Zaldibi

Ipuin antzeko alegi mingotsak, 1975

Iluntzeko argi ilunetan begi beilegi biak bizturik, badoa Zaldibi. Badoa nonbaitera arineketan, itsu-mutsuka, zibuka, bozina hotsean, ketan… Estu eta larri doa.
Goienkale, Eskoikale, Erdikale, Ezkerkale, Barrenkale, bizkor doa Zaldibi kalerik kale. Hona eta hara, badoa nonora. Baina nora?
Osasunmendiko haizezko karatula bat daroa aurpegian arnasa hartzeko; haize garbizko karatula bat haize usteldu haretatik ibiltzeko. Galtzairuzko aterkin bat daroa eskuan, hauts-euria da eta, mara-mara. Guatezko tapotz batzuk daroaz belarrietan, zaratearen zarateaz gortu ez daiten.
NAASTESA, KASKOLA, URPINGI, ERREBESA, HITZONTZIO, abiadan doa Zaldibi anuntziorik anuntzio. Norantz ete doa?
Euria eta kea dantzan dabilz haize ustelduaren altzoan, ilunaren mozorroz jantzirik, «boite» izugarri haretan. Uriburuko argi koloretsuak ere dantzan dabilz, sorginkiro, diru-etxeetan, jantokietan, dantza lekuetan, zineetan, dendetan…
GOZOTOKI, ARNOTXOKO, DROGAKABI, LORETEGI, EUSKERAHITZEGITENDA, tximista bezela doa Zaldibi dendarik denda. Nora?
— Zaldibi! Zaldibi! —deitzen deutso adiskide batek.
— Zaldibi! Zaldibi! —deitzen deutso arerio batek.
— Agur! Agur! —erantzuten deutse Zaldibik.

Ez dau, izan ere, gelditzeko astirik, nasai egoteko gogorik, ezer gogoratzeko girorik, ezertarako…
Fiat, Seat, Ford, Simca, Ferrari…. prisaka doa Zaldibi berebil errekan igari.
Edonora, edozelan, edonoiz…? Joan doa Zaldibi, joan eta joan, arineketan, arrapaladan… Joan bai baina…. nora?
Gelditu egin da. Gelditu? Bai, gelditu egin da norbait jo dau eta, aurrez aurre jo ere.
Mercedes jo dau, harro-harro jantzirik eta usain gozoz inguraturik doan Mercedes ederra, orain geldi dagoan Mercedes.
Min egin deutso Zaldibik Mercedesi, min mosuetan. Eta hasarretu egin jako ha. Eztabaidaka dabilz biak orain, eta garrasika… Burruka hasi dira, burruka gogorrean. Hango burdina hotsak ez dau azkenik! Laster azpiratuko dau Zaldibi Mercedesek. Zahar egin da egin ere Zaldibi, eta indargetu…
Seat Txiki datorko laguntzera Zaldibi koitaduari. Eta Mercedes azpiratu dabe orain bien artean, eta erdi itsuturik itxi deutse hari begi bat… Baina Tanke erraldoi itsusia agertu da, bere lagun Izkilugaz… Jakina, astindu-astindu egingo ditue behingo baten Zaldibi eta Seat Txiki.
Irrintzi kirrinkari samingarriak egiten ditu Seat Txikik Tankeren hankapetan. Mailatu egin dau honek. Izkiluk ere ederrak emoten deutsoz. Hil egingo dabe…
Irribarreka dago orain Mercedes burrukalarien ondoan, izardia sikatzen, begiko zauria osatzen. Nasai eta pozik dagoala dirudi.

Zaldibik ihesari emon deutso, marmar purrustaka eta arnas hoska. Kale arterik kale arte, karatularik gabe orain, han doa Zaldibi alda-maldaka, kulunkan, zalantzan, aurrera eta aurrera. Baina nora?
Nork jakin nora doan? Berak baleki…