Bejondeizula Mainaxi

Euskal Esnalea, 1930

Ibarrondoko Joxerramunen soro zelairik haundienen mugako lurrak Arkaizpeko Inaxiomari indianoak erosi zituan Buenas Aidestik aberastuta etorri zanean, eta lur horien erdi inguruan jauregi dotore bat egin zuan.

Jauregiaren aurreko loretokia, atzealdeko baratzea, goialdeko sagastia eta abar hesi politez, burnihari arantzadunez eta horma sendoz inguratu zituan inork ezer eraman ez zekion. Guzi-guzia ez zuan ordea itxi: bere hegaztiak besteen lurretan eroso ibili zitezen, Joxerramunek alboan zuan zelairako bidetxo bat utzi zuan.

Joxerrramunek hori ikusi zuenean ahal zuen apalena indianoari alderatu zitzaion, eta besteren oiloak bere zelaian ibiltzea ez zerizkiola bidezko gauza, esan zion.

Indianoak goiharro antzean erantzun zion.

— Ez daukazu eraman haundirik ere, gizona! Zenbaterainoko kalteak egingo ote dizkitzue ba horko hogei bat oilok!

Joxerramunek ez zuan jarraitu eztabaidan, baina esan zuan bere artean “Hori ere badegu? Horreatikan, arraiopola, eramanaziko dizkitzut nik oiloak zere tokira, zeinen eta aberatsa eta panparoia zeran!

Eta etxera joanda ekin dio oiloak hilerazitzeko janaria zerekin antolatuko ote duan asmatzen.

Bere emazte Mainaxik nabaritu du zer dabilen, eta dio…

— Gizona! Etzazula horrelako nabarmenkeriarik egin, beste alde batera galeraziko diogu gurera oiloak bialtzia.

Eta hara nola iritsi zuten nahi zutena.

Handikan egun batzuetara bialdu zuten beren seme Juan Miel, aginduaz eraman zezala arraultza mordoxka bat Inazio jaunaren jauregira, esanaz arraultza haiek soroan bilatu zituztela, eta haren oiloak ipiniak izango dirala noski, eta aitari ezer ez esateko, baina amak ez duela besteren gauzarik nahi, eta…

Ondorengo egunetan ere joan zan nere mutikoa bere arraultzatxoekin, baina aldian bat edo bi gutxiagorekin, eta azkenerako batere ez.

Orduan indianoak erabaki zuan bere lurraren eta Joxerramunenaren tartean horma goi-behe haundiko bat egitea… arraultzak etxean gelditu zitezen.

Bejundeizula Mainaxi! Zuk egin dituzu pakeak poliki!