Gizarajoa!

Argia, 1929

— Aizu, Nekane, gaur ez gera noski etxetik irtengo?

— Baina gizona, eguzki eder hau ikusita etxean egon behar al gera?

— Ez, ez, emakumea, nahi badezu…

— Noski, nahiko ez det ba! Noski!

— Ondo da… Orduan Gazteluari bira egingo diogu.

— Zer Gaztelu eta zer Alderdi Eder! Behinere zure Gaztelu hortatik ateratzen ez zera. Nora zuaz? gaztelura. Nundik zatoz? Gaztelutik. Juan Gaztelu behar zenuke zuk izena. gaur Igeldora joan behar gera.

— Igeldora? Pozik halare!

— Ez, ez ez, ez… Loiola aldera juatea hobe izango degu.

— Nahi dezun bezela… Tranbia hartu beharko degu, e?

— Tranbia, tranbia… Itxian eguzkia hartu behar al degu?

— Kotxe iriki bat nahi al dezu ba?

— Merkea izan eta!… Osaba indianoren baten berri izan al dezu? Oinez, oinez!

— Tira ba, oinez.

— Bai jauna, oinez bai.

— Bai, bai, bai.

 

Minutu bat igaro da…

— Baina zer egiten dezu prestatu gabe?

— Banua emakumea, ez zaitez hasarretu.

— Zu bezelako lapiko batekin errez alda?

Hamar minutu barru…

— Baina, Jainkoaren izenean! Zer alkandora jantzi dezu, gizona!

— Atzo hau jartzeko esan ez zenidan ba?

— Atzo, atzo… Atzo bai, baina gaur ez. Atera zazu, gizona, alkandora hori, eta jarri beste edozein.

— Berehala.

Bost minutu geroago…

— Eguraldi honekin bota beltz hoiek?

— Lehen esan ez didazu ba…

— Nik?… Aitaren eta Semearen!

— Bestek jantzi behar al ditut?

— Noski, zapata zuri batzuk.

Eta honela jarraitu zuen Nekanek, bere senar gaixoa neka-neka egiteko eran.

 

Baina Jon ez zan batere hasarretzen. Bere emazteak agindutakoak isilik, zer isilik!, pozik betetzen zitun, eta etxe hartan ez zan behinere hasarrerik izaten, gezurra bazirudien ere.

Herri guziak, ordea, Jonen etxean galtzak emazteak zebizkila zion, eta Jon… kaiku gizarajo bat besterik ez zala.

Itxurak askotan erdia uste duala entzungo zenuten noski, eta gure Jonen gizarajo itxurari ere horixe gertatzen zitzaion. Erdia ez ezik, guzia ere ustela ez ote zuan gero!

Jon, guk ezagutu baino urte batzuk lehenago, gizona zan, eta gizon prakaduna gainera, baina…urteek ez dute barkatzen. Eta behin, Nekaneren begietan bere irudia ikusi zuan batean, Jaungoikoak gizona bakarrik ondo ez dagoela esan zuala oroitu zan.

Eta egun hura ezkero “Arraioa, egia dek!” esaten zion bere buruari, “Ni bakarrik ez nion ondo, ezta aldeko ere!”.

Eta bakarrik ez egoteko, laguna nahi eta nahiezkoa nola baitan, Nekane umezurtza zaharragoko ahizpa batekin bizi zala jakin zuan bezain laster, biderik galdu gabe, ahizpagana joan zan.

 

– Arratsalde on.

— Baita zuri ere.

— Hemen bizi al da Nekane?

— Bat bai, baina zuk zein behar dezu?

— Hemen bizi dan hauxe… Zu bere ahizpa izango zera noski?

— Bai, eta zu nor zeran jakin al leike?

— Horra ba, Indarreta’tar Jon.

— Etzaitut ezagutzen.

— Ez noski, baina gaurtik aurrera ez dezu hori esango.

— Egia. Baina zer dakartzu? —barrez.

— Nik?… Hara… Zu asko maite zaitut…

— Niii? —harritua, baina atsegintsu.

— Bai, zu…

— Ta zer? —alai.

— Zure nere arrebatxoa izatea nahi nukela…

— Aizu, neri burla egitera etorri bazera bazuazke ben, ben.

— Ez… barkatu… baina egia da… Zu nere arrebatxoa egin nahi zaitut… Nekanerekin ezkondu nahi det ba!

— Nekanerekin? —haserre—. Halaxe uste det… Gainera hori ez da nerre kontua. Bera umea ez da, eta berak jakingo du zer egin.

— Baina, baina…

— Ez dago bainarik. Agur.

“Bapo egin diat” esanaz bazihoan eskaileretan behera eta… Nekane ber-berarekin topo egin ez zuan ba.

 

Alkar arkitze harek mutila poztu bazuan, neska ere ez zuan itxuraz atsekabetu. Bere arpegiak behintzat alaitasuna azaldu zuan eta Jonek ezer esan baino lehen.

— Oi, zer zabiltza hemen? —galdetu zion irripar atsegintsu bategaz bi hortz ilara polit erakutsiaz.

— Ni? Zera… Hori haserre dago zure ahizpa!

— Nere ahizpa? Zer du ba?

— Nere arreba izan nahi duan galdetu diotalako.

— Baina zure arreba? Nola?

— Zuk nahi badezu… ni bere ahizparekin ezkonduko bainaiz, ba…

Nekane oso harrituta geratu zan.

— Bai, Nekanetxu, zu nere emazte egin nahi zaitut. Zu ezagutu zindutanetik, nere atsegina zuri begira egotea dala ez al dezu ezagutu? Zure hitz bat entzuteagatik zure ondoren hainbeste aldiz ibili naizela ez al dezu ikusi? Bai, ezin ukatuko dezu… Gainera… Jaungoikoak nahi du, Nekane, gu alkarganatzea.

— Baina zer diozu!

— Entzun zaidazu, arren. Zure begi eder hoietan nereak ikusi nitun egunean izan zan. Ametsetan zelai belartsu eder batean arkitzen nintzan. Hango zugatz ikusgarriak, hango pixti politak, hango txori abesti zoliak, hango lore usaitsuak… Eta zoraturik nere inguruan agertzen ziran edertasunei begira negola, nola ez dakitala, usai gozo-gozo batek lo eginerazi zidan. Lo gelditu nitzan bezain laster Jaungoikoak nere ezker aldeko saihets hezur bat hartu eta emakume eder idegabe bat egin zuan, eta goitik ahots batek Horra zure laguna esan zidan. Emakume hura… zu zinan, Nekane.

Nekanek hau entzun zuenean lasterka ihes egin zion Joneri, baina urruti samarretik hitzik gozoena baino gozoagoa zan begiratu eztitsu batean bere nahitasuna azaldu zion.

 

Ezkondu eta egun berean, Jonek bere emaztetxoari, gauza on askoren artean, huts bat ere arkitu zion ordea. Nekane ibaian itotzen bazan, bere bila goitik beheruntz joan beharrean, lehengo gizonen antzera, behetik gora joan beharko zuala laster nabaritu zuan.

— Begira zazu zer ikustaldi ederra.

— Ez ba, ez zait atsegin.

— Ez? Orain arte ikusi degun ederrena da ba.

— Hau? Lehenago politagoak ikusi ditugu.

Berak zuria bazion, besteak beltza. Berak beltza zala esatea nahikoa, besteak zuria zala esateko.

Aurrena oso liluratu zan, baina gauzak beltz ikusi arren, bere buru argiak laster eman zion bizio horren kontrako birtutea.

Madridera heldu ziran. Hurrengo egunean Real antzokian Amaia antzeztu behar zuten, eta zer esanik ez dago Madriden, eusko batek, eusko eresiak entzuteko gogoa zuan ala ez.

Antzokirako garaia heldu zanean…

— Nekanetxu, gaur lotara joan beharko gara, ezta?

— Hori da! behin etorriko Madridera eta orduan…

— Ez, ez, zuk nahi ez badezu.

“Ondo ziak”, bere artean.

— Antzokiren batera ez al gera joango?

— Jesus! Hau nekea! Baina…

— Bigarren egunerako hasi zera…—negar antzean.

— Ez, ez, tira ba, antzokira bai, baina Realera ez nuke inola ere joan nahi, Amaia horrek gauza pixua izan behar du.

— Amaia, o! Horixe ikustea atsegin izango litzaidake ba.

— Ez emakumea, hori ez.

— Besterik nahi ez det ba! —lehen bezela.

— Hori ere bai! Tira ba, nahi dezun bezela.

Eta gau hartan, berak nahi bezela, Amaia ikustera beintisinko baino panparroiago joan zan gure Jon, emaztea umetxo bat baino alaiago aldamenean zuala.

Jonek erremedio honekin bake bizi-bizian igarotzen ditu egunak, eta herri guziak oilo bat dela esan arren, ez dio axolarik.

Itxurak, askotan, erdia ez ezik guzia ere ustela baitu.