Igeldoko piztia

Egan, 1949

Ez dira urte asko izango gertatu zanetik, nik orain esango dizuten gertaera. Arratsalde hatean Igeldoko herritik jetxi ziran itsas ondora bi gizon. Batak bizkarrean kanabel birekin, lodia bat, mehea bestea, luzeak biak. Beste gizona berriz, saski bi bere eskuetan zintzilika zubela. Itsas ondoko harkaitzetan gaba igarotzeko asmoakin jun ziran. Arrantzale bikain eta itsas arrisketan kementsuak biak.

Jetxi ziraden bata besteari lagunduaz ur ondoraino, eta zuloz bete harkaitz haundi baten gainean utzi zituzten arrantzako tresnak. Aguro hasi ziraden inguruak isiltzen, baita ere, eguzkia itsas azpian sartu ezkero, iluntzen. Orduntxe Igeldoko eleiz txanparra gelditasun haundiarekin orduak jotzen hasi zan. Bat bestien ondoren, norbait, urrutitik etorri ziteken oinarteak bezela. Egiaz, ilunabarra zan goiargiak pizten. Izarrak zebiltzen jolasetan itsas gainean, kolorez bihurtzen zutela ur zelai haundia, azkengabeko itsasoa. Baita ere ilargi ederra, hantxe zegon goi-goien argitutzen baztar guziak. Eta goi haietatik ilargien argi bizia itsas ondoko harkaitzetaino etortzen zan. Hantxe zeozten gure arrantzaliak erne, bere lan gainean.

Bainan laino haundi eta beltzak, hasarre arpegikoak, korrika zetozten eta aguro. Ilunpe oso batian Igeldoko inguruak utzi zituzten. Agur jolasak eta arrats argiak. Iluntasuna danaren jabe gelditu zan. Hala ere gure arrantzaliak bere lanian jarraitzen zuten. Olatuak bere joan-etorriarekin, ixiltasuna puskatu eta beren kanta zaharrak abesten zutela, soinuz betetzen zuten harkaitz tarteko zuloak. Haizea ere abiatu zan zoko hartara. Laino, itzal, olatu, haize… zoko artan zeukaten batzarra. Berak ziraden gau lagunak.

Zertarako batzartuko ziran…?

Noski, jakin zutelako arrantzalien ageria bere aldamenian. Erabaki zuten beren indar guziarekin zalaparta haundia egitea, handikan jun dizezen arrantzale haiek. Esan eta egin. Berelaxet olatu eta haizeak, haundituak, harrokeriak ematen duan indarrarekin, abiatu ziran arrantzaliak eserita zeozten harkaitz edo arrokaino. Jo batetik, jo bestetik, alde guziz bultza, elbarrituta uzteko nahi guzian. Behin eta berriz ere, bihurtuak bezelaxe, ekaitz haundia sortu zuten. Hala ere ez zuben uzten toki ura gure arrantzale bikain eta kementsuak.

Gero, berriz ere, apaltasun haundia jarraitu zan alper ekin hura, olatu ta haizeai ahulduta utzi ziotenian.

Bainan orduntxe, ohi ez bezelako argi bat Orio aldetik agertu zan.

Arrantzaleak beren lana utzita, zalantzan jarri ziran. Zer izango ote zan? Mirabe haundi bat izango al zan? Harrituta, etzekitela zer egin gelditu ziran. Argia berriz, haunditzen zijoan. Noski, zer edo zer haizez zetorren leku hartara. Hura nabaituta, bildur haundian zeozten gure arrantzliak. Bainan nola igesi? Hain ilunpetan zeozten, ezin dezaketela arroka utzi. Hantxe egon bihar nahi eta nahi ez. Etzekiten oraindik zer ikusi beharko zuten bere begiek, ez ere zer entzungo zuten gau hartan.

Egiaz, hantxe zetorren hegazti haundi bat, sutan dana. Zer ez zan izango gure arrantzalien ustegabea hura ikusirik! Bere hegak osorik zabalduta, geldi zihoan. Gizon bat aineko hegaztia zan, hega haundi eta zabalarekin, argi lumeakin, su malkoak erortzen zitzaizkala itsasoaino. Eta arrantzale aurretik pasa zan orduan, esan zun:

— Gaba, gabazkuentzat. Eguna, egunezkuentzat.

Egun artatik, gure arrantzaliak etzian jun behinere gehio toki hartara. Itsas sorgina izango al zan?