Txorizua

Euskal Esnalea, 1931

Lagunak lagunari

damotso bere sari.

 

Txorizu hau ez uste erderazko chorizoa edo danik. Ez dogu behar hemen erderazko chorizorik. Hiru euskaldun mutil eta txorizu bat nahiko doguz ipuin honetarako edo nahiko izan ziran ipuin onetarako, ba, jazorikoa da eta ez antzina jazorikoa be. Hamaika bider barre egin dot berau gomutatzean. Txorizua txoriak izututzeko solo erdian jartzen daben gizon antzeko zomorroa da: baina ipuin honetakoak, txoriak ez eze, mutilak be ikaraz itxi ebazan.

Udazko berotasun honegaitik kerizpetan jezarrita inor bakarrik badago, belarri gainetik txapel ertza kendu eta ipuin hauxe entzun bei, barre pixkat egingo dau noski.

Gure herriko mendi ederretatik ibilten diranak ikusten dabez sarri, ustekabean, zugatz arteko basetxeen hegalak. Horrexek dira gure asabek mendien bizkarretako kolkoetan gordeta itxi euskuezan basetxeak. Alboko huntzorriek eta aurreko intxaurrek ia osoro estaltzen dabezenean, iezko habia zaharr eta hutsak dirudie.

Hortxe bizi dira euskaldun luginak txiro baina jaun eta baketsu. Txoriak garitara eta miru lapurra oiloetara joakiez, bana horreik gorabehera, ez dabe artegatasunik, eta beste kaltegilerik ez da hara hurratzen.

Holako lau edo bost etxedun auzotxo bat agiri zan igande eguerdiko eguzki beroaren azpian isilik.Sapailoan txakurra lotan, oiloak hauts artean eta ibaitxoa etxe aurretik murmurka.

Bazkaltzen edo egozela zirudin hangoak.

Gorago, auzo hori baizen isil, Sasibil eritxon bedardia. Haitzarteko une hartatik mitxeletaren bat zihoan nozean behin, eta ziraunen bat bedar kiskalduaren gainetik. Han egozan mailubiak beroz gorritzen.

Ba ekien, bai, mutil batzuek mailubi haen tokia.

Bedardi horri begira egonda, auzoko etxe baten katuaren miau zorrotz bat, eta berehala gaztetxo baten barre zantzoa. Gero amak hitz batzuk biziro norbaiteri: katuari buztena ustekabean zapaldu eta katua lastegiruntz tximistea lez urtetean, umeek barre.

“Tira, ba, norbait bizi da hemen”, esan neban.

Baina ez zan inor agiri, eta osinean oilo batek zelan ura edaten eban begira negola, hara hemen mutiko bat atetik urteten eskuan eukon zerbaiteri haginka. Alboko etxearen aurrera heldu zaneko, deitu eban.

— Patxi! Patxi!

— Ointxe najoak! —erantzun eutson besteak barrutik.

Gerotxoago hasi doaz biak solo ertzetik gora, nozean behin atzeruntz begiratuz, norbaiten bildur bailira.

— Ikusi ete gaiozak gero?

— Etxoat uste. Astokilo hori ondino bazkaltzen jagok.

— Iruntzi dagiala gura adina arto. Sasibilko mailubirik behintzat etxok gaur jango.

— Hori gugaz etorri ezkero, mailubirik erdiak zapaldu egingo leukezak saskil horrek, eta beste erdiak iruntzi. Gu, barriz, haren hondakinak bilatzen ibili behar.

— Ondo egina. Geratu daitela etxean.

— Eta euren txakurrak lagundu dagiola.

— Baina berari deitu barik etorri garela igarten bajauskuk?

— Guzurren bat asmauko joguk, berak be inoz asmau jozak eta.

Holantxe barriketan heldu ziran Sasibilko sasibilera, eta saguak lez berehala sartu ziran barrura bakotxa bere zulotik. Bedardiko une batzuk mailubien malubiz gorri agiri ziran, eta lagunok alkarri hitzik be egin barik, ekin zintzo: esku bategaz ahora eta besteagaz txapelera. Holaxe egoten dira okerreriz bedardira sarturiko ahuntzak bedarra jaten arin-arinka.

Gerotxoago han agertu zan haen laguna tontor baten arnas estuka eta txapela eskuan ebala. Begiratu handik eta… egia izan be, bere lagunak mailubiak jaten berari ezer esan barik. Ez ekian zer egin gizaixoak. Ia negarrez hasteko egoan. Baina harek uste baino azkartasun gehiago euki, eta laster argitu jakon arpegia. Irribarreko bat be etorri jakon ezpanetara. Zeozer egingo dau harek mozolo antzekoa izan arren.

Orduantxe hasi ziran beste biak zarateka.

— Hor joak, hor joak!

— Harria baina, harria!

— Makilegaz, mutil!

— Ene! Hau dok subetzarra!

— Jo, jo! Buztena apurtu jautsoguk.

— Buru-buruan! Neuk hil joat.

— Ia eskuagaz zapaldu joat jakin barik. Ha izan dok bildurra!

Honen ostean subeak baino beste gauza batek bildurtu ebazan gehiago. Han goialdean agertu zan norbait sasi artetik zurra eta makil handi bat erakusten, eta badino hasarre:

— Arraioa! Geure bedardia zapaltzen? Ken hortik, akerrok, ken hortik! Hor joak txakurra, au, au, au!

Hitz oneik amaitu orduko, bazihoan txikerrena horma zaharretik lupetz artera. Bestea, barriz, sasian alkondara zatia itxita, berak be ez ekian tokiruntz aldendu zan. Eta mailubidun txapelak bedardian geldi-geldi inoren bildur barik.

Bitartean barrez lehertu behar zan bedardiaren guzurrezko jaubea.

Handik jatxi, txapel biak hartu eta jaten ekion bare.

“Etxanotiek barriro gaurkoa lakorik egingo…” esan eta ekin jaten.

Txapelak hutsitu ebazanean, pozaren pozez arnas handi bat jaurtin eban eta zerbait egiten hasi zan: eskuko urkulua lurrean sartu, adar bakotxean txapel bat jarri eta gero erdian sube hila eskegi. Bera barriz atzeko aldean, besoak zabalik ipini zan.

Txorizu polita.

Lehenengo egunean behintzat ez da txoririk etorriko.

Baina gure mutilok ez ziran txoriak eta, han hurrean agertu ziran, bildurrez, txapel galduak hartu gurean, eta bedardiaren erdian halako txorizua ikusi ebenean, harrituaren harrituz, ahoak zabalik hauxe esan eben…

— Aaa!!!

— Geure laguna dok ba eta.

— Iñaki, izan be.

— Kirten haundia!

— Ederra jokatu jauskuk!

— Txapeletako mailubi guztiak jan dozak!

— Ez. Txapelik ez.