Harrixabalen bezala, beti

Gure Herria, 1925

Eskualdunetan ez gira gehiago zonbeit bakar-bakar baizik Harrixabaleko herriaz mintzatzen aditu dugunik, aspaldi baitu su ikaragarri batek Jainkoaren gaztiguz suntsitu zuela. Ez dakitenentzat, zerbeit bederen jakin dezaten, dezagun hau erran: Harrixabal herrixka xuri pollit-pollit bat zela, aski gixena, han nunbeit, Uztaritzeko inguruetan. Senpereko alderat ala Milafrangako ixtunen ondoetan, ez dakigu. Bainan ez du hainitz munta horrek, errateko ditugunen errateko.

 

Denbora hartan bazuten beraz Harrixabalen jaun erretor bat, orai guti ikusten baita halakorik Eskual Herrian eta bertzetan ere. Ona, kartsua eta beroa zen. Beroxkoa zonbeit aldiz, haize hegoa bezala. Bainan erretorak aldarean otoitz gehiago, predika-alkian oihua saminago eta jendea errebesago zoan herri hartan, egunetik egunerat. Halako moldez nun, igande batez, tak eta zart, harrixabaltarreri beren erretorak saminki erran baitzakoten:

 

“Zuek giristinoek, badakizue zer iduri duzuen? Martin Uztaritzeko komentuko baratzezainaren jazko tipulak. Landatu zituelarik aski polliki burutzen hasiak ziren. Geroztik bietan bederen eman zakoten ongarria. Eta zer ongarria! Hiruetan sarratu zituen. Eta nola sarratu, nihon belar ondo bat utzi gabe! Idortean, arrats guziz arta handienarekin busti mafrundi gaixto baten gatik! Bainan hemen egia erran behar dut, oro eta oro debaldetan: pirrit bere lan guzia etzakon baliatu: tipulak etziren egin eta Martin gaizoak ateratu zituen sartzean bezalatsu, kukusoaren heineko…

“Giristinoak, horra hemengo ixtorio bera. Hunat jaun apezpikuak duela hogoibat urte igorri ninduelarik, kartsu-kartsuenetarik ez izanagatik, bazen Eskual Herrian berean zuek baino makurragorik. Eta nik geroztik nere hameka eginahalak egin ditut lur horren hontzeko. Egiazki, nihil mihi conscius sum, ez dut deusen urrikirik: bertze batek etzuen predika-alki huntarik oihu gehiago eginen, zoko-moko guziak ikertuz eta itzulipurdikatuz, boza eta biloak galdu arte. Eta… eta? Arri arri mandoko: zuek saindutasuneko bidean aintzinatzeko orde, gibelat egin! Bainan nik, egun, hauxe erran behar dautzuet: nekatua eta asea niz, leporaino asea: ez bazizte bada, gehiago luzatu gabe, zuen baitan sartzen eta Jainkoaren ganat itzultzen, nik lekuak hustuko ditut zuek hemen utzirik, ni joanen niz ahal dutan tokirat. Halabiz”.

 

Irri egin zakoten harrixabaltarrek igande hartan ere beren erretoraren erran guzieri eta apuñatik lotu Credo-ren kantatzen!

 

Egunak joan, egunak jin, garizumako denbora ere hurbildu zen eta bere buruarekin eleketa zagon arrats batez, supazter xokoan, gatu bizkarleun bat aldean luze-luzea, gure jaun erretora: Zer nahuzue bada gehiagokorik nik egin dezotan herri huntako jendeari? Jaz erditsuek etzituzten beren pazkoak egin. Aurten laurden bat heldu bazaut, munduko gorena! Eta heldu den urtean? Ez, ez, hola ez doake gehiago, nitaz aseak dire harrixabaltarrak. Hobeko dakot beraz lehenbailehen jaun apezpikuari hitz bat igorri, deusetako ez nizela hemendik goiti on, ordain bat laster igor dezadala Harrixabalerat. Bai, hala egin behar dut: hemengo jende guzia ifernu ondorat joaitea baino, guzien buruan ez ote da hobe ni Ainhoako kaperan ermitau bizitzea?

Ermitaugoa aipatzearekin, horra nun bet-betan gure erretorari gogorat heldu zakon hain xuxen adixkide bat baduela Otsolarreko errekan jada ermitau, omen handiko saindu, omen handiko predikari, eta Hazparneko misionestek baino hobeki ere, harek herria konbertituko dakola. Eta berehala Kadet eiherazainarekin hitz bat igortzen dako ermitau adixkideari ondoko egunetan joanen zakola ikusterat eta, hemendik harat, haren doia xingar nunbeit atxeman dezala.

Ondoko igandean, ebanjelio saindua kantatu eta, huna gure erretora mahain sainduan. Irri xuri bat ezpainetan, hasten da:

 

“Bakotxat bere egitekoak ditu. Zuek baditutzue zuenak eta nik badituk eneak. Beraz aste huntan bi egunez herritik kanpoan izanen niz. Predikare padre, debalde madre baitut nik hemen, huntan egungo akabo”.

 

Jendearen harritzea igande hartan! Bainan ez zuen gutiago harritu behar ondokoan, predika-alkirat iragaiten ikusi zutelarik, bere bizar zuri luzearekin, xano ttipi bat buruan, Otsolarreko ermitau saindua!

Zer erran zakoten harrixabaltarreri egun hartan ermitauak? Batere ez dakigu. Dakiguna da astelehen goizetik hasirik jendea goiz guziez tropaka heldu zela elizarat kofesatzeko xedearekin! Hainbertzetaraino nun ifernuko debru beltza hango su lametan kexatzen hasi baitzen Harrixabaleko sugei onak galdu behar zituela, ermitauaren gatik.

Zer egiten du orduan?

Taka-taka abiatzen da Harrixabalerat, buztana xut, denbora bada oraino zerbeit egiteko Harrixabaleko gei onaren eskasez ifernuko sua hil ez dadin, edo ttipi. Nihor ohartu gabe badoa apez etxearen aintzinean barna eta sartzen da elizan ur benedikaturik hartu gabe, bixtan den bezala. Bainan atetik bi urratsetan hantxe gelditzen da harritua eta tontotua. Ezik nor ikusten du kadira hartan belauniko, burua bi eskuen artean? Xantxo. Xantxo, mozkor handi, ohoin tzar, gezurti ikaragarri bat, behinere elizan zangorik ematen ez duena! Ez, ez, holakorik ez du nahi debruak, hein bat bada guzietan. Eskuko xoririk ez dako segurki ermitauari utziko. Ez lezake gaizki irri egin Harrixabaleko erretor buruzuriak!

Bainan orduan ditu lanak debru beltz harek!

Nola bilduko du orai Xantxo?

Han dago hau bila, hura bila, eta deusik ezin kausi. Eta denbora hortan, Xantxo kofesatzen da, ermitau sainduak manatu hirur hamarrekoak erraten ditu eta… abiatzen da, xoria bezen arin, kanporat.

— Jesu, Maria eta Josepe, urrikal nakizue! —dio begiak aterat altxatu ditueneko Xantxok.

Debrua hantxe, buztanetik aise ezagut ditake!

— Ez nu bada berritz bere sareetarat segurki bilduko!

Bainan nundik atera? Elizan ez da ate bat baizik? Jauzian badoa beraz gure gizona, iragaitean kuskako bat ukondoaz debruari emanik. Eta gibelat itzuli ere gabe, lasterka etxeko alderat hartzen du atea burrunban hetsirik…

Ai, ei, ai! Zer da orro ikaragarri hau!

Zer den? Huna. Xantxo ateratu deneko, debru beltza ere ateratu da. Bainan gauza batez ez da oroitu: buztana luzeskoa duela eta eskuetan hartzen ez badu, ateak eta paretak artean hartuko dakotela. Eta hala-hala da gertatzen. Debrua han dago orai preso. Ezin aintzina, ezin gibela, ezin ere itzul buztaneko mina emendatu nahi ez badu…

— Xantxo…

— Zer duk?

— Otoi otoi haugi ene hemendik kentzerat…

— Ez eiki.

— Haugi, sari bat ederra emanen daiat…

Sari bat? Debruaren eskutik ere sari bat on da!

Guziz zonbeit sos lituzke on Xantxok, pilik ez baitu sakelan eta okinari bi egunen buruan hilabetea ordaindu behar!

Bainan…

— Ez diat hireganik deusik nahi.

— Xantxo, haurtzen ari hiz naski hola mintzatzeko? Haugi, emanen daizkiat hamar mila libera…

Hamar mila libera! Hamar mila libera!

Xantxo ikaran dago gaizki entzun duela naski.

— Zonbat erran duk?

— Hamar mila libera…

— Emaitzik beraz lehenik, eta atea idekiko daiat.

— Han dituk untzi batean, jaun erretoraren baratze mutur batean.

— Etxean ontsa nindukek jaun erretorarekin heldu den igandean, kofesatu orduko bere baratzean ohointzan ikusten banindu!

— Hamar mila liberak ez dituk harenak! Nun ikusi duk hik egundaino erretorik holako sosarekin?

— Hala duk hori ere, oraiko mendean…

Denbora hortan bi urratsetarat hurbildua zen Xantxo. Rau, buztanetik lotzen da debruari eta atea idekitzen du. Debruak nahi luke segurki ihes egin, bainan aztapar onak ditu Xantxok eta ez du utziko, zorra ordaindu arte, orai.

— Habil hor, eiki, eni diruaren ematerat, erran bezala!

Badoazi, badoazi zango punten gainean, apez-etxeari hurbiltzearekin. Untzia bere hamar mila liberekin erran lekukan kausitzen dute, eta orduan, gehiagoko agurrik gabe, biek bi alde hartzen dute, debruak ifernuko alde eta Xantxok etxeko alde, lehen adixkide bezen orai etsai…

 

Hala beharrean, ixtorio hunek baluke debru beltzak bezenbat buztan oraino. Ez dakogu batere emanen. Dezagun bakarrik erran aspaldi hil zela Harrixabaleko erretora, geroztik ere hameka buruko min bildurik. Xantxo laster berritz bilakatu zela lehengo Xantxo, arras edanari eta ohointzari ere eman zela, eta guziz debruak amarru handiak dituela, ezen, Harrixabalen ez bada, eskualde bereko herrixka batean, oraiko erretorak dionaz, debruak biltzen du nahi duen bezenbat sugei, beti.