Koldarra

Zeruko Argia, 1967

Xabier Eguren, Aitor Azkarate eta hirurok lagun minak ginan. Lehendabiziko jaunartzea alkar egin genun eta herriko eskola berean ikasi. Gazte denboran batera ibili ohi ginan beti. Xabier eta biok ezkondu ginanean ere ez genitun gure adiskidetasunaren lokarriak puskatu edo lazotu. Aitor, ezkonge gelditu arren, gurekin irtetzen zan igande jaiegunez. Astegunetan ere sarri alkartu ohi ginan Gabi tabernan.
Igandeetan maiz mendiarte bat egiten genun. Ibai aldeko bazterrak ere oso maiteak genitun, ume eta gazte denboran han egiten baigenun igarian.
Aitorri umetatik kobarde deitzen genion. Egia esanda, gaitzizena baino, maite izena zan.    Guztiok, hutsik gabe, laztan baigenun Aitor.
Halare izena ez zegoan hain gaizki ipinia. Aitor gorputzez txaparra zan. Xabierren ondoan batez ere —hau mutil galanta baizan— euli bat ematen zun. Gainera, Aitor txikitandik gaixorik ibilia zan. Biriketatik edo. Arpegiz hitsa zan, bularra mutiko batek baino zabalago ez zun, besamuturrak andereño besamuturrak.
Bere osasun eskaxa zala eta, askotan ezin zitun egin guk egiten genitun arrisku-zorakeriak. Maiatz aldean gu keixak harrapatzera joaten ginanean, bera herriko plazan galditzen zan kartetan.
Udaroan Xabier eta biok ia arratsalde osoa ibaian igarotzen genun Goikorrota aldean. Xabierrek zaldi batek baino osasun hobea zun. Gelditu gabe igariari ekiten zion. Arratsalde haietan, guregandik alde ibiltzea ez baizitzaion atsegin, Aitor ibai ertzean eseritzen zan, guri begira, beste mutikoekin berriketan edo ibaiondoan hazten ziran zume ta abetsuekin jolastetan. Orduan ere Xabierrek txantxetan kobarde-ka hasten zitzaion, ohiuka:
— Kobardee… Hor egon beharrean etorri hadi onaaa… Hik gauza bat bakarra deukeeek. Bildurraaa…

Aitor ez zan inoiz goitizen horregatik mindu. Izan ere, inork ez zuan hasarratu nahi. Hain hona, hain lagun bihozti, hain atsegina baizan bere hizketa eta jardunetan.
Bertze errankizunik ez zagoanean beti genun irtenbide bat. Aitorri adarra jo. Txantxak jasotzeko kolko haundiko gizona baizan. Ez zan inoiz berotzen. Arrazoi honetatik ere zetorkion kobarde izen ura. Beste edozein joka hasiko zan harek sarritan entzun behar izaten zitun gauzak entzunda. Baina berak haserre guziak hitz leunez goxatzen zitun…
— Tira mutilak, ordua dek ganoraz hitz egiteko.
Apirileko igandea zan, eguzkiz beteriko arratsaldea. Aurreko egunetan euri jasak zitun. Bat-bateko eguzki berotze harek poz haundiagoa ematen zun. Aitor, Xabier eta hirurok ibai aldera txango laburrerako abiatu ginan.
Ibaia indar haundiz zetorren. Ura hobeto ikusteko esertzea erabaki genun. Bi jarleku arkitu genitun. Batean bi emakume hizketa bizian zeuden. Aintzinean hiru ume olgetan. Beste alkian eseri ginan.
Gure aurrean baranda genun, beherago ura zarata mantauz [mantuaz?]. Laster gure elkarrizketak sua hartu zun. Xabier eta biok euskera heriotz zartatekoak jota zegola genion. Euskera gauza ez dala erdal kulturaren erasoari tinko jardokitzeko. Gizaldi honek gure hizkuntzaren itzaltzea ikusiko dula. Aitor ostera baiezkorra zan. Gure solaskidearen arabera euskerak goiz edo berandu eskoletan sarrera arkituko zun. Atzenik Euskal Herriko Unibertsitateetan, Deuston, Iruñan e.a. ere nagusi jarriko.
Eztabaida hontan ginala, plasta, zeozer uretara erori zan. Bi ume negarrez. Hirugarrena…? Salto batean baranda ondoan ginan. Emakumeak oihuka. Xabier eta biok konturatu baino lehen —beldurrez lurrean josita baiginan— Aitorrek aitaren bat egin eta txamarra eta guztiz barandatik uretara jauzi egin zun.
Segundo batzuk pasa ziran. Unealdi beldurgarria. Denborak bere denboratasuna galdu zuala zirudin. Baina gero gure barandatik hogeita hamar metrora Aitor ikusi genun besoetan umea zula. Uraldiak biak intxaur azalak bezela zeramazkin. Erreka haitz beterik zegoan. Gu harrituta bezela ginan, hitz honek jatorriz esan nahi duan eran. Begiak ez ezik, gure anima osoa bi gizaki haietan jarrita.
Bat-batean biak haitz haundi baten gainean ikusi genitun. Urak bere abiaduran geldiarazita indarka jotzen zun haitz haren kontra. Bai Aitorrek bai umeak ez zuten mobimenturik egiten. Gu eta ordurako begira zeuden beste herrikide batzuk beraiengana abiatu ginan.  Nekez ondoratu gintzaien. Biak konorte gabe zeuden.
Zelaitxo batera ekarri genitun. Umeari arnasa harrerazi genion. Laster begiak idiki zitun. Salbatuta zegoan.
Aitorrek ostera… ez zitun gehiago mundu hontako ikusgarriak ikusiko. Lokian idiki haundi bat zun, nonbait haitzaren aurka jotzerakoan egina.