “Nire senarra baino alferragorik, nire senarra baino alferragorik!”, esaten eban. “Hori ezetarako be ez da gauza, ezetarako bez… Ez, hori neuri jasan eragiteko baino ez da. Hori dala eta, gizontxo horren lelokerietatik aldenduteko, gaur zer edo zer asmau behar dot… Bai, asmau behar dot! Honan ezin Leiteke bizi eta”.

Horretarako, otzaraginagana joanda, otzara handi bat erosi eban, eta hurrengo larunbata goizean bere senarrari hantxe otzara handian sartzeko agindu eutson.

— Hor otzaran neu sartu? Zer dala eta? Arranoa, neu ez behintzat! —senarrak erantzun eutson.

— Bai, sartu zaitez, gizona… Gaur Durangon merkatu handi bat ospatzen da, bai, eta merkatu horretara zeu be etorri zaitezala gura dot eta. Bertako gauzak zeuk zeure begiakaz ikusi dagizuzan, hementxe, otzaran, neure buruganean eroango zaitut. Honan, hara-osterea bape nekatu bagarik egingo dozu; bape ez jatzu kostako, eta ez jatzu damutuko. Tira, gizon, sartu agudo…

Beste bagarik, Txautxiriko, rast!, otzaran sartu zan. Eta Kukiñe, orduan, otzara buruganean ebala, Durangorantz abiau zan. Bidean joiala, neskato bat galtzerdiginan inarduala aurkitu eban.

— Ene, hori da otzaratzarra! —neskatoak esan eban—. Zer daroazu or? Kerexa gorriak?

— Ez.

— Okaranak?

— Ezta.

— Zer daroazu, ba?

— Gizon txiki-txiki bat, ontza biko bizarragaz.

Neskatoak, hori entzunik, “ajaja!” eginaz, irri eta barre egin eutson. Orduan, Txautxirikok otzaratik burua jasota agiraka egin eutson, eta neskatoak, beldurrez izututa, arineketan egin eban.

Gerotxoago, mutiko bat intxaur zugatzari harrika ebilela ikusi eban. Eta mutiko harek, otzarea ikusi ebaneko, esan eutson:

— Ene, hori otzarea! Mugarra eta Arranaitz, biak artuko leukez. Ze arrano daroazu hor?

— Gizon txiki-txiki bat, kana eta erdiko bizarragaz…

Mutikoak be irri eta barre egin eutson, eta ganera harri batzuk jaurti eutsozan. Andreak haserre egin arren, mutiko okerrak jaramonik bez. Orduan be Txautxirikok, otzaratik burua jasota, agiraka egin eutson:

—Mutiko, heltzen badauat heldu, zapuztuta itxiko haut…

Mutikoak be, gizonaren erremuskadak entzunda, ihesiari emon eutson. Eta Kukiñek bidean aurrera egin eban.

Harantzago txakur zuri bat ikusi eban, eta txakurra, ahausi eta ahausi eginaz, emakumeari orkatilatik oratzen joan jakon; eta emakumeak erremuskadak egin arren, txakur oker harek aurrera egiten eban. Gure gizontxoak, bakea izango bazan, irugarrenez atara behar izan eban.

—Txakurto! Isilik eta geldirik ez bahago, zati-zati eginda itxiko haut…

Txakurrak be, gizonaren ahots lakarra entzun ebanean, lauoinka hanka egin eban. Belarriak eta buztana beherantz ebazala, ugazabaren etxean begi larri-larriakaz sartu zan.

Horreik guztiok ikusita, Kukiñe ikaratu zan, bere artean esaten ebala… “Otzara eta gizon, noian, noian etxera! Ezetarako gauza ez dala eta ekarri dot, baina… zetako edo hatako badok bai gauza… Sutondoan jesarrita dagoala be, etxea ederto zainduko dausta beronek. Ai, honen errespetua! Bestela, berau barik, andra, gizon, neskato, mutiko eta abereek barre eta irri egingo leuskide… Bidean jazoek etorkizunaren barri ederto emon dauste, atzean zer datorren, zerbait gorabehera, badakit. Noian, noian ba etxera…”.

Eta Kukiñe emakume luze-luzea, eginikoaz damututa, bere gizona otzaran ebala etxerantz abiau zan, eskaratzeko su bazterrean be gizona gizon zala eta.

 

Gizon gizontxo…

prakak badaukoz, gizontxo…