Automobil gauzak

Euskal Esnalea, 1912

— Anton.

— Zer degu, Joxe?

— Zertan gera?

— Zertan? Lehenean bertan.

— Oraindik ere etzera automobilean sartu?

— Eztiat uste, bizi naizen artean, sartuko naizenik.

— Hildakoan ere etzera ba noski sartuko.

— Nerau ez; bestek sartuko nauan etzekiat.

— Gaur ere hobe zenduke ba zuk, oinez baino automobilean juan.

— Zergatik?

— Lehenago helduko zinakelako Donostiara.

— Eztek horixe segurua: automoile hoek ere sarritan izaten dizkitek beren hausiabarrak; begira zak bestela han, bide bazterrera; han ziok gizarajo hura bi ordu hoetan eguzkia hartzen.

— Nor da bera?

— Etzekiat, baina gizon goxo-goxoa ere eztik izan behar.

— Nola dakizu ba?

— Lagundu nahi nioan, baina eztik nahi izan. Etzioat ba gaizki esan baina…

— Zer esan diozu?

— Esan zioat: Hola, amio: kieres konpainar?

— Eta?

— Egin didan begirunearekin uste nian bi begiak irten behar ziotela.

— Eztizu ezer esan?

— Ezer? Gehiegi, letaina nik bazekiat baina ain luzea ez.

— Zuk dakizuna Ama Birjinarena izango da, eta hark dakiena berriz santu guziena.

— Santu guziena bakarrik? Deabrurik ere hark deitu gabekorik, etzekiat gelditu ote dan.

— Eta zuk zer esan diozu orduan?

— Gizon hura zerbait palakatzeko hasi nauk ba Ora pro nobis erantzuten…

— Eta?

— Etzidak ba eskuetako mailuka jaurti? Ba, ba! Orduantxe Liberanos Domine esan eta alde egin diat.

— Zer esango ote du Txapelandik hori jakitean?

— Hark esango dik lehenago ere maiz esan ohi duana.

— Zer ba?

 

Gizaseme askoren

artean nahastuak

maiz ibiltzen dituk

hankabiko astuak.

 

— Ixo, ixo; zein degu hemen datorren hau? Serenua bere kapusai handiarekin eta bi parola eskuetan dituala? Eta egunaz?

— Ez, gizona, ez; automobilaren gidaria da hori.

— Zer zeramak ba?

— Gasolina.

— Nola esan dek?

— Gasolina.

— Oraindaino aditu eztedan izena dek horixe. Gatza zer dan bazekiat, baina gatz horina, um! … usai txarra hartzen zeoat.

— Ez, gizona, ez; aditu ezazu ondo.

— Hik esan zak ba ondo.

— Bai: Ga… so… lina.

— Dana dala. Gatza, gatzagia, gatzura, gantza ta horrelakoak aditu izan dizkiat, baina gatz-molina edo hik esan dian hori, ezin ikasiko diat. Palta handirik ere etzidak egiten, eta dihoala ehun legoa bidean, bere usai eta kiratsarekin.

 

Danik onena ere

bada gatz-molina,

neretzako nahiago

diat txakolina.

 

— Ikusten dituzu, Anton, automobil hortan dihoazen bi gizon hoiek?

— Bai, bai. Ikusteko moduan zihoazik. Panparroi dihoazenik ere, eztiat esaten, baina ezetzik ere enikek esango.

— Gizon ederrak eta galantak badira behinik behin.

— Bai, ta bazterren bat jotzen badu automoile orrek, idiakin eraman beharko ditek automoilea, eta onik onenean tortila ederra egiteko gaia ere izango dek.

— Zu beti hortan zaude; hoiek ere maiteko dituzte ba beren buruak zuk adina.

— Eztiat uste.

— Ezetz?

— Ez. Horrelako hogeirenak baino, nik nere burua maiteago diat.

— Baita aiek ere, zu bezelako berrogeirenak baino, beren bakarrak maiteago dituzte.

— Ba, zaitu ditzatela.

— Ez al dituzte zaitzen?

— Leziotxo bat eman behar diat.

— Betor.

— Ikasi ondo.

— Ea ba, betor.

 

Ondo bazaude buruti,

arriskutikan urruti.

 

— Nor edo zein ote diagu hemen datorren hau?

— Nor edo zein?

— Bai, etzekiat gizona dan ala aberien bat ote dan.

— Zer ari zera esaten? Itsua al zaude?

— Ez, itsu egon ezkero enikek ikusiko, eta ikusten dedalako galdetzen diat.

— Itsu ezpazaude ere, lauso bazaude, galde hori egiteko.

— Lausotu behar, horrek botatzen duan lurrunarekin.

— Kea da.

— Tximiniren bat al darama berekin?

— Ez, gizona, ez; pipa hartzen dihoa.

— Eta nor degu ba berau?

— Txoperra.

— Eztiat egundaino aditu hitz hori.

— Automobilaren gidaria da.

— Bapo ziok, hartza zala uste nian nik.

— Hartzik ikusi al dezu ba zuk behin ere pipa erretzen?

— Ez, xaguxaharra bai. Jazkera horrekin hartza zirudik, ba.

— Hartzaren larruaz egindako jantzia darama, bai; baina gizona da.

— Gizona izango dek, baina…

 

Hemen datorkigun hau,

ezpada ere hartza,

behinepehin gutxienaz

badu bere antza.

 

*          *          *

 

— Arrayie, arrayia, Anton.

— Zer dek?

— Lehengo egunean eman zenidan lezio huraxe…

— Ondo ikasteko esan nian.

— Nik ere eman behar dizut ba zuri beste bat.

— Ea ba, mutil. Beharra badiagu.

— Zure aita nun hil zan?

— Ohean.

— Eta zu ohera joaten zera?

— Bai, ta pozik.

— Eta han hiltzeko beldurrik eztezu?

— Ez, moteil, ez.

— Nola da ba hori?

— Non edo non, danok hil behar diagu, baina automobilean baino nahiago diat nik ohean hiltzea. Nere aita hil huan testamentua egin, sakramentu santuak hartu, eta etxeko guziai laztan bana emanta; baina automoilean hiltzen danak eztik horretarako astirik izaten.

— Hoiek, kontuak, ipuinak dira.

— Ia, galde egiok automobilean datorren horri, testamentua egin eta sakramentuak hartu ote dituan.

— Automobilean dabiltzan danak, bertan hil behar al dute? Hori milatatik bat izaten bada ere…

— Hamar milatatik bat izanda ere, neri gertatzen bazait…

— Bai, zuri!… zuri!… hain premiazkoa izango da horixe…

— A, mutil, mutil! Oraindik eztek ikasi lehengo eguneko lezioa?

— Zer lezio?

 

Ondo bazaude buruti,

arriskutikan urruti.

 

—Ikasi ondo ta ez ahaztu.

 

*          *          *

 

— Eta oraindik ere esango didak, Joxe, eztagoala arrisku handirik automoile hoietan?

— Ez behinipehin zuk uste adina.

— Hago isilik: begiraiok bestela, lokatzaz bazter guziak zikinduaz datorren horri, ta alde egin dezagun hemendik.

— Baita trena ere, hortxe dator.

— Bai, bata bestearen lehian, zein lehenago zetozek. Eta etzaik iruditzen hor arrisku handirik dagoanik?

— Hor bai, baina…

— Hor baino ohean hobe noski, e?

— Noiz nola.

— Automoile hoiek gauza bat bakarrik zeukatek ona.

— Zer?

— Gaixorik gabe hiltzea. Txapelandik esan ohi dik, jokorik onena banka dala.

— Zergatik ba?

— Gora-bera gutxi daukalako, eta atzera edo aurrera berehala egiten dalako.

— Beraz…

 

Beraz… beraz… beraz…

automoile zaleak

hankaz gora erraz.

 

— Mila arrayien arrayiena!,

— Zer dezu, Anton, hasarre?

— Izango enauk ba hasarre?

— Zer da ba?

— Begiraiok automoile horri, nere oilo guziak harrapatu behar zeatik eta.

— Ai, ene ba!

— Pikardia dek hori.

— Zer ba? Etxean jatea…

— Bai, hainbeste oilo?

— Gizona, etxekoak bakarrik jan ezin badituzute, auzokook lagunduko dizutegu. Deitu, deitu neri.

— Ez, ez. Gaitz erdi huke arroza bagendu, baina dana dala. Hau joan dek, baina beste horrenbeste egiten bazidatek, botako zetiat errekara.

— Oiloak?

— Ez, automoileak eta han dihoazenak.

— Horratik ere ez egin orlako lanik, agintarien baimen gabe.

— Nere gauzetan nerau nauk agintari, eta jakinean egon ditezen, ipiniko diat idazti bat.

— Euskeraz?

— Ez, erderaz.

— Nola?

— Honelaxe:

 

Automoile ke matas oilos,

al erreka él y ellos.

 

*          *          *

 

 

— Aizak, Joxe.

— Zer degu, Anton?

— Ikusi al dek automoile hori?

— Bai.

— Presa dik.

— Hala diruri.

— Nor zihoak bertan?

— Indianoa.

— Don Trukulato?

— Don Torkuato.

— Horixe ere gizonaren burua dek.

— Zer du ba?

— Jatekoak gaitz egingo ote dion beldurrez erdi-gauzik jan gabe, edan berriz ura bakarrik, hotz badago ohera, bero badago bainura; haize apur bat badago etxetik irten gabe…

— Eztu hil nahiko ta…

— Eta automoilean sartu? Ez al dik hor hiltzeko beldurrik? Horren agudo joaten badek beti, harri koxkor bat jotzea nahikoa izango dik, zazpi mila puska egiteko automoilea eta bera.

— Zu beti berdin.

— Izan eta izango. Bere bizia hain maite duala, eztuala hil nahi, eta halare automoilean?

— Zer nahizu ba?

— Badakik horrela dabilenengatik gure herrian zer esaten dan?

— Eztakit.

— Aitu ba:

 

Zahietan zintzo eta

irinetan zoro

bazabiltza, etzera

biziko luzaro.

 

*          *          *

 

— Hori dek, hori! Hor zihoak txakurrak ondoren dituala, txinparta dariola. Ni agintari banitz…

— Zer egingo zenduke?

— Lege berri bat jarri.

— Zer lege?

— Hmalau arroako harri bana eraman dezatela ondoren.

— Bideok konponduko lituzkete.

— Apurtzen badituzte, berai pagerazi.

— Pilosopi gehitxo daukazula uste det, Anton.

— Urteak erakutsita, Joxe.

— Bai, urte askotan gauza asko ikasten dira eta…

— Bai, esango diat ba gauza bat neronek ikusia.

— Noiz?

— Orain berrogeita hamar urte.

— Preskua izango da.

— Baserritar gizajo bati bi pezeta munta kendu zioan bidezai batek.

— Zergatik?

— Gurdi bat, garoa tatarraz zuala, zeramalako.

— Eta zer?

— Han etorri hukan bainuetxe bateko madriltar emakume mordo bat, beren mirinakiakin bide guzia hartuaz, eta harri kozkor guziak ere tatarraz zeramazkitela.

— Eta zer?

— Galdetu nioan bide-zaitzaileari “Ez al diezu muntarik kentzen emakume hoiei?”. “Ez” erantzun ziadan. “Hoiek errezago paga lezakete ba, baserritar gizajoak baino”. “Bai, baina gure erreglamentuak eztu horrelakorik esaten eta”… “Eta gurdidunentzat bai?”. “Bai”. “Ba ipiniozu erreglamentuari honela: item seinoras mirinajas, 4 pesetas”.

— Eta zuk esana egin zuan?

— Etzekiat, baina egin bazuan, etzian damu izango.

— Eta zer egingo zenikio automobilai?

— Ipini erreglamentua.

— Nola?

— Honelaxe…

 

Katortze arrobas piedra,

si no, bete a la…

 

— Ixo, ixo!…

 

 

*          *          *

 

 

— Oraintxe ikusiko diagu komedi polita.

— Zer ba?

— Automoile hortan datorren jendea oso apaindua dek.

— Hobe ostalariarentzat.

— Egingo nikek apostu ostatu hortan dagoan bazkari guzia neronek ordu laurden baten jan baietz.

— Ez al zuten ba, aurrez abisatuko?

— Ez; behinepehin ostatuko nagusiak etzekikan orain ordu erdi.

— Beraz, berak ekarriko dute.

— Zer? Jateko gogoa? Ja, jai!

— Barre egiten dezu?

— Gauza bat gogoratu zeatak oraintxe.

— Orain ere zerbait aterako dezu.

— Totolo ta Motolo, bi alper haundi, joan hituan behin trozoetara. Totolo huan gizaseme oso eder eta galanta.

— Eta asko irabazi al zuten?

— Esango diat ba. Urte bete baino lehen etorri huan Motolo, eta lehenengo ikusi nuanian, galde egin niokan: “Ondo ibili zerate?”. “Bai,— esan zikan— , behinepehin kolikorik eta odol kolperik eztegu izan”. “Eta Totolo etorri al da?”. “Baita”. “Ezerki ekarri du?». “Bai, tripazala, galanta”.

— Anton: zer esan nahi dezu horrekin? Automobilean datozenak, goseak datozela?

— Behinepehin jan nahian bai. Hor zebilek ostalari gizajoa etxez etxe, ahal dituan eltzariak erosten, eta, ikusten dedanez, gaur aberatsen moduan, a la prantzesa bazkaldu beharko diagu.

— Zergatik ba?

— Gure atsoak salduko dizkiotelako ostalariari guretzako dauden bazkariak.

— Bazkariak saldu?

— Heorri ere salduko hinduke diruagatik, ahal balu.

— Bazkaria saltzen badu ba, bera ere salduko det gero nik.

— Bai, e? Eta nork erosi? A, gizajoa!

 

Automoilezaleak

dutelako txi-txi,

edozer egin baina

hik eta nik ezin.

 

*          *          *

 

 

— Aizak, Joxe.

— Zer nahi dezu, Anton?

— Errotari jarri al haiz?

— Zergatik galdetzen didazu hori?

— Irinez estalia ekusten haut eta…

— Ezta irina.

— Zer ba?

— Bideko hautsa.

— Lurrian iraulka ibili al haiz?

— Ez, baina hor juan dan automobil horrek hondatu nau.

— A! Bapo ziok.

— Zergatik ba?

— Gaur hauster eguna dek.

— Zuretzat ere hala da, baina etzenduan hartu nahiko hainbeste hauts.

— Nik elizan hartu diat. Hik?

— Azkenengo hartu nuala izango dira hogei urte.

— Ondo ziok. Gaur hartu dituk ogei urte aietakoen ordainak.

— Eta zuk barre egin, e?

— Nik barre egiten dedala? Egia esateko negarrik eztiat behinepehin egiten.

— Zu agintari bazina, zer egingo zenikie automobilai?

— Aginduko nikek jartzeko erri guzietan idazti bat.

— Nola?

— Halaxe: “Automoiles toros y llevaras atras un ur-ontzi basija, agua lleno, para erregabiar kamino, bajo la pena de veinte errial munta”.

— Automoile guziai?

— Bai, bai. Toros, toros, guzientzat. Probentziak ere dirua aurreratuko likek.

— Zergatik?

— Hor dabiltzalako bide-zaitzaileak (camineros) bideak busti ezinez, eta orduan elikek izango hoiei pagatu beharrik.

— Ezteritzat gaizki.

 

Iritziagatikan

hik eta nik ondo,

gero ere horla dituk

bideak izango.

 

— Han zihoak trena bezela tunelean.

— Han eztu inor zikinduko autsez.

— Etzekiat ba han ere gauz on handirik egingo ote duan. Bazterren bat jotzen badik, tortilaren bat…

— Zer egingo zaio ba? Eztu lehenengoa izango ta azkenekoa ere eztedila izan.

— Han dihoazenentzat balitekek lehenengoa ta azkenekoa izatea.

— Zu pronostiko-egilea bazina, maiz ipiniko zenduke “mal tiempo”.

— “Bueno” ipinita ere ez huke izango gauza ziurra egualdi ona egitea.

— Baina zuk nolabait ere konponduko zenduke.

— Hori bai.

— Nola?

— Txilinporren lezioak jarraituaz.

— Nolakoak ziran ba?

— Behin batean esan zian biharamonean egualdi ona egingo zuala.

— Eta igarri zion?

— Euria egun guzian atertu ere gabe.

— Beraz etzion igarri.

— Hark ez omen zian esan euririk egingo etzuanik.

— Eta egualdi ona al zan euriduna?

— Sagardo, ardo ta kafe-saltzaileentzat bai.

— Eta gainrakoentzat?

— Ez huan ba ain txarra ere; behinepehin batzuk kantuan, besteak dantzan, besteak bertsotan, besteak irrintzika, han ari hituan eta ez huan hain txarra ere.

— Ez, danentzat txarra dan merkaturik ez omen da eta, zuk hori ere konpondu dezu poliki.

— Bai; automoileak baino errezago dituk konpontzen pronostikoak.

— Etsi det zu etzerala izango automobilien zale.

— Ordua huan etsitzeko, eta hi?

— Ni lehen bezela.

 

Orain esango diat nere iritzia:

ezin ditekek sartu harrian iltzia;

alperrikakua dek neri jardutzia.

nahi dek automoilean nerau ibiltzia?

pendizen batetikan nerau amiltzia,

eta lehenbailehen nire bizia galtzia?

Hobe diat prestatu ondo ta hiltzia;

agur eta egizak nahi dekan guzia.