1921

Argia astekaria sortu zen Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz. Euskaltzale bezain katolikoa, gure prentsarik  atzerakoienaren eredu izan zen edukiz eta dinamikoenaren…

Argia astekaria sortu zen Donostian, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz. Euskaltzale bezain katolikoa, gure prentsarik  atzerakoienaren eredu izan zen edukiz eta dinamikoenaren eredu hedaduraz eta estiloz. Intzagarai eta Karrera apaizen alboan Gregorio Mujika hainbat izengoititan, arnasa laiko moderno apur bat ekartzen. “Zuk ez dakizula euskeraz irakurtzen? Nola jakingo dezu, behin ere ez zera ari eta? Baina entzun berriz: hartu zazu asteroko hau, egunero-egunero hogei lerro, hogei ilara irakurri itzazu (a zer lana, bost minutuko lana!) eta hilabete barru errex-errex irakurri ezin badezu gure euskera, sedagileari (medikuari) deitu zaiozu, burutik gaixo zaude eta. Hilabetean egunero hogei ilara irakurtzea lan haundia dala? Esan zazu bada hori, alpertzar horrek, ez euskera zaila dala!”. Hainbat ipuin, istorio eta izkirimiri argitaratu zituen.

Gure Herria hilabetekaria sortu zen Baionan, euskal gaiak euskaraz eta frantsesez lantzeko: “Zer gogo dugun? Gure arteko zerez elgarrekin mintzatzea, lehengoez ala oraikoez: mintzai, odol, aztura, lan”. Hainbat poema, artikulu eta ipuin eman zuen ezagutzera 1976 arte. Oxobik 1922an, Supazter Chokoan atalaren aurkezpen gisa: “Badakite euskaldunek zer zaikun guri zorigaitza? Hainbertze kondaira pollit gure xaharrek oraino baitakite, hek galtzerat uztea, norbeitek bildu eskasean, emeki-emeki”.