Hiru baserritarrak

Euskal Esnalea, 1923

Bizkaiko haranik txukun eta atsegintsuen bateko baserri baten, hiru gizon adiskide-adiskideak bizi ziran. Gauaz lapurretan egitearren, egunik gehiena lo emoten eben. Egunez be, noizean behin, zoluari begirakada bat egiten eutsen, gehienez baina emaztea eta umeak bidaltzen ebezan eta honeik lana egiten eben. Gauero, toki eta ordu izentauan batzen ziran eta goizaldean oheratzen ziran.
Bataren izena Bittor zan, eta egun ezein baten, besteai esan eutsen:
— Biha, gurean txarria hilko juek, eta ezingo nok joan.
— Bihar erdu ez arren baina, etzi erduko haz, eztok?
— Bai, mutilak, ez estutu.
Biharamon gauean, beste biak beti lez batu ziran.
Bittorri txarria ostutea erabagi eben.
Euren asmoa betetako ustez, Bittorrenean albatatik sartu eta txarri bila isilean hasi ziran. Alferrik baina, ahaleginak ahalegin ebezan arren, txarririk ezin idoro izan eben.
Ordurarteko ahaleginak alferrekoak zirala ikusirik, lapur bata Bittorren emaztea lo zan ohe burura heldu, eta belarrira dinotso:
— Mari, txarria nun itxi dozu?
Ametsetan lez itxartuta, dino:
— Honako gixonik! Lehen be ez dautsut esan ba? Laban.
Jatsi ziran berehala labara, ta batak txarria lepoan hartu eta baijuazan biok etxeruntz. Gaua iluna zan, eta arnasarik be ez zan nabaritzen.
Bittor laster itxartu zan, eta zerbait susmau ebala eta, emazteari itaundu eutsan:
— Mari, inori hitz egin dautsazu?
— Zeuri.
— Niri?
— Bai, zeuri! Ez daustazu ba txarria non itxi dodan itaundu?
Hau entzutean, Bittorrek jazo zana igarri eban, eta berehala jagi eta lapurren jarraian joan zan.
Ibili eta ibili, haurrekanatu zan.
Lapurrok, txarria aldean, isilik eta bizkor joiazan. Upian baino ilunago egoan bidegurutze baten, Bitorrek txarridunari esan eutsan:
— Orain, hi nekatu haz-ta, neuk eruango juat.
— Eutso ba.
Eta txarria lapurrari hartu eta, aurera egin beharrekoan, etxerako bidea hartu eban.
Ostu ebenok txarria eurek eroielakoan etxeratu ziran, baina agur egiteko orduan, batak be erdia behar ebala eta besteak be behar ebala hasi ziranean, erdibituteko txarririk ez eukela ikusi eben.
Honakorik gehiago, ez batari ez bestiari, ez ei jako jazo.