Poussy gaxua

Zuentzat, 1977 / Durango, 1961

Ni Abadinon bizi nintzanean, gure etxea, uste gabean, egun batetik bestera, saguz bete zitzaigun. Bizitza biko etxea zan, Arrankurri izenduna. Lehenengotan etxejabea bizi zan, eta bigarrenean gu.
Etxe jabea oso emakume ona zan, Lutzi Iturriagagoitia izena zuan, eta bere alaba Josefinakin bizi zan. Alkarrekin adiskidetasun haundia genduan, eta oso ondo konpontzen ginan.
— Lutzi —esan nion egun batean—, gure etxean saguak hasi dira, eta ganbaran ere bai.
— Baita geurean be —erantzun zidan—, eta onen-onena katu bat ekartzea ixango dogu.
— Bai zu! Katua neuk ekarriko det, eta ea saguok uxatzen ditugun.
— Bai, katu on bat ekarri ezketino saguok akabauko direz.
Eskolan esan nien umeeri, ea katu gazte bat ete zeukaten gurerako, saguak genduzkala ta.
Bai zan han katua ekarri beharra! Danak zuten euren etxean katu gaztea eta garbia eta ehiztaria eta emateko modukoa. Hamar umek baino gehiagok agindu zidaten, eta baita hurrengo egunean ekarri ere.
Bai zan miaua ta katu zarata eskola inguruan, ni heldu nintzanean. Batzuek otarra baten barruan, beste batzuek zakuetan. Erakutsi zizkidaten. Margo guztietakoak ziran: zuriak, gorriak, tigre antzekoak, beltzak… Katu beltza ekarri zuanak esan zuan oso garbia zala, eta bere ama ere bai.
(Lutzik ez zuan ametitzen, arrazoiakin eta, katu zikinik).
Baina ume gehienen iritziak bat jota, katu beltxa ez nuan nahi izan. Benito Munitxak esan zuan, katu beltzak su ondoan “Kurru eta murru” lo egiteko zirala onak, ez saguak arrapatzeko.
— Hik zer dakik ba? —zion Jose Bustingorrik, katuen jabiak, nik bere katu beltxa hartzea nahi zuan eta.
— Asko dakik hik, hau, katu au, zelakoa dan.
Baina Benito Munitxaz gainera, beste mutiko askok erakutsi zuten euren iritzia, katu beltzen kontra. Benito Munitxa mutiko oker samarra zan, eta bere burua, horrelako gauzetan, aritmetikan eta geometrian baino jakintsuagoa egiten zuana, eta gehienak bere iritzira erori ziran:
— Ez, Doña Julia, katu baltzik ez eruan saguak harrapatzeko.
Tira ba, azkenez, Antonia Zabalak ekarri zuana aukeratu gendun. Otarren tapa altza eta Antoniak igortzi zuanean ihes egiteko konturik ez zeukan batere, eta neure semetxoari ere guztiz begiko egin zitzaion.
Benito Munitxak ben-ben esan zuan:
— Eruan horixe, Doña Julia, horretxek dauko katu pinen itxuria, horrek atrapauko deutsoz inun diren sagu guztiak.
Benito Munitxak hau bihotzez esaten zidana nekian, nik.
Beste gauza batzuetan gustu haundirik ez zidan eman ohi, baina honelako gauzetan bada ere, ondo gelditu nahi zuan nerekin.
Gero, ume danak katua nere etxera eramatera joan nahi zuten, baina jabea bera bialdu nuan, otarren zirrikateak paperakaz estalita, biderik ikusi ez zezan, ikusi ezkero ezagutu egingo zuala, eta berehala lehengo bideetatik Garaiko tontorrera helduko zala eta.
(Antonia Zabala, Garaikoa zan).
Hau ume danen iritzia izan zan, eta hamalaugarren egunean, hogei kilometro bidean, atzera bere jaiotzetxera itzulitako katuen istorioak esan zizkidaten.
— Antonia Zabala, eruan oin katua gure beheko bizitzara eta Lutziri emon, eta esan egiozu esne epel apur bat emoteko. Eta tira zeuretzat peseta biko hau.
— Ez, andre, amak esan deust ezebe ez hartzeko.
— Eskerrik asko bada, orduan.
Honela amaitu zan, katua aukeratzeko uste gabean eskolan egin gendun konkurtsoa.
Arratsaldean, ni etxeratu nintzanerako, katua Lutzin sukaldean bertan jaioa bezelaxe zegoan. Oso otxana zan. Ez zan politta, gorputz gehiena zuria eta bizkarrean eta buruan mantxa beltzak eta horiak.
Edozein baserritan ikusten dan katu abenda ezezagunekoa.
Poussy ipini nion izena.
Eta nik Poussy! deitzen nuanean baratza baino haragotik, geltoki ingurutik, kilometro biko bidean etorri ohi zan saltuan.
Uraxe zan katua pina ta garbia. Benito Munitxak egia esan zuan.
Egun batetik bestera amaitu ziran etxe guztiko saguak, eta ni eskolatik joaten nintzanerako gordeta eukitzen zuan sagua neuri erakusteko. Nik orduan kontu haundiak egiten nizkion sagua harrapatu zualako, eta horixe nahi izaten zuan berak.
Nola ez maite izan Poussy? Danok maite genduan, goikoak eta behekoak, eta berak ere bai geu.
Neri goizean-goizean laguntzen zidan, eskolara nihoanean, kilometroren bat bidean. Txakurrak bezelaxe jarraitzen zidan, eta nik esaten nionean “Tira, Poussy, nahikoa da, buelta orain, eta joan etxera!”, berehalaxe esana egiten zuan, eta etxera juan.
Neri entzuten dauden batzuek, askotxo dala katu batek egiteko pentzatzen badute, esango diotet ni, umea nintzanean bai zala gure etxean, urte guztian, gure amari, seiretako mezetara, eleizako ateraino, laguntzen zion katua. Eta sekula, eleizan barrura sartu ez. Atetik buelta eta etxera.

 

Horra bada, gure Poussyk umetxoak izan zituan. Hiru katakume. Baina, zer gauza polittak! Bi bera bezelakoak, eta bat beltz-beltza. Lutziren sukaldean otarretxo batean egoten ziran. Poussy beti euren gainean bero egon zitezen, negua zan jaio ziranean eta. Ez jateko ardurarik, ez esnea edatekorik ez zuan. Beti bere umetxoak zaintzen, beti bere umetxoeri titia ematen. Pelotak bezelakotxe borobilak eta gizenak zeuzkan hirurak. Bera ez, bera, argaldu egin zan asko, baina bere zoriona saskitxo hartan zeukan. Bere hiru umetxoak.
Arratsalde baten, eskolatik etorri nintzanean, saskitxoa hutsik zegoan.
— Ene, nun dira katakumeak? —galdetu nuan.
— Ez dakit —erantzun zidan Lutzik—. Sendagilieneko umeak izan dira hemen, Pedro Mari eta Gotzone, eta hartu ta utzi hor ibili dituez eskuetan, eta gero, ni baratzan ixan nazan bitartean, eruan dituz norabaita. Nonbait uste ixan dau kendu egingo deutziezala, eta ezkutatu egin dauz. Baratzatik etorri naizanean ez egozan emen.
Oilotokira edo eruango ebazan. Ekarriko dauz barriro be, katuak olan ibiltzen direz euren umiakaz, beti leku aldatzen.
Bi egunetan, Poussy egunean behin edo agertzen zan Lutzin sukaldera, zerbait jatera, baina arin ihes egiten zuan. Inork ez genkian umeak nun gorde zituan.
Baina hirugarren eguneko gauean, Poussyren miauak esnatu ninduen. Eskileretan gora eta behera, miau batean zebilen. Lorik egiten ez zigun utzi. Nik pentsatzen nuan “Baina, zer duala esango zendukete, katu orrek, sekula ez eta gaur orrelako “kurru eta marru» egiteko?
Nere burura etorri izan bazan zer izan leikean, ez zan halako gauza tristerik igaroko. Ez horixe!
Hara zer pasatu zan.
Poussyk bere umetxoak ganbaran ezkutatuak zituan, guk oilotokian izango zituala uste genduan arren. Eta gau hartan, Lutzik, zoztziretan, oherakoan, ganbarako atea beti bezela itxi zuanean, Poussy nunbait kanpotik gelditu zan, eta bere umetxoen ondora lotara joan nai izan zuanean, ganbaran ezin sartu.
Lutzi, goizean jaiki zanean, eta egur bila joan, ganbarako atean bilatu zuan katu gaxua miau tristeak eginaz, eta atea zabaldu zuanean tximista baino arinago sartu zan barrura.
Lutzik sua pixtu zuanean, banaka-banaka Poussyk bere hiru umetxoak ekarri zituan saskira, baina gaxuak hilda zeuden. Gau osoa ama gabe igaroak bai ziran! Eta hirurak hotzak hil zituan.
Poussyn ezekuzioa ez da esatekoa. Katu gaxo haren ezbeharra, nik nola adierazi? Halako gauza penagarririk nik ez nuan oraindik ikusi.
Saskitxotik atera eta katakumeak su ondoan ipintzen zituan, erre gabe, bero haundia hartzeko eran, hautsen ondo-ondoan, miau! tristeaz. Ixildu eta apur baten egon. Ikutu eta igertzen zien nunbait inoiz ez bezela zeudela, eta orduan, miauka hasten zan etxea atera beharrean. Atzera otarretxora eraman, eta gainean jarri, titia emateko eran, eta bigun-bigun, gozoki, mirri-miau, mirri-miau, egiten zien, esanaz bezela “Hartu ezazute amatxoren titi epela, hartu neure umetxuok».
Baina alperrik! Haiek ez zuten titirik behar.
Altza eta, miaurik tristeenakaz, ostera su ondoan ipintzen zituan. Ezin etsi zuan bere umeak hil ziranik…
Halako Ikuskizun tristerik!
Ni, negarrez joan nintzan eskolara.
Etorri nintzanean Lutzik esan zidan katakumeak errekara bota zituala, eta Poussyrik ez zala egun guztian agertu.
Biaramonean, berdin. Ez zuan katuak bere bururik erakutsi.
Nik “Poussy…!” deitzen nion, baina ez zan etortzen.
Laugarren egunean Lutzik ganbaran hilda bilatu zuan. Bere hiru umetxoak, hotzak hil zituan leku bertan.
Poussy gaxua!