Diru eta Txori

Euskalzale, 1899

Markos edo Martin edo Martzelo edo behinik behin Mar da, gehitsuago zan lehenengoaren izena. Hogeta hamar urtetik gora, ama zaharrak izan ezik beste ezagun guztiek Diru esaten eutsen. Gero esango dogu zegaitik. Gizon polita zan bera arpegiz, txukuna gorputzez, biguna berbaz. Bihotzez eta arimaz eta izatez, barriz, alper malmutz zakarra.

Ama lanik lan ehundegiko anezkea legez, ibilteko gauza zan artean erara, bere erara, bizi zan gure mutila. Amari begiak lausotu, iztarrak sortu eta besoak indargetu jakozanean, semea hasi zan agertuten ordurarte ezkutuan eukazan alperreri, malmuzkeri, zakarreri eta arimako beste berein eri.

Urtebete inguru amak zelan edo halan burutu eban semearen esker txarra. Gero uriko gizartegi edo ospiziora joan zan, gaixoa. Han edozek gogarazoten eutsan semea: gizon alperrak nahi langileak, ederrak nahi ezainak, emakuma zahar nahi gazteak, arranpaloak nahi isilak. Batak, semea beren antzekoa ez zalako gogarazoten eutsan; besteak, sudurra edo ibilpidea edo arpegierea bere taxukoak eukazalako.

Semea birritan joan zan ama ikustera gizartegian egon

zan bost urte luzetan. Basatza eta zingirak bere ez dira bakarrik bizi izaten, bada haizeak ekarririko orbelen batzuk eta mutilek jaurtiriko harriak batuten jakez. Gure mutil hau bere, urte bi zelanbait bakarrik igarota, ezkondu egin zan eta herririk herri orrazi eta orratz eta aizto edo ganibeta, artazi eta beste gauzatxu asko salduten ibili zan aurrerantzean, bere emazte erdaldunagaz batera. Euskalduna ezetan ez irudian. Eulia neguan baino inkakorrago egin zan, mihinean periodistek luman baizen labantasun handia eukan, ondasun baino ezizen gehiagoren jaube egin eben Bizkai eta Gipuzkoako urietan. Kuku, Mihinlaban, Lamertzeres (ezizen hau Ondarroan ezarri behar izan eutsen, emazteagaitik La Mercedes esaten ebalako), Peinefino, eta beste batzuk. Gure ustez, Diru zan ezizenik ezagunena.

Esan daigun orain zetatik heldu zan Diru izatera.

Behin, itsas uri baten egoala, heldu zan txori polit batzuk salgei ekazan gizon bat, hegazti jaio balitz mirua gitxienez izango zana: beterrea, eztarri garrazduna, ainenti hutsa. Uriko kaltzadun gehienak hurreratu jakozan gizon honi beronen txori politak ikustera.

Indiano bi zirean sarrien joaten jakozanak. Txori bat euken begiz jota, baina ez etxera eroateko (doarik izan balitz, bai), zer zan jakiteko baino. Batak sinsonte zala zinoan, besteak maracaibo zala. Ezbai honetatik urtetearren, hurrengo eguneko El Imparcial albistaria nok erosi tematuta, hurreratu zirean txoridunagana. Eurakaz batera joan zan gure Diru.

Zelan daben izena itandu jakonean, cuarentarenta reales erantzun eban jaubeak. Bigarrenez indiano biak eskatu eutsen izena, eta jaubeak salduta gero esango ebala erantzun eutsen.

Orduan Diruk hogei erreal eskini eutsazan beragaitik. Egin eben egiunea: Ave del Paraiso zala esan eban txoridunak. Indianoak, beti legez, osagilearen lepotik irakurri eban hurrengo egunean El Imparcial, eta guztiak pozik gelditu zirean.

— Ederra sartu dautsat —esaten eutsan gabaz Lamertzeresek La Mercedesi—, hogerleko guzurrezkoaren ordez txori ederra Paraisokoa daukagu.

Kaiolan sartu eban egaztia, eta oheratu zan.

— Ederra sartu neutsan —zirautsan hurrengo egunean txoridunak bere buruari.

Goizean goizetik joan zan Diru hegaztia ikustera, eta harrituta gelditu zan begiak ekusenagaz: txoria izpil barik eta ura ori-urdindurik. Hegaztia Ave del Paraiso izatetik birigarroa izatera jatsi zan.

Txoriduna joan zan hurrengo goizean, ohi eban legez, patarra hartutera. Atara eban ordainez Diruren hogerlekoa, eta dendariak guzurrezkoa zala esanda atzera emon eutsan diru hori.

Malmutz biek alkar ikusi ebenean, barre gogotik eginda, hona emen zer erabagi eben.

— Jazoera honen gomutagarritzat bialdu daiguzan gure erosiok jagoken tokira —esan eban Diruk—. Mendira txoria, uretara dirua!

— Ederto esana! Botaik lehenengo heuk txoria eta gero jaurtiko joat nik dirua.

— Goazan txori bila! —esan eutsan Diruk emazteari kinu eginda, eta ostaturako bidea hartu eben.

Harik ordubete barru batak jarein eban birigarroa eta besteak erreka bazterrera jaurti eban dirua.

Biak arduraz egon zirean dirua nora jausi ete zan begira.

Ordu bi igaro baino lehenago txoridunak antxitu eban txoria, eta errekondora joan zan diru bila.

Orduko ebilen Diru arazo honetan. Besteak, honen ondora heldu zanean…

— Adiskidea —esan eutsan—, neu nintzala uste najoan munduko malmutzik handiena, baina nire bestekoa bahaz hi.

— Zer bada?

— Zer? Hik txoria eta dirua jaurtiteko esan doanean, “Ederto datoz” neure barrurako esanda onartu joat hire eritzia. Hik hire barruan beste hainbeste esan izango dok. Ni, horregaitino, arinago ibili nazalako txorijaubetu nok, eta dirua nora jausi dan dakidalako eskuratuko joat.

Jazoera hau jakin zanean, itsas uri hatan dirudunari Diru ezarri eutsen ezizentzat, txoridunari Txori. Hamabost egun geroago, Txorik, birigarroa barriro Ave del Paraisoturik, Bilboko meagin baten etxean saldu eban.

Eta hogerlekoa ostatu baten hartu eutsen.