Guda jazokunak

Gudari, 1937

Gudeak, guda ankerrak, bereak dauz jazokun garratz-negargarriak. Beraulan be, jazokun barregarri eta erdi-barregarriak. Hemen edestuko doguna, ez dakit negargarri ala barregarri eretxiko dozun. Nik edestu besterik ez dot egingo, eta gero zeu izango zara bateko edo besteko eretxia ezarriko dautsozuna.

Urkiola ganeko gudoin baten izan zan. Gure gudariak, aurrerakada bulartsu baten ondoren, arerioak ondo gogortuta eukan gailur baten jaube egin ziran. Ez baina oso-osoan, ba luban bat oindikarren arerioaren eskuan egon. Beraz, gailur haretan, gure gudariak eta arerioarenak aurrez aurre lotu ziran. Eta berrogeta hamar neurkin edo metroren barruan lotu be.

Gure mutilak zuhur eta adi egozan leku barri haretan, paxistak zirkinik egin ez egien. Era honetan aurkitzen ziralarik, Mola odolzalearen morroiek hots egin eutsen gure gudariei, entregatzeko esanaz, bestelan galduta egozala eta.
Gure morroskook barriz ezetz, eurek burua makurtu egiela.

Ordu batzuk igazi ziran. Gure gudariak jagolea edo sentinela jarri eben. Hau euskeldun huts-hutsa zan, erderarik ez ekiana.

Honetan arerioaren luban ertzetxotik moro baten arpegia ikusi eban, inoala…

— Paisa, entrega!

Eta gure mutilak, izkilua ganekoan ebala, zorrotz erantzun eutsan…

— Eeez, etorri hadi heu, nahi bok!

Eta hori esaten eutsanaz batean, daunba! su egin eutsan.

“Barriz mosurik etxok ataraten eta, garbitu ixango najuan urrian baltz haxe”, inoan berekautan gure euskeldunak.

Oldozpen honetan egoala baina, horra barriz agertu mosubaltza, luban ertzean, lehen lez inoala…

— Paisa, entrega!

— Eeez, etorri hadi heu, nahi bok!

Eta barriro be daunba! gure mutilak, lehenengo daunbadan garbitu behar ezak emon eutsan amorruaz.

“Oingotan garbitu ete juat ba?” bere buruari itaunka inarduala, horra barriro arabiatarraren arpegi baltza luban ertzean.

— Paisa, entrega!

— Eeez, etorri hadi heu, nahi bok!

Eta hirugarren daunbada jarraian. Ez zan baina honetan geratu. Bost bidar, sei bidar, zazpi bidar agertu jakon moroaren arpegia luban ertzean. Zortzigarrenean agertu jakonean, jaurti eutsan zortzigarren daunbada hori, eta hasarre biziz lagunekana zuzendurik eta izkilua baztarrera jaurtirik esan eban gure morroskoak…

— Honeik izkiluok eztozak ezetako gauza. Arratsalde gustia igazi jatak ikatza baino arpegi baltzagua dauan moro bati tiroka, eta ezin garbitu izan juat. Gure aititak ganbara baztarrian daben karlistadako izkilu zaharra, bestelakua dala uste juat.

Zortzigarren daunbada entzun zan ezkero baina, ez zan mosu baltzik agertzen luban ertzean.

Eta ihes egin ete ebenentz edo susmatzen hasi ziran, eta arerioaren aurreko lubana hartzeko gertakizunak egiten. Gertaurik, joan ziran luban horretara eta bakizue zer aurkitu eben?

Zortzi moro hilik, bata bestearen ganean. Eta gure mutilak daunbadak zuzendu euzan lekuan ber-bertan. Zortzitik zortziak garbitu euzan.

Euskeldun gudariari jazo jakona garbi dago: bat garbitzen ebanean, beste bat agertzen jakon “Paisa, entrega” esanaz. Eta jakina, beti mosubaltza ikusten ebalarik, bat zala uste izan eban, adarra joten eutsana.