Mutrikun hiru sorgin

Amandriaren altzoan, 1961

Antzinako denboretan Mutrikun bazan arrantzale bat Nartxixo Ardantza izena zuana, oso gizon ona, eleizkoia, langilea eta zuzena. Ezkondua zan, baina ez zuan umerik eta bere maitetasun guztiak, emazteran hurrengo, bere batela eta itsastresnak zituan. Mutrikun ez zan Nartxixoren batela bezela zaindutako batelik. Udaberri guztietan pintatzen zuan barru eta kanpo, eta itsasotik lehorreratzen zanean, etxera baino lehen batela ondo garbitu, lanbasarekin lehortu, arraunak euren lekuan eta abar… Haugaitik, ezin zuan igerri, egun batzuetan, goizean itsasorakoan batela dana ibilia, arraunak trabes, panelak euren lekutik kanpora eta abar bilatzen zituanean.

“Baina nor arraio ibiltzen dala esango zenduke gabero nere batelean?”

Eta nola aspertuta zegoan gertaera bakan harekin, gau batean, apaldu ondorean, bere batelera joan, eta olona zati batekin estali, eta tostapean etzan zan. Begiak estali gabe zituan nor etorriko ete zan ikusteko.

Gaueko bederatziak inguruan hiru katu haundi agertu ziran, hiru lekutatik moila gainera, eta hirurak tapa-tapa eskailerak jatsi eta salto egin eta sartu ziran batelean.

— Sekula honelakorik! —zion bere barrurako Nartxixo Ardantzak—. Zer ikusi behar ete degu gaur hemen !

Hiru katuak era batera esan zuten

Bagera ez bagera
gu sorginak gera.
Plixti, krixti
guri begira dagoanak
ez dezala ezer ikusi

Hau esanaz batera hiru katuak hiru emakume bihurtu ziran, eta Nartxixok ezagutu ere bai: Bata zan Botikarioaren emaztea, bestea Sekretarioarena, eta hirugarrena Txirixo kaleko Prudentzi neskazaharra. Eta Nartxixok ez zuan gehiago ezer ikusi.

Sekretarioaren emazteak esan zuan:

— Gaur Montebideora, uren gainetik nahi azpitik; arraunkada bakoitzean hamar mila legoa.

— Aufa! —esan zuten hirurek, eta batela hasi zan tximista baino arinago Amerikarako bidean.

Nartxixo gizajoa mareatu beharrean zihoan, zer zan ibilketa hura! Halako estropadarik!

Bederatzi eta erdietarako heldu ziran Montebideora eta hiru emakumeak katu bihurtu ziran berriro, eta arin bateletik ertenda hirurak leku banatatik joan ziran.

Nartxixok hau ere ikusi zuan.

Ordu erdi baino lehenago jo zuten hiru katuek batelera, eta hirurak esan zuten:

Bagera ez bagera
gu sorginak gera.
Plixti, krixti
guri begira dagoanak
ez dezala ezer ikusi

Hiru katuak emakume bihurtu ziran eta sekretarioaren emazteak esan zuan:

— Orain Mutrikura, itsasoen gainetik nahi azpitik: arraunkada bakoitzean hamar mila legoa. Aufa !!

Eta ekin zion batelak lehen bezin arin Mutrikuruntz, eta hamaika eta erdietarako heldu ere bai.

Hirurak katu bihurtu ziran eta batek esan zuan:

— Gure etxean atea itxita badago tximiniatik sartuko naiz.

— Baita ni ere.

— Nik katuzuloa zabalik laga det.

— Gabiltzan arin hamabiak jo baino lehen!

Eta hiru katuek bakoitza bere aldetik ariniketan ihes egin zuten.

Nartxixok etxeratu zanean eta emazteari esan Hego Amerikatik joan eta etorri eginda zetorrela, eta nola eta norekin joan zan, emazteak esan zion:

— Edozelan ere, erretore jaunari ezingo diozu ezer esan, lehengo igandeko sermoian esan zuan pekatu zala sorginkerietan sinistutzea eta.

— Guk egingo degun gauzarik onena ixil-ixilk egotea izango da —erantzun zuan Nartxixok.

Handik berrogei egunera jakin zan Mutrikun, Montebideon mutrikoar gizon bat hil zala, derrepente edo bat-batean, noski. Pelotaria zan, eta Montebideon diru asko irabazten ari zan. Prudentxi neskazaharra, gaztea zanean pelotariarekin ezkontzeko ahaleginak egin zituan, baina pelotariak ez zuen nahi izan; sorginen itxura hartzen ziola esan ohi zuan.

Pelotarien heriotzaren zerzeladak Mutrikura heldu ziranean, jakin zan zein egunetan hil zan. Nartxixoren batelean hiru sorginak joan ziran gaua bera izan zan.