Deubreak hartu

Gure Herria, 1934

Gau batez, lo gozo batean nindagolarik, atzarri nintzan kolpez kolpe. Zerbaitek zintzurra tinkatzen zautan, eta nola! Begiak ideki nintuenean, zer nuen ikusi? Karanba, sekulan ez dut ahantziko. Kabale itsusi bat, urde mutur batekin. Kopetatik ateratzen zitzaizkon bi idi-adar luze; bazituen begi batzu ifernuko sua bezin gorri. Nola zakur eskale bat, bere buztan luzea ibilki zuen harat eta hunat. Gaineratekoan, jende itxura zuen. Bi zango eta bi beso guk bezala. Bere eskuarekin, aldiz, zintzurra juntatzen zautan.

Hura ikustean, gelditu nintzan ikaratua, sukarrak hartua.

Ezagutu nuen kusian deubru zonbait zela. Zainak apur bat eztitu zitzaizkitelarik, egin nuen oihu bat ene ahal guziez. Gero, ohetik jauzian iraganik, lotu nintzen borroka. Bainan kabale itsusiak hain finki jo ninduen non bildu bainuen hamar egunen mina buruan eta tripan.

Han nindagon beraz, egiazko azkona, lepotik soka lasterrean hartua, nere indar guziak debalde zirela. Sobera pairatzen bainuen, abiatu nintzen serora eri-artatzailearenganat. Bainan deubru tzarrak ez ninduen mugitzerat gehiago uzten. Oroitu nintzen orduan, erretor xahar batek eman aholkuaz deubruak garaitzeko. Gurutze seinalea eginez abiatu nintzan eta futxo, etsaiak segitu, beti zintzurra tinkatuz ahatik.

Andre serora ikaratu zen kabale hura ikustean. Bainan ni bezala seinatuz, nitarat hurbildu zen.

Otoi –nion galdatu–, erradazu zoin den deubru hori.

Haur maitea –zautan ihardetsi–, hori da Gripa. Ez da orotarik hoberena. Hori duenak, hainitz pairatzen du, bereziki tripetik. Bainan ez beldur izan, baditut aingeru on batzu deubru horren kasatzeko.

Orduan andre serorak erakutsi zauzkitan bere aingeruak, preso ezarriak berinazko untzi ttipi batzuetan, ez airatzeko, berak zion bezala. Bakotxek bazuten beren izena, erdaraz ezarria. Huna zonbait: Teinture d’iode, Tricalcine, Aspirine.

Beren presondegitik jalitzerat utzi ditu serora onak eta orai han ari dire neretzat borrokan deubruarekin.

 

Beleak haragi usainduari pikoka aritzen diren bezala hezur hutsa gelditu artio xuri-xuria, hala aingeruak ari dire deubruaren bentzutzen orenetik orenerat. Jadanik etsaia hasia da ene zintzurraren largatzen, eta iduritzen zait, hola segitzearekin, sendatuko naizela hiru egunen buruko