Oker baten ondorea

Euskal Esnalea, 1923

NONDIK NORA

Inoiz, Ordiziako Laskibar zubia igarota, Mariats aldapan gora igotzen bazera, irakurle, eta Aralar atzeko aldetik eta Baztarregi ezkerrekotik dituzula ordu eta erdiko bideari jarraitzen badiozu, laster aitatu behar dizkitzudan zelai, mendi tontor, herri txiki, basetxe eta barrutiak zere begiz ikusiko dituzu noski. Eta —egia bat esan— euskalduna jatorriz ohi danez mendizale ibiltari, “goitar” bazaitut, behin edo behin txango hori egin behar zenukela diot: Gipuzko gureak sailaka ditun bazter ederretan ederrenetakoa baitezu, agian, Beasaingo Mugarrietatik nabari dan txokoa.

Oraintsu arte uriarenak izandako larradi hoietara baino lehentxeago jaikitzen dan tontor borobil horri Xoxrolapiko deitzen diote. Eskubira utzi behar dezu, alegia; baina gurdibidean aurreruntz zertxobait ibili ondoren begira ezaiozu behinepehin berriro goitik behera. Ikusi dezu inoiz horrenbeste? Erpin-erpineraino ez dago bada soro mardul eta txukunki landu bat egina? Euskal usaya dariozun Xoxolapiko! Zu baino mendi apainagorik! Bazoaz beti aurrera, eta Xoxolapiko gibeleratzen dezun aldi berean hasiko zera Aizkorriko bi harkaitzak argiro ezagutzen, eta oskarbi gerta bazaizu, baita ere idoroko dituzu urrutirontz Gabiriko etxe banaka batzuk, askoz bertarago berriz agertuko zaizkitzu Gaintza, Arriaran, Itsasolehor eta Astigarreta, laurok erdian Garin dutela. Ezker-eskubi alboetara ez da ageri kaleko kutsua dun ezer. Bakar-bakarrik gure Sorterri guziko txokorik baztertueneraino anaitasuna piztu, irazeki, eta gero eta gehiago barreatu behar dun urrutizkina dalako horren tantaiak ekarri dituzte honuntzaino, goiherri hauetako etxetxo alai txuriak ordea ez dira lantegitzarren ez sugurdien keaz belztu.

Eusko lurraren bazterrik jatorrenetako bat daukazu aurrean, adiskide. Ken ezazu burutik txapel hori, eta burua lehenbizi makur-makur eginda, berehala jaso Zeru aldera, euskoen Goiko Jaunari eskerrak isilpean emateko, eta bihotz barreneraino sar itzazu basalde baketsu hontako irudiak: oinpean, alde batetik hain poliki altxatzen dan Txoritegiko muinoa, eta bestetik Larrarteko zelaigune paradisukoia, bere pagadi urtetsua eta errekatxo atseginarekin, aurrean, garotegi itzal eta maldatsu bat igota, Portemasio buru itunduna, urki zuriz bakanki ereina, eta atzean, ipar lainoz estalita egon ohi diran Murumendiko haitz nabarrak eta bere amildegi ikaragarria…
Hau bakea, hau zoriona… eta hau Euskal Herria!
Baina, a! Murumendi aitatu det… Ai, Murumendiko haitz nabarrak eta bere amildegi ikaragarria….! Zuek, bai, zuek sortu zenuten behin izuikara, berez zoriona eta bakea darion bazter hontan… Zuek inoiz isildu zenituzuten artzain mutilen irrintzi oihu alaiak… landatik zetozten basagizonen txistu eta eresi bizi haiek… Zuengatik noizbait Txorillegi azpiko Artasoro barrutian entzun ziran luzaro garrasi larrien oihartzun garratzak…
O, mundu aldatia! Sunt lacrimae rerum.

MALDAN GORA

Arin zihoazen hiru gazteak, baina okerrean ari diran une izutien kezkak ageri zitun beren joerak. Batez ere, mutil kozkor haiek zelaia utzita maldan gora abiatu ziranean, hasitako hitzak ere amaitu gabe, arpegiak gorri, bidean zeharka, makur-makur eginda, noizean behin izkutuka atzera begiratuaz ikusi ezkero, edozeinek igarriko zion, gurasoen beldurrez-edo ihesi zebiltzala: gauza onik ez zeramatela behintzat eskuartean. Isilune haunditxo baten ondoren, zerbait bederik bere burua lasatu nahirik bezela, zaharrenak aurreraxegotik zihoakion lagunari txamarretik helduta keinu eginaz hala zion, hizketa bixi bat hasirik:
— Eguraldia ere gure alde irten dek, Pello…
— Baina motell, ez al haiz oraindik lasaitu? Gauzak jator egiteko inoren eta ezeren beharrik ote diagu guk? Kezka txar horiek alde batera utzi behar dituk. Hago, Murumendiko tontorreraino iritsitakoan, hire anaiak eta nik kontutxo bat hiri esateko zeukagu.
— Honek, Inaxio Marik ala?
— Inaxio Marik noski, ez besteak. A, eta belardira joana izango dek ikarati ahul ura, e?
— Praxku, alegia? Etxezaretakoen belardira etorria izan behar dek. Astaputz alaena! Baina, kontutxo hori… zergatik ez orain?
— Kontutxo hori jakinda, zirt edo zart, ez aurrera ez atzera egiteko kemenik izango ez hukelako… E, Inaxio Mari, pozik hoa, e?
“Baai. Baina… nola esan diat…? Ene… zera… Ikazkin harek…” hasi zan esaten gure mutill koxkorra, sei urteko pispolina, beste laguna baino aisa toles gutxigoz jardunik. Baina laster, honek, behatza ezpainetan zuela, isiltzeko agindu zion, poliki-poliki gai berri bat sortuaz.
— Ez haiz bada pozik joango, hain eguzki ederra zeukagunean? Gaur arratsaldean ez nikek esango, baina orain, goizean goiz… dama zuloa ikusirik gure aspaldiko asmoari buru emateko sasoirik onena diagu. Ez zaik iruditzen iri ere, Martin Joxe?
— Arrazoi dekala natxegok, Pello. Erruki nikek, gaur arratsaldean iluntzerakoan Murumendiko hegaletan ibiltzera behartutako kristaua. Batez ere horko malkortegi izugarri horren ertzeko bidetxigorretik… Ene!
— Bai nik ere! Itxuraz egundainoko ipar beltz lodia zetorkiguk…
Irakurle, jakinen gainean utzi zaituzte, Mugarrietatik aurrerako bidean erakutsi dizkitzudan mutil hauek nora eta zertara dihoazen.

Astigarretako Agirre basetxeko Martin Joxe eta Inaxio Mari, eta Muxikako Pellok, aspalditik erabakia zeukaten udazkeneko egunen batean Aizkorriko Damak Murumendin daukan haitzuloa ikustera igotzea. Horra ordea nolatan udazkena baino lehen asmoa betetzeko egun eder bat egokitu zitzaien.
Garingo Etxezarretatik Larrarteko belardian lan egitera etortzeko, arren, eskatu zieten Agirre eta Muxikako etxenagusiai, herribatekoak ez izan arren. Eta gure motikoak attaakin belardira joateko aitzekitan, goizean goiz eguzkia baino lehen jaikita alkarri deitu, lantegirako ano saskitik hiru lagunentzako lain bazkari zorroan hartu, eta inori ezeren berri eman gabe tapa-tapa Bolaleku aldetik barrena bidean jarri ziran. Eta Etxezarreta gainetik aurreraka ibiliaz egunsentirako Larrarteko saletxe inguruan ziran Mugarrietako aldaparen hasieran.
Hor goraxegoko zelaian arkitu ditugu. Gure txangolariak bake-bakean dabiltzan bitartean, zelaian gelditu gindezke gu atseden egiten.

BERRIKETAN


Bazkaritarakoan lagun asko bildu ziran lapikoaren hurrean. Belardiko arloari gogotik ekin baitzioten goiz guztian, ez zekarten mahaira alferkeria itxurarik. Han ezagutu zitezkean, alegia, Etxezaretako sendi osoa, Agirreko Jose Migel bere seme Praxku, irakurleak lehentxeago bidenabar ezagutu dunarekin, orobat Jose Inaxio, Praxkuren aita jauna. Muxika, Bolaleku, Erlota baserriek ere bazeuzkaten bilera hartan bakoitzak bere ordezko sendoak.
Hura alkarri laguntzeko lehia zintzoa..! O, Euskal Herria!
Mahaia bedeinkatu ondoren asko hitz egin zan, eta gai ugari aitatu ziran: garia eta belar ondua, txondarrak eta karobiak, harria eta kazkabarra, ipar lainoa eta hego haizea, Erromako zubia eta tximista. Geroxego baita sorginakin ere zer ikusia izan zuten, eta behin honera ezkero, Aizkorriko Dama izendatu gabe ezin lanera itzuli. Abadeak elizan maiz hots egiten omen zun sorginkerien aitzi, baina sandiak eta berendiak Murumendiko haitzuloan ikusi zituztela orrazi urrezkoak, kea zerioten harribitxiak, eta nik ez dakit beste zer.
Eta gero berriz, ahoz aho gurasoetatik semietara dabiltzan susmurruak… zazpi seme eta zazpi alabak… suzko gurdiak… Damaren biraoak… Zerbaiten zantzoa bazeramatela behintzat. Eta, agian, hontan jardungo ziran oraindik, baldin Praxkuk, zekin apurra agertu nahi izan ez bazun: berak zekin apur hori zan bere bi anaia Martin Joxe eta Iñaxio Mari, eta Muxikako Pellorekin goiz hartan Murumendira igotzekotan zirala, aurreko egunean somatu zunez, eta berari deitu ziotela jaramon egin ez bazien ere. Aita zerbait larritzen hasi bazan semearen esanagatik, Etxezarretako Juan Manuelek gaineratu zuna entzutean benetako esturasunak hartu zun. Txondarra zaitzen gaua txabolan eginda artizarra izkutatu baino lehen jaikita, pagadi zaharrera gaur irten zanean Martin Joxe bere ondotik igaro omen zan bi gazte aurretik zituela, perretxiku batzuk biltzeko aitzakiz lagunak aurrea harrapatu
ziotela esanaz.
Agirreko Joxe Migel argizagia baño margulago, burua bi eskuen tartean zuela, hasi zan berri txar haiek hausnarrean nahastutzen. Bere goganbeharrean bururatu zitzaion Murumendiko malkortegia, eta batez ere beldurtu zan Iñaxio Marirengatik bere emazte kutun, arestian hildakoak azkenik utzitako oroimen atsegin harengatik, eta hala zion bere artean… “Ez nauk gaur lotaratuko nere semetxoa ikusi gabe!”.

ERROSARIO LUZETXO


Arrats hartan gure mutilek Agirreko sukaldean bereak eta bi entzun behar izan zituzten. Ilundu baino lehenago bakoitza bere etxera itzuli ziran hirurak, baina Martin Joxe eta Inaxio Mari, atarira sartzen ziran une bertan, menditik segarien bazkari saskia hutsik zekarrela zetorren Praxkurekin topo egin zuten. Gertatuari zegozkion hitz batzuk zakartxo alkarrekin trukatu ondoren, gero amandre Mari Joxeparen aurrean auzia berritu zuten, bi zaharrenek batez ere.
Hontan zihardutela oroitu zan Praxku aita belardiko sailari buru emandakoan, etxera baino lehen, Murumendira ume ausartien bila joatekotan gelditu zala, eta lasterka zetorren gauaren beldurrik gabe eta eguerdi ezkeroztik ipar lainoa loditzen zihoalarik, aitaren jarraika abiatu zan gure mutil zintzoa.
Amandreak, bere bi iloba bihurri haiek bakarrik ikusi zitunean, lehenbizi gogor eta aldizka amarik onenari dagokion eztitasunaz hasi zitzaien, ikasbide sakonak ipinirik, egun hartan hain zentzugabe egindako gaiztakeria zan bezin itsuski arpegira ematen… Eta eta mutilen bihotzak apur bat samurturik bare-bare eginda pixkana ezagueratu zirala antzeman zionean, berriz halakorik sekulan egingo ez zutela hitz emanerazo zien. Agidanez benetan mugitu zitzaien barrena, bada Inaxio Marik berak hala zion amandreari:
— Amandrea, aita gure bila ei dabil… gauaz… eta iparrez itsutua… Murumendiko harkaitz artean… Errosarioa esan genezake Ama Birjinak argi egin dezaion…
Eta amona gaixoak, negar-zotinak ezin itorik, “Bai… enetxoa… goazen…” erantzun zion mantal barrenaz begiak txukatu eta Andra Mari Arantzazukoaren irudi aurrean bi belaunak tolestuaz.

Errosario ondoreko arren-otoitzak luzetxo iruditu zitzaizkien umeai gau hartan: ohiturako Aitagure sailaz gain, amatxorengatik, bide txarretan zebiltzanengatik, segariengatik, Praxkurengatik… eta azkenik “Aitatxorengatik batez ere otoitz egin dezagun” ziola, beste Aitagure bana esan zun…
A! Amandreak bihotzean eten ezineko korapilo bat zeukala ematen zun.
— Nere umetxoak —esan zien gero—, segariak ez datoz eta berandu da… Ai, eta hainbeste maite zaituzten aitatxo non ote dabil ordu hontan?… Beldur naiz zuen okerrak ondore beltzak ekarri behar ote dizkigun… Goazen atarira…
Eta hau zion bitartean, bihotzetiko dardarizoarekin batean bere errosario aleen kaskateko larria entzuten zan.
Mandioko atetik ez zan nabaritzen ezeren aztarrenik, eta iparbeltz lodi batek mendien itzalak ere estalita zeuzkan.

ZORITXARREZ IRAGARLE


Gauerdi aldean lastargiz inguraturik lehen ezagutu ditugun segari guztien artean Joxe Inaxi Agirreko nagusi zaharra buru zutela zekarten bertako Joxe Migelen gorputz hila bere basetxera.
Praxku bere anaien berri emanaz Larrartera heldu zaneko, aspalditxo joana zan bere aita semeen bila, eta lasto balak pizturik segariak irten ziran berari jarraika… Baina beranduegi arkitu zuten, Murumendiko malkortegitik amilduta.
Amandre gaixoa beldur zan lez, mutilen okerrak ondore samina ekarri zun Agirreko basetxera.
Eta uste eta nahi gabe, Martin Joxek goizean egia esan zun, “Erruki nikek gaur arratsaldean, iluntzerakoan, Murumendiko hegaletan ibiltzera behartutako kristaua, batez ere horko malkortegi izugarri horren ertzeko bidetxigorretik”.