Egun on!

Euzko Gogoa, 1954

Goizeko zortziak dira. Nere ahoan zigarrotxo bat daukat. Zeinen gusto ederra eukitzen duen goizeko lehenengo zigarrotxoak! Errekinaren gustu min-sendoa eta kafesnearen gozotasuna ezin hobeki nere mingainean jartzen dira. Nere dendatik harrizko kaleari begiratzen diot; dizdiratzaile, ispilua bezela ageri da hartu duen euriarekin eta oraindik hartzen ari danarekin; gora begiratu, eta begirazunak guardasolaren belztasun gogor bat hartzen du; guardasol asko dantzan, ilerarik gabe dabiltza kalerik haundinean, nere dendaraino. Behera begiratu eta hosto gabeko ezkiondoen bustitasun berdea sortzen da, ur garbietako belarrarena bezelakoa. Han ere, guardasol beltzak saltoka dabiltza, bustitasunetik iheska.

Euria ari du…

Hiru laguni egun onak ematen dizkiet, bat-batean esanaz. Zer lagun on! Burua nekatzeke «onak» opatzen dizkidate. Ondo dakite bai euriak egunetan segituko duela, eta oraingoa ez dala hain ona, apirilekoa bezelakoa. Berdin da…

Egun on!

Kalegarbitzaileak, bere gurdi eta astoarekin, herriko zikinkeriak hustu ditu.

— Arre!

Kalegarbitzaileak Jon du izena, eta haren izena, gaur edo bihar, etxe guztietan esaten da. Bere txapel gorriak —Herriko langileen ezaugarria— hirurogei urteko burua estaltzen du, eta orain hantxen dabil atzo gaueko azkeneko ardotxoa edanez azaldu zan ume txoroa. Mozkorra ere harrapatu zuen.

Egun on!

Antoni da. Gure esnezalea, esnebezeroa, merkatuko azkeneko erosleak harrapatu nahi ditu. Badaramatza lau dozena sagar, ganbaratik «hartu» ditunak.

— Hiru pezetan, hamabi dira. Berrogeta sei dauzkat, nylonezko galtzetak erosteko aski.

Euritik hanka egin nahiez, kale-zulotatik dabil bere abarka gomazkoekin eta artilezko galtzetekin; saltoka dihoa putzutik putzura gure kale nagusian.

Egun on!

Enkarni da, izparringi-saltzailea. Bere goizeko deadarra, irrintzi bat alegia, sendoa da, gauaz egiten duena, ordea, musikala da, Harlemgo blue bat ematen du. Haren deadarra, barnean sartzen zait. Herri gabeko, negu gogorreko deadar atsekabea…

Izparringia letzen det. Gaur, su ondoko katuak bezela, kalera begiratu behar det.

Egun on!

Hona hemen maixu zaharra. Aurreko bebarru zuloan, izparringiari lehenengo begi ukaldi bat ematen dio. Euriak ez dio lagatzen pasira egiten. Eguzkipean, irakurriz, herri guztia korritzen du. Hiru buelta ematen dizkiola esaten dute. Hiru kilometro dira!…

Egun on! Egun on! Egon on!

Bederatzietako meza bukatu da. Herriko zaharrak dira: Bixente, Kepa, Joxeba, Joakin… Gaur euriak ez diete laguntzen beren hizketak egiteko. Haien hizketak: herriko goraberak, Antonioren heriotza.

— Ez zan bada hain zaharra, hirurogei urte zeuzkan…

— Zera… Aita Mitxelena omen dator Sortzez Garbikoaren bederatziurrenerako…

Gaur, beren indar eskasekin, euriari hanka nahi diote, xementoxepean azkar biltzeko. Han hitz egingo dute, zigarrotxoa erre ondoren. Bainan… kontuz! Laneguna baita.

Han dihoazte okertuak, dardaraz… A, zahartzaroa!

Egun on!

Ondo jositako bruxa batekin, alpraketa gomazkoekin, berrogetaz urteekin gazte… Zenbat, Joakin? Esan det bere izena. Horrelako gizonak herri guztietan izaten dira. Potola, bere pottoltasuna parregarria da. Ez al det esan? Ipuin denak dakizki, politikoak ez, eta buruan ondo ordenatuak dauzka, liburutegi baten bezela. Bainan parrerik gehien berak egiten du. Andrekeriak gustatzen zaizkio, herriko jauntxoak zirikatzen ditu bere pentsamendu libreak esanaz. Hitzjarioa da, hizketan jardun behar… Halare zenbat bider beregana joaten gera denbora goibel hauek zerbait alaitzeko!

Haren dendara, —jakidenda—, jende asko joaten da. Hitz egitera? Erostera?

Bere gaitzak esan ditut, bainan askotan —nik ondo dakit— engainatu egiten gera. Limosnatxoak egiten ditu… goizean goiz elizara ere joaten da. Hamaikatxori laguntzen ikusi det!

Egun on!

Gizon puska haundi bat datorkit neregana. Herrizaina da: algoazila. Hark ez du euriaren beldurrik. Zeinek eta Kapitainak (bere gaitzizena?) Errusiako hotzak ondo proatuta dago. Beheko kaletik dator, bakarrik, pauso sendoan, oldozkun gogorrekin, altuakin —1,90 goibeheraz— txapel txiki, jantzi kaki, larruzko porra ta euritako plastikuakin. Zenbatetan erabiltzen ote porra hori?

Gutxitan. Umeak Kapitainaren beldurrez bizi dira. Ume bildurra, jolas bildurra.

Egun on!

Tere da. Alai, txikia, kuttuna, eta irriparre bat badauka izotza urtzeko modukoa. Merkatutik dator, bere guardasolak ura dario. Egunero elkarrekin bi hitz egiten ditugu. Hark bere gauzak, nik nereak, bainan gustokoenak Patxirenak zaizkio. Maite du!… Bainan buruhauste haundiak dauzka bere gain.

Guardasola irikitzen du eta, agur xamurrarekin, badihoa noski, pentsa-pentsari… Laga dezagun bere oldozkunetan sartuta. Horrelakoa izango zan, nonbait, Hamlet-eko Ofelia buruhoria, txiki bainan ondo neurtutakoa, irripar goxoarekin, garbia eta argia…

Gaurkoa ez da beste egunak bezelakoa izan. Ikusiz oldoztun jarri naiz. Nere denda oraindik zikin dago, paperez, errekinez… Euriarekin batera, bere filosofia sartu zait nere burua igartuaz.

Dendan sartzen naiz. Oraindik atzoko hizketen usaia dariola dirudi. Sudurrean sartzen zaizkit bustitasun eta errekinen usaiak. Ateak eta erakuslekuak zabaldu ditut argia sartu dedin. Zer argi sartuko ote da gaurko denbora honekin. Erratza hartu eta denda garbitzen hasi naiz, bainan… norbait sartu da…

Egun on!