Orreaga

Revista Euskara, 1878

I

Gauerdia da.

Errege Karlomano Espinalen dago bere ekerzitoarekin.

Zeru ilunean ez da ageri ez ilargi eta ez izarrik, urrutira sugar haundiek distiratzen dute mendi tartean.

Frantsesak kantatzen ari dira herrian.

Altabizkarko inguruetan senti ohi dira otsoaren izugarrizko marruak, eta Euskaldunek zorrozten dituzte, bitartean, beren dardo eta aizkorak Ibañetako haitz eta harrietan.

II

Larritasun edo antsiarekin, Karlomanok ezin du loa bereganatu.

Ohearen ondoan bere pajetxo batek irakurtzen du amodiozko kondaira bat.

Urrutixeago, Roldan indartsuak garbitzen du bere Durandarte ezpata famatsua, eta Turpin artzepizpiku onak errezatzen dio Jainkoaren Ama santuari.

III

Pajetxo nerea –dio Errege Karlomanok–, zer da gauazko isiltasuna hausten duen hots hori?

Jauna –erantzuten dio pajetxoak– Iratiko, itsasoa baino haundiagoko basoaren hostoak dira, haizeak mugituak.

A!, gazte ma­itea, heriotzaren deadarra diruri, eta nere bihotza beldur da.

IV

Gaua oso iluna da.

Ez ilazgik ez izarrik ageri da zeruetan. Urrutira, sugar haundiek distiratzen dute mendi tartean.

Frantsesak lo daude Espinalen.

Altabizkarko inguruetan otsoak marruz dira, eta Euskaldunek zorrozten dituzte beren dardo eta aizkorak Ibañetako haitzetan.

V

Zer da hots hori? –galdetzen du berriro Karlomanok. Eta pajetxoak, errenditua loaz, erantzuten ez dio.

Jauna –dio Roldan indartsuak– mendiko ujola da, Andresaroren ardidiaren beadia.

Intziri bat dirudi –erantzuten du Errege Frantsesak.

Egia da, Jauna –dio Roldanek–. Herri honek negar egiten du gugaz oroitzen danean.

VI

Larritasuarekin, Karlomanok ezin du loa bereganatu.

Lur eta zeruak argigabe daude.

Otsoak ari dira marruaz Altabizkarren.

Euskaldunaren aizkorek eta dardoek distiratzen dute Ibañetako haritz tartean.

VII

A! –suspiratzen du Karlomanok–. Ezin loa nereganatu det, sukarrak erretzen nau. Zer da hots hori?

Eta Roldanek, loari errendituta, erantzun ez zion.

Jauna –dio Turpin onak –, errezatu zazu, errezatu zazu nerekin. Abarrots hau Euskal Herriko alaioa da, eta gaur da gure ahomenaren azkeneko eguna.

VIII

Eguzkiak argitzen ditu mendiak.

Garaitua, Karlomano ihes dihoa, «bere luma belz eta bere kapa gorriarekin».

Ume eta andreak dantzan dira, pozkidaz beterik, Ibañetan.

Erbesterik ez da Euskal Herrian, eta menditarren deadar eta pozezko irrintziak heltzen dira zeruetaraino.